Eraikuntza, talde-lanetik abiatuta

2014-01-01
Talde-lanaren bitartez kultura ekintzailea eta digitala sustatzea helburu duen proiektua da Kosmodisea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko departamentuko eta Europako Gizarte Funtseko ekimen bat da eta unibertsitatekoak ez diren hezkuntza sistemetara bideratuta dago. www.kosmodisea.net plataformaren bidez kudeatzen da egitasmoa eta bere baitan era askotako proiektuak burutzen dituzten ikasleek.
 
 
Kosmodisea egitasmoa ikasleen ideia-jasa batekin hasten da eta kurtsoan zehar ideia-jasa horretan ateratako proiektua burutzen dute hiru fasetan bereizitako planetak osatuz: IKONO planeta, GRAPHO planeta, eta MITO planeta. Fase bakoitzean, 
ikasleek eurek proiektuaren garapenaren ebaluazioa egiten dute eta amaieran adin-tarte edo sistema bakoitzeko hiru proiekturik interesgarrienak aukeratzen dituzte. Adinaren arabera, ikasle-taldeak bost sistematan daude banatuta: NEO sistema (LH1-LH3), FISIO sistema (LH4-LH6), GLOS sistema (DBH osorik), LOGO sistema (Batxilergoa) eta TEKHNE sistema (Heziketa Zikloak). 
Gipuzkoako zentroetako edozein taldek har dezake parte eta ikasturte bat irauten du proiektuak. Aurten zortzigarren edizioa ari dira egiten, eta kopuruei dagokienez, gutxi gora-behera, urtero 30-35 zentrok, 80 irakaslek eta 1.300-1.400 ikaslek hartzen dute parte. Gutxienez lau laguneko taldetan elkartu behar izaten dira ikasleak, baina kopuruak goitik ez dauka mugarik: Lehen Hezkuntzakoen kasuan, sarri, gela osoak hartzen du parte. 
Proiektuaren koordinatzaileek azaldu bezala, berrikuntza mota batzuk proposatzen dira eta horien barruan egin behar izaten dute ikasleek proiektuaren garapenerako prozesu osoa: berrikuntza zientifikoa eta ingurumena, berrikuntza teknologikoa, berrikuntza artistikoa eta soziala, eta berrikuntza herritarra edo parte-hartze aktiboa. Hasierako ideia-jasan ikasleek taldeka jarrita lau berrikuntza horien inguruko proiektuak proposatzen dituzte eta partaideek eurek atera diren ideien artean bozkatzen dute gustukuenak aukeratzeko. Berrikuntza-mota bakoitzeko ideia irabazle bat egon ohi da eta horixe izaten da gero prozesu osoan zehar landu beharko dutena. Kosmodisea proiektuan parte hartu nahiez gero, lehen-lehenik irakasleak sisteman alta eman behar du. Behin irakaslea Kosmodisean sartzen denean, zentroa bera ere sartuta dago eta ikasleak taldeak sortzen has daitezke. 
Irail amaieran, taldeak osatuta dituztenean ideiak proposatzen hasten dira. Talde bakoitzak ideia bat proposa dezake. Hasieran talde bakoitzak nahi adina ideia bota zitzakeen, baina koordinatzaileek adierazitako eran, zailtasunak sortzen ziren. Izan ere, milaka ideia pilatzen ziren eta aukera egitea oso zaila egiten zitzaien ikasleei. Gaur egun ideia bat bakarrik proposatzen dute eta ideia hori publiko egin dadin irakasleak onetsi behar du. Ideiarik interesgarrienen aukeraketa ere ikasleek eurek egiten dute.
Ideia gehienak ikasleen interesekoak izan ohi dira. Koordinatzaileen esanetan, naturaren edota animalien zaintzarekin loturikoak oso ohikoak izaten dira, baita tribu urbanoen edota Parkour-aren gainekoak ere. Asko errepikatzen den beste ideia bat adin-tarte desberdinetakoen arteko erlazioei buruzkoa da (nagusiak zaindu, nagusiekin harremanak hobetu, antzinako jolasak ikasi, etab.). Aurtengo edizioko ideia irabazleak berriz, hauexek izan dira: Berrikuntza zientifikoan eta ingurumenean, Deserosotasun gutxiago eta birziklapen gehiago (hondakinen kudeaketarako sistema eraginkorrago bat lortzeko proiektua); Berrikuntza hiritarra: parte-hartze aktiboan, #stopbullying (nerabeen arteko bullying kasuei aurre egiteko proiektua); Berrikuntza kultural-artistikoan, Kultura ezezagunak zabaldu! (inguruan ditugun baina ezagutzen ez ditugun kulturak ezagutarazteko proiektua); eta Berrikuntza teknologikoa eta gizartean, E-hiria (QR kodeen bidez norbere herriaren inguruko informazioa emateko proiektua).
