LOMCEri ez, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki

2014-10-01
 
 

Iragan ikasturte osoa Werten lege erreformaz hizketan pasa ondoren, irailean kurtsoa hastearekin batera, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ikastetxeetan ezarri da LOMCE, Lehen Hezkuntzako lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan —hurrengo ikasturtean ziklo osoa aldaturik egongo litzateke—. Ateak zabaltzean, alabaina, ez irakasleek, zuzendaritza-taldeek, ikasleek eta ezta familiek ere ez zekiten zertan nabarmenduko zen aldaketa. Informazioa tantaka joan zaie iristen ikastetxeei, orain ikasgai bati buruzko orientabideak, gero akordio baten albisteak...

Uztailean argitaratu zuen Espainiako Gobernuak LOMCEren lege ebazpena, baina tokian tokiko administrazioek ez dute irailerako lege hori aplikatzeko edo saihesteko dekreturik idatzi, denbora falta argudiatuta.
Funtsean aldaketa handirik ekarri gabe inplantatu da Espainiako Hezkuntza ministroak diseinaturiko lege organikoa. Metodologian, curriculumean, antolaketan eta hezkuntzaren oinarrizko markoan aldaketak leudeke, baina ez dirudi ikasturte honetan ikastetxeek aldaketa nabarmenik bizi izango dutenik, curriculumari dagokionez, adibidez, Iruñeko eta Gasteizeko gobernuek ikasturte honetan ikasmaterial berririk ez argitaratzea erabaki dute, beraz, aldaketarik ez da izango.
Antolaketan ikusteko dago aldaketarik egongo den.  Puntu kezkagarrienetakoa eskola kontseiluei zegokiona da, erabakitze ahalmena murriztu nahi baitie LOMCEk: organu iritzi emaile izatera pasarazi nahi zuen Wertek, hau da, ikastetxeko proiektua onartzeko ahalmena kendu nahi dio eskola kontseiluari, eta egiteko hori zuzendaritzaren esku utzi. Eskola kontseiluan zuzendariak, irakasleak, udal ordazkariek, eta familiek parte hartzen dute, eta orain arte eskolari buruzko dokumentu garrantzitsuenak gune horretan eztabaidatu eta onartzen ziren.
Haatik, aldaketa honek ez die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeei eragingo, irailaren 29ko EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu denez, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordio bat erdietsi baitute. Akordio horren arabera, hiru lurralde horietan Jaurlaritzak izango du zuzendaritzaren eta eskola kontseiluaren arteko harremanak antolatzeko eskumena: “Hezkuntza administrazioei dagokie ikastetxe publikoen kudeaketa-eredua zehaztea eta zuzendaritzaren eta partaidetzarako kide anitzeko organoen arteko harremanak antolatzea”. Cristina Uriartek ikasturte hasieran aurreratu zuen eskola kontseiluen orain arteko izaera mantentzearen aldekoa zela, beraz, xede horren eta akordioaren arabera, kontseiluen erabakimenari eutsi ahal izango dio Jaurlaritzak.
Ikusteko dago Nafarroan zer gertatuko den. Izan ere, Josu Erkorekak eta Cristobal Montorok sinaturiko akordioak “hezkuntza administrazioei” aitortzen die euren burua antolatzeko ahalmena; Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek, ordea, LOMCEren aldekotasun osoa erakutsi izan du.
Alta bada, Nafarroako ikastetxe publikoek badute zirrikiturik oraino eskola kontseiluari dagokion garrantzia aitortzeko, eta eskolak komunitatearena izaten jarraitzeko. Zirrikitu hori EHIGEk ireki zuen aurreko ikasturte amaieran, artean ez baitzen ezaguna Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren akordioa. Prebentzio gisa, eskola kontseiluei honako proposamena egin zieten EHIGEk eta Sarean zuzendarien elkarteak: orain arte bezala jarraituz, eskola kontseiluari erabakitze ahalmena aitortzea. Zirrikitu horrek lehen zeukan erabakitze eskumena oso-osoki eskola kontseiluari aitortzen dio, eta zuzendariari ez dakarkio ondorio legal edo administratiborik; “legeak orain ematen dizkion eskumen horiek bere gain hartu beharrean eskola kontseiluarekin partekatzea onartzea besterik ez da”, azaldu zion hik hasi-ri Lourdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak; “zer garen eta zer nahi dugun izan esateko ahalmenik ez badaukagu guraso eta ikasleek ahalmen guztiak galtzen ditugu”.
Bada, beraz, eskolari buruzko erabaki inportanteak eskola kontseiluak hartzen jarraitzeko zirrikiturik, Nafarroan ere.
Antolaketari dagokionez eta zentralizazio-helburuei men eginez, LOMCEk zuzendarien aukeraketa-sistema ere aldatu nahi izan du. Legearen arabera, administrazioaren parte-hartzea handiagoa izango da zuzendaritzaren hautaketan —erdia baino gehiago— . Administrazioaren aurrean ikastetxearen ahots izan beharrean, administrazioaren ahots bilakatu nahi du zuzendaria eskolan, LOMCEk berez, hari aitortzen baitio hezkuntza-proiektua diseinatzeko eta garatzeko eskumen osoa. Haatik, Sarean zuzendari elkartearen planteamendua kontrakoa da, “hezkuntza komunitatearen proiektua garatu nahi duten zuzendaritza-taldea” bultzatzen du. Sinaturiko akordio berriaren arabera, ordea, Jaurlaritza izango da eskola kontseiluaren eta zentroetako zuzendaritzaren bitarteko lanak egingo dituena, beraz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan zuzendaritzak ez luke LOMCEk eman nahi dion erabakimen osoa izango.
Euskara eta ikasleen onarpena, Jaurlaritzaren eskumen
Gasteizen eta Madrilen akordioak hizkuntza-proiektuari ere mesede egingo dio. LOMCEren arabera, gaztelania eta hizkuntza koofiziala (euskara) “arrazoizko proportzioan” batu behar dira. Akordioak, alabaina,  Jaurlaritzari euskara orduak gehiago izan daitezen aukera ematen dio, “oinarrizko araudian ezarritako mugen barruan betiere”, eta hori bai, ikastetxeek aukera eman beharko dute gurasoek gaztelaniazko ereduak hautatu ahal izateko. Berrikuntza horrek ez dio eragiten Nafarroako lurraldeari.
Ikasleen onarpenari dagokion puntu bat ere sinatu dute akordioan: unibertsitatean, Lanbide Jeziketan eta curriculum espezializazioa duten eskoletan ikasleak sartzeko irizpideak Jaurlaritzak garatu ahal izango ditu aurrerantzean ere. 

