ESKAINTZA

2017-06-01

Gurasoak diren adiskide bikote batek idatzi zidan orain gutxi laguntza eske. Haien alabarekin hiru urte egon den irakaslearentzat opari bat prestatzen ari ziren eta bi lerroko eskaintza egin nahi zioten, baina ez zekiten esker ona nola adierazi. Gutxi edo asko, gaizki edo okerrago, idatzi ohi dugunoi tarteka gertatzen zaigu gertuko (edo ez hain gertuko) norbaitek lerro batzuk, une bereziren batean idatzi edo irakurri beharrekoak, eskatzearena: hileta edo ezkontza batean, maiteari esatekoak, zein aurreko eguneko hauek bezala, zure alabaren hezkuntzaz arduratu den pertsonari eskaintzekoak. Ez dut inoiz gaizki hartzen. Jakin badakit sentimenduek eta haiek adierazteko gauza izateak (edo zeure burua gauza ikusteak) ez dutela zertan bide beretik joan eta, berez, susmoa dut idazlearen ofizioa hauek bezalako kasuetarako asmatu zela. Hori bai, ez dut beti baiezkoa ematen. Eguna nola dudan, kasuak nola hunkitzen nauen edo, izan nadin zintzoa —idazlea naiz azkenean—, zer etekin aterako dudan.

Oraingoan eskaerak eman dit zer pentsa. Ez naiz guraso eta, irakasle hasteko oposizio batzuetara aurkezten ez naizen bitartean, guztiz utzitakotzat eta iraganekotzat dut hezkuntzako mundua, baina oraindik ez lehen maisu/maistra batek zer marka uzten duen ez gogoratzeko edo nire gurasoek nire lehen maistrarekiko gorde izan duten maitasun eta begirunea gogora ezin ekartzeko bezain utzi eta iraganeko. Bi oroitzapen hauen bidegurutzean jarri eta hortik jo nuen, seme-alabarik banu, edo bestela nire gurasoen izenean, idatzi nahi izango nukeen esker onezko eskaintza. Handitzean baino ohartzen hasten ez zaren lana da lehen irakasle batena. Ereitetik emaitzaz konturatu bitarteko aldian gurasoek baino ikusten ez dutena eta maiz gurasoengandik ikasten dugu geure irakasleak erretrospektiboki estimatzen.
Triangeluzko harreman honek ez du beti funtzionatzen, baina funtziona-tzekotan hiru erpinak beharrezkoak dira. Zirkuitoa abiarazten duena —utz iezadazue mengel jartzea— maitasuna da, hezkuntzaren une ezberdinetan hirukiaren norabide batean edo bestean doana. Massimo Recalcati psikoanalistak, polemikoa izan daitekeen terminoa erabiliz, erotismoaz hitz egiten du: “Benetako hezkuntzak maitasuna du sustatzen, erotikoa da errotik, psikoanalisian transferentzia deritzogun fenomenoa den oldarra berez helarazteko gauza da. (…) Maisu/Maistra da maitasunezko transferentzia hori, ikasleak sortzen duena, bere burutik jakitearen objektura aldarazten dakien hori. Maitatua behar du jakintza maite duen neurrian, jakintza bera ikasleen irrika eragiten duen objektua bilakaturik”. [Aipua, nik euskaratua, Iñigo Gabancho irakasle donostiarraren In angulo cum libro blogeko “Telémaco busca profesor. Una reivindicación del deseo de saber” artikulutik hartu dut]
Nago, edo behintzat Iruñeko irakasle batek jaso duen eskaintza konpartituan defendatu dut, jakintzaren maitasun (transferitu) hori iziotu ez baina biziagotzeko orduan gurasoek —gurasook, esan dezaket ia— badutela zer esan handia.