Filosofia, pentsatzen ikasteko giltza

2018-03-01

 

Haur eta gazteen heziketak gizartearen eraldaketarako izan dezakeen ahalmenaz gogoeta egiteko eta, bide batez, filosofiak hezkuntzari egiten dion ekarpenaz hausnartzeko, mahai-inguru bat antolatu zuen abenduan Agora Filosofia Elkarteak, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean. “Heziketa: eraldaketarako motorra?” izenburupean, solasean aritu ziren Miren Camison, Ibai Iztueta, Jon Sarasua eta Ana Santamaria, Agora Elkarteko kide den Oihana Ameskua gidari zutela.

 

 
 

Hezkuntzaren desafio eta ezinegonei buruz mintzatzeko, eta testuinguru horretan filosofiak jokatzen duen eta jokatu beharko lukeen zereginaz gogoeta egiteko, mahai-ingurua egin zuten abenduaren 12an Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, “Heziketa: eraldaketarako motorra?” izenburupean, Agora Filosofia Elkarteak koordinatuta. Ibilbide baten emaitza izan dira jardunaldiok. Izan ere, Agora Elkarteko kide Oihana Ameskuak azaldu zuenez, filosofiako irakasleak, Bigarren Hezkuntzan dihardutenak bereziki, uharte bakartuetan ari balira bezala sentitu izan dira maiz. Azken bi urteotan LOMCEk oro har hezkuntzari eta bereziki filosofiari eman dien “astindua” erantsi behar zaio horri —EAEn, Heziberriren bidez gorpuztu da—, estatusa aldatu baitiote irakasgai horri, eta nahitaezkoa izateari utzi baitio: “Ezinegon horrek eta beste batzuek mugituta hasi ginen elkartzen eta harreman-sareak osatzen. Eta ibilbide horren fruitu dira jardunaldi hauek. Baina harago doa gure kezka. Ez da gure sektorearen eskakizun bat, filosofiako ordu gehiago behar ditugula aldarrikatzeko, edo ez hori soilik. Kezkatuta gaude lege horiek guztiek zer-nolako gizakia eta zer-nolako gizarte-eredua eraiki nahi ote duten. Eta ardura sortzen digu testuinguru horretan humanitateek edota galderarako gonbita egiten duten arloek zeinen toki gutxi duten ikusteak ere”.

Agorako kideak sinetsita daude hezkuntzak gizarteko desafio berriei erantzun behar diela, eta filosofiak ekarpenik egin dezakeela egiteko horretan, edota, behintzat, begirada interesgarri bat ekar dezakeela. Ameskuaren hitzetan, hezkuntza aldatu egin behar dela esatea, uneotan, mantra moduko zerbait bilakatu da: “baina zer ulertzen dugu aldaketa hitzarekin? Norantz jo behar du gure hezkuntzak? Zer betekizun du gure eskolak? Zergatik eta zertarako? Horiek ere egin beharreko galderak dira”. Eta, hain zuzen ere, era horretako auziei buruz hitz egiteko elkartu zituzten mahaiaren inguruan Miren Camison, Ibai Iztueta, Jon Sarasua eta Ana Santamaria.

 

Bizitza osoa, eskola

Ibai Iztueta Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta euskaltzalea izan zen hitza hartzen lehena, eta kultura maila zientifiko eta humanistiko azpimarragarria duten herritarrez osatutako gizarte ideal batez mintzatu zen, helburu “noblea eta lorgarria” dela iritzita. “Mundua konplikatua zen lehen ere, baina gero eta konplikatuagoa da, eta izango da, ziur asko. Eta iruditzen zait, duintasun pixka batekin aurrera egingo badugu, eta protagonista izango bagara, beharrezkoa izango dugula mundua interpretatzeko behar besteko kultura maila”. Xede hori ipar hartuta, bitartekoa izango den erreminta bat proposatu zuen: haur eta gazteei pentsamendu kritikoa garatzeko balioko dien Ño izeneko aldizkaria, hain zuzen, gaztelaniazko La leche aldizkari madrildarraren ildotik jardungo duena, kalitatez eta erakargarritasunez. Izan ere, Iztuetaren aburuz, eskola ez da mugatzen formalitatez eskola deitzen zaion horretara; “bizitza osoa da eskola, eta hezkuntzaren parte bat da eskola formala; baina arlo ez-formala, kanpokoa, alegia, are indartsuagoa da, seguru asko”.

