INGURU ABENTURA: Abenturaz beteriko hezkuntza-proiektua

2015-10-01

Natura ezagutzera bideratutako era guztietako jarduerak antolatzen ditu Inguru Abenturak. Horrez gain, hezkuntzara zuzendutako ekintzak ere prestatzen ditu, bai eskola-orduetarako eta bai eskolaz kanpoko jardueretarako. Ikastetxearen hezkuntza-proiektua osatzen laguntzea dute xede. Hala, ingurumenean eta gorputz-heziketan oinarritutako unitate didaktikoak lantzen dituzte, jardueraz jarduera, ikasleek gelan ikasitako kontzeptuak modu praktiko batean errazago barnera ditzaten.

 
 

Hezkuntza da Inguru Abenturaren oinarrizko zutabeetako bat. Ikasleen artean ingurumenarekiko errespetua eta begirunea sustatzea dute zeregin nagusi, eta, horretarako, geologia, karsta, uraren zikloak, eskualdeko ingurunea eta haren historian oinarritutako jarduerak lantzen dituzte. Inguru Abenturako kideek diotenez, “talde-lanean eta hainbat jolasen bidez norberak bere burua eta natura hobeto ezagutzeko aukera paregabea duzue hau”.

Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, mendiko segurtasun eta autobabeserako kanpaina batean murgildurik dago Inguru Abentura, eta oinarri horren gainean egiten dituzte unitate didaktikoak, zenbait xede zehatz hartuta: aurreikustea beharrezkoa dela erakustea; babeserako ohitura sistematiko eta zentzuzkoak erabil-tzen ikastea; istripuak nola aurreikus daitezkeen eta nola esku hartu behar den jakiteko prestakuntza ematea; istripuak hainbat lekutan (etxean, mendian, ur-ingurunean, kalean, lantokian, osasun-zentroan…) eta egoeratan (uholdeak, suteak, istripuak…) gerta daitezkeela ikusaraztea; eta telefono bakarra ezagutzera ematea larrialdietarako —112, hain justu—, eta zuzen erabiltzen erakustea.
Horretarako guztirako, eta beste edozeren aurretik haurrek gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera izan dezaten, eskaintza zabala egiten du:

Egun bateko irteerak

Ikastetxe bakoitzaren eskarira egokitutako plangintzak eta neurrira eginiko aurrekontuak eskaintzen ditu Inguru Abenturak. Gela batentzat edo gehiagorentzat abenturaz beteriko irteera bat antolatu nahi izanez gero, jarduera sorta zabala daukate: tirolina, eskalada, rappela, kayakak, mendi-bizikleta, ginkana, arku-tiroa, herri-kirolak…, eta baita arroila-jai-tsiera, espeleologia edota zubi-saltoa ere, ausartenentzat.
2 ordutik 8 ordura iraun dezakete ekintzok, eta Euskal Herriko hainbat txokotan antolatzen dituzte, urte osoan zehar. Parte hartu ahal izateko, gutxienez 6 lagun behar dira, eta gutxieneko adina 8 urtekoa da.

Egonaldiak

Inguru Abenturak egonaldiak ere antolatzen ditu Urbasako kanpinean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, ikasturte osoan zehar. Han eskaintzen dituzten jarduerak hiru multzo nagusitan banatzen dira:
*Oinarrizko jarduerak: orientazioa, mendi-ibilaldiak, herri-kirolak, oreka-lantegia, joko dinamikoak eta Alluitz Natura.
*Abentura-jarduerak: espeleologia, rappela, mendi-bizikleta, eskalada, arku-tiroa eta Urbasa Abentura.
*Jarduera osagarriak: arroila-jaitsiera, zubi-saltoa eta elur-erraketak.
Udan, berriz, Euskal Herriko hainbat udalekin elkarlanean, udalekuak egiten dituzte Urbasako kanpinean. Horrez gain, udaleku irekiak antolatzen dituzte zenbait herritan, eta abentura-jarduerak eskualde bakoitzaren behar eta ezaugarrietara egokitzen dituzte.

Ospakizun eta ekitaldiak

Ospakizunen baten aitzakian ikastetxean bertan edo herrian abentura-jardueraren bat antolatu nahi izanez gero, Inguru Abenturak ekintza sorta zabala eskaintzen du, hala nola ohe elastikoak, kutxa-dorrea, oreka-lantegia, rokodromoa, tirolina, jauzi pendularra, artisautza-lantegiak, arku-tiroa edota ginkana. Kasu horretan ere, ikastetxe bakoitzaren beharretara egokitzen ditu Inguru Abenturak bai plangintza eta bai aurrekontua.