Herri hobea lortzeko, Eskolan nahiz kalean, haurrak erdigunean

2014-03-01

Umeen eskolaz eta etxeaz kanpoko bizimodua parte hartzailea, ­euskalduna, hezitzailea eta ­herritarra izan dadin, ­komunitateko hainbat eremutan baliagarri izan daitekeen ­egitasmoa prestatu dute zenbait elkarte, ikertegi eta gizarte- ­eragilek; horien artean da Hik Hasi. Herri eta ingurune hobe bat lortzeko xedearekin, haurren kolektiboa erdigunean jartzen duen planteamendu politiko eta pedagogikoa da. Aniztasuna, ­inklusibitatea eta ­berdintasuna ditu oinarri. 

 
 

Komunitatera begirako proposamena

 "Umeen aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen" izeneko oinarrizko dokumentua ondu du hainbat alorretako zenbait elkarte eta eragilek osatzen duten “Herri Hezitzailea, Eskola Herritarra” lan-taldeak. Hik Hasi pedagogia ekimenaz gain, lan-talde horren barnean daude Arrasateko Txatxilipurdi euskara eta aisialdi elkartea, Irrien Lagunak Kluba, Lizarrako eta ­Iruñeko udal haur eskolen taldea, ­Oarsoaldeako Garapen Agentzia, Lanki (Huhezi, MU) eta Parte Hartuz (EHU) ikertegiak eta Sorguneak ikertegia (Huhezi, MU).

2012ko neguan hasita, urtebete inguruko epean osatu dute dokumentua. Herri, auzo, elkarte, ludoteka, aisia gune, hezkuntza gune formal eta ez-formal, guraso talde, bestelako talde, udal edo hainbat gune eta ekimenetan baliagarri izan nahi duen ­egitasmoa aurkezten da bertan. 

Helburuak berriz, hauek dira: jolasa ikaste eta garatze tresna berariazkoa duen haurren kultura aitortu, eta hori oinarri hartuta, haurrei benetako parte-hartze eta ­erabakitze ahalmena ematea; eurek diseinatutako aisia hezitzaile euskaldunaren bitartez euskararen erabilera sustatzea; eta hurbileko gune urbanistiko, ekimen eta pertsonen arteko harremanak hobetzea eta komunitate sarea indartzea, beti ere, estetikaren lanketari estu atxikita.

Behin oinarrizko dokumentua osatuta, hurrengo urratsa txosten hori euskararen, aisialdiaren edota parte-hartzearen munduko nahiz bestelako gizarte-eragileekin zein tokian tokiko erakundeetako ordezkariekin partekatzea eta haien ekarpenak jasotzea izango da. Bakoitza bere esparrutik abiatuta, haurrak eta gaztetxoak erdigunean jarriz eta behetik gora, lekuan lekuko egitasmoak martxan jarri ahal izateko zorua ezarri nahi da hala. Umeen aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen oinarrizko dokumentuarekin beraz, planteamendu politiko eta pedagogiko baterako zimendu teoriko-praktikoak ezartzen dira. Etorkizunean, tokian tokiko proiektuak martxan jartzeko proposamen zehatzagoak eta praktikoagoak egingo dituela aurreikusten du lan-taldeak. 

Egitasmoa hastapenetan badago ere, azken urteetan bizitzako zenbait alorretan gertatutako eboluziotik eratorritako proiektua da. Hik Hasi-tik begiratuta, haurren heziketari dagokionez, komunitatean, kalean edota herrian egon daitekeen hutsunea betetzera dator egitasmoa: “Hezkuntzarako abiapuntua familia da, horren ondotik eskolatzea dator, eta horrekin batera baita heziketarako gune sozialak ere, hau da, kalea, herria eta bertako komunitatea, instituzioekin loturan. Hiru esparru horiek osatzen dute haurren bizitza eta guztietan hezten dira umeak. Beraz, guztiek harremana izan behar lukete elkarrekin eta guztietan saiatu behar genuke balio hezitzaileak sustatzen”, dio Joxe Mari Auzmendi Hik Hasi-ren koordinatzaileak. 