Mundua interpretatzeko behar besteko kultura mailaz diharduenean, Iztuetak badaki helburu elitista samartzat har daitekeela, eta, horregatik, ahalik eta zentzurik zabal eta atseginenean hartzeko deia egiten du: “Uste dut hezkuntza formalean ez dela aintzat hartzen eta ez dela bultzatzen gogoeta autonomorako eta garapen autonomorako gustua. Gaur egun, belaunaldi osoak dauzkagu papagaioak bezala komunikabideek esaten dutena errepikatzen. Eta gustatuko litzaidake tranpa horretan eroriko ez den edo erori ez den belaunaldi berri bat sortu ahal izatea. Helburua horixe litzateke, eta bitartekoa, aipatu dugun aldizkari bikain hori”.

 

Erantzunak baino gehiago, galderak

Jardunaldien goiburu gisa planteatzen den galderari helduta —“Heziketa: eraldaketarako motorra?”—, erantzun baino galdera gehiago sortu zitzaizkion Miren Camison haur-filosofoari, izenburuak berak hiru kontzeptu indartsu uztartzen baititu, haren irudiko: hezkuntza, eraldaketa eta motorra. Filosofoaren esanetan, galderak berak transmititzen du zerbait: aldaketarako desira, hain zuzen, eta, zerbait aldatu nahi denean, zuzen eta orekatuta ez dagoelako izan ohi da. “Galdera horretan, aldaketaren desira ikusten dut, askatasun-iturri gisa formulatuta; baina zeren aldaketa? Eta zertarako behar dugu aldaketa? Zer da zuzen eta orekatuta ez dagoena, ongi eta lasai uzten ez gaituena? Zer eraldatzea komeniko litzateke?”. Camisonek dioenez, galdera horrek zalantzan uzten du hezkuntzak eraldaketa horretan erantzukizunik ba ote duen; baina, aldi berean, zentralitatea ematen dio hezkuntzari. “Aldaketarako motorra izan ote liteke hezkuntza? Bai ala ez? Zer edo nor aldatu beharko litzateke? Zer ez dago zuzen? Zerekin ez gaude eroso? Zer kendu behar da? Non daude gabeziak? Zer jarri behar da? Zein dira gaur egungo beharrak? Akaso mundua da ongi ez dagoena? Gizartea? Gerrak? Patriarkalismoak? Bortizkeria? Beharbada sobera dugun arinkeria? Axolagabekeria? Pentsamendu bakarra? Edo homogeneizazio-prozesua? Globalizazio ekonomiko kapitalista? Feminizidioak? Masakreak? Arrazakeria? Mundu likido postmodernoa? Giza harremanak ez daude ongi, beharbada?”.

“Hezkuntza, eraldaketarako eragile?” planteamenduak, ordea, tranpa txiki bat ezkutatzen du bere barruan, Camisonen irudiko, erantzun moduan baitago planteatuta galdera: iradokitzen da eraldaketarako eragilea dela hezkuntza; baina, aldi berean, izate abstraktu bezala hautematen da hezkuntza. Hezkuntza, ordea, filosofoaren hitzetan, ez da izate abstraktu bat: nork eragiten du hezkuntza? Nork hazten eta hezten ditu umeak eta gazteak? Zer eragile dago hezkuntzaren atzean? Horiexek dira Camisoni jardunaldien izenburuko galderak plantearazi dizkion galderarik sakonenak, eta badute erantzunik ere: “Hezkuntza ez da izate abstraktu eta ikusezin bat. Pertsonak gara eragileak. Gu denok: guraso, irakasle, senide, adiskide, herritar… Eta, beraz, galdera hauxe egin daiteke: nola alda daiteke gutako bakoitza gizarte honetan? Denok osatzen badugu gizartea, denon ardura izango da eraldaketa. Baina nola eralda gaitezke hezkuntza-eragileok? Nola eralda dezakegu pertsona heldu bakoitza?”.

