Entzuten jakitearen bertutea

2014-03-01

Herri biziago eta osasungarriagoak izateko, haurrei hitza eman behar zaie, baina aldi berean, helduok haien hitza entzuteko jarrera irekia izan behar dugu. Izan ere, haurrak entzuten ikasiko du, baldin eta berari entzuten bazaio.

 
 
Gaitasun sozialetan lehena entzuteko gaitasuna dela dio Rafael Bisquerra psikopedagogoak aldizkari honetan egindako elkarrizketan, baina horretan ez dakigula denok. Benetan, entzuteko gai al gara? Albokoa zerbait esaten ari denean aditzen al diogu? 
Ikasleei, entzuten ez badute, denbora galtzen ari direla ikusarazi behar zaiela nabarmentzen du Bisquerrak; irakasleen kasuan, berriz, haurrei ez ezik, gurasoei entzuten jakitea ere garrantzitsua dela: “Irakasleok asko hitz egiten dugu, gehiegi, sarritan. Askotan, badirudi hitz egiteagatik ordaintzen digutela”.
Asier Gallastegik ere, irakasle-coachak gaur egungo hezkuntza-sisteman izan ditzakeen funtzioez galdetuta, behin eta berriz azpimarratzen du entzuten jakitearen garrantzia.  Edukien zabalkundeak eta edozein informazio edonoren eskura egoteak ekarri duen hezkuntza-testuinguru berrian, ikasleak irakasleak baino gehiago jakin dezakeela dio, eta beraz, ikasleek edukiak erlazionatu, kritikoki aztertu eta esanguraz barneratzeko prozesuan, aktiboki entzuten jakitea ezinbestekoa dela: “Garrantzitsua da besteari ez mozten ikastea, bestearen erritmoa behatzea eta errespetatzea, isiluneei tartea egitea, adi entzutea...”.
Baina nola ikasi horretan? Esateko, egoki komunikatzeko eta jendaurrean aritzen ikasteko ikastaro eta tailer ugari antolatu ohi dira. Entzuten ikasteko aldiz, egiten al da saiorik? Nola ikas dezake pertsonak entzuten?
Izan ere, askotan ez al da entzutea esatea baino ariketa zailagoa? Ez al zaigu behin baino gehiagotan gertatu geuk esan beharrekoak esan eta entzuteko txanda iritsitakoan, aditzen baino gehiago, ondoren esan behar dugunean pentsatzen aritzea?
Zenbaki honetako gai nagusian jorratutako Umeen aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen izeneko oinarrizko dokumentuak dioena geure eginez gero, ozen esan dezakegu haurrak entzuten ikasiko duela, baldin eta berari entzuten bazaio. Herri, auzo nahiz komunitate biziagoak eta osasungarriagoak nahi ­baditugu, haurrei eta gaztetxoei protagonismoa eman behar zaiela dio dokumentuak, nola eskolan ­hala kalean. Horrek esan nahi du hitza eman behar zaiela, baina aldi berean, helduok haien hitza entzuteko jarrera irekia izan behar dugula.
Beraz, entzuten ikasteko tailerrik egingo ez badugu ere, eta sarritan besteak dioenari adi egotea kosta egingo bazaigu ere, izan dezagun gogoan Citioneko Zenonek, Grezia garaiko pentsalari hark zioena: “Bi belarri eta aho bakarra dauzkagu, gutxiago hitz egin eta gehiago entzuteko”.