0-3. Hezitzaileen formazioa

2015-03-01

“Espazioak hezitzailea izan behar du, proiektu pedagogikoarekin koherentea”

 
 

Haur-eskola batek hartzen duen espazioak islatzen du haur-eskola horren proiektu pedagogikoa. Ideia hori ardatz harturik, hitzaldia eman zuen Cristina Goñik HIK HASIk 0-3 urteko haurren hezitzaileentzako antolatzen duten formazio-zikloan. Izan ere, Goñik eta bere lantaldeak diseinatu zuten Baztango haur-eskola berria izango

zena, eta, horretarako, Italiako Reggio Emilian Loris Malaguzzik sustatutako  esperientzietan ikusitakotik abiatu ziren. Baztango Udalaren laguntza eta babesa izan zuten proiektua garatzeko. Horrela, hasiera-hasieratik udal arkitektoekin elkarlanean aritu ziren, espazio berria haur-eskolaren proiektu pedagogikoaren neurrira sortzeko.

Zer ekarpen egin dio espazio berriak proiek­tu pedagogikoari?

Haur-eskola honen ezaugarri nagusia espazioa da, beti erraten dugu garrantzitsuena dela. Izan ere, espazioa da hirugarren hezitzailea. Espazio egoki batean, zure pedagogia eramaten ahal duzu aitzinerat; pedagogia islatzen da haur-eskolan, espazioan.
Esango dizut esaldi bat arras polita, Annalia Galardini aditu italiarrarena: “Pedagogia espazioan islatzen da eta espazioak pedagogiaren berri ematen digu.” Eta egia da!
Gaur egun ditugu hiru espazio handi, eta espazio bakoitzak badu dena: ikasgela, jangela, komuna, logela... Haurrak espazioetan banatzen ditugu adinaren arabera: batean ttipiak, titikoak; bestean 1-2 urtekoak, Ibiltari deiturikoak; eta beste espazioan 2-3 urtekoak  daude. Espazio horiek guztiak elkarren artean komunikatuta daude. Lehen, aldiz, espazio bakarrean egin behar genuen dena. Espazio txiki batean egiten genituen jolas libreak, bazkaria, loa, tailerrak...
 
Adin guztietakoak nahasian al zeuden espazio bakar horretan?
Bi gela genituen, adinaren arabera banatzeko haurrak, baina nahasten genituen orain baino gehiago. Gero, espazio gehiago izan dugunean, erabaki dugu haurrak adinaren arabera banatzea. Zergatik? Haurrek badute beraien erritmoa, eta, interesgarria
izan arren batzuetan nahastea, aise hobe eta lasai daude titikoak, adibidez, beren gelan. Eta berdin 1-2 urtekoak eta 2-3 urtekoak. Izan ere, 2-3 urteko ume batek dauka izugarrizko indarra, eta nahiz eta ez duen mina egin nahi, agian zapaltzen du ttipia, edo bultza egiten dio. Gainera, erritmoak ebolutiboki dira desberdinak, daude momentu arras desberdinetan, eta kalitatea emateko, behaketak mantso-mantso egiteko eta ezagutzeko
umeak ondo, hobe da umeak banatzea adinaren arabera.
Beraz, baditugu hiru kubo izango balira bezala, eta bakoitzean adin tarte bateko haurrak daude. Hiru kuboak komunikatuta daude elkarren artean, eta umeek konpartitzen dituzte hainbat une, adibidez patioan. Ttipi-ttipiek gutxiago, egoten dira gehiago beraien gelan, edo ateratzen badira beraiek bakarrik. 1-2 eta 2-3 urtekoak, baina, nahasten ditugu gehiago, baina ez ikasturte hasmentan, baizik eta jada egokitu direlarik.

Beraz, nagusiki hiru espazio horiek islatzen dute zuen proiektua?

