BENGOLA, NATUR ENERGIAREN INTERPRETAZIO ZENTROA

2015-03-01

Energia berriztagarrien garrantziaz jabetzen

 Lea Ibarrean dago Bengola Natur Energiaren Interpretazio Zentroa, Bizkaian dokumentatu den burdinola zaharrenetakoa (XIV. mendea) zegoen tokian. Energia berriztagarrien ­inguruko informazioa eskuratzeaz gain, ikasitakoa praktikan jartzeko hainbat lantegi egin ditzakete bisitariek. Lea ibilbidearen eta bailararen inguruko interpretazio-zentroa ere hortxe dago, Lea Ibarreko kultura eta natura batzen dituen “Lea: ingenio & natura” turismo-proiektuaren atal bat baita Bengola zentroa.

 
 

Energia hidraulikoa, eolikoa, fotovoltaikoa, geotermikoa eta biomasa-energia modu didaktikoan eta erakusketa-instalazioen bidez ezagut daitezke Bengola Natur Energiaren Interpretazio Zentroan. Energia lortzeko hainbat modu ezagutzera emateaz gainera, energia berriztagarrien garrantzia azpimarratzea du xede zentroak, bai eta iraganeko energia garbien erabilera eta erroten eta burdinolen funtzionamendua azaltzea ­eta Lea ibilbidearen eta bailararen interpretazioa egitea ere. Horrez gain, ­ikasitakoa praktikan jartzeko hainbat lantegi egiteko aukera ere badute bisitariek.

Bengola Natur Energia Interpretazio Zentroa hainbat ataletan banatuta dago, eta bakoitzak bere berezitasunak eta informazio berezia ditu:
- Turbina hidraulikoa: eraikinaren sotoan dago, eta taldeen bisitak daudenean jartzen da abian, uraren bitartez elektrizitatea nola sortzen den ­azaltzeko.
- Energia berriztagarrien gela: gela horretan, energia berriztagarriak lortzeko hainbat modu azaltzen dira, hala nola hidraulikoa, eolikoa, fotovoltaikoa, termikoa, geotermikoa edota biomasa-energia.
- Leako altxorren interpretazio-gela: Lea bailaran horren oparoak ­izan diren burdinolen eta erroten funtzionamendua azaltzen da gela horretan, eta bailaran aurki daitekeen ondarearen berri ematen da.  
- Hausnarketarako gunea: energiaren historiaren inguruan gogoeta egiteko espazioa da.
- Teilatua: alde batetik, eguzki-plaka fotovoltaikoak daude ikusgai, eta, bestetik, Oizeko parke eolikoa interpretatzeko panelak.

Lea ibaiaren ibilguan

Munitibarrek, Aulestik, Gizaburuagak, Amorotok eta Mendexak ­osatzen dute Lea Ibarra. Errekak ematen dio izena bailarari, eta, haren bokaletik, Mendexatik, abiatuta, 23 kil­ometroko ibilbidea egin daiteke ­ibaiertzetik Munitibarreraino. Errekari lotutako errotek eta burdinolek eta ermita, dorre eta baserriek osatzen dute paisaia.
Lea Ibarraren urrezko aroa ere ­(XVI. eta XVIII. mendeak) ibaiari lotuta dago; orduan eraiki ziren Europako abangoardia izan ziren bertako teknologia hidraulikoak: burdinolak, ontziolak eta errotak. Ibaia bera da, beraz, bailara ezagutzeko biderik hoberena, eta aukera paregabea ematen du horretarako Lea Ibarreko bost herriak zeharkatzen dituen ibilbideak.

 

Eskaintza berezia ikastetxeentzat

Irailaren 1etik ekainaren 30era, neguko ordutegian dago zabalik zentroa: ­zapatuetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Igande eta ­jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara. Bisita gidatuak egiteko aukera ere ­bada, 12:00etatik 13:00etara.

Eskaintza berezia daukate ikastetxeentzat Bengola Interpretazio Zentroan. ­Asteartetik ostiralera dago zabalik eskoletako taldeentzat. Bi aukera daude: alde batetik, bi orduko bisita gidatua egin daiteke, 10:00etatik 12:00etara. ­Bisita ­horretan, energia berriztagarriak ezagutuko dira, naturarekiko eta ­ingurumenarekiko errespetua jorratuko dira, eta kultura eta ondarea ­ezagutaraziko dira. Bestetik, eguna pasatzeko aukera ere ematen dute. Bisita ­horren barruan, bost kilometroko txango bat egiten da oinez Lea ibilbidean zehar, ­Aulestitik irtenda. Gero, berriz, Bengola burdinola eta parkea ezagutzeko ­aukera dute ikasleek, eta, azkenik, interpretazio-zentroa bisitatzekoa. ­Bazkaltzeko tokia ere bada Bengolan, horretarako prestatutako gela bat ­baitaukate. Eguraldi ona denean, berriz, kanpoan jateko aukera izaten dute ­ikasleek.
Bisitetan parte hartzeko, www.leaibarra.com webgunean dagoen eskaera-­orria bete behar da. Orri horretan, galderak egiten dira bisita prestatzeko eta bisitariei ahalik eta egun atseginena igarotzen laguntzeko. Eskaria eginda, Bengola ­Interpretazio Zentroko arduradunak harremanetan jartzen dira ­bisitariarekin, ­eguna zehazteko.
 

BENGOLA

Bisita gidatuak egiten dira, hitzordua aldez aurretik zehaztuta.

- Bi orduko bisitak (10:00etatik 12:00etara 4 € /ikasleko ) edo bost ­ordukoak (10:00etatik 15:00etara 8 € ) egin daitezke.
- Informazio gehiago eskuratzeko edota erreserba egiteko:
     + Helbide elektronikoa: bengolanaturenergia@live.com
     + Telefonoa: 649 795 484 – 650 124 729