GOLDEN 5 egitasmoa Ikasle bakoitzaren onena ateratzea xede
Europako herrialdeetan hezkuntzaren arloan dauden beharrei, eta bereziki, Bigarren Hezkuntzako ikasleek dituzten premiei erantzuteko jarri zen martxan Golden 5 programa 2004an. Ikasgeletako dibertsitatea egoki kudeatzea da proiektuaren egiteko nagusia. Ikasle bakoitzaren ahalmenak bere gorenera eramatea du helburu eta, horretarako, ikaslearen gaineko begirada baikorrean oinarritzen da, alderdi positiboetan fokua jartzeak motibazioa handitzen duelako, eta motibazioak, era berean, ikaslearen eraginkortasuna.
Euskal Herrira orain dela hiru ikasturte heldu zen Golden 5 programa, Berritzeguneetatik bideratuta, Maria Jose Leraren laguntzarekin. Uneotan guztira 86 ikastetxe ari dira parte hartzen egitasmoan.
Alderdi positiboetan begirada jarriz
“Pentsatzen dugun horixe ikusten dugu”. Oinarri horren gainean eraikitzen da Golden 5 proiektuaren atzean dagoen filosofia guztia. Teoria horren arabera, giza garunak pentsatzen duenaren arabera hautematen du errealitatea. Premisa hori ikastetxeetako eguneroko jardunera eramanez gero, hainbat paralelismo egin daitezke. Esate baterako, irakasleak pentsatzen badu ikasle jakin batek arazo akademikoak dituela eta gainera jarrera txarra duela, horixe izango da gelara sartzen denean ikasle horrengan ikusiko duena. Irakaslearen ikuspegi horrekin baina, arazoa handitzeko arriskua egon daiteke, “ikuspegi negatiboek jokabide negatiboak dakartzatelako”. Egoera mota horiei buelta ematea, hau da, negatiboa positibo bilakatzea proposatzen du Golden 5ek eta irakasleari hainbat estrategia eskaintzen dizkio ikasle guztiez era baikorrean pentsatzeko eta pertsona denen alderdi positiboak ikusi eta bistaratzeko: “Pertsona batek arazo akademikoak dituela eta gainera jarrera txarra duela pentsatzen badugu ere, aldi berean, pentsa dezakegu ikasle horrek ikaskideekin erlazionatzeko gaitasun itzela duela. Beraz, jar dezagun arreta gaitasun positibo horretan eta indartu dezagun ikaslearen alderdi hori”, hala dio Maria Jose Lera Sevillako Unibertsitateko Psikologiako doktoreak eta Golden 5 programaren sortzaileetako batek.
Irakasleen begirada aldaketan jartzen du fokua, Golden betaurrekoak janzteko eskatzen die irakasleei, eta lehen begiratuan erraza ematen badu ere, oso konplexua dela gaineratzen du, “zoritxarrez askoz errazago ikusten ditugulako pertsonen eta gauzen alderdi negatiboak positiboak baino”. Golden 5ek ikasle bakoitzaren onena ateratzea du xede, bakoitzaren ahalmenak bere gorenera eramatea, eta horretarako ikaslearen gaineko begirada baikorrean oinarritzen da, alderdi positiboetan fokua jartzeak motibazioa handitzen duelako, eta motibazioak, era berean, ikaslearen eraginkortasuna.Europa mailan, hezkuntza arloan dauden beharrei, eta bereziki, Bigarren Hezkuntzako ikasleek dituzten premiei erantzuteko jarri zen martxan Golden 5 programa. Proiektuaren inguruko webgune ofizialean (www.golden5.org) zintzilikatuta dauden txostenetan ageri den moduan, Europar Batasuneko herrialde guztiek badituzte hainbat erronka komun hezkuntzari dagokionez. Horietan nagusiena aniztasunaren kudeaketa da. Izan ere, gero eta dibertsitate kultural, sozial, ekonomiko, ideologiko… handiagoa dagoenez, ikasgelak geroz eta heterogeneoagoak dira, eta irakasteko