Emmi Pikler
Pedagogo sortzaileak izeneko monografikoa eguneratzen dihardu Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, eta datorren ikasturtean emango du argitara edizio berritua. Hainbat pedagogo liburuxkan txertatu aurretik, ordea, hik hasi aldizkarian argitaratuko du haien inguruko informazioa, pedagogiako zein psikologiako adituen eta arituen eskurik. Emmi Piklerren inguruko ekarpen hauxe da zerrenda horretan lehena.
Emilie Madleine Reich, Emmi Pikler, Vienan jaio zen, 1902ko urriaren 9an. Aita hungariarra zuen, eta ama, berriz, austriarra. Ama (Emmik 12 urte zituela hil zen) haur-eskolako maistra zen, eta aita zurgina.
Budapesten igaro zuen haurtzaroa, 1908an familia hara aldatu bai-tzen, eta 1920an itzuli zen Vienara, medikuntza-ikasketak egitera eta pediatrian espezializatzera.Garai hartan, kulturaren, politikaren, zientziaren eta artearen esparruetan garatzen ari ziren korronte aurrerazaleen elkargunea zen Viena. Gauza bera gertatzen zen hezkuntzaren eta pedagogiaren esparruetan ere: horren adibide ditugu Eskola Berria (Decroly, Freinet, Montessori…) eta Psikoanalisia bereziki.1930ean, György Pikler pedagogo aurrerazalearekin ezkondu zen, eta haren ideiak oinarri hartu zituen bere ibilbide profesionalean. 1931n izan zuen lehenengo alaba.Triesten urtebetez bizi ondoren, familia Hungariara joan zen bizitzera, 1932an.1935etik 1945era bitartean, familia-pediatra gisa lan egin zuen, eta, 1946an, Hungariako gobernuak hala eskatuta, ume abandonatuentzako eskola bat sortu zuen, Loczy kaleko 3. zenbakian.1979an erretiratu zen, Loczyren zuzendaritza Judit Falk-en eskuetan utzita, eta 1984ko ekainaren 6an hil zen, gaixotasun labur baina larri baten ondorioz.Nahitaezko erreferentea, 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurren hazkuntzan eta hezkuntzan: zergatik?
Emmi Piklerren eta Loczyko umezurtzen eskolako lankideen lana ez zen ezagutu denbora luzean Mendebaldeko Europan.Varsoviako Ituneko partaidea zen Hungaria, eta Sobietar Errepublikarekin bat egiten zuten Europako herrialde edo gobernuak biltzen zituen, hain zuzen, itun horrek (“Altzairuzko Oihaletik haragoko” herrialde gisa ezagutzen ziren hemen). Horren ondorioz, zoritxarrez, hermetismoa edo komunikazio falta nabarmendu zen Ekialdeko Europaren eta Mendebaldeko Europaren artean.Baina zerbait aldatzear zegoen…1951. urtetik 1957. urtera bitartean, mundu osoan zehar jasotako datuetan oinarrituta, azterketa bat egin zuen J. Bowlby-k, txikitan (2 edo 3 urte izan arte) umezurztegietan edo beste mota bateko erakundeetan, hots, familia-giro normaletik kanpo, bizi izan ziren pertsonei buruz. Azterketaren ondorioa oso etsigarria izan zen, ikertutako pertsona gehienek nahasmendu garrantzitsuak baitzituzten euren bizitzako hainbat alderditan (afektibo-emozionalean, harremanen arloan, arlo kognitiboan, lan-esparruan…).Umezurztegitik irten eta familia batean bizi izan zirenetan ere agertzen ziren nahasmendu horiek, geroago bazen ere. Erakunde batean igarotako bi edo hiru urte horiek ziren, hain zuzen, horren kausa.1963an, Margit Hirsch-ek antzeko azterlan bat, zabalagoa, egin zuen Hungarian, eta azterketa horren ondorioak Bowlbyk ateratakoen oso antzekoak izan ziren, eta haiek bezain etsigarriak…Hala ere, maila zabalean egin ziren azterketetan, ikertzaile taldearen arreta bereganatu zuten hogei bat haurrek. Erakunde batean bizi izandako haurrak ziren baina garapen egokia zuten: Loczyn hazitako haurrak