Izan ere, orain dela 19 urte sortu zenetik, Hik Hasi-ren helburua, euskaratik abiatuta eta euskaraz, hezkuntzaren alorrean egon zitezkeen ­edota dauden hutsuneak betetzea ­izan da. Familia eta eskola, bi eremu oso garrantzitsu dira haurrarentzat, baina Auzmendiren esanetan, maila berean izan daiteke garrantzitsu, kalea, auzoa, herria edota komunitatea ere. ­“Alor horretan, beste hainbat elkarte eta eragile ere lanean ari zirela ikusten genuen, eta ohartu ginen bakoitza geure eremuan bagenbiltzan ere, hainbat puntutan bat gentozela, hala nola, euskara izatea lanerako tresna eta bide, balio hezitzaileak sustatzea, haur nahiz gazteen mundua ­izatea erdigunean eta eskolan nahiz kalean haurren parte-hartzea izatea bitarteko”. 

Orain dela urtebete pasatxo, lanerako gune komun bat sortu eta dozena bat lagun elkartzen hasi ziren. “Herri hezitzailea, eskola herritarra” lan-taldea sortu zen hala. Partaideak nor bere eremukoak dira, batzuk unibertsitatekoak, bestetzuk hezkuntzan ari direnak eta hezkuntzaren gainean ­aditu direnak, edota aisia ez-formalean urte luzeetan ari direnak, parte-hartze esparrukoak, udal teknikariak eta haurrentzako kultur eskaintzatik datozenak. Batzuk ideien mailan eta bestetzuk praktikan.

 

Lan-taldearen hainbat ekimen

Bilerekin hasi eta berehala Francesco Tonucci pedagogo italiarrarekin, haren “Haurren hiria” kontzeptuarekin eta eskolaren inguruan duen ikuspegi pedagogikoarekin egin zuen topo taldeak. Hala, batetik autore horren Haurren Hiria  liburua euskarara itzultzea erabaki zuten, eta bestetik, “Herri hezitzailea, eskola ­herritarra” jardunaldiak antolatzea hezitzaileei, erakunde publikoetako ordezkariei nahiz bestelako hainbat gizarte eragileri zuzenduta.  

Hurrengo urratsa berriz, Umeen aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen izeneko oinarrizko dokumentua osatzea eta berau gizarteratzen hastea izan da. Horretarako, “Herri Hezitzailea, Eskola Herritarra” lan-taldeko kideak Euskal Herrian hezkuntzaren, euskararen, aisialdiaren edota parte-hartzearen alorrean la­nean diharduten hainbat talderekin elkartu ziren Hernanin otsailaren 13 goizean, ­eta beste zenbait udal ordezkarirekin arratsaldean. 

“Planteamendu politiko bat egitera gatoz”, halaxe azaldu zuen aurkezpenaren sarreran Txatxilipurdiko ­koordinatzaile Eneko Barberenak. ­Izan ere, haurren kolektiboa erdigunean jartzea dute xede, hau da, eskubide-gabetua den kolektibo bati ahotsa ematea, helburu “noble” bat lortzeko: “herri hobe bat izatea”.

Jarraian berriz, Lorea Agirre Sorguneak ikertegiko (Huhezi, MU) kideak eta dokumentuaren erredakzio lanen egileak hartu zuen hitza txostenaren oinarrizko ideien berri emateko. Ezeren aurretik, Umeen aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen  ­oinarrizko dokumentua, azalean dioen moduan, txosten irekia dela adierazi zuen, eta beraz, ateak irekita ­dituztela interesgarri izan daitezkeen ekarpenetara. 

Agirrek esplikatu bezala, oinarrizko dokumentua hainbat alorretatik jorratu den arren, diskurtso nagusian inklusibitatea aniztasunetik nola landu landu  dute: “Alegia, aniztasuna, inklusibitatea eta berdintasuna elementuak, gure diskurtsoan, alor batean eta bestean txertatu ditugu, eta aldi berean, saiatu gara hiru elementu horiek hainbat adarretatik ikertzen”. 

Inklusibitatea aniztasunetik lantzea da beraz xedea. Euskaratik nola landu hori? Eta balio hezitzaileetatik? Eta ume eta gazteen eremutik? Eta herrigintzatik? Galdera horiei erantzunak ematen ­ahalegintzen da txostena eta han jasotakoa azaldu zuen Agirrek saioan. 

 

Oinarrizko dokumentuaren nondik norakoak

 “Herri Hezitzailea, Eskola Herritarra” lan-taldean dozena lagun inguru aritu dira Umeen aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea ­eta herritarra garatzen  izeneko oinarrizko dokumentua prestatzen. Hamabi horiek, nor bere eremukoak, bost kontzepturen inguruan batu ziren: euskara eta euskal kultura, haurtzaroaren kultura, haur eta gaztetxoen aisia, balio hezitzaileak ­eta partaidetza.

