Ariketa erreal bilakatzea da kontua

2017-12-01

HEZKUNTZA, ESKOLA, IRAKASLE JARDUNA, BIDERKAKETAK IRAKASTEKO METODOA... HOBETZEA POSIBLE DA. EREDUAK BEHAR DIRA, ETA NAHI IZAN BEHAR DA. 

 

 
 

8 urteko bi haurren gurasoak elkarrizketan ari dira parkean. Bata kexu da, eskolatik itzuli eta haurra egunero afal aurretik biderkaketak egiten edukitzea ez zaio ariketa ikasteko modurik egokiena iruditzen. Besteak diotso gustukoa ez izanagatik, ikasiko badu ariketa abstraktua paperean egitea beste biderik ez dagoela. Eztabaidak ez du aterabide errazik, biderkaketak ikasteko modu bakarra ariketa abstraktua paperean egitea eta egitea dela uste duten gurasoek zail dute beste alternatibarik planteatzea.

Baina bada beste modurik biderkaketa-taula ikasteko eta biderkaketak egiten ikasteko. Akaso gurasoek ez, baina irakasleek jakin behar dute badela matematikak irakasteko beste modurik, idazten-irakurtzen ikasteko modu ugari dauden bezala, hizkuntzak ikasteko, geografia, historia... dena delakoa. 

Eta harago, irakasleok jakin eta ezagutu behar dugu eskolak emateko ereduak ugari direla. Eskola-ereduak ugari direla. Instruktiboagoak, aktiboagoak, konduktistagoak, askeagoak, autonomoagoak, berdeagoak... ereduek geureaz hausnartzeko balio digute, eskola barruko geure jardunaz, klaustro mailako jardunaz, eskola mailako jardunaz, gurasoekikoaz, komunitatekoaz... onari eusteko, okerragoa dena aldatu litekeela ikusteko, eta aldatzeko urratsak nola egin ikasteko, beti ere hobetzeko. Hezkuntza hobetzeko. 

Hik Hasirentzako eredu garrantzitsu bat da Reggio Emiliako udal eskolena. Gela barruko jardunetik hasi —gelaren beraren itxura, egokiera, arkitektura, estetikaz gain gela barruko jardun pedagogikotik hasi— eta eskolara, eta komunitatera proiektu arras interesgarria da Reggio Emiliakoa. Sarritan ekarri ditugu orriotara eskola horiek, eta oraingoan geu joan gara hara.  Eta ikusi dugu posible dela.

Posible beste hezkuntza eredu bat. Kalitatezko hezkuntza eredu publiko bat. Beste hezkuntza publiko eredu bat. Beste autonomia eredu bat. Beste gardentasun eredu bat. Beste pedagogia eredu bat. Beste hezkuntza sistema eredu bat. Herrikoia, haurra erdigunean jartzen duena, udalek kudeatua, herritarrek eskolarekin eta eskolak herritarrekin erabakia. Ikusi dugu posible dela.

Duela hamaika urte ere izan ginen Reggio Emilian. Ikusi genituen hango eskolak, ezagutu genuen hango pedagogia, hango sistema. Eta itzuli eta hausnartu genuen. Haienaz eta geureaz. Zer egin nahi dugun eta zer egin dezakegun. Eta, zer ez. Eta egin genituen hobekuntzak. Bakoitzak bere esparruan. 

Hezkuntza, eskola, irakasle jarduna, biderkaketak irakasteko metodoa... hobetzea posible da. Ereduak behar dira, eta nahi izan behar da.

Eta baldintzak. Goitik datozenean baldintza hobeak, primeran. Baina goitik etortzeko, ezin da eserita itxoin. Hori ere ikasi dugu Reggio Emilian. Bigarren Mundu Gerra bukatu eta hurrengo egunean hiriko bizilagunak eskola bat eraikitzen hasi ziren.

Baina behetik gora ere ezarri daitezke hobekuntzarako baldintzak. Hezkuntza sistema aldatzen dugu gure eskola aldatzen dugun neurrian, eserita zain egon gabe. Biderketak irakasteko modua, gure gelako jarduna, gure klaustrokoa, gurasoekiko eta komunitatearekiko jarduna aldatzen ditugun neurrian. Gure esku ere badago. 

Ereduak ezagutu behar ditugu, eta hausnartu eta ausartu. Ariketa erreal bilakatzea da kontua.