ZERGATIK ETA ZERTARAKO DA BEHARREZKOA FILOSOFIA ESKOLAN?

2017-01-01

Filosofia, jalgi hadi plazara

 

 
 

Gogoan dut Filosofiako eskolan geundela. Nietzsche-ren aforismo batzuk aztertzen ari ginen, eta, irakurritakoak eragin zidan barruko euforiak bultzatuta edo, pentsatu nuen publikoki adieraztea ikasketen inguruan hartuta nuen erabakia. Gertuen nituen ikaskideei nire gogoaren berri eman nien: “Datorren urtean, filosofia ikastera joango naiz fakultatera”. Entzun egin zidan irakasleak. Arbeletik urrundu eta oso garrantzitsua zen zerbait esatera zetorkidala sentitu nuen.  Begiratu egin zidan, begiak bustita. Eskua sorbaldan jarri, estu heldu, eta oso benetakoak iruditu zitzaizkidan hitz batzuk zuzendu zizkidan. Kamera geldian bezala gogoratzen dut eszena hura, eta haren ahotik ateratako hitzak nire azaleko zulotxo guztietan nola sartzen ziren irudika dezaket: “Hemendik aurrera filosofiak zertarako balio duen galdetzen dizutenean, ez izan erreparorik filosofia ez dela inoren neskame izateko jaio erantzuteko, ez duela inor ‘zerbitzatzeko’ inolako bokaziorik”.

Irakasleak iragarri zuen galdera hura egiten didatenean, hitz horiek suma ditzaket nire buruko ganbaran, hagatik hagara kolpeka dabilen oihartzuna balira bezala. Testu honek galdera horri erantzun nahi dio berriro ere, ikasturte honetan hezkuntzan filosofiak jasan duen kolpeak galdera horixe berpiztu baitu. Izan daitezela hitz hauek nire irakasle haren mezua helarazteko uso berriak.

Putzua

Joan den irailean, hainbat hitzaldi antolatu zituen Agora Filosofia Elkarteak Bilbon, Donostian eta Gasteizen, filosofiaren defentsa egiteko, hain zuzen ere. Hizlariak ez ziren filosofoak soilik izan. Ekonomiaren, fisikaren, artearen, poesiaren, kazetaritzaren, zuzenbidearen eta oso desberdinak diren beste hainbat ezagutza-arloren ikuspegitik aritu ziren solaskideak, filosofiak haien eremuetan zer eragin duen mahaira ateraz. Hizketaldi batean, Daniel Innerarityk niretzat gordeko dudan istorio bat ekarri zigun. Tales Miletokoari buruz hasi zen mintza-tzen. Sinpliziok jaso zuenez, bazihoan Tales Miletoko kaleetan paseoan, eta, estropezu eginda, putzu batera erori zen. Laguntza eske hasi zen iker-tzailea, eta, haren oihuei kasu eginez, traziar neska esklabo bat agertu omen zitzaion. Burua putzura gerturatuta, han ikusi zuen neskak maisua, oso itxura eskasean, eta, barre artean, esan omen zion goitik behera: “Ai…, zuek, filosofook! Zerura begira bizi zarete, eta parez pare lurrean duzuena ikusi ere ez duzue egiten!”.
Entzuleok barre egin genuen istorioarekin. Oso gauza aringarria da nire ustez Filosofiaren zutoihal izan behar duen Tales hura tankera horretako anekdota batekin pentsamenduaren historian urratuta uztea!
Ohituta dago, beraz, filosofia horrelako trufei aurre egiten. Ez zaio arrotza gertatzen bere buruaren defentsa egin behar izatea. Mendebaldeko pentsamenduaren ibilbidean, behin baino gehiagotan topatuko dugu filosofia bazterrean geldirik, pentsakor, bere buruari galdezka ea bidean aurrera jarraitzea merezi duen, eta, jarraitzekotan, zer bide hartuko duen argitu nahian. Krisia bera ere ez zaio ezezaguna filosofiari; are gehiago, hartaz elikatzen da, neurri batean. Nolanahi ere, garai guztiak ez dira berdinak izan pentsamenduarentzat. Zenbait garaitan, harritzeko gaitasunari, zalantza egiteari, galderak egitearen ausardiari, kritikotasunari, filosofiaren funtsezko osagaiak diren alderdi horiei guztiei, balio handiagoa eman izan zaie. Egun, ordea, ezin dugu esan une gozoak direnik hauek jakituriarekiko maitasuna (filo + sophia) eta, oro har, arte eta humanitateak gara daitezen.    

