URDAZUBIKO LEIZEAK. Ur tanta batek egin dezakeena

2017-10-01

Goi Paleolitoko Nafarroako aztarnategi garrantzitsuena da Urdazubikoa.

 

 
 
URDAZUBIKO LEIZEAK. Ur tanta batek egin dezakeena

 

Tantaz tanta, egunik egun, urterik urte, ikaragarrizko estalagmitak eta estalaktitak osatu dira egonarri handiz milaka eta milaka urtetan Urdazubiko leizeetan, Urtxune errekaren higaduraz. Naturaren handitasuna sentitzen du Urdazubiko leizeetan barneratzen denak, ur tanta batek egin dezakeena zeinen miragarria den. Begiekin ez ezik, belarriekin ere ikusteko kobazuloa da Ikaburukoa.
Haatik, ez dira estalagmitak, estalaktitak eta bestelako formazioak leizeek gordetzen dituzten altxor bakarrak. Kondairak eta historia nahasten dira Ikaburuko lurpeko mundu miresgarri honetan. Kondairak dioenez, laminak bizi ziren kobazuloan, eta haien ahotsak entzun omen daitezke leizeetan barrena doan Urtxune errekaren oihartzunean. Sorginen eta inkisizioaren oihartzunak ere entzungo ditu belarri fina duenak. Natura, mitologia eta historia eskutik helduta doaz lurpeko munduan.
Kondairak kondaira, historia gailentzen da estalagmiten eta estalaktiten artean. 13.000-14.000 urte ditu Ikaburuko leizeak, eta, XIX. mende hasieran han aurkituriko silex-hondakinek adierazten dutenez, Urdazubiko leizeetan bizi ziren historiaurreko gizakiak. Gerora, Independentzia Gerran eta karlistaldietan, borrokalari eta iheslarientzat babesleku izan ziren lurpeko aterpeok, bai eta Baztango kontrabandisten gordeleku ere, atzo arte. Bisita bakarrean horretaz guztiaz jabetzeko parada eskaintzen du Urdazubik.

Madeleine aldiko irudiak eta aztarnak
Ikaburukoa ez da Nafarroako Pirinioen magaleko kobazulo bakarra. Gaur egun ikusgai ez badaude ere, beste bi leize garrantzitsu daude Urdazubin: Berrobietakoa eta Alkerdikoa. Berrobietako kobazuloan, Goi Madeleine aldiko gizakiaren hainbat aztarna aurkitu zituzten, besteak beste, bi hortz lerroko arpoiak inskripzio ulergaitzekin, hainbat zizel eta hareharrizko xafla bat. Eta Alkerdiko kobak gordetzen du altxorrik handiena, Paleolito eta Mesolito aroetako biztanleek marrazturiko hiru animalia ikus baitaitezke pasabidearen barrenean: bisonte bat, orkatz bat eta zaldi baten itxurako hirugarren animalia bat daude grabatuta estalagmita-kolada batean. Berrobieta eta Alkerdi 1996an itxi zituzten, azken indusketak egin ostean.
Ikaburuko leizea da bisitatu daitekeen bakarra. Bisita gidatuak dira. 40 minutuko bisitan, argi eta soinu efektuen bitartez, naturaren edertasuna, indarra, jakinduria eta handitasuna beren azalean bizitzeko aukera dute bisitariek Urdazubiko leizeetan. Izotz-kandelen artetik ibiliz, kondaira mitologikoak eta pasarte historikoak uztartzen ditu Ikaburuko bisitak.
1808an aurkitu zuen Ikaburuko leizea artzain batek, eta 1965an zabaldu zituen ateak bisitarientzat. 1933an, Norbert Casteret espeleologo frantziar entzutetsuak Berrobietako “harkaizpeko babes ederra” aurkitu zuen, eta “grabatudun leizea” Alkerdin.


INFORMAZIOA:


URDAZUBIKO LEIZEAK
www.cuevasurdax.com
948 599 241 |
info@cuevasurdax.com


-Kobazuloa bisitatzeko aukera bakarra bisita gidatua da.
-40 minutuko iraupena du bisitak.
-Argiztapena mugatuta dago.
-Ezin da argazkirik atera flasharekin.
-Debekatuta dago kobazulo barruan jatea.
-Ahalik eta gauza gutxien sartu behar da leizean.
-14-16 gradu bitarteko tenperatura dago beti leize barruan.

Zer ikus daiteke Urdazubin?

-Axularren jaiotetxea. Urdazubiko Axular etxean jaio zen Pedro Agerre “Axular”, Gero klasikoaren egilea, eta hantxe dago egun etxea ikusgai.
-Axularren etxeaz gain, berezia eta esanguratsua da Urdazubiko arkitektura.
-Museoa: monasterioa erromesen ospitale izan zen, eta, IX. mendetik gaur arte, historia luzea bizi izan du.
-Ibilaldiak: Urdazubi, Sara eta Zugarramurdi lotzen dituzten ibilaldi markatuak egin daitezke.
-X. eta XI. mendeetan, ingurune horietan kokatu ziren fraideek hainbat errota egin zituzten, eta martxan ikus daiteke Urdazubikoa.