Gai bakoitzeko irabazle bat egoten da. Lau ideia ateratzen dira ikasturte guztirako: berrikuntza bakoitzeko bat. Talde bakoitzak erabakitzen du zein ideia landuko duen ikasturtean zehar. Behin ideia aukeratuta Kosmodisea lanak hasten dira eta urriaren amaieratik aurrera proiektua aurrera ateratzeko epea irekitzen da. Prozesu guztia gidatuta dago, bai ikasleei dagokienez eta baita irakasleei dagokienez ere, eta horixe da antolatzaileen asmoa ere. Helburua da ekasleak euren kabuz ekintzailetasun jarrera barneratzen hastea. Eta hori lortzeko zer? Proiektu batzuk martxan jartzen dira, proiektu horiek aurrera eramateko gaitasunak barneratuz. Horretarako, hiru planetetan zehar gutxienez jaso beharreko gaitasun batzuk identifikatzen dira, eta horiek eskuratu ahal izateko, metodologia zehatz batzuk lantzen dira.
IKONO planeta:
Kosmodisea eraikitzeko bidaia IKONO planetan hasten da eta proiektua aurrera eraman ahal izateko, lehen egitekoa beharrak identifikatzea da, ondoren, diagnostiko bat egiten dute. Lehen planetako prozesuan ikasleei eskatzen zaien emaitza fotomuntaketa bat egitea da. Diagnostikoa egin eta beharrak identifikatzeko galdera batzuk ematen zaizkie. Adibidez, lehen planeta honetan bilatzen den gauzetako bat da ikasleak 
ikastetxetik kanpora ateratzea informazio bila.
IKONO planetako lanaren emaitza, hots, fotomuntaketa lehen hiruhilekoaren amaierarako entregatu behar dute. Talde bakoitzak egin duen lana plataforma batera igoko du eta edonork ikusteko moduan jarri. Lan hori taldekideek eurek nahiz beste partaide batzuek ebaluatuko dute gero. 
Ebaluazioari garrantzia handia ematen diote Kosmodiseako koordinatzaileek. Alde batetik, euren kideen lana baloratzen dutelako ikasleek, eta bestetik, euren burua bera baloratzen dutelako. Ebaluazio sistema asko landu dute. Sistemak berak euren zentrokoak ez diren beste lau talde ematen dizkie ikasleei ebaluatzeko. Horiez gain, euren lana ere baloratu behar izaten dute. Ebaluazio sisteman egin behar duten lehen lana konparaketa da, euren lana nola kokatzen duten besteen lanak ikusi ostean. Batzuetan gertatzen da norberak bere buruari puntuaziorik altuena ematea, baina prozesua aurrera doan heinean gero eta zorrotzagoak dira euren buruarekin. 
Planeta bakoitzean irabazle bat egoten da, baina horrek ez dauka horrenbesteko garrantzirik amaierako puntuaziorako, nahiz eta errekonozimendua jasotzen duten. Izan ere, koordinatzaileek dioten moduan, hiru planetetako lana puntuatu behar da eta hirugarren planetako puntuek pisu handiagoa dute lehenengokoek baino, hala talde guztiek irabazteko aukera izango baitute. Talde bat nahiz eta puntu gutxirekin abiatu, hurrengo faseetan ondo eginez gero, beste taldeak gainditzeko aukera 
izango du. Gainontzean, gerta daiteke, hasierako planetan atzera geratu denak proiektua uztea, eta antolatzaileek hori behintzat ez dute nahi. Gainera, ebaluazioa ahalik eta objektiboena izan dadin partaideek eurek zenbat puntu dituzten ikusten dute, baina ez besteak nola doazen. Bestela matematikak egiten hasten dira eta puntuak kalkulu horien arabera ematen dituzte, eta ez benetan lan batek merezi duela iruditzen zaienaren arabera. 
Ebaluazio prozesuari buelta asko eman dizkiote eta uste dute pedagogikoki nahiz didaktikoki oso planteamendu ona duela. Koordinatzaileek ez dute dudarik proiektu honetan auto-ebaluazioa dela euren lana ebaluatzeko modurik egokiena. Gainera, 
ebaluatzen dituzten balioak kultura-ekintzaile bat eratzen laguntzen duten balioak dira. Ebaluazio prozesuan alor asko baloratzen dituzte: talde-lana, sormena, ekimena, erantzukizuna, analisia. Horietako bakoitzaren barnean parametro batzuk sartzen dira. Sormenari dagokionez, originaltasuna, iniziatiba, ea kanpora irten diren, ea gutxienez egin beharrekoaz gain beste zerbait egiten duten; erantzukizunari dagokionez, ea egunean entregatu duten lana, ondo bukatuta ote dagoen, ondo igota dagoen, etab.
GRAPHO planeta:
Beharrak identifikatu eta diagnostikoa egin ostean, bigarren planetan sartzen dira ikasleak. Bertan, GRAPHO planetan, plangintza egin behar izaten dute: zeinek egingo duen zer, zein baliabide beharko dituzten, metodologia, antolaketa... eta hori guztia Wiki batean islatzen dute. Hasieratik talde bakoitzak Wiki bat dauka  eta bertan egunero hainbat informazio sartzen joan behar dute. Wiki hori ere ebaluatu egiten da bigarren planetako prozesua amaitu ostean. 
