ADIMEN EMOZIONALA ESKOLAN
Etorkizuneko osasun mentala sustatuz
Gaur egungo haurrak gure herriaren etorkizuna izango dira, eta garrantzitsua da esku-hartze goiztiarrak egitea beren garapen emozional egokia bultzatzeko. Eskolan adimen emozionalari gero eta garrantzi handiagoa ematen bazaio ere, oraindik lan handia dago egiteko.
Haurtzarotik umeak emozioen garrantziaz kontzientziatzen baditugu eta horiek ondo maneiatzen irakasten badiegu, etorkizunean zailtasun emozional gutxiago izango dituzte. Haurtzaroa garai aproposa da eduki horiek barneratzeko, eta etorkizuneko zailtasun emozionalei aurre egiteko aukera izan daiteke. Heziketa emozionala onuragarria da bai beren bizitza pertsonalerako, eta bai beren bizitza profesionalerako ere. Familian, eskolan eta gizartean egin behar dira heziketa honetarako esku-har-tzeak, gizartearen osasun mentalean eraginkortasuna izan dezaten. Esku-hartze horien onurak momentuan eta etorkizunean ikusiko dira, haurren jokabide prosozialak bultzatuko dituztelako, eta bizi-tzako erronkei errazago aurre egiten ikasiko dutelako. Arazo emozionalak baldin badituzte, eskolan porrota izan dezakete, edo eskola utz dezakete; eta, kasu batzuetan, jokabide antisoziala izan dezakete edo baztertuak izan daitezke. Horregatik, esku-hartze goiztiar hauen bidez aurre egin dakieke etorkizuneko arazoei, eta horrek onura handiak ekar ditzake umeentzat eta gizartearentzat. Eskolako irakasleek, irakaskuntza emozionala irakasten badute, aurre egingo diete etorkizuneko langabezia-arazoei eta osasun mentaleko arazoei (The Government Office for Science, Londres, 2008).Eskola, beste testuinguru batzuen artean, oso esparru garrantzitsua da umearen garapen emozionalerako eta haren nortasunaren eraikuntzarako (Rich Harris, J. 2003). Lan honetan, eskolako emozioen lanketari buruz hitz egingo da.Adimen emozionala
Orain arte, pertsona baten adimenari buruz hitz egitean, haren koefiziente intelektuala hartzen zen kontuan. Gaur egun, ordea, adimen emozionalari ere garrantzia ematen zaio, per-tsona baten zoriontasuna edo arrakasta guztiz lotuta baitago emozioekin (Sanz Marin A. 2002). Baina, zer da adimen emozionala? Adimen emozionala da gure sentimenak ezagutu eta erabiltzeko edo besteen sentimenduak interpretatzeko aukera ematen digun trebetasuna (Aierdi A., Ezeiza B., eta Goikoetxea K. 2010). Goleman psikologoaren arabera, adimena eta emozioak bateragarriak dira, orekan daudenean (Goleman D, 1996). Oreka horretan, adimenak emozioak kontrolatu eta bideratu egiten ditu, emaitza arrakastatsuak lortu ahal izateko.Adimen emozionalaren gaitasun-esparruak eskolan lantzeko beharraDaniel Golemanen adimen emozionalei buruzko liburuan, adimen emozionalari aitortu zaizkion trebetasunei begira, ondorengo lerroetan ager-tzen diren helburuak aipatzen ditu (Goleman D, 1996). Helburu horiek aipatzearekin batera, beroiek eskolan barneratzeko garrantzia azpimarratuko dugu.Norberaren emozioen eta horien adierazpenaren kontzientzia