formula tradizionalek, usu, ez dute balio.Ikasgeletako dibertsitatea egoki kudeatzea da beraz, Golde 5 proiektuaren egiteko nagusia. Hartara, irakasleek bi aurpegiko errealitatea izan behar dute kontuan: aniztasunari modu kolektiboan erantzuteko premia duen gizartea batetik; eta ikasle bakoitzaren behar indibidual akademikoak nahiz sozialak artatzeko gai izango den hezikera bestetik. Xede bikoitz horrekin, eta hezkuntzan ikasleen motibazioa hobetzea ipar hartuta, 2004an abiatu zuten proiektua Europako bost herrialdetako profesionalek: norvegiarrek, belgikarrek, italiarrek, poloniarrek eta espainiarrek. Hasieratik, Europar Batasunak diruz lagundu zuen.Euskal Herrira orain dela hiru ikasturte heldu zen Golden 5 programa, Berritzeguneetatik bideratuta, Maria Jose Leraren laguntzarekin. Blanca Kerejeta eta Marisol Uria, Ordiziako eta Donostiako Berritzegunekoa aholkulariak, azaldu bezala, elkarbizitza proiektua lantzen ari zirelarik ezagutu zuten Golden 5, gustatu eta ikastetxeei proposatzea erabaki zuten. Hasiera hartan Durangoko, Lasarte-Oriako eta Ordiziako Berritzeguneetako ikastetxeak hasi ziren egitasmoa euren ikasgeletan txertatzen; uneotan berriz, horiezaz gain, Gipuzkoako ia beste Berritzegune guztiak ere sartu dira proiektuan eta guztira 86 ikastetxe ari dira parte hartzen; hastapenetan daude batzuk, sakontze-mailan besteak.Espektatibak eta atribuzioak
Golden 5 programa bi teoria nagusitan oinarritzen da: batetik, espektatiben teorian, eta bestetik, atribuzioen teorian. Espektatiben teoria, Pigmalion efektua ere deitzen zaiona, 1978an Rosenthal-ek garatutako teoria da. Haren esanetan, irakasle batek ikasle batenganako espektatiba altuak baditu, ikasle horrek emaitza akademiko hobeak lortuko ditu; aldiz, espektatiba baxuak baditu, ikasleak emaitza okerragoak izango ditu. Lerak azpimarratutako eran, teoria horren funtsean dagoen oinarria da “pentsatzen duguna ikusten dugula”. Hala, irakasle batek norbaitenganako espektatiba altuak baldin baditu, beste guztiaren gainetik, haren emaitza onak ikusiko ditu, eta ondorioz, ikasle horren arrakastarako aukera hazi egingo da; haren akatsak, ostera, nekezago ikusiko ditu irakasleak eta hortaz, ikasle horrek porrot egiteko duen probabilitatea jaitsi egingo da. “Azken batean, espektatiba positiboa bada, ikasleari laguntza estra bat ematen diogu emaitza onak izan ditzan; espektatiba negatiboekin berriz kontrakoa gertatzen da eta emaitza txarretara bideratzen dugu ikaslea”. Ikasle batenganako espektatibak baxuak diren kasuetan, irakasleak pertsona horren alderdi negatiboa besterik ez duela ikusten uste du Lerak, eta gainera, etengabe bere ideia baieztatzen duela ikasle horrek ematen dituen erantzunak edota dauzkan jarrerak txartzat emanaz, eta ondorioz, egoera nabarmen okertzen dela. Izan ere, ikaslearengandik jasotako erantzunek irakasleari sinestarazten diote egoera horrek ez duela irtenbiderik, ikasle horrekin saiatzea alferrikakoa dela. Espektatiben teoriak dioena kontuan izanik, Golden 5 programak irakasleei esaten die ikasle guztienganako espektatiba altuak eduki behar dituztela. “Badakit zaila dela, baina sikiera, saiatu egin behar dugu, eta batez ere, modu intentzionatuan saiatu behar dugu”. Lerak azaldutako moduan, ikasle batzuk nahi eta nahiez ikusi