Guillermo Cano, Naiara Ozamiz eta Sonia Ruiz de Azua. KIROLAREN ONURAK BURU-OSASUENAN

2018-01-01

 

Ikerketa askok erakutsi dutenez, ariketa fisikoak eragin positiboa dauka funtzio kognitiboetan eta egoera emozionalean. Depresioarekin, antsietatearekin eta horrelako gaitzekin lotutako sintometan gertatzen da hobekuntza batez ere arretan eta pentsamenduan eta horrelako esparru kognitiboetan. 

 

 
 

Ariketa aerobikoek laneko estresa arindu dezakete, yogarekin, meditazioarekin eta horrelako ariketekin batera landuta, eta frogatuta dago efektu horrek eragin positiboa izaten jarraitzen duela ariketa utzi eta handik sei hilabetera ere.

Depresioak eragin negatiboa izan dezake osasunean, estresa eragin baitezake, eta eragin negatiboa izan dezake, halaber, immunitate-sisteman eta emozioetan.

Horregatik, ariketa aerobikoa depresioaren sintomak murriztearekin lotuta dago, eta insomnioari, hipersomniari, nekeari, energiaren galerari eta pentsamendu negatiboei aurre egiteko balio du. Beraz, sintoma horiek arintzeko tratamendu ez-farmakologiko eraginkorra da kirola.

Gainera, ariketa fisikoa egiten duten pertsonek sedentarioek baino bizikalitate hobea hautematen dute. Pertzepzio hori harreman sozialetan eta funtzionamendu psikologikoan nabarmentzen da batik bat. 

Ariketa fisikoak garunaren plastikotasuna areagotzen du. Batez ere hipokanpoan gertatzen da hori, ikaskuntzaren eta memoria-prozesuekin lotutako garunaren aldean.

Hainbat ikerketaren arabera, ariketa aerobikoek anaerobikoek baino eragin positiboagoak dituzte errendimendu akademikoan eta adimenean.

Bestalde, ikerketek argi erakutsi dutenez, hobekuntza kognitiboak izaten dituzte alzheimerra, parkinsona edo horrelako gaixotasunen bat dutenek, ariketa aerobikoaren ondorioz. Alzheimerra duten pazienteek oroimena hobetu dezakete ariketa aerobikoa egitean, eta hipokanpoaren narriadura gutxiagotu dezakete. Gainera, fisioterapiak funtzionamendu kognitiboa eta informazioaren prozesamendua hobetzea eragin dezake parkinsona duten gaixoengan.

Patologia fisikoei dagokienez, ikerketek erakutsi dute ariketa fisikoa oso baliagarria dela osteoartritisa, lunbalgia edo zerbikalgia duten pazienteengan. Kasu horietan, ariketa fisikoak funtzionamendu psikologikoa eta bizi-kalitatearen pertzepzioa hobetzen ditu.

 

Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikerketa

Gaur egun, ez dakigu zer kirol mota den onena hobekuntza psikologiko eta kognitiboak gertatzeko, ez eta zenbat denboran egin behar den edo zer maiztasunekin ere. Horregatik, hobetu egin behar dira ariketa fisikoen programa horiek. Euskal Herriko Unibertsitatean, ikerketa bat egin genuen lantalde batek, aztertzeko zer ariketa fisikok hobetu ditzakeen egoera afektiboa, bizi-kalitatea eta kognizioa. Horretarako, askotariko gaixotasun fisikoak zituzten pertsonekin egin genuen ikerketa. 

 

Lagina 

Ikerketan, 27 urtetik 58ra bitarteko 40 pertsonak parte hartu zuten. Gaixotasun fisikoren bat zeukaten parte-hartzaile guztiek: aurreko lotailu gurutzatuko plastia, omalgia, gonalgia, lunbalgia, zerbikalgia, ostreoartritisa eta sorbaldaren haustura. Aurrez, tratamendu farmakologikoarekin eta fisioterapiarekin ezin izan zieten aurre egin gaixotasun fisiko horiei aurrez.

