ZERGATIK DA DOKUMENTAZIO LANA GARRANTZITSUA?

2015-10-01

Dokumentatzeak esan nahi du egindako lan bat estetikoki eta kontatuta jasotzea, modu bisualean, ikus-entzunezkoan eta idatzizkoan.

Hiztegiaren arabera, pertsona bat agiririk gabea dela esaten dugu identifikazio pertsonalik ez badu; kargu bat betetzeko meriturik edo dohainik ez badu; ezjakina edo eskolagabea bada, edo sustrairik edo errespetagarritasunik ez badu.
Berezko kultura eta nortasuna ondo hautematen diren eskola bat eraiki behar dugu, batez ere Haur Hezkun-tzan. Bide horretan, ezinbesteko tresna da dokumentazioa lan gogor horretarako.

 
 

Behaketa, entzutearen pedagogia eta dokumentazioa

Dokumentazio oro behatzeko eta entzuteko plan zehatz baten bidez sortzen eta ibiltzen da. Entzutea erabakigarria da, neska-mutilek egiten dutenari zentzua bila diezaioten eta komunikatu nahi izatearen atsegina eta balioa aurki ditzaten. Entzutea, egiatan, haur-kultura ulertzeko artea da: pentsatzeko modua, egitekoa, galdetzekoa, teorizatzekoa edo nahi izatekoa. Entzuteak adi egotea esan nahi du; zentzumen guztien bidez, munduarekiko harremanean haurren hizkuntza guztiak bereizten jakitea.
Entzun gabe, gure laneko ezinbesteko tresnak galtzen ditugu: harridura, miraria, gogoeta eta haurrekin egoteak dakarren poza.
Entzutearen eta gure hezkuntza-esperientziatik ikasi nahi dugunaren behaketa planifikatuan oinarritutako pedagogiak harritu egiten du hori entzuten duena. Harridura, ustekabekoa eta aurreikusi gabekoa itxaroteko ahalmen gisa. Zerbaiti konfiantzaz eta estimuz so egitean datza. Entzutea aurreiritziak kentzeko barrutik mugitu behar gaituen jarrera bat da. Eraikitzeko haustea da.
Dokumentazioa hezkuntza-prozesuak sistematikoki eta estetikoki jasotzean eta erakustean datza (idatzien, irudien, panelen, bideoen, neska-mutilen hitzen eta produktu grafikoen bidez). Ez da gertatutakoa adieraztea soilik, baizik eta bizitakoa kontatuko duen produktu publiko bat eraikitzea, zenbait euskarritan. Aldi berean, badakigu ezin dugula dena aztertu eta dokumentatu. Beharrezkoa da aukeratzen jakitea, begirada doitzeko hautatzea, zenbait alderditara bideratzea eta kokatzea, eraginkortasunez komunikatuko duen dokumentazio bat sortzeko.
Malaguzzik dio neska-mutilak ikusiak izateko zain daudela. Antzokirik edo besaulki-patiorik gabe, haurrak ikusezin eta hutsal bihurtzen dira. Halaber, irakasle asko zain daude, beren lana ikusia eta aintzat hartua izan dadin. Dokumentazioa ikasleekin izandako prozesuaren oroitzapen bizi eta bistako bihurtzen da, eta ez dio horrenbesteko arreta jartzen azken produktuari.
Gaur egun, Haur Hezkuntzako eskola batzuetan (eta familia batzuetan) neska-mutilek zerbait ekoizteko obsesioa dagoela ikusten dut oraindik: marrazkiak, fitxak, idatziak, koadernoak… Eta bada ideia bat ezkutuan: gehien ekoizten duten ikasleek gehiago ikasten dutela edo argiagoak direla pentsatzen da, bai eta gehien ekoizten duten irakasleek gehiago eta hobeto irakasten dutela ere. Baina, modu horretan, arrastorik uzten ez duten prozesuak datoz. Askotan ikusi dut zenbait haurrek trazuak marrazten dituztela airean; eta papera ukitzen dutela, paperaren izaera sentsoriala, testura, sentitzeko; orriaren perimetroari jarraitzen dio hatz erakusleak; izkinak eta angeluak hautematen dituzte haurrek; edo besteek ahoskatzen dituzten hitzei lagun egiten diete, beren begi adierazkorren bidez eta begirada isilarekin. Ez dute “produkturik” uzten. Urduri sentitzen naiz, haurrei pinturaz arrastoak trazatzeko edo nahitaez hitz egiteko eskatzen dietenean. Beren nortasunaren eskubidea lapurtzen dietela sentitzen dut. Aparteko produktu horiek jasota uzteko modu bakarra, nire ustez, produktu horiek konta ditzaketen irudien bidez ikusgai bihurtzea da.

