MARIA SOLANA “Metodologia aktiboak eta berrikuntza bultzatzea da hobekuntzarako gakoa”
Jardunbidez kazetaria, 2015ko maiatzean Geroa Bai alderditik parlamentari hautatu zuten nafarrek Maria Solana (Iruñea, 1975). 2016ko irailean, berriz, eserleku hori utzi eta Gobernura egin zuen jauzi bozeramaile lanetara. 2017ko apirilaren 12az geroztik Hezkuntza Kontseilari ere bada. Jose Luis Mendozak dimisioa eman ostean hartu zuen kargua, eta hark egindako lanari bultzada ematea eta Hezkuntza Departamentuaren jarduna gizarteratzea izan da bere egiteko nagusia ia urtebete honetan. Hiru plan nagusi jarri ditu martxan: aniztasuna artatzeko plana, Lanbide Heziketako plana eta hezkidetza plana. Plan horiek aurrera eramateko irakasleen formazioan inbertsio handia ari da egiten Hezkuntza Departamentua, baita metodologia aktiboak eskoletan txertatzeko ere: “XXI. mendeko eskola behar dugu eta ez daukagu. Gu jo eta ke norabide horretan ari gara lanean”.
Jose Luis Mendoza aurreko Hezkuntza kontseilariak dimisioa eman ostean hartu zenuen kargu berria, baina aurrez ere Hezkuntza Politikaren ezagutza bazenuen. Gobernu honentzat eztabaida handienetakoak eragiten ari den Departamentua da. Orain arteko ibilbidearen zer-nolako balorazioa egiten duzu zuk?
Atzera begiratuta, akaso, esan liteke kosta egin zitzaigula abiatzea. Gure nahiak eta planak martxan jartzeak denbora eman digu. Kontua da lehen urtea oso konplikatua izan zela. Uste dut xede politikoarekin hartu zela Departamentu hau jomugan. Denek egiten zuten hezkuntzaren kontra. Eta Departamentu honek edozein erabaki hartzen zuelarik ere, edo ematen zuen edozein urratsen aurrean, sekulako zalaparta sortzen zen. Ofentsiba politiko horretatik abiatuta, maila sozialean ere hezkuntza gaiekin lotuta, nolabaiteko amorrua hasi ginen sumatzen. PAI (Ingelesa Ikasteko Programa), D ereduaren zabalpena, edo LEPa bera… iskanbilarako motibo ziren. Ondorioz, neurri handi batean, Departamentua blokeatuta geratu zen. Horrek suposatu zuen gainontzeko Departamentuak baino antzerapen pixka bat handiagoarekin ibiltzea.
Zarata hori guztia pixka bat isilaraztea lortu zenean, hemen zirenek aukera izan zuten lanean hasteko. Bitartean, Departamentu barruan ere aldaketa asko izan zen. Duela urte eta erdi ikuspegi berri bat eman zitzaion: bi zuzendaritza nagusiak aldatu ziren eta lan-taldea ere berritu egin zen. Hortik aitzin hurrengo aldaketa potoloa kontseilaria aldatzea izan zen. Orain beteko da urtea, apirilaren 12an, hain zuzen, ni izendatu nindutenetik.
Orduantxe etorri nintzen ni etxe honetara eta lanerako giro zail samarra topatu nuen. Jendea haserre zegoen eta hainbat gaitan amore emana zuen. Giro hori atzera ere bere onera ekartzea izan da urte honetan egin dugun lanik handienetako bat. Azken batean, ekipo kohesionatu eta sendo bat behar duzu, lan-talde koordinatu bat eta zentzu horretan lan handia egin dugu: jendea motibatzen eta bakoitzari bere tartea ematen ahalegindu gara. Horrez gain, isilean egiten ari ziren lan guztia plazaratzea izan da gure beste erronketako bat eta horrek aldaketa handia ekarri du Departamentura. Orain ikusten dut taldea lanean zentratuago eta ekintzaileago dagoela. Eta horrekin pozik nago.
Mendozak jorratutako bidean jarraituko zenuela adierazi zenuen kargua hartzean, zein izan dira ia urtebete honetan heldu behar izan diezun afera nagusi horiek?
Gauza asko ari gara aurrera ateratzen. Ni ailegatu nintzenerako lan handia zen egina, baina gauza askok azken bultzada bat behar zuten, azken buelta bat eman behar zitzaion osatu eta plazara ateratzeko. Eta horretan hasi ginen buru-belarri.
