Nolako garrantzia dute osasun-edukiek euskal hezkuntzan?

2014-10-01
 
 

Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko euskal ­ikasleek osasunari buruz dituzten ­edukiak nola banatzen diren jakin nahi izan dugu dekretu eta legediaren ­azterketa baten bidez. Eduki horiek azken urteotan aldatuz joan direla ikus dezakegu,  etorkizuneko gizartearen osasun-ezagutzaren jakintza desorekatua bultzatuz, ikasle eta ikastetxeetako eskaintza akademiko ezberdinengatik.

Helburuak
• LH, DBH-ko eta Batxilergoko curriculumetan osasun-edukiak aztertzea.
• Hezkuntzako legediaren ezarpenak aztertzea.
• Europako eta Amerikako Estatu Batuetako egoerarekin konparatzea.
• Etorkizunerako osasun-edukien hezkuntzarako gogoeta.

Metodoak

- Osasun-hezkuntzaren edukiak aztertu, LHn,  DBHn eta Batxilergoan EAEn, Espainian eta beste herrialde batzuetan.
- Hezkuntza dekretuak aztertu
- Osasun-hezkuntza neurtzeko galdeketak egin Medikuntzako lehen mailako  ikaslei
-  Adituekin elkarrizketak

Emaitzak

EUSKAL HERRIKO HEGOALDEA
Curriculum ofizialetan
Lehen hezkuntzan  (12 urte) osasun edukiak bi ikasgaietan banatzen dira: natur zientziak eta soin heziketa. Zientzietako gaitasunen artean 2. blokean kokatuta daude eduki gehienak: anatomia-fisiologia, zentzumenak eta nerbio-sistema, nutrizioa, ­erreprodukzioa, gaixotasuna ­eta osasuna, ohitura osasungarriak ­eta lehen sorospenak.
Derrigorrezko bigarren hezkuntzan (12-16 urte) osasun-hezkuntza gehienbat Biologia ikasgaian ematen da, baina badaude gai batzuk soin heziketan eta berriki desagertu den Herritartasunerako Hezkuntzan ematen direnak. Edukiak hauek dira: Giza gorputzaren antolaketa, Elikadura eta nutrizioa, Nutriziorako aparatuak, Harreman funtzioak, Giza ugalketa eta Osasuna eta gaixotasuna.
Batxilergoan ikasleen lerro kurrikularrak eta zentroetako eskaintza ­akademikoak baldintzatzen ditu hezkuntzaren edukiak ikastea ala ez. ­Horrela badaude ikastetxe batzuetan hautazkoa moduan, anatomia ikasgaia, biologia ikasgaiko atal batzuk
eta baita Batxilergo artistikoan anatomia aplikatua deitzen den ikasgai berezi bat ere. LOMCEren eraginez Mundu Garaikiderako Zientziak izeneko ­ikasgaia desagertu da. 2006ko legearen ondorioz, ikasgai hori derrigorrezkoa zen Batxilergoaren lehenengo ikasturtean, eta horren helburua zen ikasle guztiei zientzien inguruan (osasuna barne) oinarrizko ezagutzak ematea, gaur egungo gizartean zientziaren egungo gizartean zientziek duten garrantzia nabarmentzea, zientziaren egungo erronka nagusiak zeintzuk diren azaltzea eta abar.
 ­Herritartasunerako Hezkuntzarekin gertatu bezala, badirudi ikasgai hori desagertze arrazoi ideologikoei egotzi behar zaiela, Eliza katolikoaren sektore batzuek ez baitzuten begi onez ikusten eta zenbaitek —Concapa Ikasleen Gurasoen Konfederazio Katolikoak, esaterako—, “Herritartasunerako Hezkuntza baino kaltegarrikotzat” jotzen zuten Mundu Garaikideko Zientziak ikasgaia.
2007an curriculum berria ezarri zenean, gorputz hezkuntzak galera handia jaso zuen 196ko dekretutik, Lehen Hezkuntzan zein DBHn. Lehen Hezkuntzan %40 murriztu zen,
eta DBHn %38. Lehen ere, 1996ko dekretuaren garaian ikusten zen dekretuak berak finkatzen zituen helburu orokorrak eta konpetentziak lortzea ezinezkoa zela ordu kopuru horrekin: beraz, erokeria zen 2007an curriculuma helburu eta gaitasunen arloan aberastea eta ordu kopurua are gehiago murriztea.

