NOLA KUDEATU TRANSEXUALITATE EGOERAN DAUDEN HAURREN KASUAK?

2016-10-01
 
 

Haur batek, gure eskolan, eguzkia zergatik goizean leku batean eta ondoren beste batean dagoen galdetuko baligu, onartezina irudituko litzaiguke irakasleak eguzkiak Lurraren inguruan bueltak ematen dituela eran-tzutea. Gure zentzumenen behaketak eguzkia mugitzen dela pentsarazi ahal badigu ere, aspalditik nahikoa ezagutza dugu mugitzen dena Lurra dela jakiteko, bere errotazio mugimenduan. Eta eguzkiak zerua zeharkatzen duela esatea oso poetikoa bada ere, argi daukagu gure haurrei gure eskoletan ezagutza zuzena transmititzearen garrantzia. Astronomiaz ari garenean edo beste edozein gaitan.

Eskoletan, orain arte ondoko ekuazioa erakutsi izan zaie haurrei: “mutila=zakila eta neska=bulba”, besteak beste, txiki-txikiak direnetik anatomia erakusteko siluetadun fitxekin. “Zergatik daukat zakila?” haurraren galderari, “mutila zarelako” erantzuten dio haur-eskolako irakasleak. “Zergatik zara neska?” galdetzen dio irakasleak orain dela oso gutxi hitz egiten ikasi duen haurtxoari, haurrak “bulba dudalako” erantzunaz, sexuen anatomiei buruzko ezagutzaren lorpena frogatzeko. Baina eran-
tzun hauek eta haiekin haurrei transmititzen diegun ezagutza okerra da. Eguzkia Lurraren inguruan mugitzen dela esatea bezala.
Gai honetan ere gure zentzumenen behaketak okerrera eraman ahal gaitu. Mutil gehienek zakila dute eta neska gehienek bulba dute. Bai. Kasu gehienetan horrela izateak, beti horrela dela pentsatzera eraman gaitu. Eta ez soilik pentsatzera beti horrela dela, baizik eta horregatik dela: genitalengatik garela neska edo mutil. Eta hau okerra da, noski.
Arrazoimena erabiltzen badugu, ez da zaila ulertzea sexu-identitatea ez dagoela hankartean. Identitatea, norbera zer den, autokontzientzia kontua da, subjektibitate kontua. Eta hori, prozesu mental bat izanik, nonbait egotekotan burmuinean legoke. Mutil batek istripu batean zakila galduko balu adibidez, hortik aurrera zakila ez izan arren, mutil izaten jarraituko luke, ezta?
Mutil gehienek zakila dute eta neska gehienek bulba dute. Bai. Baina beti ez da horrela. Badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutilak ere. Gutxiengoa dira, bai. Baina egon badaude. Oraindik batere zehatzak ez diren hainbat ikerketen arabera 1.000tik 1 izango lirateke.
Orain oso gutxi arte errealitate hau pentsaezina zen. Gaur egun badugu nahiko ezagutza errealitate hau pentsatzeko eta ulertzeko. Baita haur eta gazte hauen bizitzetan oztopoak jarri beharrean, haien bidelagun izateko ere.
Eskolak, beste edozein gairekin bezala, ezin ditu ezagutza okerrak transmititu. Dagoeneko irakasleek ezin dute “mutilek zakila dute eta neskek bulba dute” esaten jarraitu. Eta ez soilik baieztapen horiek ezagutzaren aldetik okerrak direlako. Arrazoi larriago bat badago. Baieztapen horiek zakila duten neskak eta bulba duten mutilak sufritzera kondenatzen dituzte. Ezin izatera. Ezin bizitzera.
Bere haurtzaroan identitatea onartua izan ez zuten heldu transexualen suizidio saiakera tasa ikaragarria da: % 41ekoa. Ikaragarria. Bestalde azken urteetako hainbat ikerketek datu itxaropentsuak erakusten dizkigute: haien identitatea onartzen denean, haur eta gazte hauen bizitza-kalitatearen adierazleak bere adineko beste haur eta gazteen mailara parekatzen dira. Ondorioa argia da: sufrimendua ez du bere berezitasunak sortzen, bere berezitasunaren ukapenak baizik.
