Zer zaila den, eta aldi berean zer beharrezko ­elkarrekin aritzea

2014-06-01
Gure Gida-ren helburua, eztabaidarako tresna izatea da. Edukiak eta egon daitezkeen 
aukerak mahai gainean jarri, eztabaidatu, eta, posible den neurrian, taldeka, eskolaka edota herrika erabakiak hartzea.
 
 
Ia urtebete elkarrekin aritu ondoren, “Gure gida” deritzan proposamena egin dugu hainbat hezkuntza eragilek. Gida horrek, nagusiki, bi ildo jorratzen ditu: alde batetik, herri gisa gure hezkuntza eraikitzen jarraitzeko proposamena egiten du; eta, bestetik, espainiar estatuak ezarri duen LOMCE lege organikoaren aurrean, zer neurri har daitezkeen eskola bakoitzaren heziketa-prozesua kaltetua izan ez dadin.
Urteak daramatzagu gure hezkuntza propioa garatzeko ahaleginean Euskal Herrian, baldintza kaskarretan sortu ziren lehen ikastoletatik hasita gaur arte. Jendartearen 
iniziatibak eta lanak hainbat arlotan aurrerapausoak egin ditu, baina beti, bi estatuen legediaren menpe aritu behar izan da. Horrek, eskolak normaltasunez garatzeko zailtasun eta oztopo ugari sortu ditu eta sortzen ditu.
Halako baldintzetan arituta, eta gure eskolako hezkuntza hobetzen joateko, zirrikituak bilatzen, eskolaren komunitatean parte hartzen, hezitzaileak prestatzen, gertuko administrazioak inplikatzen eta abar egiten aritu gara; irtenbide egokiena aurkitzeko irudimena lantzen joan da.
Orain, azken hamarkadetako hezkuntza-prozesuaren hausnarketa  egitean, jendartearen parte-hartzea motorea izan bada ere, gertuagoko administrazioek hartzen duten jarrera garrantzia handikoa dela esan dezakegu. Ikusi besterik ez dago Nafarroak eta Arabak eskolaren bidez egin duten euskalduntzearen garapena.
Gure Gida-ren helburua, eztabaidarako tresna izatea da. Edukiak eta egon daitezkeen aukerak mahai gainean jarri, eztabaidatu, eta, posible den neurrian, taldeka, eskolaka edota herrika erabakiak hartzea.
Ildo pedagogikoari edota kurrikularrari eskaintzen zaio pisu handia. Orain arte garatu ditugunak jaso, aurrera begira jarri eta herritar guztiontzako egokia izan daitekeen heziketa-ildoa  marrazten da. Eta, hori guztia praktikara eramateko oztopo ikusten den LOMCE legearen aurrean, zer aukera dauden izendatzen dira.
Legea onartua dago eta datorren ikasturtean hainbat neurri jarriko dira martxan. Gure egunerokoak eta adituen ikerketek erakutsi dute eskola-komunitateak inplikatzen eta parte hartzen duenean, ikasleen emaitzak hobeak direla arlo guztietan, baita arlo akademikoan ere. Hori dena ezagututa, nola onartu eskola bakoitzaren erabakiak administrazioaren eta zuzendariaren (administrazioaren ordezkaria) artean soilik hartzea?
Hortxe dugu lehenengo erronka: eskolak demokratizatzea, parte-hartzea sustatzea, gertuko administrazioak (udalak) inplikatzea, kudeaketa gardenagoa egitea, eskola-komunitateko guztiak entzunak izatea, herri gisa jokatzea…