0-3. Hezitzaileen formazioa. Alvaro Beñaran, psikomotrizista. Formazio pertsonalaren arduraduna

2014-11-01

“Gorputzetik abiatzen gara, eta plazer sentsazioetatik, hezitzailea bere gaitasunak lantzera eramateko”

 
 

0-3 urte bitarteko haurrekin lan egiten duten hezitzaileen forma­zioan bigarren ikasturtea hasi du Alvaro Beñaranek ere. Lehen kur­tsoan daudenekin haurraren mugimendu askeak presentzia handiagoa izango duen Formazio Pertsonala landuko du, eta bigarren ikasturtean daudenekin, aldiz, Loris Malaguzziren ekarpenetara ere gerturatuko da.

0-3 bitarteko haurrekin lan egiten dutenentzat zergatik da garrantzitsua Formazio Pertsonala? Zer lantzen da saio horietan?
Formazio pertsonala estrategia bat da, pertsonei euren burua forma­tzen laguntzeko estrategia. Nire ustez hori da printzipio inportan­teenetako bat. Hau da, guk ez ditugu formatzen, baizik eta eurak formatzen dira. Guk formatzen laguntzen diegu. Guretzat proze­suak bizitzea da inportantea, hau da, hor egiten duguna ez da entrenamendu bat, ez da gero haurrekin egin ahal izateko zerbai­tetan trebatzea, baizik eta norberak egoera zehatz batzuk bizitzea. Egoera horietan sentsatzioak eta sentimenduak jasotzea, irudiak eta pentsamenduak sortzea eta pertso­nei horien guztien arteko loturak egiten laguntzea. Eta, batez ere, kontuan hartuz gauza bat: ez dela pertsonarentzako formazio bat, baizik eta haurrekin lan egitera begirako prestakuntza bat dela. Horregatik pertsonak berak lotura egin behar du formazioan bizi duenaren eta haurrarekin lanean gertatzen denaren artean. Bi egoera horiek lotzeko gauza izan behar du. Adibidez, “formazio pertsonalean agresibitatea tartean egon denean, ni urduritu egin naiz eta oso gaizki pasatu dut”, eta akaso hor kontu­ratzen zara: “Jo, egia da haurren artean agresitibitatea agertzen denean nik egoera hori gelditu egiten dudala, baina agian ez da agresibitatea txarra delako, baizik eta nik ezin dudalako onartu agresibitate hori”. Hortaz, gure helburua da pertsona mugiaraztea, bere pentsamenduan eragitea  eta era horretako loturak eginaraztea. Jakin dezala bereizten zer den berea eta zer haurrarena. Eta konturarazi hori guztia ez dela teoria bat, pertsonarengan dagoen zerbait baizik.

Aurten bigarren ikasturtea egiten ari direnek Formazio Pertsonala iaz ere landu zuten. Haientzat zer izango da berria?

Saiatzen naiz prestakuntza honek estetikoki, edo gaiei dagokienez, egiten ari diren bi urteko formazio horrekin harremana izan dezan. Adibidez, lehen urtean mugimendu mailan ume txikiak bizitzen duen garapena ardatz hartuta lan bat egin genuen; lurrean egotetik hasi eta zutikako posiziora iritsi arteko prozesua bizi izan zuten ikasleek. Ariketa haren bitartez argi geratu zen zer nolako bizipenak izan ohi dituzten haur txikiek horrelako prozesu batean. Orain arte bizi izan duguna haurraren lehen 15-18 hilabeteekin lotzen da.
Bigarren ikasturtean, badakidanez Loriz Malaguzzi ari direla lantzen, bi planteamendu mota egin ditut: batetik, haurraren garapen horrekin lotura duten ariketak egiten jarrai­tzea. Zer dator gero? Haurra zutik jartzen da eta bere ingurunearekin eta ingurukoekin harremanetan hasten da. Mugitzen denean objek­tuekin aurkitzen da eta baita beste pertsonekin ere. Bere burua ager­tzen hasten da, baina ez hori bakarrik, baita beste pertsonen agerpenekin topo egiten ere. Etapa horretan piskanaka sozializazioa hasten da. Dagoeneko garrantzia ez du “Ni”-ak bakarrik, “Gu”-a ere jokoan sartzen da. Beste alde batetik, badakidanez  Malaguzziren planteamenduetan estetikak eta plastikak inportantzia handia dutela, saiatuko naiz bi horiek erabiltzen bizitzako alderdiez jabe­tzeko, baina, lehen esan bezala,  ez da izango ariketa horiek haurrekin egiteko, baizik eta eurek euren baitan bizitzeko.