Gure eskolak, haur eta gazte guztientzat hazteko gunea izan nahi badu, errealitate hau jaso behar du, eta haur hauei diren bezala garatu ahal izateko bidea eman behar die, diren bezala hazi daitezen.
Chrysallis Euskal Herria Elkartea 2015eko martxoan sortu genuen, 8 familiaren artean. Gaur egun 30 familia baino gehiago gara. Familia berrien prozesuak oso gertutik bizi eta lagundu ditugu: familien arteko harremanak sortzen, arreta sexologikoa ematen, informazioa eta formazioa egiten...
Eta, besteak beste, oso argi ikusi dugu, zein garrantzitsua den eskolaren eremuan laguntza egoki bat ematea. Horregatik, haur horien eskoletan hainbat esku-hartze egin ditugu, bai irakasleen klaustroetan, baita gurasoekin ere. Elkartetik egin dugun lan hau asko eskertu izan digute.
Gure apustua, hala ere, haur hauek dauden ikastetxeetan Formazio Plan Integrala instituzioetatik bermatzea da: alde batetik, irakasle eta bestelako langileekin; bestetik, ikastetxeko gurasoekin; eta, azkenik, ikasgeletan ikasleekin. Gai honetan ezagutza espezifikoa duten sexologiako profesionalek egin dute plana, hezkuntza arduradunekin eta haurraren familiarekin guztiz koordinatuta. Nafarroako Gobernua dagoeneko Plan Integral horren prestakuntzan ari da. Eusko Jaurlaritzak orain arte, Berdindu Eskolak zerbitzuaren bidez, irakasleei soilik eman izan die formakuntza, eta lehenbailehen gai honetan komunitate osoa modu koordinatuan heztearen garrantziaz eta premiaz jabetzea, eta Plan Integrala martxan jartzea espero dugu.
Geure elkartetik orain arte ikastetxeetan egindako formakuntza-saio horietan nagusiki transexualitatea ulertzeko oinarrizko informazioa eman dugu, argi ikusi dugulako errealitate honen ukapenaren gakoa ezagutza eza dela. Eta saio horietako funtsa, haur hauen errealitatea deskribatzen duen esaldi sinple batean datza: “Badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutilak”.
Baieztapen xume horrek, ordea, orain arteko egitura mental asko leherrarazten ditu. Eta baieztapen hori ulertzen laguntzeko gaur egun daukagun ezagutza guztia mahai gainean jartzen dugu: batetik kontzeptualizazio sexologikoa, bestetik zientziaren arlo desberdinetako ikerketa berrienek ematen diguten informazio eta, batez ere, gure haurrek (30 Euskal Herrian, 300 baino gehiago estatuan) adierazten diguten errealitatea. Egunerokotasunean haien existentziarekin erakusten diguten guztia.
Haurtzaroan transexualitatea ulertzeko gehiago jakin nahi duenak, Interneten eskuragarri dauka Gorlizen gurasoekin egin genuen fromakuntza-saioaren grabazioa, sare birtualen bidez informazioa zabaltzeko oso baliagarria izaten ari dena (https://youtu.be/bN2Zl3hiNXg).
Formakuntza saio horietan irakasleen jarrera oso positiboa izan da. Behin eta berriz aitortu digute: “Gai honi buruz ez dakigu ezer. Eta jakin nahi dugu, haur hauen bidelagun izan ahal izateko, haur hauek ere zoriontsuak izatea posible egiteko”. Eta oinarrizko ezagutza jaso ondoren, hauxe esan digute askotan: “Uste genuena baino sinpleagoa da!”. Eta gero: “Bale, baina orain, zer egingo dugu gure oinarrizko anatomiazko fitxekin? Bota beharko ditugu, ezta? Baina orduan zer erabiliko dugu?”.
Gure erantzuna: “Egokitu itzazue material horiek... Edo agian hobe, asmatu eta sortu itzazue zuek, ba, material didaktiko berriak! Elkarlanean ere sortu ahal ditugu, ezta?”. Noski, materialez gain, guk kontatzen duguna egokitu beharko dugu. Haurrei aukera emateko errealitate anitzak ulertzeko. Haiekin hausnartuz zer den neska eta mutil egiten gaituena...
