MOTXILAREN UMEA film pedagogikoa

2017-04-01

Dispertsioaren zama arindu nahian

Kurkuluxetan kultur elkarteak Rita Naveirak zuzenduriko ‘Motxilaren umea’ film pedagogikoa ekoitzi du, presoen seme-alaben eskubideak miran jartzeko helburuarekin. Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailetan lantzeko unitate pedagogikoak ere sareratu ditu.

 
 

Maiderren eta haren amaren historia kontatzen du Motxilaren umea filmak. Helburu pedagogikoa duen pelikula da, eta haurren eskubideak jartzen ditu ikusmiran, presoen seme-alaben eskubideak. Nazio Batuen Erakundeak 1995ean Haurtzaroaren eskubideak aldarrikatu zituen, baina filmak erakusten eta lantzen duen eran, Espainiako eta Frantziako Estatuek ez dituzte eskubide horiek bermatzen, dispertsioak ehunka kilometrotan banatzen baititu aita-amak euren seme-alabengandik. Euskal Herriko ehunka umek nozitzen duten errealitatearen berri eman nahi du Kurkuluxetan Kultur Elkarteak film pedagogiko honekin, eta haur horiei urratzen zaizkien eskubideen inguruan sentsibilizatu nahi du euskal jendartea.

Rita Naveira da filmaren zuzendaria, eta haren hitzetan, aita edo ama preso duten haurren motxila ireki nahi izan dute film honekin: “Historia labur honen bidez neska mutil horien bizipenak mahai gainean jarri nahi izan ditugu, egoera hori nola bizi duten ikusi nahi izan dugu, kilometrotan ez ezik afektibitatean, neurtzen den distantzia hori nola bizi duten, zer esan nahi duen eurentzat bidaia luzeak dakarren nekeak, zer-nola bizi duten normaltasuna hauste hori, zein diren euren galderak, zalantzak, tentsioak jakin nahi izan dugu”.
Motxilak lekualdaketek eragiten duten haustura sinbolizatzen du. Normaltasuna haustea baitakar motxila prestatu eta 700 kilometrora gurasoa bisitatzera joateak. Maiderrentzat motxila hori janzteak amarekin elkartzea adierazten du, baina baita nekea, urduritasuna, beldurra eta tristura ere, amaz agurtu beharra, ama han, kartzelan utzi beharra. Aitonarekin egingo du Maiderrek 1.400 kilometroko joan-etorria, eta hari kontatuko dizkio bere ametsak eta kezkak.
Motxila, era berean, elementu sinboliko bat da beste ikaskideei, adiskideei adierazten diena Maider asteburuan ez dela etxean izango, ez kalean eurekin jolasteko.
Enpatia helburu
Itziar Ituño, Maider Latatu eta Jose Angel Aramendi dira filmeko protagonista nagusiak. Dima herrian eta Segoviako espetxe zaharrean filmatua dago pelikula. Baina kontatzen duen historia ez da zehazki familia konkretu baten historia, hainbat historiaren oihartzuna baizik. Gainera, gidoia osatzeko motibazio anitzeko presoen eta euren familien historiak ezagutu dituzte egileek, Salhaketa presoen aldeko elkartearekin harremanetan.
Haurrei zuzenduriko filma da, eta 22 minutuko pelikula pedagogikoak bi atal ditu: batetik Maiderren historia kontatzen da, eta bigarren zatian haurtzaroaren eskubide aitortuen berri ematen du ikuspegi objektibo batetik eta ez ideologiko edo politikotik. Irakasle batek eta psikologo batek parte hartzen dute filmean, eurek lantzen duten esparrutik problematikaren hurbilpen bat egiten dute.
“Haurrek ez dute ulertzen zer den dispertsioa, baina oso ondo ulertzen dute zer den euren gurasoekin ezin egotea”, dio Naveirak. Zuzendariaren eta lan-taldearen arabera, mezu positiboa zabaltzea du helburu filmak, “ziurrenik ez da gure esku egongo errealitate hau gauetik goizera alda-tzea, baina bai haur horiekiko elkartasuna eta enpatia erakustea”.
Filmaren ahalik eta zabalpen handiena egiteko Youtuben doan ikusteko aukeran jarri du Kurkuluxetan Elkarteak. Eta berau ikastetxeetan lantzeko Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailetan lantzeko unitate didaktikoak ere prestatu dituzte, www.kurkuluxetan.eus webgunean daude eskura. 

Egilea: Kurkuluxetan Kultur Elkartea

Zuzendaria: Rita Naveira
Aktoreak: Itziar Ituño, Maider Latatu eta Jose Angel Aramendi
Musika: Itsaso Azkona eta Joserra Gutierrez
Hizkuntza: Euskara (katalanez, galegoz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez azpititulatua)
Zabalpena: Youtuben, doan
Finantziazioa: Kurkuluxetan Kultur Elkartea
Informazio gehiago: www.kurkuluxetan.eus

PROPOSAMEN PEDAGOGIKOA

Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailetarako pentsaturiko unitate didaktikoak prestatu dituzte, webgunean daude eskuragarri.