 

1. Euskara eta euskal kultura: zer da euskararen eta kulturaren biziberritzea?

Nola ulertzen da inklusibitatearen erronka euskaratik? Galdera horri ­erantzuten dio oinarrizko dokumentuak. Bertan ageri denez, euskarara biltzeak ez du eskatzen beste hizkuntzak galtzea, kontrakoa baizik, hizkuntza txikiaren alde egiten den oro hizkuntza guztien aldekoa baita: “Euskaldun izateko faktore bakarra, gure iritziz, euskara bera da, euskaradun izatea alegia. Beraz, azpimarra genezake euskaldun izatea erabat inklusiboa dela gure haur eta gaztetxoengan. Bestetik, autoestimu ariketa baten aurrean gaude. Zergatik nahi dugu ahalik eta jende gehien bildu dadin euskararen berreskurapenera edo edozein proiektura? Guretzako ona dena partekatu nahi dugulako ­anitza den jendearekin, edozein dela ere bere arraza, jaiotza-lekua eta ideologia”.

Txostenaren arabera, euskara berez balio bat da bere baitan edo izan liteke, balio hezitzaile bat, inklusiboa eta irekia delako; euskara berak ekar lezakeelako komunitate justuago, ­irekiago eta parte-hartzaileago bat. ­Areago, gaineratzen du euskararen biziberritzeak bide hori urratu beharra duela, bere menderakuntza ez duelako garaituko menderatuta dauden beste eremu guztiekin bat egiten ez badu. Gainera, oinarrizko dokumentuak dioen moduan, euskarak taldea behar du, hiztunak beste hiztunak legez, eta harreman horrek buruz-burukoa behar du izan, erreala birtuala baino gehiago. 

Bestalde, Umeen aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen izeneko oinarrizko dokumentuak jasotzen duenez, euskaraz bizitzeko nahia birsortzea egiteko garrantzitsua du euskal kulturak. Eta kulturaren transmisioa beharrezkoa da eremu guztietan, eta bereziki aisian, aisialdiak aukera aparta eskaintzen baitu umezarotik gaztarorako jauzia giro kulturzalean eta euskaltzalean egiteko. 

Dokumentuak dioen moduan, euskararen eta aisiaren lotura garrantzitsua da, hizkuntzaren erabilera derrigortasunarekin lotu ez dadin, eskolan, sarritan, gertatzen denaren kontrara. “Neurri batean, hala ere, eskolaren derrigortasun hori eskola dagoen errealitate soziolinguistikoari dagokio. Eskolak egin behar du herriak egiten ez duena”. Horrek birformulazio bat eskatzen du aisia, eskola, euskara, plazera eta kulturaren transmisioak osatzen duten pentagonoan, txostenean ageri den legez: batetik, eskola ezin da ulertu auzo edo herritik kanpo eta aisialditik kanpo dagoen ­eremu itxi bat legez, ezta herritarrengandik urruti ere. Eskola herrira zabalik egon behar da (baita fisikoki ere) ­eta herriko eragile izan behar du aldi berean beste eragileekin batera; bestalde, ­aisia ere eskolan sartu behar da, aisia bera irakaskuntza/ikaskuntza prozesu bat izan daitekeelako, eta ikaskuntza prozesua aisiatik, plazeretik eta parte-hartzetik igarotzea onuragarria izan daitekeelako bai irakaskuntza formalean, bai haur eta gaztetxoen heziketa zibikoan. Eta txostenak dioen moduan, hor hartzen du zentzua hizkuntzaren arnasgune izateak, kulturaren transmisioak eta jolasaren eta gozamenaren garrantziak, bai eskolan eta bai aisialdian.

 

2. Haurtzaroaren kultura eta jolasaren ezinbestekotasuna

Dokumentuak jasotzen duen ­eran, haurtzaroaren kulturaz hitz egiteak ekartzen du aitortzea haurrek euren modu etiko, estetiko eta poetikoa dutela mundua ikusteko eta euren bizitzari eta existentziari zentzua ematen dioten hipotesiak, teoriak eta metaforak eraikitzeko gai direla.

