GURE GARAIAREN ISLA?

2016-10-01

Egia baldin bada toki eta denbora jakin batean egiten den kulturak sortu den garai eta leku horren berri ematen digula, pasa berri den Donostiako Zinemaldian ikusi dugun film sorta kezkatzeko modukoa dela aitortu behar.

Izan ere, Zinemaldi horretako sail ofizialean, nihilismoan eta anomian jausitako nerabeei buruzko pelikula zein baino zein ilunagoak ikusi genituen bata bestearen atzetik, herrialdez eta estetikaz desberdinak baina esperantzarik gabeko etorkizuna marraztean bat zetozenak.
Bertrand Bonello frantziarraren Nocturama-k, esaterako, gazteria desideologizatu baten matxinada bat kontatzen zuen: bonba bidezko atentatua egin ondoren, zentro komertzial batean elkartzen dira gazte horiek, eta suntsitu nahi luketen zibilizazio hori bezain kontsumista, hutsal eta axalekoak direla ikusiko dugu. Estetika interesgarria eta sinesgarritasun politiko eskasa
alde batera utzita, erretratu kezkagarria.
Bartosz M. Kowalski poloniarrak, Plac Zabaw (Jolastokia) filmean, 12 urteko gaztetxo batzuen nora eza erakusten digu hasteko, baita gazte horien krudelkeria bihozgabe eta arrazoigabea ere gero, baliorik ezari motibazio falta erantsiz, modu etsigarri batean.
Nerabeen istorioa da As you are ere, Miles Joris Peyrafitte estatubatuarraren lehen filma: Jacken ama eta Marken aita bikote bihurtzen direnean elkarren lagun egingo dira bi mutiko bakarti horiek. Hortik aurrera, grunge belaunaldiaren ondoeza, sexuaren deskubrimenduaren zalantzak, sentimenduen anbiguotasuna eta abar; oro har tristea bada ere, ez da aurrekoa bezain iluna, baina pistolak etxean edukitzen diren etxean, gauza onik ez.
Beltzetan beltzena, Fernando Guzzoni txiletarraren Jesus, izen bereko gaztearen eta bere lagunen ibilerak kontatzen dituena: diskotekako ordu txoroak, biolentzia zentzugabea, gozotasunik gabeko sexua, ikasketei jaramonik ez, edozer sartuz drogatu beharra…
Txile, AEB, Polonia, Frantzia… eta denetan desosegu sentipen bera. Baldin eta filmok gure garaiaren isla baldin badira, ez da gozoa gaurko gazteei uzten diegun mundua.
Dena dela, ez dut uste geroa idatzita dagoenik: guztion esku dago iragarpen beltzei bizkar ematea, eta irakasleek erantzukizun berezia duzue zeregin horretan. Animo, ez da erraza baina!