Ebaluazio hezitzailea iruten

2018-03-01

 

‘Ebaluazio Hezitzailea’ izeneko gida argitaratu du LAB sindikatuak Euskal Herriko ikastetxe guztietara helarazteko xedez. Ebaluazio hezitzailearen inguruan formazioa
jasotzeko aukera ere emango dute. Horretarako, iruten@lab.eus helbidera idatzi behar da.

 

 
 

Hiru urte dira LABek IRUTEN dinamika martxan jarri zuela. Azken urteetan garatutako oinarrietan aurrera egin eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza-sisteman urrats praktikoak egitea izan du helburu. Horrela, hezkuntzako hizpideak, hausnarketak, zalantzak eta tresna eraginkorrak partekatzeko asmotan sortutako egitasmoak lehen fruitua eman du: Ebaluazio Hezitzailea gida, hain zuzen ere. Besteak beste, Ane Ablanedo, Alex Barandiaran eta Lore Erriondo unibertsitateko irakasleen eta ebaluazioan aditu diren ikerlarien ekarpenak jaso dituzte gida hau on-tzeko garaian. Aditu horien ekarpenetan oinarrituz hamar puntuko dekalogo bat osatu dute. Ondoko lerroetan atalez atal jasotzen da:

“1. Ebaluazio eredu propioa. Ikaslea ikaste-irakaste prozesuan erdigunean kokatuz eta herri eta herritar gisa ditugun, eskubide, helburu, erronka, nahi eta ametsak aintzat izanda, ulertzen dugu guk ebaluazio eredu propioa. Hezkuntza-sistema propioaren bidean ardatzetako bat izaki, bestelako eredu baten bidean urratsak emateko beharra agerikoa da. Hobekuntzan, ekitatean, aukera berdintasunean oinarrituta eta, garrantzizkoa dena, aurrera egiteko plan eta neurri zehatzak eskainiko dituena. Prozesu konplexua eta faktore anitzekoa izanik, ikas-irakaskuntza prozesua osatzen dugun agente guztiok erabaki behar dugu zer, nola, noiz, nork eta zertarako ebaluatu. Emaitzak aztertu eta honen ondotik hobekuntza integralerako neurriak proposatzeko”.

“2. Ebaluazioaren helburua(k). Ebaluatzea ez da kalifikatzea. Ez da nota bat jartzea. Ebaluatzea ikaste-irakaste prozesuaren baitako elementua da. Autoebaluazioa eta koebaluazioa indartuz, indarguneak eta ahulguneak identifikatzeaz gain, horien zergatiak aztertu eta hobetzeko neurri hezitzaileak ezartzeko balio behar du. Ebaluazioak irakaskuntza/ikaskuntza prozesuarekin lortu nahi dugun xede hori ikasleak bereganatu ote duen erakutsi behar digu, hezkuntza ibilbide horretan urratutakoa eta urratu beharrekoa bistan jartzeko”.

“3. Barne-kanpo ebaluazioa. Gakoa barne ebaluazioa da. Merkatuen interesen arabera inposatutako ebaluazioak arbuiatzen ditugu. Beraz, kanpo ebaluazioak ez dira helburu. Alta, kanpo ebaluazioek modu orientagarrian eta askotan partzialetan bada ere, gure hezkuntza ereduaren osasunaz hainbat datu eta joera adieraz liezazkigukete. Modu koherentean eta arrazionalean ezarriko dira eta ez dute balio akademikorik izango, ranking eta sailkapenak ekidinez eta konfidentzialtasuna bermatua egonik, sistema hobetzera bideratuak egongo dira beti eta orientagarriak izango dira. Bide horretan, hautaproba eta baxoa gisako azterketak kendu behar dira”.

“4. Ikaslea ikaste-irakaste prozesuaren ardatza da. Ikasle bakoitza bat eta bakarra da. Autoerregulazioa helburu, bakoitzaren erritmo, gaitasun, testuinguru eta berezitasunak ulertuz eta errespetatuz garatu behar da ebaluazioa. Modu integralean, gizakiaren hiru dimentsioak (psikologikoa, kognitiboa eta soziala) aintzat hartuz eta norbanako eta herritar gisa modu integral batean garatzeko, tresna eta teknika anitzak erabiliz eta hobekuntza terminoetan neurri hezitzaileak proposatuz. Irakasleak behatzailea eta bidelaguna izan behar du prozesu horretan guztian”.

