Guztiontzako patioa, guztiontzako eskola, guztiontzako herria

2018-01-01

PATIOAREN INGURUKO HAUSNARKETAK HAUR ZEIN NERABEEN BIZITZAKO BESTE EREMUETARAKO ERE BALIO BEHAR LIGUKE: FAMILIAN, IKASGELAN, AISIALDIAN, AUZOAN, KALEAN... PERTSONA GUZTIEI EGITEN OTE ZAIE LEKU?

 
 

Inork ez du zalantzan jartzen heziketarako gune bat gehiago dela eskolako patioa. Besteak beste, espazio publikoa erabiltzen eta harreman sozialak garatzen ikasten dute bertan haur zein nerabeek. Ikasle, irakasle nahiz gurasoen artean, ordea, bada kezka patioaren erabileraren inguruan. Zer-nolako rolak erreproduzitzen dituzte beroietan ikasleek? Zer-nolako harremanak izaten dituzte? Adin guztietarako baliagarriak ote dira? Patioek benetan haurrek dituzten premiei erantzuten ote diete? Zein balio nagusitzen dira?

Eta, patioaren gainean formulatzen diren galdera horiek ez ote lukete balio beste eremu batzuen inguruan ere gogoeta egiteko? Alegia, eskoletako geletan ikasle guztiei egiten ote zaie lekua? Haur denen premiei erantzuten ote zaie? Zer-nolako harremanak sustatzen dira? Eta, aisialdiko ekintzetan? Zer eredu nagusitzen da eskola-kirolean? Zer-nolako balioak gailentzen dira hizkuntza akademietan edota musika-eskoletan? Horietan ere haur eta nerabe denak izaten ote dira kontuan? Eta herriko plazan edo kalean, nork hartzen du protagonismoa eta nor geratzen da bazterrean?

Aldizkari honetako gai nagusian jasotzen den moduan, eskoletako patio gehienak oso antzekoak dira, eta beroietan sortzen diren harreman asko ez dira kalitatezkoak, patioaren egiturak ez dituelako ordezkatzen bertan dauden pertsona guztien identitateak. Badago gehiengo bat patioaren periferian egoten dena, talde txikitan, apur bat baztertuta balego moduan; eta, bestetik, badago ikasleen zati txikiago bat patioaren azalera osoa erabiltzen duena, normalki futbol-zelai gisara. Bigarren horiek dira aktiboak, protagonismoa daukatenak, gizonezkoak, autoritatea esleitzen zaienak… eta beste guztia dago horren mende. Askotan, periferian egoten diren haur eta nerabe horiek ez dute parte hartzen, ez dute jolasten, ez dira aktibo… hori maiz gertatzen da horretarako aukerarik ez dutelako, ez zaielako eskubide hori aitortzen, eta ez delako guztien parte-hartze hori ahalbidetuko duen errealitaterik sortzen. 

Baina, patioaren inguruko hausnarketa honek haur zein nerabeen bizitzako beste eremuetarako balio behar liguke: familian, ikasgelan, aisialdian, auzoan, kalean… pertsona guztiei egiten ote zaie leku, eta denen beharrak barne-hartzen ote dira? Guztiei entzuten ote zaie eta denek ote dute hitza? 

Hainbat ikastetxetan hasiak dira patioaren inguruan hausnartzen, espazioaren antolaketa modu berriak planteatzen, eta eraldaketak gauzatzen. Xedea da jolastokiari garrantzia ematea eta espazio hori denona dela ulertzea; eta beraz, denen premiei erantzuteko moduak bilatzen eta haur guztiak barne hartuko dituen eremuak eraikitzen ahalegintzea. Baina patioaren inguruko hausnarketa eta esku-hartze horiek ezin ote genitzake beste esparru batzuetara ere eraman?