Loris Malaguzziren ideietan oinarriturik horrela laburbiltzen ditu txostenak haurraren gaitasun eta ahalmenak: ko-konstrukzionista, interakzionista, ekologikoa (harreman soziokultural anizkunen bidez eraikitzen dena), genetikoa (ahalmen handiko gizakia da haurra, baina, aldi berean, haren heltze erritmoa eta aurretik igarri ezinezko garapena errespetatu behar dira, estimulazio goiztiarreko programekin behartu gabe), konplexua, baikorra, zalantzazkoa; bere bilakaeraren bidea eratzeko autonomia, ekimena eta erantzukizuna dituen haur bat da; solidarioa, aktiboa, parte-hartzailea, hizkuntzen arteko osagarritasun dialogikoan ibiltzen dena, bere bizitzari zentzua emateko eta gizateriari itxaropena ekartzeko gai dena.

Dokumentuaren hitzak errepikatuz, ume eta gaztetxoen jarduera nagusia jolastea da, eta hori da haurtzaroaren kulturaren funtsa: “Mugarik ez duen jakin-minarekin, dakienarekin eta ez dakienarekin, munduaren konplexutasunaren aurrean jartzen da umea. Eta jakin nahi duenarekin. Askatasun osoa du jolasean, egin ezin duena asmatu egingo duelako. Jolas librea eta espontaneoa helduen ikerketa zientifikoaren, arte sorkuntzaren edo mistikaren pareko da. Jolastea, ‘denbora galtzea da’, eta denbora galduz bihurtzen gara heldu. Jolastea denboran galtzea da eta munduarekin topatzea. Jolastea plazera da, eta horregatik jolasean dabilen umea jateaz ere ahaztu egiten da”. 

Tonucciren ideiak gogoratuz, txostenak dio ez dela egia umeak ez dakiela ezer, orri zuri bat dela, baizik eta justu kontrakoa. Haren arabera, ­umearen garapenean garai funtsezkoena jaio eta eskolara joan aurrekoa da. Hor izaten ditu irakaspen handienak, ondorengo guztiaren oinarri ­izango direnak. Izan ere, umea eskolara ez doa sakelak hutsik dituela, ­bete-beteta baizik, eta dakarren hori ­erakutsi edo irakats dezan da eskolaren egitekoa. Eta umeak nola daki dakiena? Jolasaren bidez.

 

3. Zergatik aisia hezitzailea? 

“Herri Hezitzailea Eskola Herritarra” lan-taldeari ez dio edozein aisia moduk balio. Haren arabera, haur eta gaztetxoentzako aisiak, eta berdin helduentzakoak ere, balio hezitzaile batzuk ekarri behar ditu berekin, bai edukietan eta baita egiteko moduetan ere. Aniztasunaren errespetua eta aukera berdintasuna dira horietako bi, eta hirugarrena bestearen onarpena, hots, inklusibitatea: “Azken finean xedea pertsona autonomo eta askeak bilakatzea da; eta tokian tokiko behar, nahi eta asmoei erantzutea, komunitate hurbila hobetzea, herrigintza praktikatzea, eta, ezinbestez, euskaldun eta euskal hiztun komunitateko kide izatea”.

Dokumentuak adierazten duenez, aisialdiak hezitzailea izateko beharrezkoa du jarduera garatzen den lekuaren errealitatearen beharrei ­erantzutea. Tokian tokikoa izatea. Bertakoek eta bertarako diseinatua, ez eredu estandar baten hamaikagarren aplikazioa. 

Aisiaz gozatzeko, ezinbestean, aisialdia edo denbora librea behar da. Ondoren, denbora libre horretaz egiten den erabilerak askatasuna –norberak nahi duelako egiten du edo aukeratzen du– eta gozamena –nahiz eta sarri esfortzua ere suposatzen duen, dibertimendu eta plazer iturri delako– aurreikusi behar ditu. “Edukia adina garrantzitsu da egiteko modua. Biak behar dute hezitzaile izan. Eta hemen txertatzen zaigu, ondo baino hobeto haur eta gaztetxoen parte-hartzea ­erdigunean jarri beharra”.

4. Zergatik haur eta gaztetxoen parte-hartzea erdigunean?

Haur eta gaztetxoak protagonista izango direla dio dokumentuak, haur eta gaztetxoei zuzenduriko proiektu bat izango dela, eta horrek ez dituela baztertzen ez helduak ez gazteak proiektu horien gozamenetik eta kontsumotik, eta are gutxiago proiektu horien antolaketatik. “Ezin da ezer inorentzat egin, inor hori kontuan hartzen ez bada. Baina harago joan beharrean dago. Inor kontuan hartzea ez da nahikoa, inork antolatu behar du bere burua, taldean, eta komunitatearen onurari begira. Ezker eskuin eta behetik gora eraikitako prozesua behar du izan”. 

