Imanol EPELDE PAGOLA. IDAZLEA ETA IRAKASLEA

2014-10-01

Komunera joan al naiteke?

 

 
 

Andereño, komunera joan al naiteke galdetu nion. Paretean geneukan itsatsia esaldia: Komunera joan al naiteke? Balindaren garaiak ziren eta errotik moztu behar zen ohitura. Balinda komunera joan galdetzen zuena larriarekin geratzen zen! Izorrai!

Nik berak eskatu bezala egin nuen galdera. Baina ezetz erantzun zidan. Ez nuela komunera joateko baimenik. Enegarrenean eman zidan baiezkoa. Kakalarriari ezin eutsita, pasillo luzean korrika nindoala egin zidan huts esfinterrak. Eta atera zitzaidan ­ipurdiko poesia dena. Bezperan lehen jaunartzean estreinatu nituen galtza zuri-zuritan. Negarrez itzuli nintzen gelara. Eta aitortu behar izan nuen klase guztiaren aurrean galtzetan egin nuela. Kaka. Umiliazio hori nahikoa ez, bizikletan kaka egin berritan eserita egin behar izan nuen ­etxerako bide osoa. Ikastolatik Azken Portu gorainokoa. Baina, ez. Isil nadin. Hau ez da-eta hemen kontatu nahi nuena.Plastidecorrak gustatzen zitzaizkidan garaiak ziren. Eta folio zuriaren aurrean jartzea eta margotzea. Maite nuen pintura haien usaina, eta galdetzen nion neure buruari zergatik zituen mugak folioak. Irakasleak aginduta egin nuen marrazki bat. Gaia librea. Handik egun batzuetara itzuli zizkigun lanak. Ikasle bakoitzari banan bana. Marrazkirik onenetik hasita eskasetaraino. Ordena horretan. Hasieratik egon nintzen, nireak ­oraintxe-behar-dik-ba pentsatzen. Baina azkena izan nintzen marrazkia jasotzen. Edo azken bigarrena. Berdin du. Mahatik altzatu, irakasleareneraino joan, marrazkia hartu eta buelta. Umiliazioaren pasiloan. Ikaskideen barre artean. Plastidecorrak hartzean eskuak dardarka jartzen zaizkit ordutik. Usainak mareatu egiten nau. Baina, ez da hau, ez da hau ­ere kontatu nahi nuena.Irakasle berberak bultzatu ninduen bertso-eskolara. Irakasle berberak eraiki zigun hitzen parke bat txirristaz betea. Irakasle berberak sortu zigun lagun talde bat hizkuntzarekin jolasteko. Eta eman bizitza kantatu ­ahal izateko plazera. Eta hori ere, ezin izango diot inoiz behar bezala eskertu. Baina ez da hau ere kontatu nahi nuena.Edo bai.Irakasle izateko zer egin behar dugun jakitea garrantzitsua da. Baina, nago, garrantzitsuagoa delakoan garbi izatea zer ez dugun inoiz egin ­behar. Hasi gaitezen hortik. Horrela zuzen akaso ez, baina oker behintzat ez baikara ibiliko.