ziren guztiak.Emaitza harrigarri horien ondorioz, Hungariako Zientzien Akademiako Psikologia Institutuak beste ikerketa bat sustatu zuen 1964an: gutxienez 6 hilabetez eta gehienez 34 hilabetez Loczyn bizi izan ondoren, familia-giro normal batean bizitzera joan ziren 30 haur aukeratu zituzten ausaz.Ikerketa horretan, 30 haur horietako inork ez zuela J. Bowlbyk eta R. Spitz-ek deskribatutako ospitalismo-sindrome berantiarrik egiaztatu zuten.Zer gertatzen zen Loczyn?Ohiz kanpoko zer egiten zen han, etxe horretan hazitako haurrek nahitaezkoak zirela uste zen nahasmendu haiek ager ez zitzaten?Horrelako galderak edo antzekoak egin zituzten ziur asko Myriam David haurren psikiatrak eta Geneviève Appell haurren psikologoak, 1968an lehenengo aldiz Loczy bisitatu zutenean; harrituta gelditu ziren umezurtz-eskolan zegoen giroaz eta haurrek zuten itxura zoragarriaz.Asko kezkatzen zituen Frantziako umezurztegien egoerak, eta, 1971n, Loczyra itzuli ziren, azterketa sakon bat egiteko helburuarekin.Bigarren bisita haren emaitza izan zen, hain zuzen, 1973an argitaratu zuten liburua: Lóczy ou le maternage insolite (Loczy edo ezohiko amatasuna; gaur egun eskuragarri dugu gaztelaniaz: Lóczy, una insólita atención personal, Octaedro argitaletxea)Lóczy ou le maternage insolite liburuari esker ezagutu zen Mendebaldean Emmi Piklerren eta, harekin batera, Loczy kaleko umezurtz-eskolan lanean ari zirenen lana.Piklerren Hezkuntza Proiektuaren eraikuntza progresiboa. Mugarriak
Pediatra bikain hark egin zuen lanaren eta Piklerren Hezkuntza Proiek-tuaren eraketaren lekuko izan dira XX. mendearen zati handi bat eta XXI. mendea. Lehenengo mugarria, jakina, 1920ko hamarkadan Vienak bizi zuen aparteko giroan jasotako prestakuntza da. Pediatra-espezializazioa egiten ari zen Unibertsitate Ospitaleko eguneroko bizitzan ere nabari zen giro hura. Clemens von Pirquet maisuaren eta Hans Salzer haur-kirurgialariaren zuzendaritzapean egin zuen espezializazioa. Oso kontuan izan zituen luzaroan ospitalean haurrekin lan egiten zen modua eta haurrekiko jarrera. Hantxe eta garai horretan trebatu zen, hain zuzen, itzuli ondoren Budapesten praktikan jarriko zituen printzipio haietan:Pediatriako zaintzak eta osasun-azterketak adeitasunez, maitasunez, egiten ziren, haurrarekin enpatia-harreman bat sortuz, eta eskuetan bizirik zegoen eta sentikorra eta hauskorra zen haur bat zutela kontuan hartuta.Gaixorik zeuden haurrak ez ziren egun osoan ohean egotera behartzen; jolaserako bereziki prestatutako txokoetan jolasten ziren, baita txikienak ere.Bularreko haurren arropa ere ez ezohikoa: oinak ez zituzten bilduta, eta pixoihalak ere ondo erantsita eramaten zituzten, aske mugitu ahal izateko.Haurrek, baita bularreko haurrek ere, aire zabalean igarotzen zituzten egunean hainbat ordu balkoi txikietan, baita neguan ere, hotzetik ondo babestuta.Debekatuta zegoen koilarakada bakar bat gehiago ematea haurrei, baita bularreko haur gaixoari ere, gehiago ez zutela nahi adierazten bazuten.Hasierako garai horretakoak dira, baita ere, motrizitateari eta umearen berezko jarduerari buruzko ideiak. Emmi Piklerrek sumatu zuen haurraren jardueran muturra sartzeko tentazioari eutsiz gero, haurraren ordez egiteko, aktiboki estimulatzeko edo gauza bat edo beste egitera bultza-tzeko tentazioari eutsiz gero, haurrak bere burua aktibatzen zuela jardueraz gozatuz, eta, gainera, konfiantzaz eta ausardiaz egiten zuela aurrera egunetik egunera.