Baditugu bertze espazioak ere: tailerrak, plaza, kanpoko espazioak, mini-tailerrak... Beraz, haur-eskolak ematen ditu aukera gehiago. Beti erraten dugu haurrei eman behar diegula aukera asko beraiek ikertzeko, ikasteko, beraien bidea eraikitzeko. Bada, gure kasuan berdin: espazio egokiarekin irekitzen zaizkigu aukerak.
Adibidez, espazioak eman digu aukera banatzeko gure denbora eta egiteko gauza desberdinak; esaterako, tailerrak egiteko, Loris Malaguzzik proposatutakoaren bidetik. Izan ere, guk aspalditik jarraitu dugu Malaguzzik Italiako Reggio Emilian izandako esperientzia, eta orain dela 6-7 urte ezagutu genuen Emmi Pikler-ek Hungariako Budapest-en izandako esperientzia. Gaur egun gure pedagogia oinarritzen da bi esperientzia horietan: hartzen dugu guk hemen eraman dezakeguna antzinerat. Izan ere, badira gauza arras onak, gero gure egoeragatik edo gure ratioarengatik direnak zail samarrak gauzatzeko; gu gara nahiko errealistak horretan.
Espaziora etorrita, beraz, aukera ematen digu bi esperientziak hobeto txertatzeko eta gauza desberdinak egiteko. Izan ere, guk ez dugu egiten aktibitaterik umeekin: tailerretara-eta joaten garelarik, proposatu egiten dugu. Haurrak erabakitzen du zer egin eta zer ez. Gure lana da aurkeztea materialak, gero eta interesgarriagoak, haurrak nahi badu ikertzeko, jolasteko... Horretan guztian espazioa arras lagungarria da.
Beraz, espazioak, baita ere, laguntzen du umeak mugitzeko lekuz, eskaintzeko aukera gehiago. Adibidez, nekatzen badira zaratarekin, bikote pedagogikoka egiten dugunez lan, bata gelditzen da gelan eta bestea joaten beste espazio batera; bai tailerrera, bai plazara. Haur-eskola honek ematen die aukera umeei erabakitzeko non nahi duten egon, espazio batean edo bestean. Haurrak daude gusturago eremu zabalagoan eta harremantzeko goxoagoa da.
Familiak hobeki onartzeko ere lagungarria da espazioa. Eskola ttipi batek ez du gonbidatzen sartzera; aldiz, etortzen bazara eskola honetara eta ikusten baduzu nolako espazio xarmantak eta zoragarriak diren, handiak eta argitsuak, gonbidatzen du familiak sartzera barnerat. Ohartuko zaren bezala maiteminduta nago gure espazioarekin!
Horrek era laguntzen du eta errazten du gure lana, hezitzaileontzat ere plazer bat da haur-eskola honetan lan egitea, hain erosoa da, hain polita! Beraz, familiak daude arras gustura; haurrak, gure protagonista nagusiak, izaugarri gustura; eta guretzako ere plazer bat da.

Zein dira espazio banaketaren ezaugarri nagusiak?

Garrantzitsuena da gardentasuna, eta hori lortzen da kristalera edo beirate handiekin, baina baita gure jarrerarekin ere. Espazio goxoak izan behar dira, hurbilak. Horretarako, koloreak izan behar dira arras atseginak. Esaterako, paretetako koloreak nahiko neutroak dira, eta kolorea sartu diogu materialekin, altzariekin, kuxinekin... Guk ere kolore pila bat transmititzen dugu gure arropekin, gure ilusioarekin.
Espazioak izan behar du hezitzailea, proiektu pedagogikoarekin koherentea, didaktikoa, motibatzailea, erakargarria... Ondo pentsatu behar dira espazioak. Adibidez, pentsa egiten dizutela eskola berria, baina zuk ez duzu parte hartzen horretan. Iristen zara espazio horretara eta igoal arras polita da, baina ez da lagungarria zure lana
aitzinerat eramateko; ez da funtzionala, ez da praktikoa. Baina langileei uzten badiote pentsatzen eta diseinatzen laguntzen, aitzineratzen da pila bat eta proiektu hori ateratzen da askoz hobea.
Ezaugarriekin jarraituz, haurrek bizi egin behar dute espazioa. Haurrei egokituta egon behar du, eta ez alderantziz. Horrela, haurrek espazioa aldatzeko gaitasuna izan behar dute. Guk uzten diegu aldaketak egiten: dena dutenez beraien altueran, joaten dira gauzak mugitzen.
Bestalde, garrantzitsua da espazioak egotea irekiak, eta konektatuak beraien artean. Gure lana errazten du edukitzeak gela, komuna, logela eta jangela elkarrengandik hain hurbil. Imajinatu egiten duzula haur-eskola bat non gela dagoen alde batean eta komuna bertze puntan; hori ez da erosoa lan egiteko!
Horretaz gain, guretzat garrantzitsua izan zen, adibidez, pentsatzea sukaldeari nolako garrantzia eman behar genion. Azkenean kokatu genuen plaza ondoan. Plaza oso garrantzitsua da guretzat. Plaza da gune bat elkartzeko familiak, umeak, langileak... Elkargunea da, espazio honen ardatzetako bat da.