egiten dira (parte hartzen dutelako, ideia berriak ematen dituztelako, soluzioak proposatzen dituztelako, aldamenekoarekin etengabe hizketan ari delako, etxeko lanak egiten ez dituelako…); beste batzuk, berriz, oharkabean pasatzen dira, haiengan ez du inork arreta jartzen, ikusezinak dira. Kasu horietan, berariaz, irakasleek ikasle horiek dizdira egiten duten arloak bilatu, ikusarazi eta goratu behar dituztela dio Lerak, eta gaineratzen du, garrantzitsua dela modu kontzientean hartzea jarrera hori, ikasle horien alderdi positiboak gurariaz bilatu ezean, inoiz ez direlako aintzat hartuak izango.Heiderren atribuzioen teoria ere aspalditxokoa da, 1958koa hain zuzen. Atribuzioak pertsona bati atxikitzen zaizkion ezaugarriak dira (alferra da, txukuna da, bizkorra da, lotsagabea da, euskara ona du, kalkuluak buruz egiteko erraztasuna du…), eta teoria horren arabera, gizakiak beste pertsona batzuek egindako atribuzioak baieztatu ohi ditu eta gainera atribuzio hori egiazkoa dela ziurtatzeko adibide zehatzak bilatu ohi ditu. Zergatik baina? Erantzun argia ematen du Lerak: “Hirugarren pertsona baten gaineko atribuzioak beste pertsona batekin partekatzen ditugunean, gu bion arteko harremana estutu egiten da eta gizakiok besteekin ondo eramateko joera dugu”. Hori ia modu inkontzientean gertatzen den zerbait dela dio. Bere esanetan, irakasle batek beste irakasle batekin ikasle baten inguruko edota gela baten gaineko atribuzio bat partekatzen duenean —“ikasle hau zeinen alferra den”—, beste irakasleak atribuzio hori baieztatu egingo du eta esango du: —“bai, egia da, nirekin ere gehientxoenetan etxeko lanak egin gabe ekartzen ditu”—. Kasu horietan, ikasle horren ezaugarri negatiboak ugaritu egiten direla eransten du adituak, eta “txarraren txarrarekin” negatibotasunaren elur bola handituz joaten dela. Aldiz, ikaslearen gaineko atribuzio baikorrak partekatzen badira beste irakasleekin, ikasle horren alderdi positiboak indarra hartuko du eta ikaslea bera loratuz joango da. “Irakasle batek esaten badu: ‘Ikasle honek ekarpen oso interesgarriak egiten ditu eztabaidetan’, besteak esango du: ‘Hala da bai, nirekin ere hobetzen ari da, jarrera aldatu du eta lehen baino gehiago hitz egin eta aportatzen du”’. Teoria horri jarraituz, atribuzioak partekatu eta baieztatu egiten direla jakinik, Golden 5-ek proposatzen du ikasleen gaineko atribuzio positiboak soilik egitea eta negatiboak alde batera uztea.Bi teoria horiek kontuan izateaz gain, Golden 5 programak audientzia efektuaz ere hitz egiten du. Zer da, baina, audientzia efektua? Atribuzio bat taldean partekatzen bada, atribuzio horretan egiten den balorazioa talde horretan dauden pertsona kopurura iristen da eta haiek ere norbereganatu egiten dute atribuzio hori. Adibide bat jartzen du Lerak: “Ikasle jakin batek ingelesez oso ondo ahoskatzen duela esaten badugu 25 ikasleko gela batean, atribuzio hori 25 aldiz biderkatzen da, audientzia efektua oso boteretsua baita, eta azkenean, audientziak ikasle horren ahoskera onean soilik jarriko du arreta; gaizki ahoskatzen duenean ostera, ez dio inori atentziorik emango, ikaskideek ez baitute uste ikasle horrek oker ahoska dezakeenik ingelesez”. Atribuzio negatiboekin ere gauza berbera gertatzen da: “Irakasle batek ikasgela guztiaren aurrean