Legea

Aspaldi galdu zituen Filosofiak bere esparru naturalak ziren hiria, kalea, plaza… Beharbada, izango du oraindik taberna zuloren batean arnasguneren bat, lagunartean goizaldera arte luzatzen diren hizketaldi existentzial horietan. Hutsik geratu zitzaigun agora. Ederra litzateke benetan gure hirietako plazak res pulicari lotutako hausnarketen agertoki izatea. Hala ere, oso bestelakoa da pentsamenduari dagokion lekua. Eskola zen filosofiari geratzen zitzaion azken gotorlekua. Eta oso kolokan geratu da hori ere, LOMCEk eta Heziberrik ezarri duten esparru berrian.
Batxilergoko lehen mailako Filosofia irakasgaiak bere horretan dirau, baina bigarren mailako Filosofiaren historia ikasle guztientzat nahitaezko izatetik hautazko izatera pasatu da. Filosofiari eskainitako ordu kopuru handia galdu da eskolan, eta, gaur gaurkoz, ez daukagu inolako bermerik arlo horretan aldaketa pozgarririk izan daitekeela pentsatzeko.
Nire beste irakasle bat hartuko dut aintzat orain. Unibertsitate garaikoa da hau. Hezkuntza legeak aztertzen zituen hark propio. Ez zitzaidan niri hura baino gauza aspergarriagorik bururatzen orduan. Baina lege horiek beste era batera ulertzen lagundu zidan haren azalpen batek: hezkuntza arautzen duen legeak gizakiaren eta gizartearen ideia bati erantzuten dio. Nolako gizakia amesten den, halakoa da legea. Hori horrela, LOMCE bera parez pare hartu, eta zer gizaki-ereduri erantzuten dion galdetzen diot neure buruari, halabeharrez. Ez da erraza asmatzea non dagoen egia, zein izan diren arau multzo horren benetako arrazoiak eta asmoak… Auskalo! Baina, erantzun bat bilatu nahian, jo dezagun legeak berak dioen horretara.
Hitzaurrean azaltzen duenez, LOMCEren motibazioetako bat (nagusia ez bada) PISA txostenean estatuko ikasleek ateratzen dituzten emaitza eskasei erantzuna eman nahi izatea da. Hezkuntzan ari garenok badakigu zer-nolako txostena den hori. Hiru urtean behin, kanpoko froga batzuk egiten dituzte hamabost urte dituzten ikasleek. Froga horien emaitzak jasotzen ditu txostenak, eta herrialdeen arteko konparazioak eta rankingak egiteko erabiltzen dituzte gero datuok. Txostena bera tresna gisa eztabaidagarria izateaz gain, haren iturburua da, nire ustez, kezkagarriena. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) egiten du PISA txostena. Erakunde horrek argitaratzen dituen txostenak erabili ditu Hezkuntza Ministerioak, goitik behera ezarri diguten lege hori emateko. Siglei soilik erreparatuta, zantzu ugari ditugu erakunde horrek dituen irizpideak erabat ekonomizistak direla pentsatzeko. Beraz, Hezkuntza helburu ekonomikoetara proiektatzen duela esatera ausartuko gara.
Ekonomia aipatu dugu, baina, egiari zor, izenlagun bat erantsi behar genioke. Sustatu nahi den ekonomia “merkatuen ekonomia” da, kapitalismoa deitu izan dugun horixe. Eredu ekonomiko baten mesedetan jartzen du Hezkuntza LOMCEk, eta argi dago ez dela komeni eredu hori zalantzan jarriko duenik.
Galeanoren hitzak gogoan, aldrebes dagoen mundu batean bizi gara, gutxi batzuk indigestioz hiltzeko askok gosez hil behar duten mundu batean, eta bere neurrira egindako eskola behar du mundu zentzugabe horrek. Filosofiak zalantzan jartzen du gauzen ordena naturala dirudiena. Problematizatzea du xede, argia dirudiena, garden itxura duen hori, zalantzan jartzea. Beharbada, horregatik zokoratu da lege horren barnean etengabe galderak egiten dituena, deserosoa delako; zalantzaezinak diruditen egiturak, paradigmak… erlatibizatzen dituelako; eraikita dagoen mundua halakoa izatea nahi ote dugun pen-tsarazten digulako; injustizia eragiten duen munduaren antolaketa ekonomiko hau onartzeko edota elikatzeko prest ote gauden galdetzen digulako, eta antzeko gaiak ernal ditzakeelako filosofiak.

Zuloak

Egunak eta gauak behar bezain beteak ez diren bitartean, beti egongo da filosofiarentzat leku bat. Platonek zioenez, indar handi batek bultzatuta bezala (eros), ezagutzaren bidaian murgiltzen da gizakia, zuloak berak sorrarazten duen erakarpen-indarrak mugituta.