Txostenaren arabera, haur eta gaztetxoen parte-hartzeak ezin du erretorikoa izan, erreala eta zintzotasunez onartutakoa baizik, haur eta gaztetxoak ez baitira egitasmo horren kontsumitzaile huts. Eta ildo horretan Francesco Tonucciren hitz batzuk ­azpimarratzen ditu dokumentuak: ­“Ekintzarik garrantzitsuena haur eta gaztetxoei protagonistaren papera ­ematea da. Hitza ematea, euren iritzia adierazten uztea, eta helduok euren hitzak entzuteko jarrera irekia izatea, eurek diotena ulertzeko gogoa izatea eta eurek diotena kontuan hartzeko borondatea izatea. Jakina, haur eta gaztetxoentzat proposatzen dugun honek hiritar guztientzat balio du, hirugarren adinekoentzat, gutxiegitasun fisiko edo psikikoak dituztenentzat, gazteentzat, beste komunitateetako jendeentzat. Berriro ere, haur eta gaztetxoak erakusten digu bidea egiten eta guztiontzat berme bat da haur eta gaztetxoak kontuan hartzea”. 

 

5. Zergatik parte-hartzailea?

Umeen aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen izeneko oinarrizko dokumentuaren arabera, parte-hartzea haur eta gaztetxoak antolatzeko tresna baino ez da funtsean, Euskal Herrian berezko izan den zerbait, auzolanaren bitartez bereziki, baina baita beste antolamendu batzuen bidez ere. 

Partaidetza ekimen erreal batek bi subjekturen elkarlana eskatzen duela dio txostenak, herrigintzako eragileena batetik, eta herri erakundeena bestetik: “Nolabait erakunde publikoek ere herrigintza behar dute izan, eta herritarrak ere administrazioaren parte. Azken axioma hau praktikan jartzearekin etorriko da benetako partaidetza eta benetako herrigintza”. 

Dokumentuan definitzen denez, partaidetza ezin da izan aurrez hartutako erabaki politiko bat legitimizatzeko tresna, edota gatazkak ekiditeko azken orduko prozedura, ezta marketin politikorako lanabesa ere. Borondate demokratizatzailea behar du izan, lan egiteko moduak aldatu ­eta antolaketa eredu berri baten oinarrietako bat. Eta horretarako, aniztasuna kontuan hartuz, herritarren sektore guztietara hurbiltzea ezinbestekoa dela dio.

Euskal Herriko jendeak badu hori dena izendatzeko berezko modu bat: auzolana. Auzolan tradizionalak baditu hainbat ezaugarri, baina auzolanaren filosofia hori egituraz eta helburu berriz gaurkotu liteke. Gaurko begiz, sei oinarri jartzen dizkio dokumentuak auzolanari: herrigintza helburu duen ekimena izatea, jendearen funtzio soziala indartzea, auzolankidetzat buru-belarri dabilena eta ekintza xume batean parte hartzen duena hartzea, erabakiak adostea eta zereginak banatzea, ikasketa prozesu eraldatzaile bat izatea, eta horretarako ­egitura eta lan modua definitzea: herri-batzar ireki eta inklusiboak, eta parte- hartze errealerako moduak. 

 

Aurrera begira zer?

Oinarrizko dokumentu honek dioena gizarteratu ostean, hainbat talde, elkarte eta gizarte-eragilek egindako ekarpenekin behin betiko txostena osatuko da. Era berean, lan-taldea bera ere irekita dago parte hartu nahi duen edonorentzat.

Hortik aurrera, dokumentu honetan oinarrituta egitasmoren bat martxan jarri nahi den esparru bakoitzeko proposamen zehatzak landuko dira eta zenbait irizpide emango dira, horiek jarraitu nahi dituenarentzat.

 

Aniztasuna eta berdintasuna ezkonduz

Dokumentuan ageri denez, bai euskararen biziberritzea, bai haur eta gaztetxoen aisia hezitzailea, bai parte-hartzea eta bai herri edo komunitategintza berdintasun planotik abiatuta baino ezin da egin. Hona hemen txostenean jasotzen diren zenbait ­ideia:

- Guztien ahalmen eta gaitasunek balio berdina dute.

- Guztien arteko aukera berdintasuna bermatu behar da.

- Berdintasuna genero hezkidetzatik zuzen-zuzen pasa behar da.

