Talde txikiko psikomotrizitate-laguntza
Artikulu honetan, eskola testuinguruan, hau da, eskola egutegian zein ordutegian, psikomotrizitate-laguntzaren inguruan garatzen ari diren esperientzia baten berri eman nahi genuke. Irungo Txingudi ikastolako esperientzia da, hain zuzen, aurkeztuko duguna. Ezagutu eta zabaldu beharreko esperientzia dela uste dugu, haurren aniztasunari erantzuteko baliabide pedagogiko ezin aproposagoak iruditzen baitzaizkigu psikomotrizitate-laguntzako saioak. Beraz, lasai asko esan genezake aspaldi hasi zirela Txingudi ikastolan arreta goiztiarrean esku hartzen.
Irungo Txingudi ikastolak urte asko daramatza psikomotrizitate-praktikari lotuta, 35 urtetik gora, zehazki. Mariaje Uranga izan zen psikomotrizitate-praktika Txingudi ikastolara ekarri zuena. Garai hartan, Lehen Hezkuntzako 1. mailan zebilen Uranga tutore lanetan, eta bazituen gelan gainerakoek bezainbat aurrera egiten ez zuten ikasleak. Kezkatuta zebilen. Ikastolako psikologoarengana joan zen aholku eske, eta psikomotrizitate-ikastaro bat proposatu zion hark. Hala, 1980ko udan, Bartzelonaraino joan zen psikomotrizitate-ikastaro hura egitera, betiere, aurreratu ezinik zebiltzan ikasle haiekin asmatu ahal izateko jarraibide batzuk jasotzeko esperantzan. Han ezagutu zituen, besteak beste, Andre eta Anne Lapierre aita-alabak eta Bernard Aucouturier. Hurrengo ikasturtean bertan, tutore lana uztea eta psikomotrizista gisa hastea proposatu zioten. Urangak baietza eman, eta buru-belarri hasi zen zeregin horretan.
Esan bezala, Anne eta Andre Lapierre aita-alabekin zein Bernard Aucouturierrekin aritzeko aukera izan zuen, baina gehiago gustatu zitzaion Aucouturierren egoteko eta egiteko modua, eta harekin jarraitu zuen. Antza, Aucouturier urtero joaten zen Bartzelonara garai hartan, astebeteko ikastaro bat eskaintzera. Han izaten omen zen Uranga ere urtero-urtero, Aucouturierrengandik zer ikasiko. Eta ez hori bakarrik: bere maletatxoa hartuta, Tourseraino ere joaten omen zen bakar-bakarrik. Han, Aucouturierrekin astebeteko egonaldia egin, eta bueltan lanera.
Gerora, Aucouturierrek berak 3 urteko iraupena zuen prestakuntza-ikastaro bat antolatu zuen Madrilen, eta prestakuntza haren parte izan zen Uranga ere; Urangaz gain, ordea, hantxe prestatu zen Margarita Aresti ere, gerora, beste hainbatekin batera, Luzaro psikomotrizitate-eskolaren sortzaileetako bat izango zena. Uztailean soilik izaten omen zen prestakuntza, baina uztail osoa irauten zuen, uztailaren 1etik 31ra, batere jaiegunik gabe, goizetik gauera.
Prestakuntza ikastolan bertan
Prestatu ahala, haurrekin esku hartzen hasi zen Uranga, baina baita ikastolan bertan lankideak prestatzen ere. Hilean behin elkartzen ziren, eta prestakuntza teoriko, praktiko zein pertsonala egiten zuten. Beraz, ikastolan bertan, ASEFOPek proposatzen duen prestakuntza-eredu bera eskaintzen zien Urangak lankideei.
Poliki-poliki, Urangaz gain, Haur Hezkuntzako irakasleak ere psikomotrizitate-saioak egiten hasi ziren. Talde erdia hartu, beste erdia ondoko gelako irakaslearekin utzi, eta psikomotrizitate-saioa egiten zuten.
Psikomotrizitate-praktika gaur egun
Gaur egun, psikomotrizitate-praktika da Txingudi ikastolako hezkuntza-proiektuaren ardatzetako bat. Horrela, Haur Hezkuntzaren etapako esparru guztietan eragiten du, hala nola ordutegietan, antolaketan...
