UHARTEAREAN ALTXORRA erakusketa

2017-01-01

Banbulo, Txan fantasma, Saturna katua, Iholdi, Xola, Patakon eta haur eta gazte literaturako beste hamaika pertsonaia batu dira Azkuna zentroan, Dijitalidadeak ekoitzi duen ‘Uhartearen altxorra’ erakusketan. Otsailaren 25era arte bisita daiteke, doan, bakarka zein bisita gidatuen bidez.

 
 

Berton sortutako haur eta gazte literaturaren berri zabala ematea du helburu Bilboko Azkuna zentroan ikusgai dagoen Uhartearen altxorra erakusketak, haur eta gazte literatura lantzen duten idazle eta irudigileak nabarmentzea, hain zuzen ere. Gai, garai, estilo eta forma aberastasuna da nagusi, begi-belarrietan sartzen den gozamenaren lagin bat. Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide, Karlos Linazasoro, Pello Añorga, Jose Antonio Ormazabal, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Txiliku, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Antton Olariaga, Mikel Valverde, Eider Eibar, Jokin Mitxelena, Elena Odriozola, Maite Gurrutxaga... eta beste hamaika idazle eta ilustratzaileren liburuek osatzen dute mundua ehun liburutan interpretatzeko aukera ematen duen erakusketa hau.

Koldo Izagirrek egin du liburuen hautaketa, Juanba Berasategi izan da arte zuzendaria eta Gotzon Barandiaran ekoizpen-arduraduna. Guztira euskal argitaletxeek argitaratutako ehun liburu daude ikusgai, euskaraz-ko haur eta gazte literatura garaikidearen erakusgarri alde batetik, eta gure literaturaren historiaren adierazgarri bestetik. Euskarazko haur eta gazte literaturak azken 30 urteetan hala kantitatean nola kalitatean egin duen jauzia ikus daiteke Azkuna zentroan.
Haur eta gazteekin gozatzeko erakusketa da baina ez da haiei soilik zuzendua, antolatzaileek aintzat hartu dituzte gurasoak, hezitzaileak, literaturzaleak, kulturzaleak eta era guztietako publikoa.
Hiru formatutan atondu dute erakusketa, panel handietan ilustrazioak eta pertsonaien esanak daude ikusgai, batetik. Panel horiek edukien arabera daude banatuak, animaliak protagonista dituzten liburuak daude batetik—Errusika, Gorritxo eta Beltxitxo, Kroko, Saturna, Bambulo, Guti eta Xola, besteak beste— heroi eta pirata-liburuak —Iholdi, Martinello eta Patakon...—, detektibe-lanak, edota gizartea bera gai duten liburuak azkenik —askatasunaz, adibidez, Zergatik ez dute kantatzen txantxangorriek?, bakardadeaz Nitaz ahaztu dira, gezurraz Nire lagunen gezurrak, integrazioaz Omar dendaria, maiteminaz Zabaleko txorimaloa, sexismoaz Markos kantinera edota xenofobiaz Ibaia maitasunaren oztopo—.
Pantaila erraldoi batean Eriz Zapirainek prestatutako 18 minutuko ikusentzunezkoa proiektatzen da, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako 40 bat haur eta gazte maite dituzten liburuez hizketan ageri ditu bideoak.
Hirugarrenik, liburuez gozatzeko mahaiekin eta aulkiekin atondutako txokoa dago, umeentzat prestatua. Bertan tailerrak eskaintzen dituzte Yolanda Arrietak, Maite Frankok, Patxi Zubizarretak eta Eider Eibarrek.

Literaturaren historian barrena

Koldo Izagirrek egin duen hautaketan 1980tik 2010 urtera bitarte argitaratu diren lanak biltzen dira, nahiz eta egon badauden epe horren aurretik eta ondoren argitaratu diren hainbat lan esanguratsu. 80ko hamarkadan hasten da erakusketa honen ibilbidea urte horietan hasi baitzen haur eta gazteentzako euskal literaturaren aro berritzat izandendatzen dena. Hamarkada horrek aldaketa kuantitatiboa eta kualitatiboa ekarri zituen euskal letretara. Ia ezer ez argitaratzetik urtean 300 lan argitaratzera pasa zen 80etan. Hamarkada horren hasieran sortu ziren, halaber, haur eta gazteentzako euskal literaturako hiru funtsezko lan: Anjel Lertxundiren Tristeak kontsolatzeko makina (1981), Bernardo Atxagaren Chuck Aranberri dentista baten etxean (1982) eta Mariasun Landaren Txan fantasma (1984).
Azken hamabost urteetan gora egin du haur eta gazteentzako argitaratu diren liburuen kopuruak eta kalitateak. Tematika, estilo eta genero aniztasuna da ezaugarri, eta horixe bera antzematen da erakusketan, errealismo fantastikoaren baitako lanak aurki daitezke, zientzia fikzioz-koak, abenturazko liburuak, umorezkoak, misterio eta poliziakoak, errealismo kritikoaren korrontekoak...
Erakusketak, momentuan gozatzeko esperientziatik harago, literatura ezagutzeko parada eskaintzen du Koldo Izagirrek hautatutako liburuen zerrendari esker.