Ni sartu nintzenetik hiru plan inportante abiatu dira: bata aniztasuna artatzeko plana, bestea Lanbide Heziketako plana, eta hirugarrena hezkidetza plana. Hiru plan horiek oso ongi markatzen dute zein den Departamentuaren politika, zeintzuk gure helburuak, erronkak eta lehentasunak.
Hiru plan horietako bakoitzaren zertzelada orokor batzuk eman ditzakezu?
Ezer baino lehen, esan nahiko nuke hiru plan horiek oraindik ere zabalik daudela. Borradoreak dira, eta partaidetza prozesuetan ari dira ekarpenak egiten, baina oso aurreratuta daude dagoeneko. Gainera, plan horietan aurreikusten diren neurri asko eta asko jada indarrean daude eskoletan.
Hori esanda, adibidez, Lanbide Heziketan orain arte egin ez den zerbait egin da. Nafarroak duen estrategia adimentsuarekin lotuta dagoen planifikazio bat egin dugu, eta epe ertainera eta luzera begira komunitate honen garapenerako ildoak zein diren finkatu dugu bertan. Lanbide Heziketaren arloan aitzinera begirako esparru nagusiak zein izango diren ikusi nahi izan dugu, jakiteko zer motatako eskaintza egin behar dugun.
Uneotan, Lanbide Heziketan, inoiz baino eskaintza handiagoa dago Nafarroan eta euskaraz ikasteko ere inoiz baino aukera handiagoa. Euskarazko eskaintza % 6 hazi da; eta, oro har, Lanbide Heziketakoa % 7. Historian Nafarroan izan den igoerarik handiena da. Inoiz baino plaza gehiago dago, inoiz baino titulazio gehiago aukeran, eta inoiz baino eskaintza handiagoa euskaraz.
Hori Lanbide Heziketari dagokionez, eta hezkidetzaren esparruan, zertan diharduzue?
Orain arte saiakeraren batzuk izanak ziren Berdintasun Plan modukoren batzuk martxan jartzeko, baina hemengo kutxetan gorderik geratu ziren. Gure egitekoa izan da horiek errebisatzea, eta egungo beharrak ikusita, eta Departamendu hau aurrez ere ezagutzen zuen berdintasun teknikari baten gidaritzapean, plana martxan jartzea.
Hezkidetza Plana egiteko, gainera, Berdintasun Institutuarekin elkarlanean ari gara eta baita Osasunarekin ere. Izan ere, orain dela gutxi onartu den Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Foru Dekretuaren ildoan ari gara lanean, eduki asko hortik hartuta eraman behar ditugulako gure eskoletara.
Edonola ere, ikusten genuen arlo honetan plan bat egin beharra geneukala espresuki eskoletarako. Gure asmoa da hezkidetza 0 urtetatik hasita lantzea. Dagoeneko material interesgarri asko ari gara sortzen, horiek ikasgeletara eramaten, eta probatzen zer-nolako harrera egiten dieten eskolako kideek: bai ttipiek, bai ertainek, bai handiek eta baita irakasleek ere.
Plan guztiek eskutik dakarte irakasleen formazioa. Formazioan 300.000 eurotik 1.200.000 eurora pasa gara.
Plan horiek martxan jartzeko irakasleak formatzera bideratu dituzue 1.200.000 euro horiek?
Bereziki horretara, baina baita metodologia aktiboak eta berrikuntza bultzatzera ere, uste baitugu hori dela hobekuntzarako gakoa. Gure ikasgeletan sartu nahi dugun guztia aurrera eramateko —izan hezkidetza plana, aniztasunaren trataerarako plana nahiz bestelako Lanbide Heziketa bat—, ezinbestekoa da eskolaren beraren kontzeptua aldatzea. Izan ere, XXI. mendeko eskola behar dugu eta ez daukagu. Gaur egun dagoen eskola XIX. mendekoa da eta horrek ez die erantzuten ahal egungo jendarteak dituen beharrei. Beraz, gu jo eta ke eskola aktiboaren ildoan ari gara lanean. Berrikuntza metodologikoa gure ardatzetako bat ari da izaten.
Eta, aniztasuna tratatzeko planari dagokionez, zehaztasunik ematerik baduzu?