Beste galdera handi bati ere heldu nahi izan zion Camisonek jardunaldietan: zer da hezkuntza? Haren esanetan, askotan bi kontzeptuak nahasi egiten diren arren, ez dira gauza bera hezkuntza eta eskola. Hezkuntza definitzen hasita, hezkuntza ez da kanpotik barrura egiten den bide bat, Camisonen iritziko; aitzitik, barruan sortzen den prozesu bat da, kanpokoarekin orekan, bestearekin orekan eta munduarekiko harreman orekatu batean eratzen dena. Hain zuzen ere, horrexegatik, filosofoak gehiago sinesten du autorregulazioan, hezkuntza kontzeptuan baino. “Autorregulazioa ez da kanpotik barrura datorren zerbait, munduarekin eta besteekin harremanetan gauden bitartean barruan sortzen hasten zaigun zerbait baizik”. Eta filosofiak zerikusia du horrekin guztiarekin, hizlariaren aburuz, mundua misterio bat delako, eta haurrarentzat dena delako berria eta misteriotsua jaiotzen denean: nor naiz ni mundu honetan? Nolakoa da mundua? Nola kokatzen naiz ni? “Galdera horiei erantzuteko, beharrezkoa da barrutik kanporako prozesua egitea, norbera izateko prozesua egitea, alegia; horretarako, noski, ezinbestekoak dira autonomia, eta kuriositatea eta asertibitatea, eta galdetzeko grina…”.

Beraz, Camisonek planteatzen duenez, jomuga pertsonala da: lehenik, norberaren burua ezagutu behar da, gero besteari —haurrari, gazteari, ondokoari, bikoteari, lagunari, senideei…— izaten uzteko. “Gutako bakoitza da arduraduna. Gu gara eraldaketaren motorrak. Gizarte hau denon artean sortzen dugulako, eta hezkuntza ez delako izate abstraktu bat. Nola aldatu daiteke gutako bakoitza? Beharbada, hori da gakoa? Nola aldatu naiteke ni, pertsona naizen aldetik, egunerokotasunean? Ama naizen aldetik? Edo irakasle naizen aldetik? Zer guraso edo hezitzaile mota behar dute gure seme-alabek, ahalik eta modu osasungarrienean hazteko eta hezteko? Zer eredu mota behar dute gure haurrek euren ondoan? Horixe da, beharbada, hezkuntza”.

Camisonen ildo berari helduz hitz egin zuen Ana Santamaria irakasle eta Montessori ereduko gidariak, eraldaketaren motorra helduengan ikusten baitu hark ere: amengan, aitengan, irakasleengan, aitona-amonengan, bizilagunengan… “Iruditzen zait askotan haurren gain uzten dugula etorkizunaren pisua, eta haiei pasatzen diegula motxila, esanez eurak direla etorkizuna; baina, nire ustez, haurrekin gauden helduak gara finean etorkizun horren erantzule, eta guk hartu behar ditugu ardurak”. Irakasleak gaineratu duenez, ordea, gaur egungo heldu asko autoritarismo-zantzu batekin edo biolentzia handiegiarekin hazi eta hezi dituzte, beldurraren eraginpean. Zer gertatzen da horrelako heziketa izan duen erakunde batean? “Beldurrarekin hezi bagaituzte, kanpotik eskari bat etortzen zaigunean, behartuta sentitzen gara egitera, badakigulako gure jokabideak ondorio txar bat izango duela bestela. Gizakion lehen egitekoa ingurunera egokitzea denez, horrelako heziketa baten ondorioz, prest egongo gara edozer egiteko, bizirauteko helburu bakarrarekin. Hau da, kanpotik eskatzen digutena egingo dugu, egoera horretara egokitzeko”.