 

Eskola kontseiluaren eskumenak:

Eskola kontseiluak hezkuntza- eta kudeaketa-proiektuak, zentroaren antolaketa eta funtzionamendua onartzeko eta ebaluatzeko eskumena izan ditu orain arte. LOMCEk ebaluatzeko aukera soilik onartzen du, beraz, erakunde hau kontsultiboa, iritzi-emailea, izango litzateke eta ez erabakitzailea. Ikastetxearen proiektua bera zuzendaritzaren esku utzi nahi du LOMCEk.
Orain arte, ikastetxe bakoitzaren urteko programazio orokorra onartu eta ebaluatu izan du kontseiluak. Ikasleen onarpenaren gainean erabakitzeko aukera ere badu organu honek.
Hezkuntza eta kultur xedeak dituzten harremanak garatzeko ildoak ezartzeko aukera du kontseiluak. LOMCEk ildo horien inguruko informazioa jasotzeko aukera soilik aitortzen dio. 

 

Ikasturte honetan sartu diren beste aldaketa batzuk

Lehen Hezkuntzako lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan honako aldaketa hauek sartu ditu LOMCEk ikasturte honetan:

-Bi irakasgaitan aldaketak izan dira LHn: Espainiako Apezpikutzaren urte luzetako eskariari jarraituz, erlijioak notarako balioko du eta horren ordez irakaskai pisuzko bat egin beharko dute ikasleek: Balio Sozial eta Zibikoak izenekoa. Espainiako Konstituzioa, armada-ereserkia irakatsi behar lirateke ordu horretan, baina Jaurlaritzak gaitegia moldatu du irail erdian eta espainiartasuna goratzeko edukiak kendu ditu. Nafarroako Gobernuak bere horretan sartu du irakasgaia.
-Ingurunea irakasgaiak aldaketa formala izango du, bi nota eskatzen baititu Werten legeak.
-Ebaluazioari dagokionez bada aldaketarik: Hezkuntza zentralizatzeko baliabide nagusietako bat errebalidak izango ditu Wertek. Ikasturte honetan, ordea, kanpo-azterketa bakarra ezarriko zaie LHko hirugarren mailako ikasleei. Azterketa horrek ez dio eragingo ikasleen espedienteari eta tokian tokiko administrazioek  diseinatuko dute.