Erabakiak, ebidentzietan oinarrituta

2017-10-01

DERRIGORREZKO ESKOLA AMAITZEN DUTENEAN GURE IKASLEAK NOLAKOAK IZANGO DIRA? ZER JAKINGO DUTE? ZEIN KONPETENTZIA IZANGO DITUZTE?... ETA ZER ESATEN DIGU ZIENTZIAK GUK LORTU NAHI DUGUN HORREN INGURUAN?

 

 
 

Beste ikasturte bat hasi dugu, eta horrekin batera etorri dira erronka eta asmo berriak hezkuntza-arlora: berrikuntzak txertatu beharra, halako metodologia berritzaile erabiltzeko premia, espazioa berrantolatzeko nahia… Izan irakasleek abiatuta, zuzendaritzak aginduta, eskola komunitatearen eskariz edota administrazioak hala erabaki duelako… hamaika proiektu eta egitasmo berritan sartu ohi dira eskolak ikasturtea hastearekin batera.

Gaur egun dauden tendentzia eta heziketa-ildo guztiekin, bada arriskua korronte ezberdinen artean galtzekoa edo kontziente izan gabe eramaten uztekoa, nahiz eta denok ados egon eskolaren egiten dugun praktika pedagogikoak ezin duela izan orain dela gutxi irakasle bati bururatu zaion zerbait, ezta modan jarri den azken metodologia ere. Bada tendentzia azpiegiturak aldatzekoa, espazioak modu berritzailean diseinatzekoa, Ipak-ak erabiltzen hastekoa… Horrek guztia, ordea, hobekuntza, berrikuntza eta eraldaketa pedagogikoa ekar ditzake, edo ez.
 
Berrikuntza dei dakion, metodologia komun bat erabiliz, eskola komunitate osoaren artean adostutako eta eraikitako zerbait izan beharko litzatekeela diote adituek. Orduan bai emango litzaioke ikaskuntza-prozesuari sendotasuna eta trinkotasuna. Horrekin batera, baina, praktika pedagogikoa hobetu dadin, ados jarri behar genuke gure eskolan sakratuena denaren inguruan: derrigorrezko eskola amaitzen dutenean gure ikasleak nolakoak izango dira? Zer jakingo dute? Zein konpetentzia izango dituzte?... Eta zer esaten digu zientziak guk lortu nahi dugun horren inguruan?

Sendotasun eta trinkotasun horren bila lan egiten saiatuko da hik hasi ere, beste ikasturte batez, aldizkari honetatik bertatik hasita. Horren lekuko eskola txikietan egiten ari diren proiektu eredugarriaren inguruko erreportajea, edota umeak “drogratzearen” gainean Iñaki Redin Popi irkasleak elkarrizketa nagusian ematen dituen hamaika datu kezkagarri.

Izan dadila, bada, ikasturte hau maila guztietako erabakiak ebidentzietan oinarriturik hartuko diren aroa, eta ez okurrentzietan, gainontzean, anekdota hutsean geratzeko arriskua izango baitute ustezko eraldaketa, berrikuntza, eta hobekuntza pedagogiko guztiek.