ITXARO MENDIZABAL. Zer garrantzia dute emozioek ikaskuntza prozesuan?

2017-12-01

 

Ikasgelan, emozioen koktel batetik pasatu behar izaten dute haurrek. Presio akademikoak ez ezik, gizarteak ezartzen duen presioak ere ez du laguntzen. Emozioen koktel horren barruan, pozik edota haserre egotetik minduta, harro, barregarri edo urduri sentitzera pasatzen dira, minutu gutxian. Haurrentzat, emozioz betetako presio-eltze bat da eskola.  

 

 
 

Emozio horietatik guztietatik pasatzeak ez du laguntzen ikaskuntzan, eragin handia baitute komunikazioan, arretan eta memorian.

Hezkuntzak ongizate pertsonala eta soziala sustatzea izan beharko luke helburu. Ongizate emozionala lortu behar dugu, lagunduko dioten emozioak esperimentatuz eta, horrela, zoriontasunera gerturatuz. Horretarako, beharrezkoa da haurra gaizki sentiarazten duten emozioak ondo kudeatzen ikastea. 

Hezkuntza esatean, ez gara soilik hezkuntza formalera (eskoletara) mugatzen; edozein testuingurutan egiten den ikaskuntzaz ari gara. Eskola da, ordea, familia guztietara heltzeko modu bakarra, ikaskuntza formaletik igaro behar izaten dugunez herri aurreratuetan bizi garen orok.

2003. urtean, Nel Noddings-ek (feminista, hezitzailea eta filosofoa) eskoletan soilik “trebezia ekonomikoak” azpimarratu beharrean −hala esaten zien hark− bizitzarako prestatzeak zuen garrantzia azpimarratu zuen (Happiness and Education liburua, Cambridge).

 

Ikasteko prozesua

“Ikaskuntza, ikasketa ere esaten zaiona, izaki baten kognizio-sistema (ezagutzei, trebeziei eta horien baliagarritasunari dagokienez) praktika baten bitartez eta modu iraunkorrean errealitatearen ingurune batera egokitzen duen gogamenaren jarduera da. Portaeraren jatorrizko eragiletzat jotzen da. Badago ikaskuntzaren kontzeptu murritz bat ere, aski zabaldua, ikaskuntza ezagutza baten barneratze edo oroimenean finkatze hutsarekin parekatzen duena” (Wikipedia).

Eskola barruan, irakasle batek helaraziko dizkio ezagutza horiek ikasleari. Ematen dion informazio horrek zentzu bat, helburu bat izan beharko du jasotzailearentzat, hark bere garunean gordetzeko interesgarria dela sentitu behar baitu. Ikasi behar dugun horrek arreta eskatuko digu, beraz. Gure zentzumenek informazio hori gure etorkizunerako interesgarria dela ikusi behar dute, gure iraupenerako beharrezkoa dela sentitu behar dute. Emozioa, motibazioa eta jakin-mina piztu behar ditu.

Arreta lortzea ikasketarako eta memorizatzeko aurrerapauso bat dela esan genezake.

Ikasketa-prozesua esplizitua edo emozionala (inplizitua) izan daiteke. Aurrenekoak energia-kontsumo handia eskatzen du, esfortzu kontziente bat (arreta selektiboa eta denboran zehar iraupena duena), eta errepikapen jarraitua (garunean gordetzeko). Prozesu geldoa izateaz gain, azkar ahazteko aukera asko ditu.

Ikasketa emozionalak, aldiz, ez du esfortzu handirik eskatzen. Ikasketa-prozesua automatiko eta inplizitua da; erraz barneratzen da, eta denboran zehar irauten du. 

Ikasketa-prozesu bat gustura egiten bada eta gaia ondo barneratzen bada, lorpen-sentimendu handia sentituko dugu, eta ikasten jarraitzeko gogo handiagoa izango dugu.