3-4 urterekin hasten dute Txingudiko ikasleek euren eskola-ibilbidea. Bada, psikomotrizitate-gelatik bertatik ekiten diote eskola-ibilbide horri, psikomotrizitate-gelan bertan hasten baitute egokitzapen-prozesua. Beraz, jolas libreak eragiten duen plazeraren gainean eraikitzen da ikastolarekiko eta tutorearekiko atxikimendua. Horrela antolatzen dute Txingudi ikastolan 3-4 urtekoen egokitzapen-prozesua:
1- Uztaila: iraileko egokitzapen-prozesuari buruzko informazio zehatza bidaltzen zaie familiei.
2- Iraileko lehen astea: gurasoak saio guztian daude haurrekin.
- 14:30-16:00 eta 16:30-18:00.
- Saio erdia, psikomotrizitate-gelan; beste erdia, euren gelan.
- Lortu nahi da haurrek ikastola gurasoen bidez ezagut dezatela.
3- Iraileko bigarren astea: gurasorik gabe.
- Ikasle taldea bitan banatu: 14:30-16:00 eta 16:30-18:00
4- Iraileko laugarren astea:
- Talde osoa elkarrekin, baina goizez bakarrik.
- Jangela-zerbitzua aukeran.
5- Iraileko laugarren astetik aurrera:
- Talde osoa elkarrekin, goizez eta arratsaldez: 8:45-12:00 eta 13:55-16:45.
Egokitzapen-aldia amaitutakoan, laugarren astetik aurrera, alegia, ohiko ordutegiarekin hasten dira, eta hortik aurrera ere sekulako garrantzia izango du psikomotrizitate-praktikak Haur Hezkuntza osoan.
Ezer baino lehen, esan behar da lau psikomotrizitate-gela dituztela Txingudi ikastolan, eta horrek ahalbidetzen duela Haur Hezkuntzan psikomotrizitateari horrenbesteko denbora-tartea eskaini ahal izatea. Indar eta baliabide asko jartzen dituzte, beraz, psikomotrizitateari dagokionez, eta, nahiz eta ikastolak Haur Hezkuntzan 4 lerro izan, psikomotrizitate-saio asko egiteko aukera dute; saio asko eta, gainera, talde erdiarekin bakarrik. Ez dakigu baden Euskal Herri osoan antzeko beste esperientziarik! Ez dugu uste! Antolakuntza pedagogikoari begiratze hutsarekin, begi-bistakoa da Txingudi ikastolan pisu handia duela aniztasunaren arreta goiztiarrak.
Psikomotrizitate-saioei dagokienez, bi esku-hartze mota egiten dituzte:
- Heziketaren eta prebentzioaren esparruetako psikomotrizitate-saioak (talde erdia).
- Heziketaren eta prebentzioaren esparruetako psikomotrizitate-laguntzako saioak (talde txikiak).
Heziketaren eta prebentzioaren esparruetako psikomotrizitate-saioak (talde erdia)
Haur Hezkuntzako 3. mailakoek ordu eta erdiko bi psikomotrizitate-saio izaten dituzte astean. Tutorearekin egiten dituzte saioak (prestakuntzarik ez badu, prestakuntza egina duen beste irakasleren batekin). Tutorea (edo prestakuntza duen irakaslea) talde erdiarekin joaten denez saiora, astean lau aldiz joaten da psikomotrizitate-saiora. Hala, gelan behar gehixeago duen haurren bat izanez gero, lau aldiz ere eraman dezake helduak berarekin. Eta zer egiten dute beste talde erdiarekin? Hizkuntza indartzeko saioak egiten dituzte. Horretarako dago, besteak beste, psikomotrizitate-laguntzako saioen arduraduna. Haur Hezkuntzako 3. mailako bi tutore saiora aldi berean joaten direnez (bakoitza psikomotrizitate-gela batera), psikomotrizitate-saiora joan ez diren bi talde erdiekin bat osatzen dute, eta laguntza-saioen arduradunarekin egoten dira gelan.
Haur Hezkuntzako 4.goek eta Haur Hezkuntzako 5.goek astean saio bakarra izaten dute, baina tutorea bi aldiz joaten da talde erdiarekin. Psikomotrizitate-saiora ez doazen beste bi talde erdiak beste irakasle batek hartzen ditu Haur Hezkuntza 4an, eta Musikako irakasleak, berriz, Haur Hezkuntza 5ean.