Ikastolen ibilbidea

Ikastolen Elkarteak argitaratutako 2004ko “EUSKAL CURRICULUMAko adituen ekarpena” liburuan Giza gorputzaren atal nagusiak lau azpiatal ditu: 1- giza gorputza eta osasuna 2- gorputz hezkuntza 3- elikadura eta gastronomia osasunaren ikuspegitik 4- gastronomia. Lehen atala (53 orr.) ­Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko (OEE) 3 kideen artean egina dago eta bertan jartzen duenez “pertsonen garapena osoa izan dadin, giza gorputzaren eta osasunaren inguruko ezagutzak landu beharrezkoak ­iruditzen zaizkigu”. Edukien hautaketak 3 hezkuntza berezitasun jartzen dituzte: kontzeptuen ezagutza, trebetasunak eta jarrerak.
Edukiak 4 multzotan banatzen dituzte:
1- Giza anatomia eta fisiologia. Gorputza, erakuntza, hezurdura, muskuluak, nerbio-sistema, sistema urogenitala, sistema endokrinoa, sistema digestiboa, arnas-sistema, zirkulazio-sistema eta larruazala.
2- Sexologia. Ugaltze-sistema, sexua: ugaltzea eta erotismoa, sexua kultur ezberdinetan, sexuaren arriskuak eta antzutasuna.
3- Medikuntza zientziak: osasuna, gaixotasuna eta heriotza, osasunaren promozioa eta prebentzioa, osasun-egoera Euskal Herrian, diagnostikorako froga osagarriak, patologia infekziosoa eta parasitarioa, neoplasiak, odoleko eta organo odol-sortzaileetako gaixotasunak, gaixotasun endokrinoak, nutrizional eta metabolitikoak, trastorno mentala eta portaera trastornoak, nerbio-sistemaren gaixotasunak, sentimenen trastornoak, zirkulazio-sistemaren gaixotasunak, arnas gaixotasunak, aparatu digestiboaren gaixotasunak, sistema
urinarioko gaixotasunak, larruazaleko gaixotasunak, bihotz birikietako geldialdia, traumatismoak, intoxikazioak ­eta kanpoko kausen beste ondorio batzuk, eta osasun-sistemak Euskal Herrian.
4- Farmazeutika: farmazeutikaren oinarriak eta farmakoak Euskal Herrian.

Osasun saila

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak argitaratutako “Osasun Plana 2013-2010. Osasun saileko osasun politika”. 88. orrialdean aipamen batzuk daude hezkuntzako Osasun-­edukiei buruz:
“Gazterian ohitura osasuntsuak hobetzea eta jarrera arriskutsuak murriztea”.
EKINTZAK:…
4.4.2. Eskolako curriculumean jarrera osasuntsuei (elikadura osasuntsua, ariketa fisikoa, alkohola, tabakoa eta mendetasunak, harreman ­afektibo-sexualak) buruzko kontzeptu, prozedura eta jarreren eduki eta gaitasunak sartzea sustatu.
4.4.8. Ariketa fisikoarekin eta elikadura osasuntsuarekin lotutako beste ekintza batzuk 5. Arloan daude jasota.

ATZERRIKO IKUSPEGIAK

EUROPA
Europa mailan Osasun edukiak modu ezberdinez ematen dira eta Eurodyce webgunean ez dago txosten zehatzik gai honi buruz, asko jota zehazten da nola herrialde gehienetan osasun edukian natur zientzietan eta gorputz hezkuntzan ematen direla
eta Txipren soilik mantentzen diea
ikasgai bakar bat moduan. Beste herrialde batzuetan zentroen arabera aukera dute ikasgai berezitua agertzeko ala ez.
Lehen Hezkuntzan badago elkarte bat, Schools for Health in Europe ­(SHE)  zeinak osasunaren aldeko ekimenak koordinatu eta informatzen dituen. Hego Euskal Herrian Nafarroako Hezkuntza Dailak parte hartzen du.

Ameriketako Estatu Batuetako Osasun ­edukiak hezkuntzan National Health ­Education Standars

Osasunerako hezkuntza estandar nazionalak (NHES ingelesez) ikasleen gaitasunak hobesteko baliatu ­ziren, hezkuntzan dauden eragileek (irakasleek eta administrazioa) gida bat edukitzeko ikasketetan osasun-gaitasunak txertatzeko orduan. 1995 urtean argitaratu ziren AEBetako osasun elkarte ugariren laguntzarekin: Minbiziaren Elkarte Amerikarra, Osasun Hezkuntzaren Elkarte Amerikarra, Osasun Eublikoaren Elkartea, Eskolako Osasunaren Elkartea eta Hezkuntza Fisikoko Elkartea.
NHESak osasun-hezkuntzaren ­erreferentzia dira eta 10 urteren ondoren berrikuspen bat egin zuten. Idatzita ageri dira ikasleek izan behar dituzten zortzi gaitasun orokorrak eta
ikasturte ikasturte  estandar hauek izan behar dituzten ­edukiak zehazten dira .