 

Emozioak 

Ez da lan erraza emozioak definitzea. Bat-batean agertzen diren intentsitate handiko erreakzio afektibo gisa defini genitzake; gutxi irauten duten arren, haien ondorioz sortzen diren aldaketa somatikoek denboran zehar iraun egiten dute. Emozioak modu askotara eta helburu desberdinekin sor daitezke, eta sortzen dituzten ondorioak ere erabat desberdinak izan daitezke. Emozioek bermatu dute gure iraupena urteetan zehar. 

Bisquerra-ren arabera (2003), honela sortzen da emozioa:

  1. Gure garuneko zentro emozionaletara informazio sentsorialak iristen dira.
  2. Erantzun neurofisiologiko bat sortzen da.
  3. Neokortexak interpretatu egiten du informazio hori.

Ezinezkoa da emozioak kontrolatzea, baina emozio horiek sortzen digutena, bai, kontrola daiteke; emozioa sentitu ondoren, nola erantzun erabaki dezakegu. Emozioek sortzen digutenak eskuetatik alde egiten digun unean, galdu egingo ditugu bai irakasteko eta bai ikasteko gaitasunak.

Durham eta Lancarter unibertsitateetan (Erresuma Batua) egindako ikerketa baten arabera, amaren sabelean dagoen umekia gai da hainbat emozio edo sentipen adierazteko (Laterality: Asimmetries of Body, Brain and Cognition, 2014). Jaio aurretik sentitzen baditugu, beraz, ez da zaila konturatzea emozioak gure eguneroko esparru guztietan daudela.

Memorian gordetzen diren oroitzapen gehienek karga emozional handia dute. Emozioek ikasten laguntzen digute. Hori horrela izanda, ezin ditugu baztertu emozioak hezkuntzaren munduan. Emozio horiek positiboak badira, irakasteko eta ikasteko prozesua erraztuko digute, eta, negatiboak badira, berriz, zaildu egingo dute prozesua.

Garai bateko hezkuntza irakaslearengan eta haren ezagutzetan zentratzen bazen ere, gaur egun, garrantzia ikasleari ematen hasi gara. Irakaslearen eta ikaslearen arteko tandema osatu da, eta gehiago har-tzen dira kontuan irakaste-prozesuan ikasle horrek dituen gaitasunak eta trebetasunak.

 

Zer eragin dute, orduan, emozioek irakasteko eta ikasteko prozesuan?

Irakasteko eta ikasteko prozesuan emozioen bidezko lanketa sartzean, emaitza hobeak lortuko dira, gaiak eta baliabideak hobeto transmititzen eta barneratzen direlako emozioen bidez. Luzera begira, gainera, ez da ikasgeletan ikasitakoa bakarrik geratuko; emozioak kudeatzen dakienak bizitza osorako baliabideak eskuratuko ditu, eta bere bizi-kalitatea hobetuko etorkizunean. Azken finean, emoziorik gabe, ez dago arretarik, ez ikasketarik, eta ez memoriarik.

Irakasleek beren irakasteko modua ikasleen ikasteko moduarekin bateratuko balute, ikasle horien errendimendu akademikoa handiagoa litzateke, bi aldeen emozioak kontuan hartuta, betiere; emozio positiboak sortuko lirateke horrela, eta, aldi berean, ikasketa sakonagoa ekarriko luke horrek berak. Ikasketen eta emozioen zirkulu bat sortuko litzateke. Alderantzizko kasuetan, ordea, apatia, interes eza, antsietatea agertuko lirateke, ikasleak ikasten ez duelako eta irakasleak aurrerapenik ikusten ez duelako (A. Campos, 2010).

Hezkuntza emozionalak gaitasun emozionalen garapena du helburu. Gaitasun horiek behar-beharrezkoak dira bakoitzaren emozioak ezagutzeko, sentitzeko, ulertzeko, adierazteko eta modu egokian kudeatzeko. 

