Txartelak ala gonbidapenak?

2014-06-01
Duela aste batzuk umetako eskola-lagun batekin elkartu nintzen kalean. “Kaixo, aspaldiko!” nik, “Que tal andas?” berak. “Ondo, betiko martxan…” nik, “Pues yo todavía buscando curro...” berak. Langabezian zegoenetik hainbat ikastaro egin zituela kontatu zidan eta euskaltegian izena emateko asmoa zuela; beharrerako aukera gehiago izateko batetik, behingoz euskaraz ikasteko gogoa zuelako bestetik. Poztu nintzen! Poztu nintzen baina zer pentsatua ere eman zidan; lagun honek eta biok eskola berean, gela berean, D ereduan, irakasle eta material berberekin ­ikasi baikenuen 3 urtetik 16 urtera bitartean eta hala ere, hura ez baita gaur ­egun euskaraz azaleko elkarrizketa bat izateko gai. Haur batengan eragin zuzena dute etxean, kalean nahiz eskolan jasotzen dituen eredu eta jarrerek edozein hizkuntza ikasteko orduan. Lehenengo biak hain eremu anitz eta zabalak izanik, zailagoa da bertan eragitea. Ikastetxeak ordea, esparru ezin egokiagoak dira hizkuntzen lanketa eta transmisioa modu eranginkorrean egiteko. Eta euskararen kasuan bezala mintzaira gutxituez ari garenean, baita hizkuntzen arnasgune nagusi bilakatzeko ere. Baina arnasgune barik, ez ­ote dira ikasle askorentzako itomen ­izan oraintsu arte?
Koka gaitezen gure herrian adibidez, Berrizen, Euskal Herriko beste leku asko bezala euskararen ezagutza gora eta erabilera beherantza doan herri batean. Laurogehita hamarreko belaunaldikoon argazkia hauxe zen gutxi gorabehera ama-hizkuntzaren arabera: % 50ak guraso euskaldunak genituen, % 40ak gazteleradunak eta % 10ak bata euskalduna eta bestea erdalduna. Egun gazteleraz bizi dira azken bi multzoetako ikaskide gehienak, baita lehenengoko batzuk ere.  Ez diot balantza euskararen kalterako eskolaren erruz bakarrik desorekatu zenik, baina ez dut uste ikasle erdaldun haiei gure hizkuntza maitatzen irakatsi zitzaienik ­ere. Gogoan dut LH-n hainbat urtez ­egin genuen Txartelen jolasa adibidez: irakasleak gure izena zuten hamarna txartel banatzen zizkigun astelehenetan. Astean zehar batenbat gazteleraz berbetan entzun ezkero “Txartela!” esaten genion eta hark bere papertxoetako bat bota behar izaten zuen kutxa batera. Ostiraletan txartel kontaketa egiten genuen eta honenbeste txarteletik gora zutenetzat, sariren bat egoten zen. Astea joan astea etorri, berdintsuak izaten ziren ordea sarituen eta zigortuen aldean egoten zirenak, eta normala den bezala, jolasa gorrotatzetik hizkuntza gorrotatzera pasatu ziren asko. Arbitro txikien jolasak jokoz kanpo utzi ez zituen erdaldun apurrak, DBH-ra iritsi orduko  hasi ziren gure zelaitik urruntzen. Izan ere, zerekin lotzen zuten euskara? Lan-koaderno, aditz taula eta berridazketa amaigabeekin… Eta bi aukera zeuden orduan ere: gainditu edo suspenditu.
Ikasgai bat baino gehiago, askoz gehiago da euskara. Irakas diezaiegun bada haurrei euskaraz jolasten, pentsatzen, maitemintzen, lan egiten, whatsappeatzen, izaten… Txartel gorriak barik, banatu ditzagun gonbidapenak; lagun berriak egitea bezain garrantzitsua baitugu zaharrekin adiskidetzea.