Espazioaren osagarri dira altzariak eta materialak; horiek zein irizpideren arabera aukeratu dituzue?

Alfredo Hoyuelos pedagogoak eta Iruñeko Mendebalde eta Haurtzaro haur-eskoletako hezitzaileek lagundu ziguten hainbat altzari pentsatzen eta diseinatzen. Eta beste altzari batzuk ekarri genituen zuzenean Italiatik, Reggio Emiliatik. Ez zen erraza izan hori proposatzea Udalean, baina izan zen gauza bat arras pentsatua, baloratu baikenuen zenbat kostatuko zen hemen egitea eta zenbat Italiatik ekartzea. Italian egiten dituzte seriean; hemen kopiak egitea da aise garestiagoa, eta, gainera, ez dira ateratzen hain ongi. Diru-muga bat bagenuen, eta ondo pentsatu behar izan genuen: gauza gutxi baina funtzionalak behar genituen.
Oro har, plastikozko gero eta material gutxiago erabiltzen dugu, Loris Malaguzziren esperientziaren bidetik. Ematen diogu garrantzia material desegituratuei, eta naturarekin lotuak daudenei; adibidez zurezko gauzei. Material beroak, goxoak behar dira.
Material guztiak altxor bat dira haurrentzako, baina ez digute erakutsi horiekin jolasten; beti oparitu izan digute panpina edo baloia, dena arras komertziala. Zuk haurrei eskaintzen badizkiezu material desegituratuak, ustez deus balio ez duten material horiek, baina oinarrian onak direnak, umeari ari zara ematen izugarrizko aukerak.
Adibidez, zopa tailerra izugarri gustatzen zaie. Izar formako fideo edo pastarekin egiten dugu, material arras beroa eta erlaxantea da. Sartzen dira oinutsik tailerrean, eta lurrean dago fideoa mukuru edo piloetan. Horrekin batera, ematen dizkiegu sukaldeko tresnak, pixka bat denetarik: zurezkoak, metalezkoak, ontzi desberdinak, sardeskak... Egoten dira jostatzen eta, gainera, esperimentatzen dute beraien gorputzarekin; ikasten dute pila bat. Ez dute fitxarik behar, behar dituzte aukerak esperimentatzeko. Eta esperimentatutakoaren bidez, barneratzen doaz kontzeptu pila bat.
Bestalde, hemengo espazioak eta altzariak dira balio anitzekoak. Guk ez genuen inoiz finkatu altzarien kokalekua, mugitzen joan ahal dira. Guk mugitzen ditugu, baina baita haurrek ere, eta hori arras interesgarria da, aukera asko ematen du. Adibidez, ikusten badugu haurrak aspertu direla, gela aldatu egiten dugu, eta iruditzen zaie daudela beste espazio desberdin batean; hori gustatzen zaie ikaragarri.
Formazio zikloan, bereziki zein ideia azpimarratu dituzu?
Aurkezpen bat prestatu genuen haur-eskolan eta honako galderak egin genizkion geure buruari: zer da espazioa eta zer ezaugarri dira garrantzitsuak espazio horretan? Hasi nintzen azaltzen zer den guretzako espazioa: leku bat erlazionatzeko, pentsatzeko, sentitzeko, sortzeko, gozatzeko... Gero hasi ginen espazioaren ezaugarriez hitz
egiten, aurreko galderan hitz egin dugunaren ildotik.
Hainbat espazio erakutsi nizkien formazio-saioan, baina azpimarratu nien bakoitzak eraiki behar duela berea. Ikusten ahal dituzu beste espazioak eta erraten ahal duzu “nik nahi dut hau”. Eta ez, zuk egin behar duzu zeurea. Adibidez, hartzen ahal duzu
Italiako eskola bat, hemen kopiatu eta esan “kitto, egin dut eskola”. Baina eskola ez da egiten egun batetik bestera, landu behar duzu zure proiektua. Horregatik esaten dugu eskola bakoitzak bere eskola eraiki behar duela.
Espazioen elementuez ere hitz ­egin genuen. Denak hezitzen du, dena da pedagogikoa: altzariak, materialak, koloreak, estetika, antolaketa, denbora, giroa, hezitzaileen jarrera... Den-denak eraikitzen du espazioa. Azkenik, azaldu nien eskolan nor gauden: protagonistak haurrak dira, eta horien inguruan daude talde pedagogikoak eta familiak. Familiei garrantzia handi-handia ematen diegu.