MITO planeta:
Ordura arte egindako lan guztia plazaratzen dute planeta honetan. Batzuek, amaieran aurkezpena egiten dute; beste batzuek berriz, euren proiektua burutzen dute (adibidez, batzuek nagusiak alaitzeko tailerrak proposatu eta egin zituzten) eta horren grabazioa egin eta bideoa Youtuben zintzilikatzen dute. Apirilaren azkeneko astera arte dute bideoa egiteko tartea. Amaierako fasean benetan egin duten lan edo tailer edo antzerki baten emaitza aurkeztu behar badute, koordinatzaileen aburuz, oso gogobetegarria izaten da ikasleentzat. 
Izan ere, euren lana publiko izatea, gurasoei erakutsi ahal izatea, Interneten izaten dituzten bisitak… gustuko izan ohi dute. 
Kosmodisea proiektua aurrera eramateaz gain, www.kosmodisea.net webgunean badituzte beste hainbat atal ere, hala nola, simulatzailea edota foroa. Simulatzailearekin taldean erabakiak hartzeko gaitasuna lantzea dute xede: planeta bat gestionatu behar dute eta horretarako erabaki batzuk hartu behar dituzte. Hartutako erabakien arabera planeta hori hobeto edo okerrago egongo da eta horren arabera puntuazio bat eskuratuko dute. Foroa, berriz, guztia digitalean izanik, ikastetxeen arteko harremana bideratzeko sortu zuten, elkarlana bultzatu eta dudak partekatzea du helburu. Horrez gain, Kosmodisea aurrera eraman ahal izateko materiala ere webgunean dute zintzilikatuta. Liburutegian gidaliburuak dituzte, baina ikasleek ere gai horien inguruan topatutako informazioa bertan igo eta beste ikasleekin partekatzeko aukera dute. Egiten dituzten ekarpenen arabera puntuak jasotzen dituzte gainera, parte-hartzea sustatzea baita xedea. Azkenik, telefono linea bat ere jarri da irakasle nahiz ikasleen kezkak jasotzeko. Egitasmoak martxan daramatzan zortzi urteetan parte-hartzaileek egin dituzten ekarpenak kontuan hartu izan dituzte antolatzaileek. Maiatzean Kosmodisea proiektua amaitzen den unean, kosmo berria eraikitzen hasten dira. Hortaz, ikasleek egiten dituzten ekarpen eta feedback guztiak jasotzen dituzte eta hobetzen saiatzen dira. 
Balantza baikorra
Orain arte Kosmodiseak eman duenaren balorazio oso positiboa egiten dute koordinatzaileek. Landu nahi diren balioak lantzen dira, eta ikastetxeei eurei ere eskatzen zaie proiektuaren balantzea egiteko. Erabakiak hartzeko gaitasuna, autonomia edota ekintzailetasuna bezalako balioak ere lantzen dira, baina bai irakasleek eta bai ikasleek gehien baloratzen dutena talde-lana da. 
Antzekoa nabarmentzen du Herri Ametsa ikastolako Olatz Goikoetxeak ere. Kosmodisea proiektuaren arduraduna da ikastetxean. Herri Ametsan proiektua martxan jarri zenetik hartzen dute parte, batez ere, DBH 3 eta DBH 4ko ikasleekin, adin tarte horretan ikasleek autonomia eta iniziatiba handiagoa izaten baitute. Goikoetxearen esanetan proiektu oso polita da Kosmodisea eta oso baliogarria eguneroko ikastetxean lantzen saiatzen diren balioak sustatzeko. Hala ere, proiektuan aritu den urteetako zapore gazi-gozoa du, ikastetxean proiektu eta betebehar asko baitituzte eta horrek Kosmodiseari nahi beste denbora eskaintzeko aukera kentzen baitie: “badaukat arantza txiki bat: gauzak ez nahi bezain ondo egin izana”. 
Kosmodisea proiektuari dagokionez, bi alderdi nabarmentzen ditu Goikoetxeak: batetik, talde-lanari ematen zaion garrantzia, eta bestetik, IKTak lantzeko modua. “IKTak erabili behar dira proiektua aurrera eraman ahal izateko, eta hortaz, gaitasun zehatz batzuk lantzen dira. Adibidez, programa zehatz batzuk erabiliz irudiak edo bideoak editatzen ikaste dute ikasleek. Horrez gain, gu ikastetxearen egunerokoan  bultzatzen saiatzen garen balioak ere sustatzen dira: talde-lana, ardurak hartzea, autonomia, etab.”.
Goikoetxeak, bestalde, azpimarratzen du Kosmodisean jorratzen diren gaiak ikasleen eguneroko bizimoduaren parte direla, eta gainera gogoko dituztela, azken batean, gaiak definitzerakoan ere eurek parte hartzen dutelako: “Hortik aurrera Kosmodiseak zehaztu eta gidatutako bidea jarraitzen dugu. Saiatzen gara lan hau guztia eskola orduetan egiten, baina aldi berean ikasleei eskatzen zaie eurak ere antolatzeko etxean edo jolas-orduetan, etab. Azken finean, proiektu honen bidez ikasleek iniziatiba izaten eta ardurak hartzen ikas dezaten nahi dugu”.