ARRETA GOIZTIARRA SANTO TOMAS LIZEOAN. Prestakuntza, zailtasunetan dauden haurrei erantzuteko benetako tresna
“Hezitzaile izatea oso erantzukizun handiko lanbidea da; ez da objektu batzuekin aritzeko teknika bat, ez. Pertsonekin egiten da lan; batzuetan, zailtasunak dituzten pertsonekin, sufrimendu handia pairatzen duten pertsonekin. Eta guk, hezitzaile garen aldetik, ezin dugu edozein modutan lan egin: ondorio positiboak edo ondorio latzak izan ditzake guk egiten dugunak. Ez da metodologia kontua; ez da protokolo kontua. Pertsonen arteko gauza bat da”. Alvaro Beñaran psikomotrizistaren hitzak dira. Arreta goiztiarrean lan egiten du, benetako arreta goiztiarrean. Horri buruz aritu zen Hik Hasik azaroaren 4an eta 5ean Bilbon eta Donostian gai horri eskainitako jardunaldietan. Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri berri dituen protokolo eta dekretuen gainetik, pertsonen arteko harremana eta lankidetza daude, eta horietan oinarritzen da psikomotrizistaren iritziz arreta goiztiarra. Printzipio horiei jarraituz egiten du lan Donostiako Santo Tomas lizeoan. Hango esperientzia azaldu zuen.
Haurrak beren osotasunean etortzen dira eskolara, euren zailtasun eta guzti. Beraz, hezitzaileek ezin dituzte utzi zailtasun horiek hezkuntzatik kanpo, “kanpoko esekilekuan”. “0 urtetik 6ra bitartean, globalak dira haurrak; haurra bere mugimenduarekin, bere afektuekin eta bere adimenarekin dator eskolara, eta, hiru urte ingururekin hitza agertu arte, eginez adieraziko du hori guztia, jolastuz eta ekintzaren bidez. Egiten dutenaren bitartez, gorputzaren bitartez eta harremanen bitartez kontatuko digute haurrek nola dauden, zer gertatzen zaien, zer nahi duten, zer ezin duten”. Hori guztia interpretatzeko, tresna bat behar du hezitzaileak, metodologia, protokolo eta dekretuen gainetik: prestakuntza. “Hezitzaileok geuk hasi behar dugu 0-6 adin-tarteari eta, batez ere, 0-3 tarteari garrantzia ematen, gizarte honek justu alderantzizkoa egiten du eta. Guk eman behar diegu garrantzia bai etapa horri eta bai etapa horretan lan egiteko hezitzaileok behar dugun prestakuntzari”.
Santo Tomas lizeoan, baliabideak bilatzen hasi ziren galdera honen aurrean: zer egin dezakegu zailtasunak dituzten haurrei erantzuteko? Beñaran ez da Santo Tomas lizeoko langilea; psikomotrizista-lanak bete-tzera joaten da astean hiru egunetan. Bi, hiru eta lau urteko haurrekin lan egiten dute, eta haiei zuzenduriko laguntza-sistema bat eraiki dute, psikomotrizitatearen bitartez. Beñaranek ez du terapiarik egiten eskolan: “Hasieran, mundu terapeutikoa sartu genuen ikastolan, adin guztietako haurrekin. Baina, urteak pasatu ahala, konturatu ginen ezetz, gauzek beren lekua behar dutela. Terapia terapia da, eta eskola eskola da”. Hezkuntza-laguntzako sistema bat osatu zuten, prebentzio-proiektu bat, adin txikienekoentzat, bi urteko haurrentzat. Zailtasunak dituzten haurrei eta haien familiei laguntzea da proiektuaren helburua. Haurrei dagokienez, zailtasunak hautematea eta erantzuna bilatzea da helburua, eta, familiei dagokienez, familiari gaitasuna ematea eta ez blokeatzea; euren haurrekin harreman egokiak ezartzeko gai direla sentiaraztea. “Ezin diogu familia bati esan: ‘Zure haurrak zailtasunak ditu, eta agur, konpondu zuen kasa’. Ez. Guk printzipio bat daukagu: familiari ezer esan baino lehen, zailtasunak dituen haur horren familiari zer-nolako bidea proposatuko diogun jakin behar dugu guk. ‘Zure haurrak zailtasunak ditu, eta laguntzeko hau eta hau egin daitekeela pentsatu dugu’. Horrekin lotuta, beste printzipio bat ere badugu: egia esan behar dela uste dugu, ez direla gauzak ezkutatu behar; baina hori nola egingo dugun kontu handiz zaindu behar dugu. Familiarengan gehiegizko larritasuna sor dezakeen gaia baita”.Familia batzuen kasuan, eskolan esango diete lehen