Beraz, Santamariaren ustez, heziketa eraldatzailea izan dadin, kontuan izan behar dira bi gako behintzat. Batetik, helduak bere historiaren eta bizipenen kontzientzia izan behar du: “Zer gertatu zaigun onartzen ez badugu, etengabe errepikatuko dugulako errealitate berbera, aurrez gertatu zaigun hori, alegia. Helduok argi jakin behar dugu nondik gatozen, gure historia eta bizipen horiek azaleratzen direlako haurrekin ari garenean”. Bestetik, garrantzitsua da Santamariarentzat haurraren garapena nolakoa den jakitea, eta etapa bakoitzean zer premia nagusi dituen jabetzea. “0-6 adin tarteko garunari xurgatzaile deritzo Maria Montessorik. Hark dio gure inguruan dagoen guztia xurgatzen dugula adin tarte horretan, eta etorkizunean horren arabera antolatzen eta eraikitzen dugula gure burua. Haren esanetan, horren arabera pizten dira pixkana gizaki garen heinean guretzat unibertsalak diren joera batzuk: joera esploratzaileak, existentzialak, taldeetan antolatzeko joerak, komunikatzekoak… Berez dakargu hori gizakiok, eta unibertsala da leku guztietan. 0-6 adin-tartearen kalitatearen arabera, aberastasun handiagoarekin edo txikiagoarekin garatuko ditu pertsonak aukera horiek”.

 

Irakaskuntzatik, herrigintzatik, familiagintzatik

Irakasle-lanari, herrigintzako esperientziari eta gurasoen bizipenei helduz, bere bizi-jarduneko hiru angelu horiei helduz, alegia,  erantzun zion Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasle eta pentsalariak galderari. Lehen ildoari dagokionez, Sarasuak ibilbide luzea du egina unibertsitateko irakasle gisa, besteak beste, hainbat ikasketatan ikasleak alderdi ideologiko-soziologikoan prestatzen. “Gaur egungo ikasleek teknikoki prestatu behar badute ere, bestelako zer prestakuntza behar dute gutxienez, munduan kokatzeko eta egungo errealitateko debateetan orientatzeko?”; galdera horretatik abiatuta bideratzen du bere jarduna, xede nagusi honekin: ikasleari bere kabuz pentsatzeko erremintak ematea, eta gizarte honetako transformazioetan, politikan eta geoaldaketetan orientatzen laguntzea.

Urte hauetan guztietan, ordea, ekinbide horretan ere bilakatuz joan da Sarasua. Hastapenean, 2000. urtearen inguruan, “beste mundu bat posible da” leloarekin lotutako artxipelago zabal horren barruko zioak azaltzen saiatzen zen, baina, denboraren joanean, konturatu da horrek ere baduela arrisku bat: doktrinamendua, hain zuzen ere, nahiz eta “oso doktrinamendu alternatiboa” izan. “Denborarekin ikusi dut nik ez diodala ikasleari kontatu behar munduan gertatzen ari denaren bertsio hau, baizik eta askoz ere garrantzitsuagoa dela bestelako bertsioez ere zalantza egiten ikastea”. Beraz, uneotan garrantzitsuagoa iruditzen zaio gaur egungo gizartearen oinarriak azaltzea, une honetara iristeko gaurko gizarteak zein tradiziotatik edan duen azaltzea, alegia: tradizio filosofikoak, politikoak, erlijiosoak… Eta ikustea XX. mendeko ideologiek zer eman duten: liberalismoak, sozialismoak, kontserbadurismoak, anarkismoak… Horrela, konturatuko gara XXI. mendean galdera berri asko sortu direla, eta, askotan, XX. mendeko tradizioek ez dutela balio horiei erantzuteko. Adibidez: “Askatasuna” kontzeptuaren kasuan, esaterako, “nire gorputzarekin nahi dudana egiten dut” kontzepzio ilustratu horrekin, ez daukazu erantzunik zure haurraren begiak zein koloretakoak izango diren erabakitzeko duzun aukeraren aurrean. Beraz, askatasunaren beste ideia bat behar dugu. Guztiz gauza berriak datoz, eta horien aurrean beharbada orain arte atzerakoia izan dena erabat aurrerakoia izan daiteke ez dagoelako garbi zer dagoen aurrean, zer atzean…”. Aldi berean, kontziente da gaur egungo kontaera guztiz indibidualista dela. “Uste ohi dugu pentsatu egiten dugula, eta libreak garela, eta hartzen ditugun erabakiak gureak direla; baina ez da horrela. Adibide bat jarriko dut: duela 100 urte, denek gauza bera pentsatzen zuten homosexualei buruz, eta, orain, denok gauza bera pentsatzen dugu homosexualei buruz. Iritzia aldatu da, baina uniformetasuna ez”. Pentsalariak uste du ideologia progresista urtzen ari dela, eta gauza gehienak birpentsatu egin behar direla. “Panorama interesgarria dela uste dut, eta desafioa handia; eta eskola-orduetan egin daitekeena –izan ertainetan, izan unibertsitatean— ezer gutxi da. Helburua, beraz, ikasleei aukera osoa aurkeztea da, eta esatea: ‘Ikasi pentsatzen’. Jendeari pentsa-tzen erakutsi behar diogu”.