Gaitasun emozionalen garapena, gainera, ez da inoiz amaituko, eta horregatik du horrenbesteko garrantzia bizitza-ziklo osoan zehar eskura izateak. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan, familian, gizartean, helduaroan... 

Emozionalki osasuntsua den pertsona batek −ikasle zein irakasle− gaitasun handiagoa izango du ikasteko eta irakasteko.

Gure emozioak zehazten jakiteak, nola sentitzen garen identifikatzeak, geure burua hobeto ezagutzen lagunduko digu. Horrela, gure portaerak zentzu positiboa izango du, eta hobeto adieraziko ditugu gure emozioak. Estresa, antsietatea eta depresio-egoerak kudeatzeko gaitasuna gara daiteke, emozioak ondo ezagututa eta erabilita. Gizarte-gaitasunak handitzen dira, autoestimua indartzen da, indarkeria-tasak jaisten dira, eta emaitza hobeak lortzen dira ikasketetan.

Garbi izan behar duguna zera da: ez dugu barneratuko ikasi nahi ez dugunik. Ez dugu ikasiko motibatzen ez gaituena, eta, ez bagaitu motibatzen, guregan emozio positiborik sortzen ez duelako da. 

Eskolan, beharrezkoa ikusten dugu hezkuntza emozional egoki bat; ikasleak ondo ezagutu behar du bere burua, bai eta ondokoak ere, elkarren arteko errespetua, enpatia eta kohesioa sortzeko

 “Sormenetik, irudimenetik eta batez ere plazeretik irakatsi behar dugu. Izan dadila ikasgela leku goxo bat, ezagutzarekiko eta aurkikuntzarako pasioa transmititzeko egokitua” (Carolina Frigerio.)

“Eskolan, haur batek bere burua ezagutzeko behar duen gaitasuna, autoestimua, autonomia eta, batez ere, haren adimen-eremu emozionala landu behar lirateke, horixe baita bizitzarako baliagarrien izango zaion ikasketa, alderdi emozional horien lanketak eta garapen egoki batek bestelako eduki akademiko guztien integrazio egokiagoa ekarriko baitu” (Aintzane Irizar, 2016)

** Ez dago esaterik emozio bat positiboa edo negatiboa den. Baina funtzio positiboa edo negatiboa izango du, hori bai, emozio bera une desberdinetan positiboa edo negatiboa izan daitekeelako. Beldurra, adibidez, positiboa izan daiteke, arrisku batetik alde egitera bultzatzen gaituen unean, eta negatiboa, geldiarazten gaituenean.

 

Gomendatutako irakurgaia:

Educación Emocional. Propuestas para educadores y familias. Rafael Bisquerra (Koord). (ed. Desclée de Brouwer, S.A., 2011)

 

Bibliografia:

  • Bisquerra Alzina, R. (2003). “Educación emocional y competencias básicas para la vida”. Revista de Investigación Educativa, 2003, 21. liburukia, 1. zk., 7-43. or. http://revistas.um.es/rie/article/viewFile/99071/94661
  • Durham eta Lancarter. Laterality: Asimmetries of Body, Brain and Cognition, 2014. http://www.tandfonline.com/doi/abs/10.1080/1357650X.2014.920339
  • Frigerio Carolina. “Aprendizaje y Emoción” Monografía Curso de Capacitación Docente en Neurociencias de Asociación Educar. http://www.asociacioneducar.com/monografias-docente-neurociencias/c.frigerio.pdf
  • Campos, A., “Neuroeducación: uniendo las neurociencioas y la educación en la búsqueda del desarrollo humano”. La educación. Revista Digital, 143.2010
  • Can Emotional Intelligence Be Taught?. http://www.nytimes.com/2013/09/15/magazine/can-emotional-intelligence-be-taught.html?_r=0
  • Haurtzaroko Gestalt terapia. Emozioak lantzeko proposamen praktikoa. Monografikoa. Ain-tzane Irizar, 2016.