NHESko ESTANDARRAK
1. Ikasleek osasuna hobesteko eta gaixotasunen prebentziorako kontzeptuak ulertuko dituzte.
2. Ikasleek osasun jokabideetan ­eragina dituzten faktoreak aztertuko dituzte: familia, ikaskideak, kultura, komunikabideak eta teknologia.
3. Osasuna hobetzeko balizko informazioa, produktuak eta zerbitzuak lortzeko gaitasuna erakutsi ­behar dute.
4. Osasuna hobetzeko eta osasun-arriskuak saihesteko komunikazio gaitasunak erakutsi behar dituzte.
5. Ikasleek gaitasuna erakutsi ­behar dute osasuna hobesteko erabakiak hartzean.
6. Ikasleek osasuna hobetzea helburu duten trebetasunak lortzeko gaitasunak erakutsi behar dituzte.
7. Ikasleak osasuna hobetzeko jokabideak eta arriskuak murrizteko gaitasunak erakutsi behar dituzte.
8. Ikasleak osasunaren aldeko komunikazio gaitasunak landuko dituzte familia eta komunitatearen aurrean.
2013ko inkesta medikuntzako lehen mailako ikasleei
2013ko abenduan Leioako lehen mailako 106 ikasleei inkesta bat banatu nien 20 osasun kontzeptuak beren unibertsitate aurreko ikasketetan ikasi zituzten edo ez galdetzeko. Horietatik 10, kontzeptu anatomikoak ziren, eta beste 10, osasun zientziei buruzkoak.
Erantzunetan antzeman zitekeen aldaketa nabarmenak daudela ­ikastetxe batetik bestera, bai publikoen zein pribatuen artean.
Inkestaren emaitzak:
• Oinarrizko anatomiako kontzeptu gehienek ezagutzen badituzte ere, ikastetxe askotako ezagutza maila oso eskasa da.
• Oro har, nerbio-sistemaren fisiologia gutxi ezagutzen da (drogamenpekotasunaren oinarriak ulertzeko moduan).
• Patologia (gaixotasunak) ez dira ia irakaskten.
• Promozioa eta prebentzioa oso gutxi lantzen da.

EZTABAIDA

Unibertsitate aurreko Hezkuntzak azken hamarkadetan lege-marko nagusi ugari izan ditu: LOE, LOCE, LOGSE eta aurtengoa den  LOMCE, denak Madrilgo Gobernuaren araberakoak eta  gure ikasleen jakintza-eremuetan eta hezkuntzaren antolaketan zuzeneko eragina izan dutenak. Horrela,  DBHn osasun-hezkuntzako eduki urriak natur-zientzietan txertatu direnez gehienbat eta Batxilergoan nabarmen murriztu direnez, gure
ikasleen osasun-ezagutza gutxituz joan da.
Adibidez, Medikuntzako ikasketetara datozen ikasleetatik gutxik dute aukera anatomia hautazko­ikasgai gisa, institutu eta ikastoletan
ikasteko, beraz ikasle horien gorputzari buruzko ezagutza Lehen Hezkuntzan ­edo DBHko eduki batzuetan oinarrituta dago. Are gehiago, gure gorputzaren fisiologiako arlo ugari (arnasketa, digestioa, nerbio-sistema, …) ez dituzte ikasi karrerara heldu arte. Aldaketa ugari ematen dira
ikastetxe batetik bestera eta hori antzematen da ikasleen erantzunetan. Beste herrialdeekin konparatuz, osasun-hezkuntzaren trataera askoz hobeagoa izan daiteke, adibidez ikasgai berezi bezala irakatsiz edo ­ikasleen jakintza-ahalmenak sakontzeko erabiliz.
Gorputz Hezkuntzari dagokionez, Europako 2013ko txosten baten arabera, umeen % 80k eskolan baino ez dute kirola edo ariketa fisikoa egiten. Horregatik, oso garrantzitsua da gorputz heziketa hezkuntzan txertatzea eta ez uztea eskolaz kanpoko ­ekintza gisa, horiek borondatezkoak direlako eta ordaindu behar direlako.
Espainiaren lege aldaketa ugarik ez dute batere errazten osasun edukien txertaketa finko bat egotea, ­Ameriketako estatu Batuetan ez bezala, non 1999 urtetik hona osasun gaitasunak zehaztuta dauden eta
erreferentzia izaten jarraitzen duten.
Nire ustez osasun-arloko eduki zabalagoak DBHko eta Batxilergoko mailetako lantzea berreskuratu behar dugu eta ez laga eskolaz kanpoko hitzaldietan soilik jorratzeko. Euskal curriculum berriaren ( Heziberri) garapenaren aukera erabili beharko genuke osasun-jakintza zabaltzeko euskal ikasleen artean eta AEBetan bezala osasuneko profesionalen aholkuak aintzat hartu beharko lirateke.

ONDORIO NAGUSIAK

- Arduratzeko moduko egoera batean gaude, osasun-hezkuntzaren ­edukiak nabarmen jaitsi direlako azken urteotan, Batxilergoan bereziki.
- Hezkuntzan izandako hezkuntza lege nagusien aldaketa ugarik ez dute laguntzen osasun-hezkuntzaren barruan eduki minimoak mantentzeko. Sakabanaketa  ugari dago osasun edukietan.
- Aldaketa horiek guztiek eragina zuzena izan dute osasunaren edukiak gutxitzeko, biologia molekularraren edo genetikaren mesederako.
- Gazteen osasunaren arlo garrantzitsuak diren sexu-heziketa eta droga-mendekotasuna ez dira ikasgeletako gaietan jorratzen, eskolaz kanpoko  noizbehinkako hitzaldietan eta kanpoko adituen laguntzarekin baizik.
- Osasun profesionalen aholkuak ez dira behar beste aintzat hartzen.