Goizalde Landabaso: IRAKASLE HAIEK

2018-01-01

 

 

 
 

Eskolan sartu berri da familiako txikiena. Lehenengoz. Pozik joan ohi da, lagunak ikustera. Jolastera. Oraindik ez daki zer den eskola, zer esan nahi duen. Oraindik ez daki bere bizitza erabat aldatuko dela. Oraindik ez daki hortxe aurki ditzakeela bere bizitzako bidelagunak izan daitezkeenak. Nik oroimen lausoa dut eskolako lehenengo egunaz, baina gogoan dut negarrez sartu nintzela. Tira, ez daukat gogoan, baina beti esan izan didate negarrez sartu nintzela. Eta barneratu egin dut; neure-neurea den oroitzapena sortu dut, alegia. Jazotakoa berresteko-edo, argazki bat egin zuten; eta bai, horixe naiz ni, eta bai, negarrez ari naiz. Ez nuke paralelismorik egin nahi etxeko txikienaren esperientziaren eta nirearen artean. Seguruenik, haren jolastokian ez dago sorginik maltzurrenak ezkutatzen zituen ate misteriotsurik. Ziurrenik, irakasleak ez du bereizketarik egingo R ahoskatzean ondo egiten dutenen eta txarto egiten dutenen artean, eta ez dakit litxarreriekin ospatuko ote dituen urtebetetzeak. Ez dakit izango dituen irakasleak samurtasunez gogoratuko dituen denborarekin, edo amorruz, edo axolagabekeriaz, edo okerrena: ahaztuko ote dituen. Hezkuntza-sistemarik onena Finlandian ei dago, eta irakasle izatea gauza handia da han. Irakasleen ofizioa izugarri estimatzen dute herritarrek. Irakasle-ikasketak egiteko, unibertsitateak oso nota altua eskatzen du Finlandian, eta aurkeztutakoen %10 baino ez du onartzen. Gauza serioa da irakaskuntza Finlandian, serioena, agian. Ez dakit hemen oso seriotzat daukagun hezkuntza, irakasleen lana, baina esango nuke erdi serio bakarrik hartzen dugula. Gogoratzen ditut irakasle batzuk. Ez dakit onak ziren, baina, hasierako irakasle haien oroitzapen ona daukat. Oso altuak iruditzen zitzaizkidan, eta oso zaharrak. “Zuk zortzi urte edo izango dituzu?”, galdetzen genien zortzi zenbakia milaren sinonimo zenean. Hazi ginen, baina, eta, haztean, gauzak bere neurrira itzultzen dira. Irakasle haiek ez ziren Matusalem bezain zaharrak (berez, zaharrak ere ez ziren), ezta Altzoko Erraldoia bezain altuak ere. Dagoeneko izenak baino ez ditut gogoratzen. Kalean ikusiko banitu, ez nituzke ezagutuko seguruenik. Haiek ni ere ez. Urteek aurrera egin ahala, ugaltzen joan ziren irakasleak, eta nire ahanztura handitzen. Batzuk ezabatu ditu nire garunak. Ondo gogoan ditut txarrenak, eta on apurrak ere bai. Ikaskuntza-sasoia ez daukat batere idealizatuta beste gauza batzuk idealizatu ditudalako, beharbada. Desberdinak ziren nire ikasle-sasoiaren lekuko izan ziren ikastola biak, eta hori ere esan behar da. Lehenengoa, txikia, gurasoek bultzatua, oinarri-oinarrietatik. Erabateko inplikazioa eskatzen zuena zen ikastola hura. Horregatik, eta seguru asko ni umeago nintzelako, samurtasunaren zokoan gorderik daukat. Bigarrena, aldiz, handia zen, urruna, zentzu batean. Handik, ikaskideak gogoratzen ditut batik bat (batzuk baino ez), eta izan nituen irakasle txarrak. Arrazoia? Ni nagusiago nintzen, eta osteran-tzeko begiradarekin bizi eta ikusi nuen dena. Edozelan ere, gero eta urrunago dago dena, han, itsasoaren ostertzetik harago.