esaten baldin badu, ‘ikasle honek ez daki esaldi bat taxuz osatzen’, gainontzeko ikasle guztiek, hau da, audientziak atribuzio hori partekatu egingo du eta pentsatuko du ikasle horrek oso gaizki idazten duela. Ikaskideek beraz pentsatzen dutenak eragin zuzena izango du ikasle horrek bere buruaz duen ikuspegian ere. Horregatik dit besteen aurrean atribuzio positiboak soilik egitea komeni dela, eta negatiboak norberarentzat gordetzea inorekin partekatu gabe”. Edozein atribuzio positibok, ordea, ez du balio. Lerak esplikatutako moduan, atribuzioek ebidentzia errealetan eta sinesgarrietan egon behar dute oinarrituta. “Ingelesez ondo ahoskatzen ez badu, ez dugu bere ahoskera goratuko, bai ordea, akaso, ingeleseko eskolan zer nolako arreta jartzen duen, edota ingelesezko abestiak zein gogoz entzuten dituen”. Ingelesezko ahoskera ona duela esatea bezalako aipamenekin soilik, haur horren atribuzio positiboak ugalduz joaten direla dio adituak, eta atribuzio positiboak ugaritzen diren heinean, ikaslearen motibazioa ere handitu egiten dela. “Ikasle horrek bere buruarengan duen konfiantza eta autoestimua ere hobetu egiten dira eta eutoefizientzia sentimenduan irabazten du. Positiboak positibora garamatzan ziklo bat irekiko dugu hala. Ikasle hori seguruago sentituko da eta ingelesa ikasteko gogo handiagoa izango du. Ondorioa zera da: ikasleak motibatuz, ikasle horiek erronka akademikoak gainditzea eta arrakasta izatea lortuko dugula”.Kontzientzia hartzea
Golden begiradaz mintzo den arren, begirada aldaketaz hitz egin baino nahiago du kontzientzia hartzeaz solastu Lerak. Izan ere, bere ustez, irakasle gehienek txertatuta dute begirada mota hori eta modu inkontzientean erabiltzen dute euren eguneroko jardunean, baina soilik ikasle batzuekin, “onak” diren haiekin hain zuzen, “berezko diztira” duten horiekin. Horrexegatik, bere ustez, garrantzitsuena da irakaslea konturatzea gelan dituen ikasle guztietara zabaldu behar duela begirada hori, modu kontzientean: “Oso ondo doazela uste duten edota gogoko dituzten ikasleekin erabili ohi dute dagoeneko irakasleek begirada mota hori. Haiengatik arduratu egiten dira, haien gurasoak kalean ikusiz gero, euren alaba edo semearekin zeinen gustura dauden komentatzen diete, gelan oso ondo tratatzen dituzte ikasle horiek, etab.”. Arazoa horiekin ez, baizik eta ikusten ez diren haiekin dagoela eransten du Lerak. Ikasle “grisak” deitzen diete horiei, oharkabean pasatzen direlako, ez direlako nabarmentzen. Eta are arazo handiago izaten da geletan okerrak egiten dituztelako edota jarrera txarra dutelako ikusten diren haiekin. Horiei guztiei ere betaurreko positiboekin erantzun behar zailea dio Lerak. Helburua da ikasle batzuekin dagoeneko existitzen den harreman-eredua ikasle guztietara zabaltzea.
Bost esparrutan lanean
Irakasleari begirada aldaketa eskatzen dio Golden 5ek, negatibotik positibora jauzi egitea, baina proiektua martxan jartzeko horrekin ez da nahikoa. Progama egituratu, sistematizatu eta estrategia zehatzak markatu behar dira, irakasleak euren eguneroko jardunean aldaketak txertatuz joan daitezen. Horrexegatik, Golden 5 programa bost atal nagusik osatzen dute. Funtsean dagoen ideia zera da: arlo horietako bakoitzean arreta jarriz, irakaslearen jardun osoa hobe daitekeela.