Horrez gain, ziur zegoen haur batek ez zuela heldu baten esku-hartzerik edo laguntzarik behar ahoz gora etzanda egotetik esertzera, zutitzera eta trebetasunez oinez ibiltzera igarotzeko.• Bigarren mugarria 1930ean György Pikler pedagogo eta matematikariarekin ezkontzea izan zen, eta 1931n haien lehenengo alaba, Anna, jaiotzea.György Piklerrek ere partekatzen zuen emazteak haurraren garapenari buruz zuen interesa. Alabak garapen osasuntsu bat izan zezan beren esku zegoena egitea erabaki zuten biek, eta horrela, Emmi Piklerrek aukera izan zuen bere ikusmoldeak praktikan jartzeko: garapena ez bizkortzea, erritmo naturala errespetatzea eta haurraren beraren ekimenetan konfiantza izatea, mugitzeko askatasuna eta jarduera autonomoa sustatuz.• Hirugarren mugarria 1935. urtetik 1945. urtera familia-pediatra gisa izandako esperientzia da.Pediatra-lanari buruz zuen ikuspegia oso originala edo berezia zen garai hartarako (baita gaur egunerako ere): Emmi Piklerrek garrantzi handiagoa ematen zion haurraren familiari laguntzeari eta haurraren garapen fisiko eta psikologikoari, gaixotasuna sendatzeari baino.Haurtxoen eta umeen familiak gutxiago esku hartzera eta gehiago behatzera gonbidatzen zituen, eta haur osasuntsu, aktibo, gai eta bake-tsu baten ikuspegia, bere buruarekin eta inguruarekin bakean bizi den haurraren ikuspegia, partekatzen zuen haiekin.Astero joaten zen familien etxeetara, amarekin batera haurra behatzera, eta xehetasunei buruz, eguneroko gauza txikiei buruz eta gurasoen eta haurraren artean kalitatezko harremanean oinarrituta mugitzeko askatasunak eta segurtasunak duen garrantziari buruz hitz egiten zuen amarekin.Horrela, pediatra gisa lan egin zuen 10 urte haietan, bere ideiak egiaztatu ahal izan zituen, eta saiakerak egiteko, aberasteko eta koherentziaz jositako printzipio multzo bat osatzeko aukera izan zuen.• Laugarren mugarria Emmi Piklerrek eta bere lankideek umezurtz-eskolan egin zuten lana da, 1946an sortu zenetik 2011ko udaberrian itxi zen arte egin zutena, alegia.Emmi Piklerrek umezurtz-eskola bere kargu hartu zuenean, kezka bakarra zuen: haur bakoitzaren ongizate fisikoaz, afektiboaz eta psikikoaz arduratzea eta haur bakoitza ahalik eta hobekien garatzeko beharrezkoak ziren baldintza egokiak bilatzea. Gurasoekin lotura esanguratsu bat ez izateak eta erakunde batean bizitzeak sor ditzakeen gabezia dramatikoak ekiditea eta haurrei beren garapena babestuko zuen bizi-esperientzia bat eskaintzea zituen helburu.Umezurtz-eskola horretan, bularreko haurrak jaso zituen, eta haien zaintza eta erakundeko bizitza antolatzen saiatu zen, familietan harmonia osoz hazten ikusi zituen haurrek zuten garapenaren ahalik eta garapen antzekoena izan zezaten.Haurrei afektiboki lagunduta jarduerak garatzeko eta mugitzeko askatasun osoa eskaintzea oinarrizko printzipio zuen pedagogia garatu zuen Loczyn helburu horrekin.Pediatra gisa izandako esperientzia zabal eta bereziaren ondoren, umezurtz-eskolak aukera paregabea eskaini zion, han lan egiten zuen taldearekin batera, ordura arteko aurkikuntzak sakontzeko, egiaztatzeko eta aberasteko.Horrexegatik, hain zuzen −eta guretzat zorionez−, ikerketagune ere bihurtu zen Loczy ezinbestean, eta haurraren garapenaren hainbat alderdiri buruzko behaketa sakonak egin ziren han. Ez zen ezer ausaz egiten, ezta