Nik matematikak gorroto nituen

2014-03-01
Ez dakit zenbat aldiz entzun behar izango nuen esaldi hori Matematika karrera aukeratu nuela esan dudanetan. Eta hori ez bazen, antzekoren bat: “Uff... nik DBHtik ez ditut egin behar ­izan, baina ordurako gorroto nituen”,  “Matematikak? Zenbat eta urrunago hobe, zenbat sufritu nuen haiekin”; beti ere, esaldia harriduratik nazkaraino doazen aurpegietako batekin lagunduta, noski. Ez dira horiek erantzun denak, jakina; bada matematikak gustatzen zaizkionik, edo gutxienez gustatu ez arren interesgarriak ­iruditzen zaizkionik. Baina gutxi batzuk garela esango nuke. Horrelako memento bat bizi izan dudan bakoitzean pena eta errua sentitu izan ditut batera.
Pena, euskara ez dakien batek bertsorik ulertu ezingo duelako ematen didan zentzu berean. Matematikak gauza ederra dira. Eta ez naiz matematika sakon eta abstraktuenez ari, oinarri oinarrizkoenez baino. Ez da mundua ikusteko beste era bat besterik. Gauzak era batera definitu, multzokatu, dauzkaten antzekotasun eta bereizgarrien arabera sailkapenak ­egin, zein propietate betetzen dituzten ikusi, orokortzen saiatu, orokortzen uzten ez digun adibidea identifikatu… Pentsatzeko beste era bat da, beste hizkuntza bat, eta pena handia hartzen dut jendeak nola gutxiesten duen ikusita. Beraiengatik, batez ere.
Errudun ere sentitzen naiz, ez galdetu zergatik. Soberan dakit erruaren parte txikiena ere ez dela nirea, baina hala da. Askotan jarri izan naiz pentsatzen zergatik. Zergatik gorroto dituen jendearen ehuneko handi batek matematikak. “Ni ez nintzen horretarako jaio”, “ze txarra nintzen ni matematiketarako” eta horrelakoak entzun izan dizkiot askori. Batetik, ez dut sinesten jendearen ehuneko handi bat ez denik gai matematika oinarrizkoenak ulertu eta menperatzeko, eta bestetik, zenbat gaude musikarako belarri onik izan gabe musika miretsi eta musikaz gozatzen dakigunak? Margotzen jakin ez eta koadro batez disfrutatzen dugunak? Hala ­behar luke matematikekin ere. 
Arazoa bakarra eta sinplea da, nire ustetan behintzat: eskolan ez dizkigute matematikak irakatsi. Bai, badakit lehen hezkuntzako lehen mailatik DBHko laugarrenera dagoen irakasgai bat dela. Izena izango du Matematika, baina edukia ez nuke esango hala denik. Matematikak ez direlako 7ko taula buruz ikastea, deribatu eta integratzen jakitea, zatiketak eskuz –egiteko gai izatea edo matrizeak ­biderkatzen kalkulutan ez nahastea (nik ere hanka sartzen dut oraindik denetan).  Matematikak arrazoitzeko modu bat dira, pentsatzeko modu bat, eta hori da eskolan irakasten ez dena hain justu, ez matematiketan eta ez beste edozein arlotan ere. 
Ez dakit zer izan daitekeen honen guztiaren konponbidea, ez daukat problema honetarako emaitza konkreturik nik ere, baina, askotan, planteamenduan akats bat dagoela ikustea da soluziora iristeko lehen pausoa.