Gelaren kudeaketa: Arlo honen xedea da ikasleen kontzentrazio ahalmena sustatzea, ikasgelan giro onean lan egitea, ikasleen ikaskuntza prozesua bultzatzea eta gelan balio positiboak sortzen saiatzea. Teoria horren arabera, irakasleak gai izan behar luke aldi berean hainbat gauza manejatzeko, gelan zer gertatzen ari den jakiteko eta horrekiko interesa agertzeko, ikasleekin komunitzeko eta ikasleen egitura sozialez jabetzeko (zein den taldeko liderra, zein dagoen bakarrik, zein den hobetoen ikusia…). Ikuspegi psikopedagogikoan oinarritzen da arlo hau, eta testuinguruaren organizazioa, taldeen gestiorako estrategia nahiz pertsonen dinamizazioa hartzen ditu kontuan.
Harremanak eraikitzen: Elkarrekiko errespetuan eta parte-hartzean oinarrituz, irakasleen eta ikasleen artean harreman ona eta segurua sortzea da esparru honen jomuga. Lehen atala baino askoz ere indar psikologiko handiagoko eremua da hau Maria Jose Leraren irudiko. Izan ere, gizaki orok du konfiantzan eta afektuan oinarritutako harreman sendoak edukitzeko beharra, baldin eta bere gaitasunak osotasunean garatuko baditu. Atxikimenduaren eta psikologia ebolutiboaren teoriarekin du zerikusia arlo honek. Leraren hitzetan, frogatuta dago irakasleen eta ikasleen artean harreman ona dagoenean, eta erlazio hori segurtasunean, konfiantzan eta afektuan oinarritzen denean, ikasleek erraz egiten dutela aurrera, ziur sentitzen direlako eta badakitelako alboan babesa emango dien pertsona bat dutela, eta heldu hori ez dagoela hor bere akatsak azaleratzeko, etengabe hobetuz joan dadin laguntza emateko baizik.
Klima soziala: Gela bateko ikasle taldea kohesionatuta egon dadin landu beharreko eremua da. Psikologia sozialaren teorian dago oinarritua. Lerak adierazitako moduan, teoria horrek dio helburuak elkarrekin erdiesten direnean eta erronkak taldean gainditzen direnean aparteko motibazioa sortzen dela, energia berezia, eta gelaren kohesioa bermatzen dela. Eta gaineratzen du, baldintza horiek guztiak ezinbestekoak direla ikaskideen artean harreman onak, jarduera kooperatiboak, talde-lana, eta elkarrekiko laguntza sustatzeko; eta bazterkeria, bullying edota indarkeria kasuak saihesteko.
Ikaskuntza doitua: Atal guztien artean konplexuena da Leraren iritziz; berriena ere bada, formakuntzaren psikologiarekin baitu zerikusia. Funtsean, arlo honen egitekoa da irakasleak gelan darabilen metodologia nola aldatu lantzea, ikasle guztien arrakasta erdiesteko. Ikasle guztiei aldi berean gauza bera irakasteko metodologia —ikastetxe askotan erabili ohi dena— etetea eskatzen du, “guztiei gauza berak exijitzea ez baita juxtua”, eta horren ordez, teknika berriak erabiltzea: talde txikikako lana, ikaskuntza kooperatiboa, tutorizazioak…
Familiarekiko harremana: Golden 5eko atalen artean azkena da, baina ez horregatik garrantzi txikiena duena. Lerak azaldu bezala, Golden begirada familiekin partekatzea ezinbestekoa da ikasleak arrakasta izan dezan: “Edozein irakaslek badaki gurasoekin elkarlanean ari denean, gauzak beste era batera joaten direla”. Horrexegatik, irakasleei gomendatzen die ikasleen gaineko atribuzio positiboak gurasoekin partekatzeko, hau da, familiarekin harremanetan jartzeko eta euren seme-alabak zeinen ondo ari diren kontatzeko: “Gauza txarrak edota arazoak jakinarazteko soilik gurasoei deitzea ez da zentzuzkoa”.