- Berdintasuna egongo bada parte hartzea guztiei ireki behar zaie, eta horretarako berariazko modu eta metodologiak asmatu eta eratu behar ­dira.

- Berdintasuna erreala izango bada ahulena jarri behar da erdigunean: umea eta euskara, kasu honetan. 

- Sormen gaitasunak berdintzen ditu pertsonak.

- Herrigintza berdintasunezko planoan jokatuko bada, herri edo auzo taldeetako funtzionamendua parte-hartze errealetik pasa behar da.

- Herrigintza berdintasunezko planoan jokatuko bada, gobernantza modu berri batera ekarri behar da administrazio publikoen funtzionamendua eta honek herritar eta kolektiboekin duen harreman modua. 

- Auzolan berritu bat berreskuratu behar da.

- Berdintasunak komunitate zentzua bermatzen du, herritarrak, elkarteak, eskolak, udalak eta ekimenak elkarrekin lanean jartzeko aukera ­ematen duelako. 

 

Funtsezko zazpi ezaugarri

 “Herri hezitzailea, eskola herritarra” lan-taldeak zazpi ezaugarri funtsezko aitortzen dizkie euren egitasmoei, elkarren artean desberdinak ­izanda ere, praktikara eramatera­koan: 

1. Genero berdintasuna: ekimen guztien ardatz nagusienetako bat da. Parte-hartze paritarioa du xede, genero ikuspegitik, hainbat gizon eta hainbat emakume, berdintasun numerikoan. Baina ez hori bakarrik edota ez hori ezinbestez, baita genero rolek sortzen dituzten funtzionamendu desberdin eta desberdintzaileak kontuan izatea ere, horiei buelta ­eman eta benetako parte-hartze formulak topatzeko.

2. Berdintasuna oro har: aukera berdintasuna eremu guztietara zabaltzea esan nahi du. Emakume, gizon, ume, gaztetxo, gazte, edadetu, langile, langabe, paperdun, papergabe, gaixo, osasuntsu, bazterreko, erdiko… izateko eta egoteko modu guztiak berdintasunaren eta errespetuaren etiketatik pasatzea dute oinarri.

3. Laborategi izaera: proiektuaren ezaugarri izango da, hala beharrez, hein handi batean laborategi izatearena. Dokumentuaren arabera, ­egitasmo bakoitza egitasmo berri eta bakar izan behar duelako, lekuan lekuko herri, komunitate edo taldeari berariaz begirakoa. Zapaltzen duen lurrera eta jendera egokitua, areago jendeak erabakiko du zer nolakoa ­izango den.

4. Behetik gorako ekimenak: herri ekimenetik abiatuta eta herri ­ekimenean oinarritutako egitasmoa izatea.

5. Modu horizontalean: taldeen bitartez parte hartzea bideratuz eta lan banaketa eta erabaki hartzeak praktika demokratikoetan eta berdintasunezkoetan oinarrituz, eraikitzen joan beharko duten egitasmoak izatea.

6. Zehar lerrotasuna: euskara, kultura, ongizatea, haurtzaroa, gaztedia, gurasoak, helduak, aisia, hezkuntza, natura, herrigintza, saretzea, dinamizatzea… eta beste eremu eta kontzeptu batzuk zeharkatzen dituen egitasmoa izatea, eta horrenbestez eremu horietako guztietako jendeen topaleku izatea. 

7. Ekimenen autonomia: egitasmoak, lekuan lekukoak izango dira, gogo, indar, behar, funtzio eta baliabideen arabera.

 

Beste ekimenekin koordinazioan

 Umeen aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen proiektuaren barneko egitasmoak tokian tokiko beste ekimenekin koordinatuak izango dira ­eta saretzeko bokazioa izango dute. Horren baitan hiru printzipio hartzen ditu kontuan “Herri hezitzailea, eskola herritarra” lan-taldeak:

1. Dagoena ez ordezkatzearen printzipioa: herrietan egon ­badagoen dinamika, ekimen, talde ­edo programarik ez da ordezkatuko. Ez da berririk sortuko.

2. Ez dagoena sortzeko aukeraren printzipioa: herrian ekimen edo programa jakin bat ez balego, eta batzordeak hala deliberatuz gero, berria sortu ­ahal izango da.

3. Herrietako bestelako prozesuak kontuan hartzea eta ahal dela bateragarri eta ­osagarri egitea: herrian dauden beste prozesu ­eta egitasmoekin uztartzeko bokazioa ­izatea.