Zer-nolako garrantzia dauka isiltasunak ikaste-prozesuan

2014-11-01
 
 

Zalantzarik ez, isiltasuna ez dago modan: merkataritza-guneetako ­arropa-dendetan txunba-txunba doinuek agurtzen dute bezeroa; zinemara joan, eta, aitzinako aretoen edukieraren laurdena izan arren, bi edo hiru bider dezibelio gehiago dugu; hori bai, surround… Tabernetara sartu, ­eta irribarrea datorkit, gure sasoiko txanpon-makinak gogora datozkidanean; tabernariez gain, aerobikeko monitoreen erdiak ere gortuta daude (aurrekoan, musika topera jarrita, mikrofonoarekin gidatutako “erlaxazio” saio baten izan nintzen: bost lagun ginen); eta, gaitzak kutsakorrak direnez, ea nor ausartzen den barraketara belarrietarako tapoirik gabe joaten…

Halaber, egunerokotasunean, badirudi, nire erlojuan behintzat, denbora gero eta azkarrago doala; eta, nire inguruan ere, gehienak presaka ­eta korrika ikusten ditut, horrek estresa, urduritasuna eta egonezina ekarri ­arren. Horrek guztiak barne-zarata ­izendatu dugun fenomenora eramaten gaitu, eta, besteak beste, burua mila gauzatan izatea eta kontzentratzeko zailtasuna dakartza.
Gure presaren eta ailegatu ezinaren ondorioz, seme-alabei azkar janzteko eta gosaltzeko hamaika bider esan ondoren, umeak eskolara ­arineketan eskutik tiraka eramaten ditugu; eta, iluntzean, bainatu, afaldu, ipuina irakurri eta lehenbailehen erretira daitezen saiatzen gara, eguneko jarduna bukatu eta apur batez atseden hartu nahian.
Bestetik, eurei emateko ez daukagun denbora hori “oparitxo”-en bidez konpentsatzen saiatzen gara, eta, egunak horrenbeste borroka-fronte izaten dituenez, seme-alabei mugak jartzeko eta ezetz esateko indarrik gabe geratzen gara maiz gaua heltzen denean. Horrek guztiak, aipatutako barne-zarata sortzeaz gain, kolokan jartzen du etxe askotan gurasoon autoritatea ere.
Gizartearen arlo batean gertatzen dena besteetan ere errepikatzen da sarritan, eta, oiloaren eta arrautzaren eztabaidan sartu gabe, antzeko egoera topatzen dugu gaur egun ikasgeletan.
Duela berrogei urteko gela isil eta zurrunek adierazpena eta askatasuna bilatzen zuten ikaskuntza-inguruneei eman zieten bidea. Nolanahi ere, ­edozein erreakzio-prozesutan bezala, agian beste muturrera jo genuen, eta gelak kolorez, kantuz eta, sarritan, adiskideen rola jokatzen zuten irakasleekin bete ziren. Eredu berri horretan, irakaslearen presentzia diluitzen joan da urteotan, eta kanpotik goazenok askotan topatzen dugu ­uneko irakaslea, ikastaldea lasai lanean izateko tresnarik ez duela.
Ikasleek, oro har (eta egia esanda, guraso eta irakasleekin egiten ditugun ikastaroetan ikusten dugunetik, helduok ere bai), isilik eta adi egoteko ohitura falta handia dute. Zentro askotako korridoreetan eta patioetan, zarata-maila oso altua da, eta, gela barruan, isiltasuna zigorraren eta kontrolaren bidez lortzen saiatzen gara, nekez askotan. Isiltasun hori oso hauskorra da, eta, buelta-erdi ematen dugunean, apurtu egiten da.
DBHko eta Batxilergoko ikasleekin lanean hasi ginenean eta geletako zarata eta gazteen arreta falta eta egonezina ikusi genituenean, horren aurrean zerbait egiteko premia sentitu genuen. Alferrik zen gure desira onenekin oso gauza interesgarriez hitz ­egitera han agertzea, gazteak ez baitzeuden guri entzuteko prest. Bururatzen zitzaigun irudia oso argia zen: “Mesedez, sartu aurretik, utzi barrukoei irteten”. Eta horrela hasi ginen lanean, gazteen barruak “husteko” eta lasaitzeko bide baten bila.
Hezkuntza-sistematik kanpoko eragileak garen heinean gazteengana iristeko dugun ahalmena mugatua denez, lana irakasleengana bideratu behar genuela ikusi genuen, haiek direlako egunerokotasunean ikasgeletan daudenak; eta Isiltasuna gelan ­izeneko proiektua garatu genuen. Gure proposamena hiru ardatzen inguruan egituratuta dago: batetik, zarata fisikoa edo entzuten dena, kanpo-zarata deritzoguna; bestetik, urduritasuna, kontzentrazio falta eta ­egonezina, edo barne-zarata, eta hirugarrena, irakaslearen autoritatea ­edo presentzia indartzea, azken batean, hura delako itsasontzia portura ­eraman behar duen kapitaina, eta eskifaia arraunean jartzeko tresnak behar dituelako.
Hiru alderdiek elkarri eragiten diote, eta batean egiten diren urratsek beste bietan dute isla; irakasleei zuzendutako prestakuntza-lantegietan, hirurak jorratzen ditugu, betiere, ardatz nagusia barruko isiltasuna dela jakinda. Arlo psikoemozionalean jorratzen ditugun beste proiektu batzuen kaltetan izanik ere, konbentzituta gaude gainerako lan asko berez bideratuko liratekeela barrukotasun hori lantzen asmatuko bagenu, nork bere burua ezagutzeak eta gustura ­egoteak besteekiko errespetua eta balorazioa dakartzatelako, eta gure ­izaera eta kontraesanak ulertzeak besteenak onartzera eta aniztasunera zabaltzen gaituelako.
“Zeure burua ezagutu” ez da atzo goizeko aholkua, eta hezkuntzak benetan gure buruaz eta inguruaz kontziente izateko tresna izan behar duelakoan gaude. Sokrates maisua harira ekartzeak ematen digun aukeraz baliatuta, uste dugu ikasleei hain mamurtuta ematen diegun heziketa-eredutik apur bat aldentzeko eta maieutika berreskuratzeko saiakera egitea dagokigula, arretarik eta gogorik gabe dauden ikasleek hezkuntzan parte har dezaten, dituzten trebetasunak ­erabiliz eta erronka berriak bilatuz: pentsatzeari ekiten badiote, agian isilago egongo dira-eta…
Bukatzeko, daukagun esperientzia oinarri hartuta, esan genezake prestakuntzarako ahalegin handiak egin direla Hezkuntzan. Hala ere, askotan ahalegin horiek ez direnez helburu zehatzetara bideratu, atera zaien etekina murritza izan da, trebakuntzak eskatzen duen esfortzu ekonomiko eta pertsonala egin ostean. Horren ondorioz, zentro askotan indarrak alferrik galdu dira, eta irakasleak, eskolez gain kudeatzeko hainbat kontu dituztenez, saiatzeaz nekatu ­egin dira, izenburu politak dituzten ­ikastaroak egin ondoren esfortzu eta etekin pertsonalaren mailan geratu ­izan direlako.
Hortaz, prestakuntzak ez luke, berez, jomuga izan behar, beste helburu batzuk lortzeko bitartekoa baizik. Trebakuntza eta kudeaketa uztartuta garatu behar direla sinesten dugu, ­eta, trebakuntza-saioak antolatzea baino, erakundean txertatuko diren hobekuntza-planak dira, gure ustez, aurrera begirako bidea eta erronka.