Gure elkartetik ekarpen txiki eta xume bat egin dugu: haurrekin ikasgeletan transexualitatea lan-tzeko aitzindaria den ikasmateriala (https://goo.gl/5PMHHW). Aitzindaria ez soilik Euskal Herrian, baita mundu osoan ere. Aurretik ez baitzegoen ezer. Eta euskaraz eta espainieraz argitaratzeaz gain, beste 5 hizkun-tzatara itzuli dugu (galegoa, katalana, ingelesa, alemana eta italiera) eta oraintxe txinerara ere bai. Material didaktiko honek oso harrera ona izan du mundu osoan, sare sozialetan “birala” ere egin delarik. Irakasleen beharrak bultzatuta sortua. Ezagutza zabaltzeko asmoarekin. Euskal Herritik mundura.
Ikasmaterial horretan, hainbat fitxaren bidez, oinarrizko informazioa emateaz gain, indar handiko irudia erakusten da: zakila duen neska baten eta bulba duen mutil baten marrazkia. Eta honen indarra itzela da. Pentsaezina zena pentsagarri egiten duelako. Ikusezina zena ikusgarri egiten duelako. Honez gain, bulba duten mutilek eta zakila duten neskek, ziur aski lehenengo aldiz, beren burua nonbait islatua ikus dezakete. Guk geuk ikusi ahal izan ditugu gure haurren begiak eta aurpegiak nola poztu zaizkien irudi hauek ikustean, nola bere bihotzen taupadak azkartu diren. Haientzat irudi horien indarra neurrigabea da.
Horrelako material gehiagoren beharraz jabetuta, laster ikus-entzunezko material didaktikoa ere argitaratuko dugu. Eta geure neuronak astintzen jarraituko dugu beharrezkoak diren material berriak asmatzeko.
Ederra da berriki Irria aldizkariak argitaratutako komikia ere (https://goo.gl/DZI9sf), non protagonista, zakila duen neska bat, biluzik agertzen den. Guk dakigunez, mundu osoan komiki aitzindaria da hau ere.
Ikastetxeetan egin ditugun formakuntza-saioetan transexualitate egoeran dauden haur eta gazteen errealitateari aurre egiteko estrategiak ere partekatu ditugu. Eta irakasleen artean galdera eta zalantza asko sortu dira. “Zer egin komunekin?”, “eta aldageletan zer?”, eta...
Galdera eta zalantza gehienak adierazi duten iluntasuna oso palanka sinple batekin, ideia sinple batekin, argitu ahal izan dugu: zakila duten neskak, neskak dira; eta bulba duten mutilak, mutilak dira. Horren erraz!
Zalantzak argitzen dira argi baldin badaukagu identitatea ez dagoela hankartean, identitatea norberak adierazten duena dela. Norbera neska dela, berak neska dela dakielako; norbait mutila dela, hala adierazten digulako.
Gure ikastetxeetan komunak sexuen arabera bereiztuak baditugu... zein komunetara joango dira ilegorria duten neskak? Eta larru beltza duten neskak? Eta ezkerrak diren neskak? Eta zakila duten neskak? Erantzuna ez da zaila, ezta? Agian honek guztiak, komunen antolaketaren bidez inposatzen dugun neska eta mutilen arteko bereizketaren zergatia (zergatik!?) hausnartzera eramango gaitu. Baina hori beste kontu bat da, beste borroka garrantzitsu eta emankor bat. Hori bai, nahitaezkoa da hemen azaltzen ari garen gaiarekin ez nahastea. Zakila duten neskek eta bulba duten mutilek, beren identitatea ukatua izan delako edo, bere sexuko ezaugarriak azpimarratzeko beharra izaten dute eta beraiek, kasu gehienetan, komunak bereiztea nahi izaten dute. Beraien desioa, guztientzat beraiek bere sexuko komunetan sartzen direla argi gelditzea izaten da. Beste edozein neska edo mutil bezala. Beste mutil eta neska guztiak bezala.
Ikastetxean nesken aldagelak eta mutilen aldagelak bereiztuak baldin badaude... zein aldagelatan sartuko dira balletean aritzen diren mutilak? Eta betaurrekoak dituzten mutilak? Eta bulba duten mutilak? Garrantzi-tsua izango da, noski, aldageletan inoiz ez inori derrigortzea besteen aurrean biluztea. Aldageletako biluztasunak gorputzaren bizipen positiboan lagunduko duelako soilik biluztasun hori inposatua ez denean. Eta zakila duten nesken eta bulba duten mutilen kasuan, aldageletako egoera hau kontu eta goxotasun handiz lagundu beharko dugu, beraientzat egoera hori erraza ez izatea gerta daitekeelako.