hezitzaileen inprobisazioa ere. Guztia zehaztasunez pentsatzen, aurreikusten, aplikatzen, egiaztatzen eta ebaluatzen zen, helburu bakar batekin: haurrek taldearen barruan garapen harmoniatsu edo orekatu bat izateko behar zituzten baldintza egokiak sortzea eta lantzea.Umezurtz-eskolako garai luze eta emankor horretan formulatu ziren esplizituki Loczyren Hezkuntza Proiektuaren oinarrizko printzipioak:Ekintza autonomoaren balioa.Harreman afektibo pribilegiatuaren balioa.Haurrarengan bere buruaren eta inguruaren kontzientzia-hartzea sustatu beharra.Osasun fisiko ona izateak duen garrantzia.Osasun fisiko ona izateak duen garrantziari dagokionez, esan behar da, labur-labur, oinarrizko printzipioa dela beste hiru printzipioak zuzen aplikatzeko; baina, aldi berean, beste hiru printzipioak zuzen aplikatzearen emaitza ere bada.
Proiektuaren ezaugarri nagusietako bat aire zabalean ahalik eta gehien bizitzea da, egoera fisiko ona izateko.Haurrarengan bere buruaren eta inguruaren kontzientzia-hartzea sustatzeko behar hori gertakizunen erregulartasunaren bidez eta egoeren egonkortasun eta aurreikuspenaren bidez bermatzen da. Zaintzako uneetan, batez ere, egiten da ahalegin handiena, harreman pertsonalizatuaren bidez, haurrari nor den, zer gertatzen zaion, nork zaintzen duen, zer egiten dioten eta berak zer egiten duen, zer inguru duen, gero zer gertatuko den eta beste hainbat alderdi ulertzen laguntzeko.Ez da inoiz haurra objektu gisa tratatzen, eskubide osoa duen pertsona gisa baizik, eta txiki-txikitatik eta bera abiapuntu hartuta, haurrarekiko harreman guztietan haurraren parte-hartze aktiboa sustatzen da.Har dezagun tartetxo bat gainerako printzipioak aztertzeko: ekintza autonomoaren balioa, harreman afektibo pribilegiatuaren balioa eta Piklerren proposamenean bien artean sortzen den harreman dialektikoa.Bernard Martinok, Loczy, hazteko etxe bat filmaren egileak, honako gogoeta hau egiten du: “Loczyko funtzionamendu harmoniatsua erronka batean oinarritzen da; hauxe da erronka hori: pertsona batek eguneko une pribilegiatu batzuetan −zaintzako uneetan eta jatorduetan− haur batekin gogotsu eta esklusiboki jarduten badu, haurra guztiz aseko du harremanaren kalitateak, eta berehala bere buruaz, bere inguruaz eta ingurukoez arduratzeko behar duen lasaitasuna izango du barnean”.Ideia bera azaldu zuen Chantal de Truchis-ek hitz hauekin: “Haur txiki batek konfiantzazko eta maitasunezko harreman batean bilduta dagoenean soilik garatuko du jarduera askea… Zaintza-garaian intentsitate handiz bizitzen diren truke-une horien ondoren, bere kabuz jarduteko aukera eskaintzen dion indarra bereganatzen du haurrak. Hazten doan heinean, gero eta denbora gehiagoan arituko da bere ekimenetik sortutako jardueretan”. Bi printzipio horiek kontuan hartuta eta biak bat eginda, hainbat gogoeta ondoriozta daitezke:Nahitaez, pertsona arteko harreman egonkorrak, jarraituak eta estuak bermatu behar dira haurraren eta hark ongi ezagu-tzen dituen heldu batzuen artean (kopuruak mugatua izan behar du), eta harreman afek-tibo pribilegiatua izan behar du erreferentziazko pertsona batekin.Zaintzak kalitatezkoa izan behar du, helduaren eta haurraren artean dagoen benetako harreman zintzoaren testuinguruan.Mugimendu askea eta haurraren jarduera espontaneoa errespetatu behar dira. Haur