Formazio Pertsonalean hezitzaileek euren burua behatzen eta aztertzen dute, gero haurra hobeto begiratzeko. Norbere buruaren behaketa horretan zein alderdi aztertzen dira? (Alderdi emozionala, harremanetarako gaitasuna, norbere gorputzaren gaineko ikuspegia, entzuteko eta enpatiarako gaitasuna…)

Gure printzipioa da ea saioetan nola lor dezakegun sentsazioak bizitzea. Hori da abiapuntua. Horregatik beti gorputzetik abia­tzen gara eta, ahal den neurrian, plazer sentsazioetatik. Horregatik, hezitzailea bere gaitasunak lantzera eramaten dugu.  Baina hasieran gure helburua ez da pertsona hori inolako erronkaren aurrean jartzea. Abiapuntua da plazer hori bizitzea eta norbere gaitasunez konturatzea. Nik hasieran ez dut inoiz gorputz ariketa zailik planteatzen, hori pertsona gaitasun-ezean jartzea bailitzateke eta horrek ez bailuke zentzurik. Kasu horretan nire eskuetan jarriko nituzke hezitzai­leak: “Nik ez dakit, salbatu nazazu zuk”, esango lukete. Baina gure xedea juxtu kontrakoa da: pertsona bestelako egoeretan jartzea, non esango duen: “Hau da dena? Nik hau badezaket… eta gainera, zeinen ondo pasa dudan”. Pertsona batek ikusten badu “baditut plazerak eta gaitasunak nire bai­tan”, gero posible izango da zailtasun horiekin jolasten hastea. Hori da funtsezko mugimendua. Eta, gainera, uste dut prozesu hori heziketa osora orokortu daitekeela, haurrekin ere gauza bera gertatzen baita. Oinarrian beti segurtasuna eta plazera daudenean, horren gainean, pertsonak badu gaitasuna, energia eta indarra prozesuan zehar topatuko dituen zailtasunei, frustrazioei, ezinei... aurre egiteko.
Guk beti segurtasuna ematen duten egiturak eraikitzen ditugu, eta alderdi hori ondo zainduta baldin badugu, gero jendea arriskatzera eraman dezakegu, beti ere ondo sostengatuta. Ondoren, norberak erabakiko du arriskuak hartzen dituen edo ez. Egon daiteke gehiegi ez inplikatzea erabakitzen duen norbait. Nik beti inplikatzeko esaten diet, formatzen ari direla, merezi duela, aukera hori aprobetxatzea komeni zaiela… baina bakoitzak erabakitzen du zer egin.

Hezitzaileak haur txikiekin jarduteko duen gaitasuna, berak haurtzaroan izan duen egitura afektibo eta harremanetakoekin lotuta dagoela diozu. Hori, baina, ez dago liburuetan idatzia, norbere bizipenetan baino. Nola landu daiteke?

