Begiekin entzun, bihotzarekin ikusi

2015-01-01

Galtzagorri Elkarteak ‘Itsaspeko bihotzak’ areto literario ibiltaria prestatu du.   Euskarazko haur literatura oinarri hartuta eta  ibilbide pedagogiko baten bidez, emozioak, elkartasuna eta genero berdintasuna lantzea du helburu.

 
 

Itsasargi batek egiten die ongietorria haurrei Itsaspeko bihotzak aretoan. Itsaspean sartuko dira haurrak bidaia berezi-berezi bat egiteko, urpekariak edo arrainak bailiran. Emozioetan barrena egingo dute bidaia bat, genero berdintasuna eta elkartasuna helburu.

Literatura, jolasa eta artearekin, gozamenetik, genero berdintasunean hezteko proposamen pedagogiko bat da Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok Galtzagorrirekin diseinatu eta zuzendu duten ­areto literario hau. Urteak daramatza Galtzagorrik areto literarioak egiten­ ­Itziar Zubizarretak sortutako ereduaren ildotik. Egunero-egunero, ipuinen bidez nahiz publizitatetik, jostailuen bidez, gizarteko balioetan, espazioen antolaketan, kiroletan, etabarretan haurrek jasotzen dituzten mezu sexisten artean, bada, uharte parekide bat da Haur eta Gazte Literatura Elkarteak eskaintzen duena. Izan ere, Galtzagorrikoek dioten eran, haur eta gazte literaturaren esparruan, neska eta mutilen estereotipoz blai ikusten dira egunero-egunero argitaratzen diren material asko: “Sexismoa beste garai batzuetako mamua dela uste dutenek gaur egun ekoizten diren lan berriak behatzea besterik ez dute ­ohartzeko, nola neska eta mutilentzako bide desberdinak planteatzen eta bultzatzen diren ipuin, alegia zein narrazioetan”.Mundu sinboliko propio bat sortzen ari diren haurrengan eragin handia dute ipuinek eta horrexegatik baliatu du Galtzagorrik literatura, irudi, mezu, lengoaia, pertsonai eta emozioen bitartez sexu-genero bereizkeria txertaturik ez duten eredu bat proposatuz. Hezkidetza ardatz duen ibilbide pedagogiko honek, haur literatura du helduleku eta irudi parekideak eta, txokorik txoko, sexismorik gabeko ­egoerak aurkezten dizkie hezitzaileak, arreta eta errespetu handiz haurrei, umeen irudimenean erreflexio txiki batzuk piztuz eta galdera berriak eginaraziz euren buruari.   Horretarako, haur eta gazteentzat publikatu diren liburuen artean oinarri pedagogiko hezkidetzaileak dituzten liburuak hautatu dituzte Galtzagorriko hezitzaileek. Hala bada, aretoko txoko bakoitzean liburu batean edo batzuetan oinarriturik hezkidetzarekin lotura zuzena duen gai bat jorratzen dute. Lehen geldialdian urpekariak ­izango dituzte zain haurrek. Adela Turin idazlearen Arrosa eta leuna album ilustratua ezagutu ahal izango dute bertan haurrek, eta ondoren, jolasaren bidez, hainbat arau zalantzan jartzeko parada izango dute urpekariekin. Izan nahi duten hori izatea proposatuko die Lanbideen txokoak. Bertan Arantxa Iturbek idatzi eta Elena ­Odriozolak ilustraturiko Norak suhiltzailea izan nahi du ezagutuko dute. Hurrengoan, ogibideetatik etxeko lanetara pasako dira haurrak:  urpekarien sukaldera. Txukun-txukun dago etxea, norbaitek jasoa, bakarren batek jana prestatua... bere kabuz egina dirudien lan horri errekonozimendua aitortzen dio txoko horrek eta ardurak elkarrekin partekatzea proposatzen.Areto guztian zehar emozioetatik barneratzen dituzte haurrek eredu parekideak, eta ez ideietatik. Baina bada txoko berezi bat emozioei izena jartzeko parada eskaintzen diena: ­Urazpian sentituz izeneko gela. Tximeleta belarriak (Luisa Aguilar /Fernando Rey), Ariketa fisikoa (Rose Impey /  Iñaki Zubeldia), Kezkamuxelak (Anthony Browne / Koldo Izagirre) narrazioekin. Sabelean, bihotzean edota eztarrian sentitu izan dituzten korapilo horiei buruz hitz egiteko aukera dute bertan haurrek, giro intimo batean. Irlara iritsi aurretik, itsaspeko zineman geldituko dira bidaiariak. Bertan, nork bere maitasun-pelikulak asmatu ahal izango ditu, lagunen arteko maitasuna, bikote harremanetako maitasuna, maitasun zabala eta errespetuzkoa aurkeztuz. Ibilbidearen bukaeran, irlaren bihotzean, altxorra aurkituko dute haurrek: liburu hezkidetzailez beteriko kutxa. Mimo eta arreta handiz aukeraturiko liburuekin gozatu ahal ­izango dute haurrek bertan.Bidaia, alabaina, ez da aretoan bukatzen. Itsaspeko bihotzak proiektuak luzapena propsatzen die eskolei nahiz bertaratzen diren zaintzaile, guraso nahiz bestelako helduei, bibliografia hezkidetzaile hautatua ematen baitiete, eskolan nahiz etxean gozatzen eta lantzen jarraitzeko.

 

 

 Itsaspeko bihotzak: Haur literatura eta hezkidetza aretoa

· Ideia eta diseinua: Aitziber Alonso, Mireia Delgado, Miren Guillo· Kudeatzailea: Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartea· www.galtzagorri.org· 943 47 14 87· galtzagorri@galtzagorri.org

 

 8 eta 11 urte bitarteko haur taldeentzat pentsaturik, irlara iristeko bost gunetan atonduriko  ibilbide literarioa liburutegi nahiz aretoetara egokitzeko prestaturik dago. Gune bakoitza, aretoko hezitzailearen gidaritzapean, gai bat jorratzeko pentsatua dago. Tarteka eta eskariaren arabera, guraso eta hezitzaileentzako  saioak eskaintzen dituzte.

 Zer gara gu?

Genero rolak, identitateak eta gorputzak landuko dituzte aretoko hezitzailearekin. Haurrei neska eta mutil izatearen ideia estankoaren aurrean proposamen irekiagoak aurkeztuko dizkiete bertan.

 

Lanbideen txokoa

Haurrek telesailetan, marrazki bizidunetan etabarretan jasotzen dituzten lanbide estereotipatuak gainditzeko aukera dute betan.

 

Mundua eraikitzen

Hezitzaileak ipuinaz gain asmakizunak baliatuko ditu etxeko lanen, zaintzaren eta familiaren inguruan hausnartzeko. Lan horiek duten garrantzia aitortu nahi zaie, batetik, eta bestetik, denen ardura dela ulertarazi nahi da.

 

Urazpian sentituz

Emozioen heziketa hezkidetza ikuspegitik jorratzea proposatzen du txoko honek, emozioek sexu-genero estereotipoen aldetik duten karga handia baita.  Anemonak eta harremanakBestelako harremanak eraikitzearen garrantziaz dihardute txoko honetan, elkartasun harremanetatik maitatsun erromantikoaren mitoa hautsiz. IrlaIkuspegi hezkidetzailetik haurrentzat, hezitzaileentzat eta senideentzat interesgarriak diren liburuak arreta handiz aukeraturik daude altxorraren kutxan.