Zergatik egiten dugu egiten duguna?

2015-10-01

EZ AL DUGU GEHIEGITXOTAN FUNTZIONATZEN INERTZIAZ? ETA GURE EGUNEROKO JARDUNEAN, IKASLEEKIN ARI GARENEAN, HAUSNARTZEN OTE DUGU EGITEN DUGUN HORREN ZERGATIAZ?

 
 

Soineko berria jantzita eman diogu ongi-etorria ikasturteari. Itxura aldatu dugu, baina edukiak bertsua izaten jarraitzen du. Beste era bateko azalarekin gatoz, baina muinean sorrerako asmo eta ideia antzekoak ditugu. Euskal irakaskuntzaren partaide garen guztion informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko izaten jarraitu nahi dugu, bertako zein kanpoko esperientzia eredugarrien berri ematen, pedagogiaren inguruko hausnarketak ezagutarazten, eta hezkuntza-bizipenak elkarrekin partekatzen.

Xede horri heldu diogu ikasturte berriko lehen zenbakitik. “Zergatik egiten dut egiten dudan hau?” Aldizkari honetako gaian jaso bezala, galdera horri erantzuten saiatzen dira Antzuolako Herri Ekolako irakasleak. Baina, oro har, zenbat aldiz galdetzen diogu geure buruari zergatik egiten dugun egiten duguna? Ez al ditugu eguneko ekintzarik gehienak errutinaz egiten? Ez al dugu gehiegitxotan funtziona-tzen inertziaz? Eta gure eguneroko jardunean, ikasleekin ari garenean, hausnartzen ote dugu egiten dugun horren zergatiaz? Edota urtez urte horrela egin dugulako, norbaitek agindu digulako, testuliburuek hala diotelako edota fitxetan emana datorrelako egiten dugu egiten dugun hori egiten dugun bezala?

Urte luzez izan da erreferente Antzuolako eskola, baina hango ereduak orain dela 30 urte eta orain ez dauka zerikusirik. Asko aldatu da, hain juxtu ikerketak egiten joan direlako, euren artean eztabaidatu eta hausnartu dutelako, egindakoa erakutsi eta publikatu dutelako eta maila teorikoan ateratako ondorioak pixkanaka euren esperientzian txertatu dituztelako. “Garaiak aldatzen dira eta eskolak ere aldatu behar du”. Hala aldarrikatzen du Xabier Arregi Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko maisuak Antzuolako Herri Eskolaren eredu pedagogikoa izeneko doktorego tesia amaitu berritan.

Asko dira azken aldian ildo berean mintzo diren ahotsak: aldaketa behar dela hezkuntzan. Horren adibide da aldizkari honetako esperientzien atalean landutako Cuatro Cantons ikastetxea. Bigarren Hezkuntzan ere irakasle bakarrak ematen ditu eskolak, uste baitute gertuago dagoela ikasten ari denaren logikatik: “Pertsonok ez dugu ikasten unibertsitatean egindako jakintzen sailkapen baten arabera; errealitatetik ikasten dugu, eta, errealitatean, arloak nahasi egiten dira; errealitatea transdiziplinarioa da”.

Aldaketak egitea, ordea, ez da samurra, ez eskolan, ez bizitzan. Baina noizbehinka errutinak hautsi ditzakegu, ohiturak zalantzan jarri, inertziak apurtu, emana datorkiguna albo batera utzi, eta geure buruari galdetu: “Zergatik egiten dut egiten dudan hau?”.