Bakoitzaren premietara egokituta
Amezketako Zumadi eskolan duela bi ikasturte jarri zuten martxan Golden 5 proiektua, Lasarte-Oriako Berritzegunetik bideratuta, Maria Jose Leraren gidaritzapean. Lehen ikasturtean gela batean soilik hasi ziren program txertatzen, bigarren ikasturtean ziklo
osoan ezartzea erabaki zuten. Golden 5ek zehazten dituen estrategia samurrenekin hasi ziren Amezketako eskolan. Bazuten, gainera, ezaugarri bat alde: Zumadi eskola txikia da eta irakasle guztiek ikasle denak ezagutzen dituzte eta taldeak ere ez dira ikasle askokoak, hortaz, zenbait estrategia —adibidez, ikasleak pasabidean izenez agurtzea, haien eskolaz kanpoko ekintzez informatzea eta arduratzea…— Golden 5 txertatzen hasi aurretik ere erabiltzen zituzten: “Gauza batzuk beti egin izan ditugu, eta horrek aukera eman digu modu pertsonalizatuan estrategiak ezartzeko. Ikasle bakoitzak dituen beharren arabera, estrategia bat edo beste aukeratzen dugu, ikasle hori pixka bat loratu dadin eta diztira egin dezan”. Nerea Etxezarreta Amezketako eskolako aholkulariaren hitzak dira. Golden 5 martxan jarri dutenetik modu kontzienteagoan eta sistematizatuagoan lan egiten dutela dio, eta gelan parte-hartzea kostatzen zitzaion ikasle baten kasua jartzen du adibide gisa: “Gelan ikasle guztiei galdera ireki ugari egitea erabaki genuen, erantzunak eskatzea eta ekarpen guztiak ontzat hartzea eta eskertzea. Parte hartzea kostatzen zaion pertsona horren erantzuna une horretarako egokia ez izan arren, gure estrategia da, ekarpena gordetzea eta beste momenturen batean, beste gairen batekin lotuta, hizpidera ateratzea. Orduan, ikasle hori jada ondo sentituko da bere ekarpenak ere zerbaiterako balio izan duelako eta hurrengoan ez zaio horrenbesteko kostako parte hartzea”.Oharkabean pasatzen ziren ikasleei arreta jartzen hasi ziren Amezketan, haien alderdi positiboak bistaratzen, haien eskolaz kanpokoari garrantzia ematen, etxerako lanen antolaketan laguntzen eta segituan ikusi zuten emaitza: “Harreman pertsonal bat sortzen baduzu ikasle mota horiekin, berarekiko espektatiba onak dituzula sumatzen badu ikasleak, segurtasuna sentitzen badu, beti tratu onak ematen badizkiozu… berak ere barnean daukan on hori guztia eman nahiko du, horrek pertsonen baitan motibazioa piztearekin du zerikusia eta kasu horietan ikasleei aurpegia ere aldatu egiten zaie: burua tenteago ibiltzen hasten dira, alaiago daude, politago…”. Bere buruarengan konfiantza gutxi zuen ikasle baten kasua gogoratzen du Etxezarretak: “Ikasketetan ere nahiko juxtu zebilen, beti arrastaka bezala, etxean ere oso espektatiba baxuak zituzten berekiko, etxerako lanak egiten denbora mordoa pasatzen zuen, egonean… Guk konfiantza eskaini genion umeari, berarekiko genituen espektatibak onak zirela ikusarazi genion, segurtasuna eskaini genion, motibatu egiten genuen eta konturatu ginen neurri horiekin ikaslea gelan gustura sentitzen hasi zela. Orduan familiarekin harremanean jarri ginen eta sinetsarazi genion haien umeak bazezakeela eta laguntza apur batekin ondo jarduteko modua zuela. Ondorioz, etxekoek ere haurrarekiko jarrera aldatu egin zuten, eta gurasoekin batera etxerako-lanak kudeatzeko estrategia bat diseinatu genuen. Hala, gurasoekin hasieran astero eta gero hamabostean behin elkartuz, konturatu ginen estrategia funtzionatzen ari zela eta umeak hobera egin zuela. Denok geunden gusturago. Azkenan, ikasle hark ikasturtea ondo amaitu zuen, eta gainera, bere buruarengan konfiantza eta segurtasun dezente irabazi zuen”.