Heziketaren eta prebentzioaren esparruetako psikomotrizitate-laguntzako saioak (talde txikiak)
Haur Hezkuntzako 4.go haurrekin hasten dira konbentzioz laguntza-saioak egiten. Dena den, eta egiari zor, esan daiteke Haur Hezkuntzako 3.etik hasten dela esku-hartze goiztiarra: alde batetik, laguntza beharko luketen haurrak identifikatzen dituzte, hala, Haur Hezkuntzako 4. mailan laguntza-saioetara bideratu ahal izateko; bestalde, une horretan ezinegonen bat duen haurren bat balego (gurasoen banaketa, anaia edo arrebaren baten jaiotza...), tutoreak berarekin eramaten du psikomotrizitate-saioetara, nahiz eta saio horiek, berez, laguntzakoak ez izan.
Laguntza-saioak tutorea ez den beste irakasle batek egiten ditu. Garai batean, Mariaje Urangak egiten zuen lana; gaur egun, beste Mariaje batek egiten du, Mariaje Arrastuak, hain zuzen. Ez da komeni tutorea eta laguntza-saioak egingo dituen irakaslea pertsona bera izatea; izan ere, talde handiarekin (talde erdia bakarrik bada ere) egiten den esku-hartzea eta laguntzako talde txikiarekin egiten dena ez dira berdinak. Jarrera-sistema bai, hori berbera da, baina, psikomotrizistak haurraren jolasean duen inplikazioari dagokionez, aldeak daude. Laguntza-saioetan, esaterako, haurren produkzioak manipula daitezke; talde handiarekin egiten diren saioetan ez, normalean behintzat.
Ikasturte amaieran erabakitzen dute Haur Hezkuntzako 3. urtea egin duten haurretatik zeinek jasoko duen psikomotrizitate-laguntzako saioa Haur Hezkuntzako 4. urtean.
Taldekatzeak
Laguntza behar duen haurra astero joaten da laguntza-saiora, hau da, BETI.
Laguntza-saioa behar duen haurra bere gelako lauzpabost gelakiderekin joaten da saiora. Beraz, Txingudi ikastolan behintzat, EZ DAGO LAGUNTZA BEHAR DUTEN HAURREZ SOILIK OSATUTAKO LAGUNTZA-TALDERIK. BERAZ, GUZTIZ INKLUSIBOAK DIREN SAIOAK BERMATZEN DIRA.
Laguntza behar duen haurraren ikastaldea lautan zatitzen dute, eta laguntza behar duen haurra hiru astez segidan gelako taldetxo berarekin joaten da laguntza-saioetara.
Hiru saio egindakoan, hau da, hiru aste pasatutakoan, laguntza behar duen haurrak taldetxoz aldatzen du, eta beste taldetxo batekin joaten da laguntza-saiora, beste gelakide batzuekin.
Horrela, ikasturte osoan zehar, taldetxo bakoitzak hiru txanda edo bederatzi aste egiten ditu gutxi gorabehera, laguntza-saioetan.
Ondorioak
Artikulu hau idazten hasteko motibazioa Txingudi ikastolan egiten duten talde txikiko psikomotrizitate-laguntzaren berri ematea zen. Dena den, artikulua idazten ari ginen bitartean, konturatu gara talde txikiko laguntza-saioak ez ezik, psikomotrizitate-saio guztiak ere arreta goiztiarraren zerbitzura daudela. Hartara, heziketaren eta prebentzioaren esparruetan egiten den guztia da arreta goiztiarra. Gaur egun, zorionez, eskola askotan egiten dira psikomotrizitate-saioak. Beraz, nahi izatera behintzat, sekulako aukera dugu eskoletan lehen mailako prebentzioan esku hartzeko.
Txingudi ikastolaren kasuak, berriz, argi erakusten digu, prebentzio lanean egiazki sinesten bada, asko egin litekeela zeharkako prebentzioan ere. Txingudikoek baliabide pedagogiko gisa ulertzen dituzte laguntza-saioak, haurren aniztasunari erantzuteko baliabide gisa. Esan liteke Haur Hezkuntzan pedagogo-terapeuta lana egiteko modu bat dela, baina, betiere, haurrek berezkoa duten horretan, jolas espontaneoan, oinarrituta.
Bukatzeko, eskerrak ematea baino ez zaigu gelditzen. Eskerrak Txingudi ikastolari, euren esperientziaren berri emateko aukera eskaini izanagatik; eskerrak Bergarako Luzaro Psikomotrizitate Eskolari ere, artikulu honi leku egin izanagatik; eta, bukatzeko, eskerrak haurrei, eurei hazten lagundu nahiak geuri ere hazteko aukera paregabea ematen digulako. Bejondeiela!!!