EUSKARAREN GINKANA. Euskaraz eta euskararekin jolastea xede

2016-11-01

Azkue Fundazioak, Ekoguneak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, Euskararen Ginkanaren 5. edizioa egingo da urriaren 17tik abenduaren 3ra bitartean. Internet bidezko 6 proba egingo dira 2016ko abenduaren 3tik 2017ko urtarrilaren 19ra bitartean, gaitzat hizkuntza praktika ekologikoak hartuta. Finala 2017ko urtarrilaren 28an jokatuko da Donostiako Kutxa Ekogunean, eta talde garaileak 3.000 euro jasoko ditu euskararen aldeko egitasmo bat finantzatzen erabiltzeko.

 
 

Munduko bioaniztasuna babesteko ekintzaile ekologisten lana eta ekintzak ezagunak ditugu, baina munduko hizkuntza aniztasunak ere babesa behar duela barneratu al dugu? Hiz-kuntzen aldeko ekintzaileak behar ditugu, hizkuntza-ekologistak!”. Hala dio Euskararen Ginkanaren 5. edizioko sarrerako testuak. Izan ere, aurtengoan hizkuntza praktika ekologikoak hartu ditu gaitzat lehiaketak. Alegia, gainditu beharreko probak eta galderak hizkuntzen garapen jasangarrirako lagungarri gertatzen diren hiztun eta hizkuntza-komunitateen ekimen eta praktikei lotuak izango dira. Hala, Euskararen Ginkanaren lehiaketako probetan, hizkuntza aniztasuna bermatzeko erronka unibertsalari jolasaren bidez heldu zaio.

Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen taldeko lehiaketa da Euskararen Ginkana. 5. edizio honetan, bigarren urtez, Azkue Fundazioaren lagun-tza izango du antolaketa lanetan eta Euskaltzaleen Topaguneak egingo ditu koordinazio lanak. Helburua da herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna eta euskararen erabilpena sustatzea, hizkuntzen zein aniztasunaren jasangarritasuna eta hizkuntza-ekologiaren kontzeptuak ezagutzera emanez. Horretarako, urteko gai zehatz bat aukeratzen da eta burutu beharreko probak gai horri buruzkoak izaten dira.
Bi fasetan burutzen da Euskararen Ginkana. Lehen fasean, Internet bidezko sei proba erantzun beharko dituzte taldeek. Horietan puntuaziorik altuena eskuratzen duten lau taldeak pasako dira bigarren fasera, Ekogunean ospatuko den finalera, hain zuzen ere. Bertan proposatzen diren probetan puntu gehien biltzen dituen taldea izango da 5. edizioko irabazlea.

Izena emateko aukera,

abenduaren 3ra arte
Lehiaketan parte hartu ahal izateko, 4-6 laguneko taldeak osatu eta euskararenginkana.eus webgunean dagoen galdetegia bete behar da. Abenduaren 3ra arte dago zabalik izena emateko epea. Lehiaketan onartua izateko, formularioa egoki osatzeaz gain, taldearen aurkezpen-bideoaren esteka itsatsi behar da. Bideoan, taldearen aurkezpena egin behar da batetik; eta bestetik, Ginkanako sariarekin finantzatu nahi den euskararen aldeko egitasmoa zein den azalu behar da, labur-labur, 2 minutu ingurutan. Proiektu edo egitasmo horiek era askotakoak izan daitezke: aurrez martxan daudenak edota aurrera begira burutu nahi direnak. Guztiek, baina, euskararen aldeko ekarpena egin beharko dute, arloa edozein izanik ere: hezkun-tza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak... Sarean Euskararen Ginkanaren berri emateagatik puntu gehigarriak lortu ahal izateko, talde lehiakide bakoitzak taldeko twitter-kontua ireki beharko du. Proba bakoitzean zehaztuko da puntu gehigarriak nola lortuko diren eta lehiaketaren amaieran banatuko dira puntu horiek.  

Parte hartzeko baldintzak

Parte-hartzea taldekakoa izango da. Talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko duten 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira horretarako. Parte-hartzaile guztiek 2001ean edo lehenago jaiotakoak izan beharko dute. Taldeak egitura formalik gabeko lagun koadrila edo guraso zein ikasle taldeak izan daitezke. Baita egitura formala duten elkarte desberdinetako taldeak ere, hala nola, euskalgintzako taldeak, talde feministak, erakunde sozialak, talde ekologistak, tokiko enpresak, eta abar.
Izen-ematea egoki osatzen duten talde parte-hartzaileek, 2016ko abenduaren 3tik 2017ko urtarrilaren 19a bitartean euskararenginkana.eus webgunean astero argitaratuko diren probak burutu beharko dituzte. Fase horretan proposatuko diren probek ez dute loturarik izango beraien artean. Ez da beharrezkoa proba bat gaindi-tzea hurrengoak egin ahal izateko.
Astero proba bat proposatuko da eta aste beteko epea egongo da erantzunak bidaltzeko. Taldeek burutzen duten proba bakoitzeko puntuak gehituz egingo da finalerako sailkapena.
Webgunean eta sare sozialetan emango da lehiaketaren eta taldeek egin dutenaren berri. Lehen fasea amaitutakoan, puntu gehien bildu dituzten lau taldeak pasako dira finalera. Berdinketa egonez gero, talde horien arteko zozketa egingo da. Lehen faseko probak erantzuteko epea 2017ko urtarrilaren 19an amaituko da.
Finala Donostiako Ekogunean jokatuko da 2017ko urtarrilaren 28an eta bertan proposatuko diren probetan puntuazio altuena lortzen duen taldea izango da Euskararen Ginkanaren 5.edizio honetako irabazlea. Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu euskararen aldeko egitasmo bat finantzatzeko.