Bigarren angeluari dagokionez, herrigintzari dagokionez, hain justu, Sarasuak 30 bat urte daramatza bidea egiten, eta horietatik erdiak hezkuntza-baliabideak sortzeari eman dizkio. Mugimendu indigenetan, ekonomia solidarioaren arloan, euskalgintzan, kooperatibagintzan…, premisa batekin jardun izan du ekintzaileak: “Errealitate hau eraldatzekotan, sor ditzagun prestakuntza-baliabideak. Estrategiak hezkuntzazkoa izan behar du, edo ez dago zer eginik”. Baina, denborarekin, transformatuz joan da arlo horretan ere, eta hasieran heziketan eta hezkuntzan zuen sinesmena narriatuz joan zaio: “Ez naiz orain hezkuntzaren kontra jarriko, baina, hori bai, askotan hezkuntzan jartzen dugun konfiantza erabatekoa beheratu nahi nuke, eta aztertu ea gizarte batean nola mamitzen diren balio humanizatzaileak”. Eta, horri loturik, Sarasua eszeptiko da jardunaldiko izenburuko hitz nagusiarekin ere, eraldaketa hitzarekin, hain zuzen, “Marxek arrazoi handiz esaten zuen moduan, eraldaketarako historiako baliabiderik erraldoiena kapitalismoa delako”. Eta, aldiz, eraldaketarako hezkuntza kontzeptua guztiz kontzeptu ilustratua delako, batetik, eta, bestetik, guztiz kontzeptu kapitalista. “Gaur egun, gainera, autore interesgarri batzuk ari dira esaten zenbateraino humanizatzea ez ote den eraldaketaren aurreko erresistentzia bat jartzea. Hortaz, niri humanizatu hitza erabiltzea gustatzen zait, humanizazio-prozesu apalak interesatzen zaizkidalako eraldaketa potoloak baino gehiago; esan bezala, eraldaketarik potoloena kapitalismoa bera delako”.

Hirugarren angeluari tiraka, Sarasuak, lehen aldiz aita izan zenetik –gaur egun hiru semeren aita—, zera galdetu izan dio bere buruari: “Nik zer nahi nuke, haur hauen arduradun edo haien hezkuntzaren arduradun naizen bitartean, nire seme hauek bizitzea, ikastea eta garatzea?” Hori eskolak egin behar duen edo ez kanpoan utzita, 10-12 arlo atera zitzaizkion irakasleari. “Adibidez, nire semeek arlo fisikoa, edo euren gorputzaren gaineko kontzientzia garatzea nahi dut nik; espiritualtasuna edo arlo existentziala garatzea ere nahi dut; baita eskulana ere, esaterako, zerra edo jostorratza maneiatzen ikastea; sukaldaritza ikastea… etab. Hortaz, nik nire semeentzat nahi nituzkeen garapen-arloetatik gehienak ez dizkit eskolak ematen. Emango dit % 30-40. Beraz, gainerakoa niri dagokit, familia naizen aldetik. Eta familia, modu zabalean ulertuta: familiako kideak, baina baita nire lagunak edota herriko elkarteak ere”. Beraz, Sarasuaren irudiko, lehen galdera “zer nahi dugu haur hauek bizitzea?” baldin bada, hezkuntza formalaren arloan sartuta, bigarren galdera oso samurra eta bakarra litzateke: “Haurrek bizitzea nahi dugun horretatik, zer eska diezaiokegu eskolari?”. Eta, bigarren galdera horri loturik, haren iritziz, uneotan gehiegi eskatzen zaio eskolari, gaur egun “dena” eskatzen zaiolako eskolari: “Egin ezazu nire seme-alaba drogazaletasunean ez dadin erori!”. “Era guztietako mirariak eskatzen dizkiogu eskolari, eta eskolak dena ezin du”.