Eskola-ordu bat

Irakurle, oraindik hortxe jarraitzen baduzu, Filosofiaren Historiako saio batera sartu-irten bat egitera gonbidatzen zaitut. Entzun. Filosofiaren sorrerari buruz ari dira atearen bestaldean; mithosetik logoserako jauziaz. Zabalik dute ikasgelako leihoa, ikastaldeak arnasa har dezan. Bazatoz?

Filosofiaren Historia, hirugarren eskola-eguna

“Filosofia K.a. VI. mendean sortu zen Asia Txikian (Jonian), Greziar Inperioko koloniak ziren hirietan. Zergatik han? Zergatik orduan? Bada, hiri haietan sortu ziren baldintza ekonomikoak, sozialak, kulturalak, politikoak… bereziak izan zirelako. Egeo itsasoaren inguruko hiri haiek, Mileto, Efeso, Halicarnaso eta beste, ez zeuden inperioaren gune itogarrian, mundura eta pentsamendura zabalik baizik (…).
Hiri horietan hainbat pentsalarik (Talesengandik hasita) mithosetik logosera jauzi egin zutela esan ohi dugu. Baina zer esan nahi du horrek?
Munduaren ulerkera jakin bat adierazten duen kontakizun fantastikoa da mitoa. Irrazionalak diruditen arren, misterioaren munduari buruzko erantzunak lortzeko gizakiak duen behar arrazionala ase izan dute mitoek mendeetan. Mito guztien atzean, galderaren bati erantzuteko saiakera dago ezkutuan: zein da gure munduaren jatorria?  Nola sortu ziren eguna eta gaua? Eta urtaroak? Zeinek sortu zuen gure hiria? Zer da heriotza? Existentziak sor dezakeen ezinegona baretzen saiatzen diren azalpenak eman izan dizkigute mitoek.
Aurrekoa aintzat hartuta, Filosofiak badu horrekin guztiaren zerikusirik; mitoak bezala, berak ere errealitatea azaldu nahi du, baina LOGOSa (arrazoia) erabiliko du horretarako.
Filosofiaren ekarpen handiena gizakiak planteatzen zituen galdera existentzialei erantzun arrazionalak ematen hastea izan zen. Mitoek munduaren ikuskera kaotikoa erakusten zuten; izan ere, munduko gertaerak (fenomeno meteorologikoak, izurriteak, gaixotasunak, urtaroen joan-etorria, jaiotza-heriotza….) jainko-jainkosen unean uneko apeten araberakoak ziren. Lehenengo filosofoak, ordea, LOGOSean edo arrazoian oinarritu ziren physisa, natura, interpretatzeko garaian. Izan ere, naturak bere legeei jarraitzen die, haien ustez. Ordenatuta dago; elementu bakoitzak bere lekua eta funtzioa betetzen ditu.  Unibertsoa KOSMOS gisa ulertuko dute lehen filosofo, zientzialari eta fisikariek”. (…)

Eskolak jarraitu egingo du. Ikasleen txanda da orain. Galdera batzuen inguruan hausnartu beharko dute:

Zer pentsarazten dizue filosofo, fisikari eta zientzialari kontzeptu hirukoitzak? Ez al dira, bada, oso urrutikoak zientzia eta filosofia?
Mitoetatik logoserako saltoa behin betikoa dela deritzozue? Une hartatik aurrera, kritikotasunez eta arrazoiaren zorroztasunez ahalegintzen da gizakia mundua ulertzen? Edota, aitzitik, gaur egun ere baditugu errealitatea azaltzen diguten eta zalantzan jarri beharko genituzkeen mito berriak?
Hortxe utziko ditugu ikasleak eta irakaslea bera, galdera horien inguruan. Beharbada, filosofiaren eta zientziaren artean ez dagoela askotan irudikatzen den amildegirik usteko dute; are gehiago, zientziarik gabeko filosofiari ama galarazten zaiola. Lehen filosofoek zalantzaezinak ziruditen mitoak kolokan jartzean erakutsi zuten jarrera kritikoa, eguneroko bizitzan geuk ere behar-beharrezkoa dugula ohartuko dira agian, eta argi ikusiko dute ezin garela ahaztu logosaren argia pizteaz, kobazulotik irten nahi badugu bederen.

Augurioa

Krisietatik edaten jakin izan duenez, filosofia ez da deshidratatuko oraingo honetan ere; abila izan da beti krisia abagune bilakatzen. Ez du bere buruaz beste egingo, eta berriro ere asmatuko duela uste dut. “Filosofia, jalgi adi plazara” abesteko garaia izan daiteke hau, pasadizo latzen aurrean abestea flotagailu paregabea izaten da eta. Filosofiak ez du etsiko. Pairatu duen lege-hozkadak eskolatik harago mugiaraziko du; kalera, auzora eta espazio publikora zabaldu, eta, boomerang bat balitz bezala, eskolara itzuliko da zabalik utzi dugun leihotik, haizeberrituta.