aldiz euren semeak edo alabak zailtasunak dituela. “Desberdina da haur bat eskolara bideratuta etortzea (gurasoek badakite zailtasun bat dagoela), edo zerotik etortzea, ezer jakin gabe, eta gu izatea familiari lehen aldiz haurrarengan zer ikusi dugun esan behar diogunak. Familia horrentzat, heriotza sinboliko bat esan nahi du guk esango diogunak. Guraso guztiok ditugu seme-alabekiko espektatibak eta esperan-tzak, helburuak, proiektuak, asmoak, ametsak; eta, bat-batean, zera esaten dizu norbaitek: ‘agian, murriztu egin behar dituzu zure ametsak; zure espektatibek ezin dute izan zuk nahiko zenituzkeenak’. Zerbait hiltzen da hor; heriotza bat dago”. Heriotza horren aurrean, dolu bat pasatu beharko du familiak, eta, Beñaranen arabera, bereziki sentiberak izan behar dute profesionalek une horretan; “gerta-tzen denarekin enpatizatu egin behar dugu”. Ukazioa izango da albistea jaso duen familiaren lehen erreakzioa. “Ez, ez, ez; hau ez da posible; oker zaudete, nire haurrak ez du horrelakorik; nire haurra normala da; hori ez da posible”. Eta proiekzio bat dakar ukazio horrek, Beñaranek azaldu zuenez, proiekzio agresibo bat: “Eraso bat da niretzat nire haurrak zailtasunak dituela esatea, eta gaizki sentitzen naiz; eta aurpegiratu egingo dizut hori”. Familia batzuen erreakzioa, espezialistak azaldu zuenez, eraso egitea izan ohi da. Ukazio hori erreakzio arrunta dela azaldu zien Beñaranek hezitzaileei: “Argi izan behar dugu familia horrek ez duela hori egiten pertsonalki gure kontra dagoelako, ez; erreakzio emozional logikoa da, heriotza sinboliko horrekin eta doluarekin zerikusia duena”. Familia hori minduta dagoela jakin behar dute hezitzaileek, eta, gainera, errudun sentitzen direla askotan: “Nire haurrak zailtasunak baditu, nik zerbait gaizki egin dudalako da”. Gurasoek lehen une horretan sentituko duten segurtasun-faltaren berri eman zien hizlariak en-tzuleei: “Halako egoeren aurrean, oso garrantzitsua da une hori prestatzea. Horregatik pentsatu behar dugu zer egin, zer esan, nola esan, nork esan, non esan, noiz esan, zertarako esan. Eta, gauza horietarako guztietarako, interesgarriak dira protokoloak, bai, eta metodologiak, eta argi edukitzea zeinek esaten duen, zer esaten duen, nola esaten duen, nola prestatzen den bilera hori... Haur batek zailtasunak dituela argi dugunean, prestatu egin behar da lehen bilera hori. Noiz izango da? Nor egongo da bilera horretan? Zertarako esango diegu hori? Kontua ez da guk dakiguna esatea, ez; kontua da hori zerbaitetarako esatea; zerbaitetarako biltzen gara gurasoekin, lagungarri izateko”.Espezialistaren rola dauka Beñaranek Santo Tomas lizeoan. Bi urteko haurren egokitzapenari buruzko lehen bileran ezagutzen dute gurasoek psikomotrizista. Ondoren, behaketa egiten du bi urteko haurren geletan. “Egokitzapen-garaian hasten da behaketa; gurasoak haurrekin gelara etortzen direnean, orientatzailea eta biok egoten gara han. Adibidez, gorputza aztertzen dugu, zer gorputz ikusten diren, zer mugimendu ikusten diren haur horiengan, zer egiten duten haur batzuek, zer-nolako harremanak sortzen dituzten haur horiek besteekin, beren gurasoekin, helduekin, espazioekin...”. Eta, jada une horretan, gauza deigarriak ager-tzen dira. “Oharrak hartzen ditugu, baina ez dugu ondoriorik ateratzen; aurreiritzi gehiegi ez izaten saiatzen gara.” Egokitzapenaren ondoren, gelaz gela joaten da, eta behaketa egiten du; andereñoarekin hitz egiten du, ea beste haurren bat aztertzeko premiarik ikusten duen jakiteko. Lehenengo hiruhilekoa behaketa egiteko eta informazioa biltzeko izaten da Santo Tomas lizeoan.