Ipurtargiak eta istorioak

2016-10-01

Iristen naizen neurrian

haziko naiz,
ikertzen dudan neurrian
iritsiko naiz,
ikusten dudan sakonean
ikus dezaket,
amets egiten dudan neurrikoa izango naiz.
Karen Ravin

 
 

Lagun batek berriki kontatu dit gero eta ipurtargi gutxiago dagoela. Antza denez, ipurtargien kopurua murriztuz doa, eta gure herri eta hirietako argi-ku-

tsadurari egozten diote errua. Ez nuen ikusten hasieran inolako loturarik bi ekintzen artean, nire lagun Pablok dena argitu zidan arte. Haren hitzetan, emeek sabelaren behealdeko argitxo bat pizten dute, arrak erakar-tzeko asmoz. Orain, aldiz, argiek itsututa, lanak izaten dituzte arrek emeak topatzeko.
Iruzkinak egonezina sorrarazi zidan, ipurtargiak liluragarriak bezain magikoak iruditu baitzaizkit betidanik. Ipurtargiez mintzatzean, udako gau beroak datozkit gogora ezinbestez. Geroago, kontua buruan nerabilela, ohartu nintzen gizakiok arazo ber-tsua dugula. Estimulu ugari ditugu, garrantzitsua den horretatik, fokuen azpian ez dagoen horretatik, aldentzen gaituztenak eta orientazioa eta patxada ere galarazten dizkigutenak. Hain da erraza arreta galtzea!
Daniel Simonek, Illinoiseko Unibertsitateko Ikusmen Kognitiboko Laborategiko zuzendariak, esperimentu bakun bezain harrigarria egin zuen. Ikasle-talde bati bideo-grabazio labur bat ipini zion, non bi saskibaloi taldek elkarri baloia pasatzen zioten. Ikasleei esan zitzaien zenbatzeko talde bateko jokalariek zenbat aldiz ematen zioten elkarri baloia. Partida labur hura jokatzen ari zen bitartean, gorilaz mozorroturik zegoen norbait agertzen zen bat-batean albo batean. Pantailaren erdira ateratzen zen taldeen artean, eta bularrean hiru kolpe ematen zituen. Gero, alde egiten zuen beste izkina batetik. Bideo-emanaldia amaitu ondoren, ikusleei galdetu zieten ea ikusi zuten ezer harrigarririk bideoan. Erdiek, gutxi gorabehera, adierazi zuten ezetz. Esperimentua hainbatetan egin da, eta oso antzekoak izan dira emaitzak. Sinesgaitza iruditu arren, hala da. Paseak kontatzen aritzen garelarik, ez gaude arretaz, eta ez dugu ikusten gorila hor dagoela ere.
Hala eta guztiz ere, ipurtargiek, kosta ahala kosta, topatzen dute bilatu nahi duten argitxoa. Gure kulturan, kontakizunak argi iradokitzaile izan dira mendeetan barrena. Egun ere halaxe izaten jarraitzen dute, pentsamendu kontzientetik haragoko zerbait ematen digutelako: mezu bat, mezu jakintsua, hain justu ere.
José Saramagok, Nobel saria jasotzeko ekitaldian, inoizko gizonik azkarrenaren aipamena egin zuen: hots, bere aitona Jeronimorena. Aitonak ez zekien ez irakurtzen, ez eta idazten ere. Harrigarriro, ordea, istorioak kontatzeko trebetasun aparta zuen artzain hark. Idazle sonatuak zioen guztiok maite ditugula kontakizun ederrak, hitzez ezin adieraz daitekeena ulertzen laguntzen baitigute. Hizkera erraza darabilte adimenaren mugak gailentzeko, logikatik urrun zirrarak sorrarazteko eta gure baitara hurbiltzeko. Ez da, hortaz, harrigarria hezkuntzan berebiziko garrantzia eduki izana. Eta, gaur ere izatea. Duela gutxi Omar Rinconi eginiko elkarrizketa batean1, irakasle eta telebista-kritikariak adierazten zuen betikora itzuli behar zutela maisu-maistrek gizartean baliagarriak izateko; alegia, patxadara eta geldotasunera. Horiek horrela, gai izan behar dute istorio onak kontatzeko, gogoeta eragiteko eta irizpideak emateko. Tamalez, inor ez da horretan ari; hots, inork ez du mundua gelditu. Zalan-tzarik gabe, ahoz istorio onak kontatzeko gai den irakasleak teknologia guztiak menderatzen dituenak baino gehiago limurtuko ditu ikasleak.
Gizakia bezain zaharra da istorioak kontatzea. Ipuinak, mitoak, alegiak edota kondairak denboran eta espazioan kultura askotan eraldatuz eta moldatuz doaz etengabe.
Ameriketako ipar-mendebaldeko zenbait herritan2, bazen antzinako ohitura bat: buztinlari zahar batek erretiroa hartzen zuenean, piezarik bikainena ondorengo gazteenari ematen zion opari. Hark eginiko lana, ordea, ez zen erakusgai bat, jendeak mirets zezan. Halaber, ez zen gordean uzten maisua gogorarazteko, ez eta haren talentua omentzeko ere. Txundigarria bazen ere, lanaren jasotzaileak mila puskatan apurtzen zuen; gero, bere buztinean eta lanetan sartuko zituen puska horiek.
Buztinarekin legez, istorioak bata bestearekin oratzen dira etengabe, gure esperientziei esker. Hala, inspirazio-iturri dira, eta gure bizitza blaitzen du haiei darien jakinduriak.
Egia esan, buztin askotarikoak ditugunez, irakurketa, esanahi eta ikaskuntza anitz atera ohi dugu. Istorioen handitasuna lagunei hainbat kontu iradokitzean datza, hain justu ere. Horrexegatik, beti egongo dira askotariko interpretazio eta irakaspenak.

Behinola, kexuka zebilkion ikasle bat maisuari:

—Beti kontatzen dizkiguzu istorio asko, baina ez diguzu esaten zer esan nahi duten.
Maisuak hauxe ihardetsi zion:
—Nahiko zenuke norbaitek zuri fruta eskaini baino lehen mastekatzea3?

Alta, fruta norberak mastekatu beharko du, eta gero ahogozatu

Ipurtargiak ditut amets,

argi biziaren printzak,
ilunean dir-dir.
    Rabindranath Tagore

Ipuin eta hausnarketa gehiago:

Martinez Huerta, J. (2016). Ipurtargiaren distira. Hezkuntzaz hausnar-tzeko ipuinak, Madril, Bubok.
http://ipurtargiarendistira.blogspot.com.es/

1 Rafael Mirallesek Omar Rinconi eginiko elkarrizketa: Cuadernos de Pedagogia, 406. zk., 2010eko azaroa.

2 Eduardo Galeanok aipatua: Las palabras andantes.
3 De Mello, A. (1987). El canto del pájaro, Santander, Sal Terrae.