Ikastetxean gabonak iristean baserritar jantziak aukeratzean, nortzuk jarriko dute buruan zapia eta nortzuk txapela? Nortzuk gonak eta nortzuk prakak? Hemen ere inposaketak azaltzen dira... Hain zaila egiten al zaigu uztea haur bakoitzak nahi duen mozorroa aukeratzea? Edo jantzi nahi duen arropa aukeratzea?
Honek beste errealitate batetara eramaten gaitu. Badaude zakila duten mutikoak ere panpinak gustuko dituztenak, azkazalak margotzea maite dutenak, soinekoak jantzi nahi dituztenak. Zergatik gizarte honetan mutil horiei debekatzen zaie diren bezala izan ahal izatea, zergatik inposatzen zaie nola jantzi behar duten, zertara jolastu behar duten?
Badaude (noski!) bulba duten neskatoak futbolean aritzea gustuko dutenak, ile motza nahiago dutenak, “guapa” egoteaz paso egiten dutenak, hitz zatarrak erabiltzea gustuko dutenak... Zergatik ez diogu uzten bakoi-tzari den bezalakoa izaten, hazten...?
Haurren garapenean jolas sinbolikoaren garrantziaz aspaldi ohartu ziren adituak. Haurrek nahi duten jolasean aritzeko eta libre sentitzeko beharra dute: panpinekin, borrokan, printzesatan, medikutan, haurdunarena egiten, animaliak izaten... berdin neska edo mutil izan, berdin zakila edo bulba izan.
Zergatik tematzen gara inposatzen mutilak maskulinoak eta soilik maskulinoak, eta neskak femeninoak eta soilik femeninoak izan behar dutela?
Zein da eskolaren helburua? Neskak eta mutilak guk nahi dugun bezalakoak izatea? Edo norbera den bezala jabetzen joatea, norberaren ezaugarriak garatzen joatea, norbera bere hegalak ahalik eta gehien zabaltzen joatea? Norbera bere koloreekin, bere berezitasunekin, bere ñabardura eta xehetasunekin... Erronka ederra gaur egungo eskoletan. XXI mendeko erronka. Aniztasunaren aberastasuna eta eskola eraikitzailerako ardatz.
Ikastetxeetan egin ditugun saioetan, irakasleek beste behar bat azaldu dute: beste ikastetxe batzuetan izandako antzeko esperientziak ezagutzea. Eta ideia honekin transexualitate egoeran dauden haurren ikastetxeen sarea sortu dugu Euskal Herrian: Loratuz Sarea. Sare honen bidez, antzeko errealitatea bizi izan dutenen esperientzia ezagutzea posible egiten ari gara: elkarri galderak egiteko, hausnarketak konpartitzeko, elkarlanean aritzeko...
Chrysallis Euskal Herria Elkartean kementsu ari gara lanean. Eta lanean jarraituko dugu. Ez dugulako gure seme-alabek haurtzaroa gal dezaten nahi. Ez dugulako suizidioaren itzal iluna haien etorkizunean nahi. Diren bezala onartuak eta errespetatuak izatea nahi dugu. Euren burua sentitzen duten moduan bizi ahal izatea nahi dugu, gainontzekoen moduan jolastea, ikasi, hazi eta garatu ahal izatea. Irribarre egin dezaten. Bizi ahal daitezen. Izan ahal daitezen.
Horretarako, haien bidaide eta laguntzaile izatea erabaki dugu gurasook. Eta eskutik behar dugu abentura honetan hezkuntza komunitate osoa.
Eta hau dena irripar handi batekin esaten dugu. Gure haurren bizipozak sortzen digun irriparra. Jakinda, noski, hau guztia oso kontu serioa dela. Gure seme-alaben bizitza baitago jokoan.

1 Artikulu hau Chrysallis EHko kidea eta irakaslea den Marian Emazabalen laguntzarekin idatzi da.

2 Chrysallis Euskal Herria, zakila duten nesken eta bulba duten mutilen familien elkartea da.