Emozioa agertzen den unean bertan ezagutzeko trebetasuna da. Adimen emozionalaren oinarria da. Gure emozioak ezagutzen baditugu, horiek kontrolatzeko aukera izango dugu, eta, horretarako, emozioei izena jarri behar zaie.Kontzienteak ez diren emozioek traizio egiten digute; kontrolatzen ez baditugu porrot egin dezakegu. Emozioak hautemateak lotura estua du osasunarekin, gainera.Eskola esparru oso egokia da alfabetizazio emozionala irakasteko (Segura Morales 2007), eta alderdi hori lantzeko hainbat pauso eta jarduera egin daitezke.Hasteko, alderdi emozionala behar adina garatu gabe duten kasuak hauteman behar dira. Emozioak lantzen hasi aurretik, beharrezkoa da gai horri buruzko aurrezagutzak zein diren haztatzea. Horrela, ikasleek beren emozioen kontzientzia hartuko dute, horiei izena ipiniz, eta ikaskideekin eztabaidatuz. Irakaslearentzat ere sarrera egokia izan daiteke, ikasleen jakintza-maila aztertzeko, eta bakoitzak izan ditzakeen zailtasunak hautemateko. Ondoren, garrantzitsua da emozioak sailkatzen eta diskriminatzen irakastea, horretarako egoera bakoitzak emozio bat sor dezakeela irakatsi ahal zaie, eztabaidak sortuz, eta ondorioz, ikasleek emozioak diskriminatzen ikas dezakete.Autoerregulazioa
Emozioak kontrolatzea ondorio negatiboak saihesteko trebetasuna da. Haserre zaudela konturatzen bazara, horrek sor ditzakeen ondorio negatiboak saihestu ditzakezu. Emozioen intentsitatearen arabera, erantzun desberdinak behatzea da lehenengo helburua. Ikasleak ikas dezake, hasteko, emozio beraren barnean intentsitateak egon daitezkeela. Ondoren, egoera desberdinen aurrean izandako emozioen ondorioz nola jokatzen duen eta nola joka daitekeen hausnar dezake. Askotan, emozioak oso intentsuak direnean, aurrerago damutu daitekeen modu batean joka dezake batek, eta, hori ez gertatzeko, egokia izan daiteke umeekin egoera horiei buruz hitz egitea eta alternatibetan pentsatzea. Eztabaida horiek izan ondoren, umeak modu egokiagoan jokatzen ikasiko du halako egoera baten aurrean.Ikus dezagun bere emozioak kontrolatzen ikasi zuen ume baten hausnarketa:«Ez dut leiho hori apurtu behar. Ez dut beti bezala jokatzen jarraitu behar. Ez ditut bururatzen zaizkidan gauza guztiak egin behar. Ez dut jendea jo behar, hori egitea sentitzen badut ere. Suposatzen dut hau gertatzen zaidala lehen ez nekielako haserrealdiak pasatu egiten direla, eta haserrealdiak pasatu ondoren pozik senti naitekeela. Alda naiteke. Ez naiz beti berdina izan behar, desberdina izan naitekeelako. Orain ulertzen dut, nire sentimenduak ulertzen ditudalako!» Harold 8 urte. (Schaefer C. 2011).Haurtzarotik autoerregulaziorako oso egokia izan daitekeen beste modu bat da erlaxazioaren bidez emozioak kontrolatzen ikastea. Gaur egun, umeek estresa pairatzen dute, estimulu ugari baitaukate haien inguruan (De Rivera, Luis 2010). Horregatik, garrantzitsua da erlaxatzen ikastea, eta egunero klasean erlaxazio-teknikak praktikatzea. Hori onuragarria izan daiteke ikasleen egoera emozionalerako, klaseko girorako, eta haien errendimendu akademikorako ere. Erlaxatzean, onura fisiologiko, konduktual eta kognitiboak lortzen dira. Erlaxatzean erabaki egokiak har-tzen dira, hobeto sentitzen gara, eta besteen ahaleginak hobeto balioesten dira. Horregatik, oso garrantzitsua da erlaxazioa esperimentatzea eta emozioak bideratzeko duen balioa sustatzea.Erlaxazioa ikasle guztientzat da interesgarria, batez ere, ikasle urduri, oldarkor, beldurti eta segurtasunik gabekoentzat. Erlaxazioaren helburua da ikasleak baretzea eta, horrela, emozioak kontrolatzea (Latineri L. 2009).Baikortasuna eta motibazioa