“Pixkanaka, gure arreta erakartzen du haur batek edo bestek: mugitzen ez den honek, gehiegi mugitzen den beste horrek, jolasten ez den hark, hitz egiten ez duen halakok... Eta gauza horiei erreparatzen diegu pixkana”. Haurren inguruko informazioa bildu ostean, familia jakinaren gainean dagoen ala ez ikusten dute; horretarako, garrantzitsua da gurasoek andereñoarekin egiten dituzten bileretan informazioa ematen duten edo ez ikustea. Zailtasunak dituzten haurrei eta haien familiei laguntzeko, psikomotrizitatea erabiltzen du Beñaranek Santo Tomasen. Horretarako, ordea, gurasoen adostasuna behar dute lehenik: “Ez ditugu haurrak hartzen, gurasoek nahi ez badute. Batzuetan, gertatu izan zaigu gurasoek gu sar-tzerik ez nahi izatea, eta errespetatu egiten dugu guk hori. Itxaron egiten dugu. Esan bai, esaten diegu zer ikusi dugun eta zer izan daitekeen gure ustez lagungarri haur horrentzat; baina gurasoen esku dago onartzea edo ez onartzea”. Baiezkoa eman duten familien haurrekin, bigarren hiruhilekoan hasiko dira lanean. Bi, hiru, lau edo bost haurreko talde txikiak egiten dituzte, haurren ezaugarrien arabera. Baina kasu batzuk ezin dira bideratu eskolan, edo ez da aski eskolako tartearekin, eta kanpora bideratu behar izaten dituzte. “Kanpora bideratzen direnean, arlo publikora eta pribatura jo daiteke. Gipuzkoan, behintzat, oso gogorra egiten zitzaigun zenbaitetan arlo publikoan lan egiten duten lekuetara bideratzea. Aukera hauek genituen: Gautena: autismoa; Aspace: garun-paralisia; eta, bestela, haur-psikiatria. Oso gogorra da gurasoak horietara bideratzea. Ez zen erraza lehen pauso arinago bat ematea”. Horregatik, urteen joanean, konfian-tzazko bulego pribatuen sare bat osatu dute. “Baina arazo bat dago hor ere: ordaindu egin behar da pribatua”.Hezitzaileen prestakuntza
Haurrak eta familiak bezala, hezi-tzaileak ere oso kontuan izaten ditu Beñaranek Santo Tomas lizeoko esperientzian. “Baliabideak eman behar zaizkie hezitzaileei. Batzuetan, hezitzaileak esango die gurasoei zer ikusi dugun, eta oso zaila, delikatua eta kontuz egitekoa da zeregin hori. Haiek azaltzen diete ikastetxean zer laguntza dauden ere”. Hezitzaileei lasaitasuna ematea da Beñaranen zereginetako bat: “Ez dakigu guraso horiek nola erantzungo duten; oso gaizki hartuko dute agian, eta hezitzailearen kontra jo dezaketela argitzen diet. Gurasoen mugimendu emozional hori ulertzeko prestatzen ditugu irakasleak, ez baitauka zerikusirik hezitzailearekin berarekin, per-tsona horrek une horretan ordezka-tzen duen rol sinbolikoarekin baizik”.Egoera zail horiei erantzun egokia emateko, argi dauka Beñaranek zer tresna behar duen irakasleak: prestakuntza. “Prestakuntza handia behar da 0-6 adin-tartean, 0-3 adin-tartean bereziki, pertsonekin ari garelako lanean; areago, zailtasunak dituzten pertsonekin. Emozio horiek gainera botako dizkigute, eta prest egon behar dugu guk horiek onartzeko eta borrokan ez sartzeko. Prestatuta ez banago, kontraerasoan has naiteke, eta familiaren kontra jar naiteke. Profesional garen neurrian, egoera horretatik irteten jakin behar dugu, gure helburua haurrari eta familiari laguntzea baita, beren haurra ulertzen laguntzea, eurek ere euren haurrari lagundu ahal izateko, eta ez arrazoia edukitzea”.Hitzaldiaren goiburutik, benetako arreta goiztiarrari eman zion garrantzia Beñaranek. “Protokolo eta dekretuen gainetik, hezitzaile bakoitzak zailtasunak dituzten haurrei ematen dien erantzuna da garrantzitsuena; ez dugu pentsatu behar protokoloek ezer egingo dutenik, eskalek esango digutenik nolakoa den haur hori, ez. Zer egin dezaket nik, nire lekutik, haur horri laguntzeko?”.Hizlariaren arabera, hezitzaileak ez du eskolan arreta goiztiarreko espezialista izan behar, “baina bai kalitate oneko heziketan espezialista; harreman eta giro bikainak sortzeko prestatu behar dugu, haurrak seguru senti daitezen”. Konfiantzazko giro orokor hori sortzen denean, zailtasunak dituzten haurrek ere nabarmen egin dezaketela hobera azaldu zuen: “Kalitate oneko heziketak lan handia egiten du prebentzioan eta zailtasunak gutxitzen”. Psikomotrizistarentzat, oso garrantzitsua da hezitzailea egitura baten barruan sentitzea: “Hezitzaileak ez luke bakarrik egon behar; hezitzaileak bere lekua betetzeko, beste batzuek eurena bete behar dute. Eta, gero bai, elkarlanean jardun behar dute, bakoitzak bere lekutik”.Haurra detektatuta dagoenean