guztiei, txiki-txikitatik, eskaini behar zaizkie beren barnetik sortzen den jarduera aske hori bultzatuko duten baldintza egokiak. Hauek dira baldintza horiek, bereziki:Heldu bat, zuzenean parte hartuko ez duena; bigarren planora “atzeratzen” dena, baina haurraren beharrei, ongizateari eta haurraren seinaleei begira dagoena. Haurrentzat prestatutako inguru egoki bat, aberatsa, segurua eta bakoitzaren erritmoa errespetatzen duena.Munduak egonkorra eta aurreikus daitekeena izan behar du; haurraren euskarri izango da, eta erreferenteak aurkitzeko aukera eskainiko dio (espazioan, denboran, pertsona arteko harremanetan...).Testuinguru aske batean, arau eta muga garbiak ezarri behar dira, gizarteko arauak barneratu ahal izateko eta sozializazio baketsu bat lortzeko. Pertsona helduek ez dute oldarkortasunik azalduko.Haurrek, haur bakoitzak, «onak» diren sentsazioa eta sentimendua bizitzeko aukera dutela ziurtatu behar dugu. Haur bakoitzak barnean duen giza positibotasun horrenganako konfiantza.Haurra zer den eta nolakoa den hartuko da abiapuntutzat, eta horretan jarriko da arreta, ez falta duen horretan.Pertsona, haurraren nortasuna, errespetatuko da.Piklerren Hezkuntza Proiektuaren eraikuntza progresiboaren bosgarren mugarria 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntza abian jartzea da.
1946. urtetik 2011. urtera arte funtzionatu zuen Loczyk umezurtz-eskola gisa, azken urte horretan itxi zen arte. Baina zorionez, lantalde bikain hura ez zen desagertu, eta ez zen bertan behera gelditu haiek egindako lana: 2006an, Emmi Pikler Haur Eskola sortu zen, eta, horri esker, bizirik dirau, hain zuzen, umezurtz-eskolaren legatuak.Testuingurua, jakina, aldatu egin da, baina Haur Eskolako Piklerren Hezkuntza Proiektuak oinarri dituen printzipioak umezurtz-eskolako lana bideratu zuten printzipio berak dira. Bietan, haur bakoitzaren ongizatearen eta garapen harmoniatsuaren arteko oreka aurkitu nahi da, bakoitzaren banakotasuna eta taldeko bizitza errespetatuz.Haur Eskolara joaten diren haurrak beren familietara itzultzen dira egunero, eta hori ez da gertatzen umezurtz-eskolan edo umezurztegian... Argi eta garbi ikusten da umezurtz-eskola batean arrisku gehiago dagoela; hauskorragoa da dena, egindako hutsegiteen ondorioak larriagoak dira, eta ezin dira horren erraz neutralizatu; baina ezinbestekoa da umezurtz-eskola batean haurraren garapen osasuntsua zaintzeko kontuan hartu den guztia oso aintzat hartzea Haur Eskolako egunerokoan.Ez dira garai errazak. Gure gizarteak ez du zaintzen, edo gero eta gutxiago zaintzen du, eta gero eta gehiago kostatzen zaio zaintzeak duen garrantziaz jabetzea.Horixe da Emmi Piklerren, harekin lan egin zutenen eta, gaur egun, lan horretan jarraitzen dutenen legatua.Bernard Martino zinemagilearen beste erreferentzia batekin amaituko dugu. Loczy, hazteko etxe bat filma testuinguru zailean kaleratu zen, umezurtz-eskolaren iraupena arriskuan baitzegoen… Hauxe dio off-eko ahotsak: “Leku hau, funtzionatzen duen moduagatik munduan bakarra den leku hau, desagertzeko arriskuan dago. Hori gertatuko balitz, izugarria litzateke galera, ez bakarrik hungariarrentzat, baita gu guztiontzat ere. Banakoa suntsitzeko modu guztiak irakatsi dizkigun mende honetan, berdingabeak dira hemen bezala gizakia eraikitzen laguntzen dakiten lekuak”.