Deskribapena eta interpretaziozko narrazioa

Dokumentazioa ez da deskribapen bat, edo gertatzen denaren egiaztapen hutsa: ez du lortu nahi zin-tzoki erregistra daitekeen kanpoko egia objektibo bat. Dokumentazioa esperientzia hark haurrarentzat zer esanahi izan duen interpretatzea da: zer esan nahi duen egiten duen hori egiteak (zergatik eta zertarako?). Interpretazio baten (haurrek egoerari buruz egiten dutena, hain zuzen) interpretazioaren bidez egindako esanahiak jasotzen eta berreskura-tzen ditu. Haurrek interpretazioaren bidez beren jakintza eraikitzeko duten moduari buruz hausnartzeko abagunea da dokumentazioa. Monografiko honetan bertan, Haurtzaro Haur Eskolako adiskideek kontatutako proiektuak aditzera ematen du, besteak beste, haurrek beren prozesuak interpretatzen dituztela egitura logiko-matematikoetan. Era berean, Mendillorri Haur Eskolako adiskideek nortasunaren eraikuntzarekin zerikusia duten alderdiak interpreta-tzen dituzte, argazkien bidez.
Dokumentazioak harreman bat ezartzen du pentsamenduaren eta esanahiaren artean, egin daitezkeen interpretazioen kopurua handituz; gainera, berriz interpretatzeko modukoak izan daitezke. Hori dela eta, garrantzitsua da prozesuen analisia eta dokumentazioa taldean egitea, subjektibismoan ez erortzeko eta, horrela, subjektuen artean sormenezko prozesuak lortzeko. Sarritan, argazkiak edo bideoak aztertzen ari ginela, haietan ikusten genuenari buruzko azalpen posibleez nire kideekin eztabaidatzeko atsegina izan dut. Denok kontatzen dugu gure historia egiaz-kotasunez, baina gure burua egiaren jabetzat hartu gabe. Gutako bakoitzak, gure kulturaren bidez, gauzak hautemateko gure moduaren bidez, gure zirraren eta itxaropenen bidez, gauza bakoitza gure modura interpretatzen du. Garrantzitsuena, ordea, zera da: besteekin egindako lanak gure helburuen eta zentzuen aukerak hedatzen ditu, eta, horrela, ez dizkie etiketak goizegi jartzen haurrei. Era berean, sentitzen dut askotan ikasleekin bizitako benetako prozesuen dokumentuak teorikoak baino ez ziren eztabaidak eta hausnarketak hastea eragotzi duela. Izena eta abizenak dituzten neska-mutilen irudiak, egunero lanean gurekin ditugunenak, lagungarri dira alda daitekeen errealitate bati buruzko gure interpretazioan arreta jartzeko.
Ez dugu dokumentatzen fitxategi bat egiteko, edo irudiak edo lanak metatzeko. Guri gehien interesatzen zaiguna, haurren kultura azaltzea baino areago, kultura hori hobeto ulertzea da. “Azaltzea ez da nahikoa ulertzeko”, Dilthey-k adierazi zuenez. “Azaltzea jakintzaren bitarteko objektibo guztiak erabiltzea da, baina ez dira nahikoa izaki subjektiboa ulertzeko. Giza ulermena gizakiak subjektu gisa sentitzen eta ulertzen ditugunean lortzen dugu; giza sentimenduak eta poztasunak irekitzen dizkigu (...). Ulermenaren bidez, gorrotoaren eta bazterketaren aurka egin daiteke borroka”.
Interpretazioa garrantzitsua da, baina, monografiko honen artikuluan bideo-dokumentazioari buruz idatzi dugunaren ildotik, narrazio estetiko bat egin behar da interpretazio horren bukaeran, gertatutakoa publikoki aditzera emango duena; eta dokumentu-euskarriren batean egingo da: paneletan, power point bidez, liburuxketan, DVDan, eta abarretan. Hala, edukiaren eta formaren harmonia lotzen da. Argazki-segida batek, esate baterako, zerbait interesgarria adierazi behar du esperientzia batek argazkietan ageri diren haurrentzat izan duen esanahiari buruz; prozesu horren berri eman behar du. Argazki bakoitzak haurtzaroaren irudi bat, eskolaren irudi bat eta gure irudi bat darama. Irudi axolagabe batek traizio egin diezaieke gure asmorik onenei.
Zenbait ahalmen tekniko eskatzen ditu euskarri bakoitzak, eta hainbat modutara komunikatzen du. Esate baterako: DVD bat produktu autonomo bat da, bere kabuz azaldu behar dena; eta power point bat gure azalpenen bidez, gure taupaden eta erritmoen bidez mugitzen den dokumentu bat da.

