Eñaut Solaguren:

2015-07-01

Norberaren zirraren kontzientzia izanez gero, zirrara horien aurrean izaten ditugun jarrerak ere alda ditzakegu

 

Tertulia dialogikoak erabiliz, adimen emozionalaren gaineko lanketa egingo du Hik Hasi-ren Udako Topaketetan Eñaut Solaguren Gorputz eta Haur Hezkuntzako profesionalak. Adimen emozionalaren oinarriak zehazten dituzten hainbat testutatik abiatuta, horiek irakurriz, paragrafo edo esaldi batzuk aukeratuz, eta horiek norbere bizipenekin alderatuz, bakoitzaren hausnarketa eta ekarpenak besteekin partekatzeko aukera izango da.

 
 

Zer da adimen emozionala, eta nola landu daiteke?  

Adimen emozionala oso gauza pertsonala da. Teoria batzuk egon daitezke adimen emozionalaren inguruan, baina teoriak; aldagairen bat aldatzen duzun unean, bizitzeko modua ere aldatu egiten baita.
Adimen emozionala lantzeko, aurrez irakurritako dokumentuen gainean tertulia dialogikoen bidez norberaren bizipenak eta hausnarketak besteekin partekatzea proposatzen dut nik. Ez da irakasle eta ikasle roletan goitik behera emandako metodologia, denok baitaukagu zer emana ­eta zer jasoa nire ustez.

Norberaren zirraren jabe egiteko balio dezake?

Nik, jabe egitea baino gehiago, kontzientzia hartzea aipatuko nuke. Zirrara nahitaez sentitzen dugun zerbait da, ezin dugu kontrolatu. Zirrara horri pentsamendu bat gehitzen diogunean, sentim enduak agertzen dira, eta, bai zirrarak, bai sentimenduak izendatzerakoan, askotan hiztegia falta zaigu. Zenbat eta hiztegi zabalagoa eduki, orduan eta errazagoa izango da sentimenduak edo zirrarak detektatzea.
Zirrarak edo sentimenduak sentitzen ditugunean, zirrara horien aurrean jarrera batzuk hartzen ditugu. Guk kontrola dezakegu egoera baten aurrean hartuko dugun jarrera, baina, horretarako, zer zirrara sentitu ditugun kontziente izan behar dugu. Adibidez, baliteke haserretzen garenean eztanda egitea eta ez gustatzea lehertu garen modu hori. Haserretzen garenean eztanda egiten dugula eta lehertzeko modu hori ez dugula atsegin jabetzen bagara, irits daiteke gure eztanda hori kontrolatzeko modua ­izango dugun unea, gustatzen ez zaigun jarrera hori aldatzeko modua ­izango dugun unea.

Horrek ez luke esan nahi izango zirrara erreprimitzen ari garela? 

Ez, horrek esan nahi duena da zirrara jakin baten aurrean beste erantzun mota bat emateko gai garela. ­Izan ere, posible da aldatzea. Zenbait pertsonari entzun izan diot: “Ni horrelakoxea naiz, eta ez naiz aldatuko jada”. Nik jende horri nahi izanez gero alda daitekeela esaten diot. Pertsona bat bere zirrarez kontziente bada, bere jokabideak aldatzeko aukera du.

Kontzientzia hartzearekin hasten da, baina adimen emozionala prozesu moduan uler dezakegu, ezta? 

Kontzientzia emozionala da norberak sentitzen dituen zirrarez kontziente izatea. Horretarako, hiztegia eta behaketa behar dira. Kontziente garenean, erregulazio emozionala dator, hau da: zirrara horien aurrean ­izaten ditugun erantzunak doitzeko aukera badugula konturatzea. Gustatzen ez zaizkigun jarrerak aldatzeko baliabideak izan ditzakegula jabetzea.
Horren ondotik, autonomia emozionalaz ere hitz egin behar da. Zirrarak pertsonalak dira, eta pertsonak ­egoera beraren aurrean sentimendu desberdinak izan ditzake, denak ­onargarriak, denak egokiak. Baina, askotan, zaila egiten zaigu desberdin sentitzen dugula onartzea. Hala ere, kontziente izateak eta onarpen-prozesu horrek gure burua errespetatzeko aukera emango digu, eta, gure burua errespetatzen dugun unetik, autonomoagoak izango gara, eta autoestimu positiboagoa izango dugu.

Azkenik, gaitasun sozialak daude. Talde bateko kide izatea eta gizartean onartua sentitzea gizakiaren oinarrizko beharra da. Horretarako, gure burua, gure pentsaerak eta gure ideiak errespetatuta daudela sentitu behar dugu, eta, aldi berean, guk besteak ­errespetatu behar ditugu.