Gure buruan konfiantza izateko ahalmena da. Pertsona batzuk baikorrak izaten dira; beste batzuk, ordea, ezkorrak. Horrek ez du esan nahi hori alda ezin daitekeenik; praktikaren bitartez, eta emozioak landuz, jarrera alda daiteke.Horregatik, lehenengo pausoa litzateke nork bere balioak aitor-tzea eta onartzea, besteen balioekin konparatzen ibili beharrik gabe. Gaur egungo eskola-sistemak lehiakortasuna bultzatzen du noten kalifikazio-sistemarekin. Garrantzi-tsua da ume bakoitzak jakin dezala bakarra eta baliotsua dela, eta bakoitzak bere gaitasunak dituela, eta hori dela azken batean garrantzitsuena. Ken Robinson-ek esaten duen bezala, bakoitzak bere «elementua» aurkitu behar du, hau da, bere gaitasuna, zailtasunik gabe eta atseginez egiten duen jarduera (Robinson K. 2014).Ondoren, norberaren burua ezagutzea da garrantzitsua. Gure burua balioesteko, ezinbestekoa da norberaren burua ezagutzea, gustuak identifikatzea, eta gure ahalmenak eta berezitasunak ezagutzea. Horregatik, ikasleek, beren gaitasun positiboak azpimarratzen ikasi behar dute. Azkenik bizitzan jarrera positiboa hartzen ikastea ere garrantzitsua da. Horretarako, ikasleei autoestimua indartzen irakatsi behar zaie pentsamendu irrazionalak arrazionalengatik ordezkatuz. Pentsamendu irrazionalak hautematen ikasten badute, eta pentsamendu arrazionalekin ordezkatzen ikasten badute, antsietate-, estres- eta tristura-egoerei aurre egin ahal izango diete modu oso egokian.Enpatia eta besteenganako konfiantza
Enpatia besteen emozioak hautemateko gaitasuna da, hau da, bestearen lekuan jartzeko ahalmena. Aurrean daukagun pertsonaren sentimenduak ulertzeko gaitasuna badaukagu, harreman hobea edukitzeko aukera izango dugu.Beraz, lehenengo pausoa litzateke enpatia zer den ulertzea, besteak senti dezakeena aztertzen ikasi beharko dute, eta bakoitzak bizipenak modu batean bizi dituela ikasi dezakete. «Enpatia da beste pertsona batzuen zapatak janztea eta haiekin ibiltzea». Enpatizatzen ikasten hasten badira, klaseko giro osasuntsuagoa sor daiteke, besteek bizi dituzten emozioak ulertuz eta harreman osasuntsuagoak sortuz. Gorputzaren mintzaira ezagutzea ere oso garrantzitsua da enpatiarako. Besteekin komunikatzerako orduan, ez-ahozko komunikazioak ahozkoak baino askoz gehiago esaten digu. Ez-ahozko komunikazioak komunikazio-informazioaren % 93 ematen digu. Ikasleak kideen ez-ahozko komunikazioak esaten duenaz ohartzen badira, hobeto ulertuko dute komunikatzen ari direna, eta, modu horretan, errazago enpatizatuko dute. Eta, azkenik, ondo entzuteko estrategiak ezagutzea ere ezinbestekoa da enpatia lantzerako orduan. Komunikatzea ez da bakarrik hitz egitea, baizik eta entzuten jakitea ere bada. Ikasleei entzutearen garrantzia iraka-tsi behar zaie etorkizunerako oso baliagarria izango zaien gaitasuna.Jendetasuna