Besteentzat ulergarri
Kontatzean, zentzu-korapilo bat sor-tzen dugu, haurrentzat nahiz guretzat. Gertatutakoari buruzko egiazko datuak eman behar ditugu dokumentazioan, zorroztasunez; baina, aldi berean, bizitakoaren narrazio ulergarri bat sortu behar du beste batentzat (ikusle aktiboa). Halaber, badakigu, besteentzat zerbait ulergarria egiten saiatzean, guretzat ere bistakoa balitz bezala agertzen dela sarritan.
Narrazioaren bidez, eskolak bere ohiko historia esanguratsua sortzen du, hizkuntza teknikotik eta ofizialetik urrun dagoena. Zure biografia eta istorioak, kontakizunak eta konta-tzeko modukoak diren gorabeherak sortzen dituzten protagonistenenak azaltzen ditu.
Dokumentazioaren kontzeptu horrekin lan egiteak esan nahi du kontuan hartzen dela hasieratik modu hori hezkuntza-prozesuaren zati dela. Gauza ez da beti zerbait egitea, eta, horren ondoren, kontatu ahal izateko berreskuratzea. Hori baino zailagoa da. Dokumentazioa haurrekin egindako jardueren katearen kate-maila bat dela pentsatzea lagungarri da beste modu batera pentsatzeko eta kontatu nahi duguna hobeto planifikatzeko. Esate baterako, dokumentazio-panel bat planifikatzen dugunean, hori hasieratik badugu buruan, jakin ahal izango dugu —aurreikusitako maketaren arabera— argazkiak hobeto geratzen diren horizontalean edo bertikalean, gero ondo egiteko. Horrek guztiak denbora eta energia aurreztea dakar. Hala ere, onartu behar dugu ezin dugula dena aurreikusi; zorionez, ezin ditugula aurreikusi haurren adierazpen eta prozesuak. Oreka ezegonkor horretan sortzen da dokumentu-narrazioa.
“Ikusten ez dena ez da existitzen”.
Esaldi probokatzaile horren bidez, Loris Malaguzzik irakasle batzuk estimulatu nahi zituen, dokumentazioari alergiarik ez izateko, alergia horrek gure lanbidea kutsatzen baitu batzuetan. Haren ustez, eskolak ez du dokumentatzen; egiatan, denbora galtzen du. Hala, Reggio Emilia zerbaitengatik deigarria bada, bere dokumentu-ondasunaren kalitateagatik da. Eta ez da obsesio formal hu-
tsa. Dokumentazioa hezkuntzari buruz pentsatzeko modu etikoa, estetikoa eta politikoa da; eta, batez ere, neska-mutilen aparteko ahalmenei buruz hausnartzeko modua, gure kulturan konturatu gabe pasa ez daitezen.
Nolabait esatearren, gertuko garapen-eremu baten modukoa da, non gure irudia jartzen den jendaurrean agertzeko. Dokumentazioak gure lanarekiko distantzia bat ezar-tzea dakar berarekin, beste ikuspuntu bat hartzea. Une ezin hobea da gure hezkuntza-proiektuaren hausnarketak eta laburpena eztabaidatzeko eta aurrez aurre jartzeko. Ikaskuntza-prozesuak berriz interpretatzeko aukera bat izatea bezala da.

Norberaren memoria

Dokumentazioak aukera ematen dio haurrari bere burua ebaluatzeko; bere burua ezagutzeko eta aztertzeko modu bat da, bere jokamoldeari zentzua bilatzeko modu bat, hausnarketa egiteko aukera bat, norberaren memoria izateko eta interpretazio bakarrean giltzaperatua ez izateko eskubidea.
Hitzak ikusteko aukera ematen die familiei, haurren prozesuek zer-nolako ibilbidea duten ikusteko aukera (produktuak bakarrik ez balioesteko), seme-alabak hobeto ezagutzekoa. Eskola-esparruan sortzen diren gertaeretan parte hartzen dutela senti-tzeko aukera bat da; gertaera horiei buruz iritzia eman eta eztabaidatu behar dute.
Zerbaiten dokumentazioan, ideal teorikoen eta hezkuntza-praktikaren arteko sormenezko loturak eta lotura koherenteak ezartzen dira: gure printzipioen adierazpenaren eta gure jokatzeko moduaren artean; gure nahien eta besteen nahien artean; eta gure ulermenaren eta besteen ulermenaren artean. Dokumentazioaren bidez, hitzen bidez baino gehiago arrazoiz lan egin nahi duen eskola bat azaltzen da, pentsatzen duen eskola bat, hausnartzen duena, bidean ikasten duena: eztabaida publikoan jartzen dakien hezkuntza-erakunde bat, elkarrekiko konfiantzazko prozesuak eraikiz demokraziaz entzuteko eta elkarrizketatzeko gai dena.