 

Metodologia

Parte-hartzaile guztiek galdera batzuei erantzun zieten, gurekin esku hartzen hasi baino lehen. Galdera horiek egoera emozionalari, bizi-kalitatearen pertzepzioari eta gaitasun kognitiboari buruzkoak izan ziren. 10 astera, berriro ebaluatu genituen pazienteak.

Tresna hauek erabili genituen:

  • STAI testaren bitartez, egoera emozionala neurtu zen.
  • BECK testaren bitartez, depresioa neurtu zen.
  • EUROqOL-5D (EQ-5D) tresnaren bitartez, bizi-kalitatea neurtu zen.
  • Nagusientzako Wechsler (WAIS-IV) eskalako hainbat tresna ere erabili ziren, abiadura bisomotorra, prozesatze-abiadura, arreta eta epe laburreko oroimena neurtzeko. Digituen proba egin zen, gainera, entzumenezko oroimena eta lan-oroimena neurtzeko. 

 

Esku-hartzea

Parte-hartzaileek ariketa aerobiko neurrizkoa egin zuten berrogeita bost minututan zehar, astean hiru aldiz. Nerruzko ariketa fisiko hori pertsonaren gaitasun fisikoaren araberakoa izan zen. Ariketa fisikoa 30 minutuan bizikleta eliptikoan eta 15 minutuan zintan korrika egitean zetzan. Bost minutuko etenaldiak egiten zituzten 15 minutuan behin.

 

Emaitzak

Proba estatistikoek demostratu zuten pazienteek hobera egiten zutela proba kognitibo guztietan. Oro har, parte-hartzaile guztiek hobera egin zuten proba afektiboetan eta bizi-kalitatean, gurekin esku hartu eta gero.

Antsietatea neurtzen duen STAI proban, batezbestekoa 6 puntu jaitsi zen. Depresioa neurtzen duen BDI proban, 2 puntuko jaitsiera izan zen. Bizi-kalitateari dagokionez, pazienteek bizi-kalitatearen pertzepzioa hobetu zuten: 8 puntu egin zuen gora batezbestekoak. 

Proba kognitiboek erakutsi zutenez, hobekuntza esanguratsuak egin ziren hitz-etorrian eta oroimenean.

 

Ondorioak

Ariketa fisikoa egin ondoren prozesu kognitiboa, afektiboa eta bizi-kalitatearen pertzepzioa nola hobetu ziren aztertzea zuen helburu ikerketak. Aurreko ikerketekin konparatuta, bazen berrikuntza bat: ariketa fisiko jakin bat denbora jakin batean definitu nahi izan zen, hobekuntza hauek azaltzeko. Gure ikerketak argi erakutsi zuen ariketa aerobiko horiek hobekuntzak ekarri zituztela hainbat eremutan, batez ere antsietatearekin, depresioarekin eta tankerako gaitzekin lotutako sintometan.

Bizi-kalitateari dagokionez, argi ikusi zen emaitzetan pazienteek hobera egin dutela bizi-kalitatearen pertzepzioan, 10 aste pasatu ondoren.

Gainera, ikerketa honen bitartez, kognizioa hobetzen zen ikusi nahi izan zuten, batez ere oroimenari, arretari, prozesatze-abiadurari eta hitz-etorriari erreparatuta. Hitz-jarioari buruzko probak eta zenbakiek argi erakutsi zuten parte-hartzaileek hobera egin zutela arretan, oroimenean, prozesamenduan, gaitasun bisomotorrean eta distrakziorako erresistentzian. Parametro horiek beharrezkoak dira egunerokotasunerako, eta beharrezkoa da horiek egoki erabiltzea, autonomiarako eta lan-jarduerarako. Beraz, pazienteek 10 astetan kirola egin ondoren, hobera egin zuten aztertutako parametro guztietan.

Ariketa aerobikoaren ondorio kognitiboak oso garrantzitsuak izan daitezke, oroimenaren errendimendua hobetzeko eta hipokanpoaren narriadura gutxiagotzeko, eta alzheimerra eta horrelako gaixotasun degeneratiboei buruzko ikerketak erraztu ditzakete. Gainera, ikerketa horren arabera, ariketa fisikoa onuragarria izan daiteke, baita osasuntsu dauden pertsonentzat eta gaitasun kognitiboak hobetu nahi dituztenentzat ere.