“5. Konpetentzietan ebaluatu. Hezkuntza osorako nahiz oinarrizko hezkuntzarako ardatz erreferentzialak dira hezkuntza konpetentzia orokorrak eta hezkuntza testuinguru guztietan ikasten dira, bai formaletan, bai informaletan. Alta, horiek ez ditugu modu utilitaristan ulertzen. Konpetentzien formulazioak hezkuntzaren xedea beste modu batean ulertu eta planteatzeko bidea ematen digu. Horiek ebaluatzeko formazioa indartu, marko erreferentziala osatu eta tresnak nahiz ereduak beharrezkoak zaizkigu. Era berean, metodologiak berrikusi, baliabide pedagogikoez hausnartu eta eredu pedagogiko berriak ezagutu eta ezartzeko neurriak beharrezkoak dira”.

“6. Curriculuma. Curriculumak ortzi-mugarako bidea marrazten du. Euskaldunok Euskal Herriaz ez ezik, munduaz dugun ikuspegiaren irudikapena da. Euskal Herrirako prestatzen den kultur ibilbidearen hautaketa da, hau da, Euskal Herriko ikasleek, gizabanako eta gizartekide gisa, beraien garapen osoa Euskal Herrian eta mundu zabalean bizitzeko konpetentziak lor ditzaten. Beraz, curriculuma etengabe ebaluatu beharreko atala da. Alta, konpetentziak ikaste-irakaste prozesuaren ardatza badira ez du zentzurik curriculuma irakasgaika eraikitzeak. Euskal Curriculuma berrikusi eta goiko gakoen baitan eraldatzea proposatzen dugu”.

“7. Informeak aldatu, notarik ez. Ebaluazioaren baitan, honen emai-tzak nola plazaratzen, transmiti-tzen diren garrantzia du. Arlokako kalifikazio informeekin bukatu eta konpetentziak erdigunean kokatuz, horien gaineko balorazio informea osatzea hobesten dugu. Horren osaketa ikasle eta irakasle zein beste hezkuntza langileen parte-hartzeaz eraikitzea proposatzen dugu. Ikaslea izan dadin bere garapenaren elementuak azaltzen dituena. Ikaskuntza esanguratsua oinarri”.

“8. Langileon ebaluazio hezitzailea. Autoebaluazio eta koebaluazio terminoetan egina. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzean oinarritua eta hobekuntzara bideratua egon behar du. Ikasleen ikaste-irakaste prozesuan eragin handiena dugun aldagaietako bat gara langileok, baita hezkuntza kalitatean ere. Horretarako, eta, ezinbestean, lan baldintza egokiak bermatu behar dizkigute eta konfiantza eta prestigioa beharrezkoak ditugu. Ebaluazioaren bidean, garapenerako hobekuntza arloak identifikatzen, ahalbidetzen lagundu behar du. Hauek aztertu eta ikuspegi hezitzaile eta hobekuntza terminoetan laguntzak eta neurriak proposatu, formazio klabeetan beti”.

“9. Ikastetxeen ebaluazioa. Ikastetxeen autonomian sakontzen, ikastetxeen ebaluazio eredua garatzea beharrezkoa da ikuspegi pedagogikotik hobekuntza bermatzeko. Halako ebaluazioak ahalbidetu beharko lituzke koordinazio pedagogiko eta curricular hobeak, baita hezkuntza kalitatea eta familien eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzea eta inplikazioa indartzera zuzendutako kudeaketa eraginkorra ere. Ikastetxe bakoitza bere testuinguruan kokatuta, sailkapenak baztertuta eta konfidentzialtasuna bermatuta egonik”.

“10. Sistemaren ebaluazioa. Sistemaren adierazleak, programak, zerbi-tzuak, kudeaketa zein elementu nagusiak aldioro ebaluatzea beharrezkoa da, hobetzeko neurriak zehaztu eta hezkuntza-politikarako erabakiak hartzeko oinarri bat izateko. Horren harira, sistemaren ebaluazio-eredua zehaztea proposatzen dugu; alegia,
marko orokorra osatzea”.