Natura eta kultura saski berean

2014-01-01
Pagoetako Parke Naturalak ingurune naturalaz zein kulturalaz gozatzeko aukera ematen dio bisitariari. 2.860 ha-ko azalera hartzen du, zati handiena Aiako udalerriaren (Gipuzkoa) barnean dago, eta, Zarautz eta Zestoaren artean banatzen da. Izena 678 m-ko altuera duen Pagoeta mendiari zor dio.
 
 
Pagoeta 1998ko irailaren 29an deklaratu zuten parke natural. Animalia eta landareak nahiz euskal kultura eta historia ezagutzeko hainbat jarduera eskaintzen dizkie ikastetxeei, hala nola, erleen mundua, elikaduraren eremua, ekosistemen osagaiak, edota Agorregiko burdingintza eta errotaritza.
Parkea ezagutzen hasteko, egokiena Iturraran Parketxera gerturatzea da. Bertan, behar bezala informatu eta laguntzen baitzaio bisitariari. Hortik aurrera, bakoitzak dituen lehentasunen arabera, erakusketa, natura, ondare edo mendi-ibilaldien eskaintzaren artean aukeratu ahal izango du.
Iturraran parketxea: 
Pagoetako informazio gunea
XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen baserri ederra da eta bisitarientzako harrera-gunea izateaz gain, Pagoetako Parke Naturalaren interpretazio-zentroa ere bada. Pagoetako ingurune fisikoa eta etnografikoa ezagutarazten laguntzen duen erakusketa iraunkorra, tailer didaktikoa eta euskarri interaktiboak daude Iturraranen.
 
Lorategi botanikoa
Iturraran Parketxearen ondoan dago eta 25 hektarea ditu. Horietatik 10 hektarea bertako zuhaitzenak, eta 5 hektarea mundu guztiko landarediaren erakuslehio dira. Badago arriskuan dauden Euskal Herriko landareen bilduma bat ere. Lorategiko bisita errazteko 3,5 kilometroko luzera duen ibilbide bat osatu da. Zuhaitz eta landare mota guztiek txartel bat dute alboan eta bertan zein familiatakoak diren, zein izen botaniko duten eta nongoak diren zehazten da. 
Agorregiko burdinolak eta errotak
Iturraran parketxetik hurbil daude. Erdi Aroan eraikiak dira eta uraren indarrez funtzionatzen dute. Izan ere, Erdi Aroaz geroztik Euskal Herrian ura maiz erabili da energia sortzeko. 
Agorregikoa burdinola nagusia zen. Bertan burdina lortzen zen gero burdinola txikietara eraman eta lantzeko. Errotetan berriz, gari edo arto alea xehetuz irina lortzen zen. 
XVIII. mendean berreraikitako instalazio hidraulikoari jarraituz zaharberrituta daude eta gaur egun martxan ikus daitezke.
Erlategia
Iturraran parketxetik gertu eta helburu didaktikoekin, erlategi bat 
eraiki da eta bisita gidatuetan erlauntzen egitura eta antolaketa zuzen zuzenean ikus daiteke bertan. Euskal Herriko erle beltza dago bertan. Erlea ekosistemen polinizatzaile nagusienetakoa da, horregatik da hain garrantzitsua bere kontserbazio eta zabalkuntza. 
Sarrolako betizuak, pottokak eta oreinak
Galtzeko arriskuan dauden etxe-abere arrazen babeslekua ere bada Pagoetako Parke Naturala, arbasoen garaian fauna basatia etxekotzeko egin zuten lanaren adierazgarri, hain zuzen. Nahiz eta bisitariek animali basatiak ikusteko aukera handirik ez izan, Sarrola inguruan badira erdi-aske bizi diren hainbat betizu, pottoka eta orein.
Atseden lekuak
Pagoetako Parke Naturalak lau atseden leku ditu, mahaiz, parrilaz eta iturriz hornituak. Zudugarai gainetik (Orioko gaina ere deitua) Aiarako errepidearen albo batean daude hiru eta Altzolako bailaran bestea.