Hemen egiten duguna ez da terapia bat, orduan ezin da pertsona bat aldatu, baina egin daitekeena da mugimendu bat sortu pertsona horrengan eta gero bakoitzak erabakiko du gehiago sakondu nahi duen edo ez. Baina, gutxienez, mugimendu bat pizten dugu bere baitan, uste dut aukera bat ireki dakiokeela pertsonari. Gu 0-3 zikloko hezitzaileekin gaude eta hori ez da ahaztu behar. Juxtu 0-3 zikloari buruz dakiguna da pertsonaren bizipenak ez direla pasatzen pentsamendutik, baizik eta gorputzetik pasatzen direla. Horregatik formazio honetan ere gorputza ukitzen dugu. Badakigu denok ditugula grabatuta gure historiak gorputz horretan. Horregatik, buruarekin bakarrik ez, baizik eta pertsona osoarekin saiatuko gara ulertzen nola gertatzen diren bizipen batzuk, afektu batzuk, sentimendu batzuk egoera batzuetan. Zuri hori gertatzen ari zaizu zu haur bat ere izan zinelako eta zarelako. Gure baitan dugun haurra ez da desagertzen, jarraitzen du eragina izaten guregan nahiz eta guk aldi hori ahaztua izan.
Horretaz guztiaz jabetzea da garrantzitsua. Guk ikusi duguna da liburu batean irakur dezakezula haurrak nolakoak diren, zer nolako esperientziak bizitzen dituzten, euren garapena nolakoan den… baina  horrek guztiak benetan ukitzen zaituen arte ezin duzu jakin prozesu horien aurrean nola jokatuko duzun. Laguntza pertsonal honek horretan laguntzen du. Nik ikusi dut agresibitate apur bat suposatzen duen ariketa baten aurrean jendea esanaz: “Ez nuen pentsatzen kuxin batengatik horrela jarriko nintzenik. Ematen zuen nire bizitza jokoan zegoela kuxin hori lortzeko eta igual baten bati mina eman diot. Nondik atera zait jarrera hori? Nola da posible?”. Ez dugu terapia egiten, baina pertsona bere buruari galdetzen hasi da zergatik atera ote duen agresibitate hori. Hausnarketa mota horiei atea irekitzea da gure egitekoa.
Gauza bat da teoria. Pertsona batek oso argi izan dezake atxikimenduaren, banaketaren edota indibidualizazio-prozesuaren teoria, baina horrek ez du esan nahi haurra prozesu horretan laguntzeko gai izango denik. Formazio Pertsonalak lagun dezake praktikarako jauzi hori egiten?
Nik uste dut baietz, laguntzen duela. Mintegi teorikoen bidez ere, batzuetan lortzen da  pertsonari modu berezi batean eragitea. Badaude jendea ukitzen duten hitzak. Batzuetan segun eta zer nolako dinamika sortzen den eskola teoriko horietan posible da pertsona bat mobilizatzea. Baina nik uste dut Formazio Pertsonalak errazago duela helburu hori lortzea. Izan ere, pertsona bere gorputzaren bidez inplikarazten duzu. Formazio Pertsonalean pertsona zeharo murgilduta dago. Zenbait gauza distantziatik begiratzen baditugu, ez gaituzte ukitzen, eta gainera sarri, adimena erabiltzen dugu defentsa bezala.  Eta zer egiten dut? Arazo hori proiektatzen dugu haurrengan eta familiengan eta esaten dut: “Familiako kideek dute arazo bat banaketarekin, nik ez”. Baina banaketa-arazoaren inguruan egoe­ra bat bizitzen baduzu, eta akaso bat-batean bakarrik sentitzen bazara, agian zure buruari galderak egingo dizkiozu: “Zergatik ezin naiz bakarrik egon lasai-lasai? Zeren nik pentsatzen nuen bakarrik egon nintekeela eta, bat-batean, egoera horretan bestea joan denean zerbait latza sentitu dut”. Hurrengoan ikusten duzunean haur bat edo familia bat banaketarekin arazoekin dabilela ohartuko zara hor zerbait gertatzen dela.
Hortaz, igoal Formazio Pertsona­laren bidez ez duzu aurkituko zure pertsona, helburua ere ez baita norbere buruari buruz dena jakitea, baina bai sentsibilitate bat hartzea. Hobeto enpatizatzeko balio du. Batzuetan, gainera, agian ez da nik bizi izan dudanaren eraginez, baizik eta nire ondoan bizitzen  ari denak bere bizipen hori partekatzen duelako. Eta hori ere interesgarria da, zeren akaso dena ere ez dugu guk geuk bizi behar. Guretzat, bizipenak besteekin partekatzea oso garrantzitsua da. Jendeak ikusten du garrantzitsuena ez dela egoera, baizik eta bakoitzak egoera hori nola bizi izan duen. Zeren askotan errealitate beraren aurrean bizipen oso ezberdinak izaten dira.  
Koherentziak hezitzaileen lan eta bizitzan duen garrantzia behin eta berriz errepikatzen duzu. Askotan, ordea, haurren heziketarako helburu batzuk izan arren, ez da erraza izaten lankideen artean edota gurasoekin dinamika berberak edukitzea.
Hori nire obsesioetako bat da azken aldian. Askotan aztertzen dugu zer gauza egin haurrekin, eta nik uste dut aldez aurretik badela kontuan izan beharreko beste gauza bat: bizitzan zehar zer egiten dugun guk, hain zuzen ere. Zeren bestela errealitatea eta eskola banatzeko joera izan dezakegu. Hau da, ni profesional ona izateko prestatzen naiz, gauza batzuk oso ondo aztertzen ditut, baina hori ez dut lotzen benetako bizitzarekin. Nik eskolaz kanpo dena beste modu batean egin dezaket, baina eskola-ordu horietan balio eredugarriak transmititzen ditut. Horregatik nik pentsatzen dut saiatu behar dugula esaten: Haurrekin nahi dugun hau guk ere lantzen dugu gure artean? Adibide bat jarriko dut: zuk egiten baduzu jolas kooperatiboa haur batzuekin eta haserretzen bazara beraiekin ez delako ondo atera eta gaizki tratatzen badituzu, zer nolako zentzua dauka joko kooperatibo horrek? Zuk giro kooperatiboa sustatzen baduzu, orduan zentzua hartuko du jolas kooperatiboak ere. Haratago joan behar dugu: zer da benetan gure gizartean nahi duguna? Edo sinesten dugu horre­tan haurrentzako, baina ez dugu argi ikusten helduentzako? Guk ezin dugu zeharo banatu laneko eta lanaz kanpoko bizitza. Ezin dugu esan: 0-3an nagoenean balio mota batzuk izango ditut, baina handik bizitza “errealera” ateratzen naize­nean beste batzuk. Gure lanean ezin dugu hori egin. Hezkuntza mota bat sustatzen badugu, era horretako gizartea nahi dugulako izan beharko litzateke. Uste dut saiatu behar dugula ahal dugun eta koherenteen izaten.
Formazio Pertsonalaren beste ezaugarri bat zera da: prozesu pertsonalak direla, baina taldean eginak. Konbinaketa hori ere garrantzitsua da, zeren hori gaur egungo hezkuntzaren zailta-sune­tako bat dela uste dut: nola landu NI eta GU, biak batera. Ez da erraza. Batzuetan eskua erabat NI-ra joaten zaigu eta  GU desagertu egiten da; beste batzuetan aldiz, kontrakoa.  Gakoa da nola lortu elkar elikadura hori: NI naizelako GU eraikitzen dugu eta GU garelako NI errespe­tatzen dugu.