AUTOBUS ZAHAR BAT

2017-04-01

Julianen autobusean osa-tzen genituen eskolara iritsi arteko 5 kilometroak orduko OHO egitera Oriotik Zarautza joaten ginen mutil eta neska koskorrek. Egunean bi joan-etorri, 20na minutuko lau autobusaldi, berriketan, kantari, isilik, karta jokoan, irratia eta musika entzunez, euriak lausoturiko leihotik begira, etxerako lanak errepasatuz, barrez, negarrez...

Eskola hitza aipatu eta eskola bera baino lehenago etortzen zait autobus zahar haren irudia, hango unibertsoa, 7 eta 14 urte bitarteko 60 neska-mutiko sardin lata batean bezala sartuta, Orioko gainean gora eta behera errepide bihurrian barrena. Ondo gogoan dut, esaterako, gure 7 edo 8 urterekin barrabaskeriaren bat edo beste egin eta gidariak nola esaten zigun, guk ezer ulertzen ez bagenuen ere, zakar: “Zuek handitan, ETAkoak...”. Borrokaldi asko ere gomutan ditut, eta baita zeinen gordin jarduten ginen geronen artean ere; umeek umeei eragindako mina. Mundualdi honen paradoxa bera bailitzan, gelako lau horma artean igarri ere egin ez nuena ikasi nuen, artean ume, autobus zahar hartako leihotik begira: bidean amets egiten. Autobusetik kanpoko errealitatea ere ez zen gaurkoa bezalakoa. Errepide bazterrean txikitutako auto ugari eta pare bat hilotz bistatzen genituen ikasturteko, Orion 27 bapore zeuden, eta askotan gelara berandu iristen ginen arrantzaleen sarea zeraman gurdiaren atzetik joan behar izaten zuelako autobusak mantso-mantso. Zarautzen gaur baino turista gutxiago zebilen eta kebab bakar bat ere ez zen, kaminoan alkohol kontrolik ez zen ikusten, baina jendea bai auto-stop egiten. Beste garai batzuk.Eskolako gelan irakurtzen eta batuketak egiten irakatsi ziguten, edo saiatu ziren behintzat. Esproncedaren pirataren kanta buruz ikasi nuen, ingelesezko lehenengo hitzak eta euskararen aditz laguntzailearen taula ere bai. Jaungoikoa Aitak, Semeak eta Izpiritu Santuak osaturiko hiruko izate goren ukiezina dela, berriz, ez nuen inoiz ulertu. Gelatik kanpo gure izaera basa eta builosoa zibilizatzeko ahaleginean saiatu zen eskola, eta helburu hori tarteko, besteak beste, oraindik ahazteko ez daukadan belarrondokoa jaso nuen. Zigortzen gintuztenean, saskibaloi, eskubaloi eta futbol zelaiko paper zatiak jasotzea zen erredentziorako bidea. Garaiko pedagogia hark ez ahal zuen dena ilunetik eta zigortzailetik izango, eta orduan gelakideok elkarri mokokadaka ibiltzen baginen ere, urteak pasata ikasi dugu elkar estimatzen. Lehengo astean egin genuen bazkaria 8 urte luzez eskolan elkarrekin hazi eta aurten 40 urte beteko ditugun eskola ume haiek. Errobailoa jan eta txakolina edanez gogoratu ginen haur garaiko mila pasadizoz, 11 urte genituela gelan gustatzen zitzaigun mutila edo neska zein zen aitortu genuen, eta irrifar konplize bat ezpainetan bakoitzak gure egungo egoeraren berri eman genuen, badakizue, lana, familia, osasuna, konpainiak… Apain-apain jarrita hasi zen juntadizoa ordu txikitan bukatu zen Zarauzko dantzaleku batean. Eroso, gustura, gogoz, gertuko sentitu ginen eta segur aski, horixe da gela hartatik atera dugun onena.Ume askoz gutxiagorekin, autobus modernoago batek egiten du orain Oriotik Zarautzerako bidea. Egunero ikusten dut, 8 eta 5 urteko alaba eta semea ikastolan utzi, eta guraso paperean errio bazterretik etxera natorrela. Orduko haur ile-kizkur mugitu hura zertan den galdezka itzultzen naiz, non dagoen, bizi ote den, zer bihurtu ote den, autobus hartan amestu zituenak bete ote diren. Halaxe heltzen naiz etxera, ezer ulertu gabe baina ia haur bihurtua, ametsez bete-bete eginda.