Zer-nolako garrantzia du ikasleekin adimen emozionala lantzeak? 
Azken batean, akaso zure gelan ­ikasleek hobera egitea eta aurrera jotzea nahi duzu, baina gerta liteke ikasleren bat blokeatuta geratzea. Askotan, zer dago blokeo horien atzean? Gatazka emozional bat. Eta gakoa irakaslea horretaz kontziente izatea da. Bestela, gerta liteke ikasleak etiketatzea (haur hau alferra da, beste hori lotsatia…). Eta hori arriskutsua da. Haur hori modu jakin batean ari da jokatzen une zehatz horretan. Ikasitako jarrera bat ari da errepikatzen. Akaso ez gara gai hor atzean dagoen guztia ateratzeko eta interpretatzeko, baina gai izan behar dugu gutxienez ume hori jokatzen ari den bezala onartzeko.
Haurra onartzea adimen emozionalaren oinarrietako bat da, beraz. 
Bai. Haur bat onartua sentitzen bada, asko lortu dugu. Horrek haurrari bere buruaren kontzeptu positiboa izaten lagunduko dio, eta autoestimu positiboa eraikitzen. Prozesu horretan, era berean, haurrarentzat ezinbestekoa da talde bateko kide sentitzea. Taldearen parte sentituko da, bere hitza emateko aukera duenean eta hitz hori balioesten dutenean.

Sarri, ordea, gauza asko irakatsi behar izaten dituzte eskoletan epe laburrean; ikasle kopuru handiak izaten dituzte, edota elkarrekin hitz egiteko denbora gutxi… Horrelako errealitate baten aurrean, nola egin dakioke tokia adimen emozionalari? 

Haur edo gazte bat emozionalki ­orekatuta ez badago, zailagoa da ­ikasketa esanguratsu berriak egitea. Finean, ikasketa esanguratsua izan dadin, eskaintzen zaion hori ikaslearentzat interesgarria eta motibagarria izatea komeni da. Baina, ikaslea barrutik motibatuta sentitzen ez bada, zailagoa izango da asimilazioa.
Kritikoa naiz gaur egun ditugun hainbat hezkuntza-eredurekin. Oso zurrunak direla uste dut. Eta, gure eskoletan, ikasleei askotan ez diegu uzten denborarik beraiek sentitzen duten hori adierazteko. Haur Hezkuntzan, denbora gehiago eskaini ahal zaie haur bakoitzari eta haurraren zirrarei, baina, Lehen Hezkuntzara iristen garenean, errutinan sartzen gara, gaiak oso zehaztuta baitaude, eta oso zaila da adimen emozionalari tartea ­egitea. Kontuan izan behar dugu alderdi emozionalak dena hartzen duela, eguneroko bizitzan dagoen zerbait baita. Horrexegatik, garrantzi handiagoa eman behar genioke.
Hemen, teoria bakarrari jarraitzera bultzatzen ditugu haurrak eskoletan, egia bakarra eta gauzak egiteko modu bakarra dagoela sinetsarazten diegu. Gauzak ondo edo gaizki daudela sinetsarazten diegu, eta hori gainditu egin behar genuke behingoz. Egoera bakoitzean edo une bakoitzean, gauzak ikusteko eta egiteko askotariko moduak izan daitezke, pertsona guztiok desberdinak baikara. Eta batarenak ez du bestearenak baino gehiago balio. Irakasleok horretaz jabetzen bagara, asko irabaziko dugu.

Zuk gidatuko duzun ikastaroaren izenak dioenez, adimen emozionala lantzeko erabiliko duzuen metodologia tertulia dialogikoena da.

Adimen emozionalaren oinarriak zehazten dituzten hainbat testutatik abiatuta, haiek irakurriz, paragrafo ­edo esaldi bat aukeratuz eta norberaren bizipenetan oinarrituz, beste tertuliakide guztiekin partekatuko dugu norberaren hausnarketa. Horrelako tertuliak gai literarioekin egin izan dira sarri. Ez da ezer ondo edo gaizki ­egongo, ez da ezer hobea edo txarragoa izango. Bakoitzak bere ikuspuntua izango du, eta hura adierazteko eskubidea izango du.
Zergatik erabaki duzu metodologia mota hori erabiltzea?
Nik ez dut goitik beherako irakaskuntza-prozesurik nahi, ezta irakasle- eta ikasle-rolik ere. Denok gara pertsonak, eta batak bestearengandik ikas dezakegu. Adimen emozionalaren inguruan badago teoria bat, baina, teoria hori praktikara eramaterako orduan, bakoitzak bere erara ­egiten dugu. Niri denen parte-hartzea bultzatzea interesatuko litzaidake. Horretarako, nire metodologiaren ardatza denok protagonista bihurtzea da, eta edonork edonorengandik ­ikasteko aukera izatea.