Xaldun kortin, jolastu gurekin!

2014-06-01

EuskoKultur Fundazioak, Bortzirietako Mankomunitateak eta Labrit Multimediak Nafarroako haur-jolasak, kantuak eta kontuak jaso dituzte liburu, CD eta DVD banatan, Nafarroako ahozko ­ondarea berreskuratzeko eta ­euskaraz dakiten eta ez dakiten familiak seme-alabekin hizkuntza horretan jolas daitezen.

 
 
Kantuak, kontuak, hatz-jolasak, jokoak, abestiak..., haurrek, haur direnetik, hizkuntza erabili dute jolasteko. Alabaina, hainbat lekutan eten egin da ahozko ondarearen transmisio hori, esate baterako, Nafarroako hainbat herritan. Euskarak, eta, bereziki, ahozko ondareak, Euskal Herriko gune horretan duen hutsunea betetzeko asmoz, Xaldun Kortin proiektua gauzatu du EuskoKultur Fundazioak, eta kantuz eta kontuz ­osaturiko liburu bat, CD bat eta DVD bat argitaratu berri ditu.
EuskoKultur Fundazioak urteak daramatza Nafarroan euskarazko ondarea jasotzen. Fundazioak material ugari apailatua zuela ikusirik, beste erakunde batzuekin elkarlanean jarri, eta material horri irtenbide bat ematea ebatzi zuen. Horrela, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Labrit Multimedia bidelagun hartuta, Xaldun Kortin proiektuari ekin zion, hainbat material bildu eta argitaratzeko.
Xaldun Kortin proiektuarekin bi helburu bete nahi dituzte atzean dauden taldeek: alde batetik, garai bateko ondarea berreskuratu nahi ­izan dute, eta, bestetik, ondare hori guztia gurasoen eskura jarri nahi izan dute, jolas, abesti eta hainbat bitartekorekin euskara sustatzeko.
Liburuan, CDan eta DVDan argitaratu duten materiala biltzeko, Nafarroako eskualde euskaldunetako jendea elkarrizketatu zuten, aitona-amonak eta adineko jendea gehienbat. Denboran atzera egin, ­eta ume zireneko garaian kantatu eta kontatu izan zituzten jolasak, abestiak, ipuinak, etab.  bildu eta ikertzeari ekin zion fundazioak. 
Jaso duten materialaren zati bat bere horretan argitaratu dute hainbat euskarritan, baina beste hainbat materiali moldaketak egin behar izan dizkiete, abesti batzuk doinurik gabe jaso baitzituzten. 
Bilketa egin ostean, grabaketen unea iritsi zen eta, horretarako, hainbat herritako haur eta taldeen laguntza izan dute, zehazki Iruñeko San Frantzisko Eskola Publikoaren laguntza, Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolarena, Bortzirietako bertso-eskolarena, Aralar musika-eskolarena, Elizondoko abesbatza txikiarena eta Ribaforadako San Bartolome ­ikastetxeko A ereduko ikasleena. Haurrez gain, Porrotx pailazoak ere parte hartu du grabaketetan, Nafarroan barrena, herriz herri ahozko ondarea ezagutzeko egindako bidaia jaso baitute.
Bilketa eta grabazioak bukatu ostean, materiala argitaratzea bakarrik falta zen, eta hiru euskarri erabili dituzte horretarako: liburua, CDa eta DVDa. Era horretan, Nafarroan urte askoan kantatu eta kontatu izan diren jolas eta abestiak familia guztien eskura jarri dituzte, euskaraz dakiten eta ez dakiten familien eskura, guztiek izan ditzaten seme-alabekin ­etxean euskaraz jolasteko tresna baliagarriak.
Liburua
Liburuan, kantu eta kontuak aurkitzeaz gain, haur-hizkeraren hiztegia eta etxean euskara erabiltzeko gomendioak ere aurki daitezke. Haurrekin lotutako ahozko ondarearen bilketan sakondu nahi duten guztiei zuzenduta dago liburua. Hezitzaileek bilketa-lan guztiaren emaitza izango dute eskura, herriz herriko sailkapenarekin. Gainera, herrien arteko desberdintasunak eta Nafarroa Garaiko euskalkien berezitasunak ­ere jaso dira liburuan. Bestalde, geletan lantzeko material ugari dakar euskarri horrek, hala nola, zenbakiak eta gorputz-atalak ikasteko ipuinak, abestiak eta beste hainbat material ­erabilgarri.
Familia-giroan lantzeko ere aproposa da liburua, guraso eta seme-alabek elkarrekin abesteko doinu eta jolasak eta hizkuntza lantzeko baliabide ugari eskaintzen baitira bertan.
Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dago idatzita, Nafarroako hainbat errealitate linguistiko hartu nahi izan baitituzte kontuan materiala argitaratzerakoan, euskaldunek zein, euskaraz ongi jakin ez arren, hizkuntza horren aldeko jarrera dutenek ere erabili ahal izan dezaten.
DVDa
DVDak bi atal ditu: alde batetik, proiektu honetan bildutako jolas eta abestiak egunerokotasunean eta familia-giroan nola erabil daitezkeen ­ikusi ahal izango da; eta, bestetik, Porrotxek Nafarroako ahozko ondarea ezagutzeko egindako bisita ere ikusi ahal izango da; eskualdez eskualde, tokian tokiko kantu eta kontuak kontatzen dizkiote haurrek pailazoari.
CDa
Diskoan hainbat herritako kantuak argitaratu dituzte, tokian tokiko haurrek kantatuta. Kantuez gain, ­ipuinak, jolasak edota lo-kantak ere aurki daitezke. 
Bestalde, euskarri birtual bat ere badu Xaldun Kortinek, www.xaldunkortin.com webgunea. Atari hori, gainera, etengabe berritzen da, bideo, abesti eta albisteekin.
Materiala salgai dago jada, bai liburu-dendetan eta baita webgunean ere. Bortzirietako euskara-zerbitzuek, bestalde, aurten jaioko diren haurren familiei oparituko diete bilduma. Gainera, materiala nola erabili ikasteko gurasoentzako bi orduko ­ikastaro laburrak eskaintzen hasiak dira.