Besteen emozioez ohartzen garen neurrian, hobeto kontrolatuko ditugu guk transmititzen ditugunak.Hasteko, inori ez zaio gustatzen kritika bat jasotzea, baina ikasi behar dute badaudela kritika eraikitzaileak eta kritika suntsitzaileak. Horien artean bereizten ikasi behar dute, eta besteen kritiken aurrean erantzun egokia ematen ere bai. Bestalde, umea haziz doan heinean, autonomia garatuz joango da, eta lehen gurasoek erabakitzen zutena orain berak erabaki beharko du esparru askotan. Horregatik, askotan galdurik senti daiteke jendartean gertatzen diren hainbat egoeraren aurrean, eta garrantzitsua da erabakiak hartzen ikastea. Horretarako, lagunen artean gerta daitezkeen hainbat egoera gatazkatsuren inguruan eztabaidak egin daitezke klasean, egoera horiek sarritan agertuko zaizkielako ikasleei beren bizitzan zehar, eta aurretik horren inguruan hausnarketa bat egiten badute, hobeto jakingo dute nola jokatu egoera horien aurrean, beren eskubideak errespetatuz eta besteei minik egin gabe. Azkenik, adimen emozionalaren puntu garrantzitsua da pertsonen arteko gatazkei aurre egitea. Arazoei aurre egin behar zaie, eta horiei aurre egiteko estilo desberdinak daudela irakats dakieke. Harreman sozialetan izaten diren hiru estilori buruz hitz egin daiteke beraiekin. Estilo pasibo, asertibo eta oldarkorrari buruz, alegia.Ondorioak
Gaur egun dagoen depresio- eta antsietate-prebalentzia altua kontuan izanik, Europa mailan gero eta garrantzi handiagoa ematen ari dira osasun mentalaren prebentzioari. Haurtzaroan eta nerabezaroan an-tsietate- eta depresio-sintomak hasten baldin badira, eta ez badira modu egokian bideratzen, etorkizunean asko larriagotu daitezke sintoma horiek. Hainbat ikerketek ondorioztatu dute, haurtzaroan eta nerabezaroan osasun mentalean esku hartzen bada, etorkizuneko gaitz mentalak gutxiagotuko direla (Zenzinger 2003). Beraz, artikulu honetan, eskolan emozioak eta osasun mentala lan-tzeko garrantziari buruz hitz egin da. Hala ere, beste hainbat esku-hartze eskolatik kanpo egin daitezke. Batez ere, etorkizunean gaixotasun mentalak pairatzeko probabilitatea duten umeengan. Hala nola, gaixotasun mentala izan duten gurasoen umeengan, edo haurtzarotik gaixotasun mentalen sintomak izan ditzaketen umeengan.Esker onak
Mila esker Lehen Hezkuntzan urte askoan irakasle izan diren Irune Etxebarriari eta Mari Jose Ucarri, lan honi buruzko orientazioa emateagatik. Eskerrik asko EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzari ere euskara zuzenketak egiteagatik.Bibliografia1. Aierdi, A., Ezeiza B., eta Goikoetxea K. (2010). Adimen emozionala. Beste hizkun-tza bat. HIK HASI. 147. (12-15)2. De Rivera, Luis (2010). Los síndromes de estrés. Síntesis.3. Goleman, D. (1996). Inteligencia emocional. Kairos.4. Lantieri, L. (2009) Inteligencia emocional infantile. Aguilar.5. Rich Harris, J. (2003). El mito de la educación. Debolsillo.6. Robinson, K. (2014) Finding Your Element: How to Discover Your Talents and Passions and Transform Your Life. Penguin books. 7. Sanz Marin, A. (2002) ¿Quiere alguien explicarme que es inteligencia emocional? Hobby. 8. Schaefer, C. (2011). Foundations of play therapy.. John Wiley & Sons, Inc, Hoboken.9. Segura Morales M. (2007). Educar las emociones y los sentimientos. Narcea.10. The Government Office for Science, Londres. (2008). Foresight Mental Capital and Wellbeing Project. Final Project report. 11. Zenzinger, K. (2003). Children, Adolescents and Young Peolple (up to 24 years). Federal Institute for Occupational Safety and Health. Mental Health Promotion and Prventions Strategies for Coping with Anxiety, Depression and Stress related Disorders in Europe Final Report.