Lehenengo, haurrak eskolara detektatu gabe iristen diren egoerak aipatu zituen Berañaranek. Baina gertatzen da, baita ere, haurrak bideratuta edo detektatuta iristea ere. Arreta goiztiarraren sisteman dauden haurren kasuan ere, bada zer hobeturik, Beñaranen hitzetan: “Eskolara arreta goiztiarreko zerbitzuan dabilen haur bat eta familia bat etortzen direnean, kasua azaldu beharko liguke norbaitek. Kalitate oneko heziketa garatu ahal izateko, koordinatuta jaso behar dugu informazioa”. Bada, zer-nolako informazioa jaso behar du eskolak, arreta goiztiarreko zerbitzuan dabilen haur bat eskolara iristean? “Asko zaindu behar dugu informazioa; lagungarri delako emango da beti, eta informazio hori erabiliko duenari modu egokian eta profesionalki erabiltzeko emango diot; ez diot edozeini emango. Isilpekotasunak leku garrantzitsua bete behar du eskoletan, eta baita koordinazioak ere. Profesionalen artean koordinatuko bagina, sufrimendua kenduko genieke familiei. Zehaztuta eduki behar dugu eskolara nor etorriko den informazioa ematera; informazio hori nork jasoko duen eskolan, hezitzaileak, orienta-tzaileak, Berritzegunekoak... Bakoitzak zer funtzio betetzen duen jakin behar dugu; pertsonen izenak jakin behar ditugu; zailtasunak dituen haur bat dugunean, eskolan norengana jo behar dugun jakin behar dugu, eta zer baliabide ditugun”. Erdibideko kasuak ere gertatzen dira: haurrak bideratu gabe egonagatik, gurasoak jakinaren gainean egotea. “Eskolan, oso egoera desberdinak aurkituko ditugu, eta argi izan behar dugu egoera horiek guztiak daudela, eta ezin dugula egoera guztietan berdin jokatu. Eta gure jarrerak eta gure hitzak egoeraren arabera egokitu beharko ditugu”. Haatik, haurrak zailtasunak dituela ohar-tzeak ez du esan nahi hezitzaileak eta espezialistak badakitenik haur horrek zer daukan. “Batzuetan, esan behar da ez dakigula haurrak zer daukan, ez eta zer gertatuko den ere; baina elkarrekin lan egin dezakegu.”Protokolorik behar izatekotan, segurtasun-protokolo bat aldarrika-tzen du Beñaranek. “Printzipio bat daukagu guk gure lanean: haur batek, bere zailtasunak gainditzeko, segurtasuna lortu behar dugu haren baitan. Zailtasunak dituzten haurrengan ikusi ohi den indize baten arabera, haur horiek ez daude seguru, ez dira seguru sentitzen bizitzan, gaixotasun organiko batengatik, edo egoera traumatiko batengatik... Bere burua arriskuan ikusten du”. Horregatik, kontu handiz zaindu behar da nola hurbiltzen den eskola haur horrengana, zer estrategia erabiltzen dituzten hezitzaileek eta espezialistek, zer urrats egiten diren familiarekiko, seguru sentitzea baita helburua. “Zer gertatzen zaio segurtasunik gabeko familia bati? Blokeatu egiten da; seguru sentitzen bada, askatu egiten dira haren gaitasunak, eta haurrarekin gauzak egitera ausartuko dira; badakite nola bideratu beren haurrarekiko harremana”.Etorri diren protokolo eta dekretuen aurrean, mezu argi bat zabaldu zuen Beñaranek, bukatzeko: “Bete ditzagun protokolo horiek, bete ditzagun gizatasunez, bete ditzagun pertsonaz. Egin dezagun gure lana erantzukizunez. Metodologiek ez digute lana egingo; guk egingo dugu, eta pertsonekin ari gara hemen, ez objektuekin, ez makinekin. Gu ere pertsona gara, eta, horregatik, gure erresonantziez jabetu behar dugu; askotan, gaizki sentitzen gara, eta segurtasun-falta sentitzen dugu; ez dakigu beti zer daukan haurrak. Zaindu informazioa, zaindu haurra, zaindu familia eta zaindu zeuen burua”.