Eskola inklusiboa da gure helburua. Ikusi dugu kasu askotan eskola ez dela inklusiboa, gizartea bera ez den bezala. Inklusioan aurrera egin ahal izateko zer behar da? Lehenik eta bat, aniztasunaren inguruko kontzeptua errotik aldatzea, eta ulertzea denok garela ezberdin. Kontua ez da batzuk ezberdinak direla. Batzuek badituzte behar jakin batzuk eta beste batzuek beste batzuk, baina ezberdinak denak gara eta arreta eman behar zaio ikasleari bere horretan. Ikaslea protagonista gisa hartu eta gure zeregina ikasle bakoitzera egokitu behar dugu eta ez alderantziz.
Horrekin batera “berdintasuna” eta “ekitatea” kontzeptuak desberdindu egin behar ditugu. Kontua ez da denei gauza bera ematea, baizik eta gehiago behar duenari gehiago ematea. Konturatu gara orain arte dibertsitatea atenditzeko lan bat egiten zela, baina ez zegoen antolatuta, ez zegoen planik, ez aurreikuspenik. Zeuden baliabideak zentro denen artean berdin banatzen ziren, baina konturatu ginen batzuek askoz ere behar handiagoak zituztela beste batzuek baino. Orduan, gure ardura handienetakoa zentro bakoitzaren premiei behar bezala erantzutea izan da, gehien behar duenari gehiago emanaz.
Noski, ideala litzateke baliabide asko izatea eta denei asko ematea, eta batzuei askoz gehiago. Baina momentuan ez gaude horretan. Beraz, guztia berrantolatu behar izan da, izaera konpentsatorio batekin. Aniztasun planari erantzuteko, aurten 2 milioi euro gehiago daukagu aurrekontuan pasa den urtearekin alderatuta. Baliabide ekonomikoaz ari gara, baina giza baliabideez ere bai, diru hori profesionalen kontrataziora bideratzen baita.
Horrez gain, ikasleen beharrei modu integralean erantzuteko ere lanean ari gara. Zenbait premiari ezin zaielako eskolan soilik eman irtenbidea, eta kobertura zabalago bat eman behar zaielako. Horretarako Gizarte Zerbi-tzuekin ere estuki lotuta egiten dugu lan.
“Zerrenda bakarraren” afera izan da gizartean hautsak harrotu dituen gaietako bat. Badirudi sindikatuek eta hainbat eragilek eskatzen zuten zerrenda bakarra momentuz ez dela posible izango, PSNren ekimen legegilearen eta Izquierda-Ezkerraren bi bozka horien ondorioz. Zein da uneotan egoera? Aurrera begira zein da Gobernuaren asmoa?
Urte amaiera oso gogorra izan zen. Nik ez nuen imajinatzen horrelako amaiera tristerik. Lan handia egin genuen hainbestetan eragile aunitzek salatu dutena konpontzeko. Kontua da, bi zerrendarekin, Nafarroan ez dagoela aukera berdintasunik euskaldunentzako, eta urtetan beraien eskubideak urratu egin direla. Gobernu aldaketa gertatu zen arte, aukerarik ez zegoen bi zerrendetan —gaztelaniazkoan eta euskarazkoan— aurkezteko ere. Eta, urtetan oposiziorik egin ez den arren, egin ziren aldietan gaztelaniazkoa eta euskarazkoa egun eta ordu berean izan ohi ziren. Beraz, aldez aurretik irakasleek erabaki beharra zeukaten bietako zeinetan izena eman, nahiz eta bietan parte hartzeko gaitasuna eduki.
Legegintzaldiko lehen urte korapilatsu hartan, 2016rako lan eskaintza publikoa deitua zenez, Hezkuntza Departamentu berria hasi zen aztertzen oposizio-aldia zerrenda bakarraren bidez egiteko aukerarik ba ote zegoen. Bide horretan dena dezente nahastu zen eta Departamentua ohartu zen ez zegoela nahikoa denbora deialdira zerrenda bakarrarekin joateko. Edozein kasutan, behintzat bermatu zuten bi azterketak egun ezberdinetan izango zirela eta jendeak aukera izango zuela azterketa bi bider egiteko, batean euskarazkoa eta bestean gaztelaniazkoa. Nahiz eta hori irtenbide justua izan ez. Finean, azterketa bera bi hizkuntzatan bikoizteaz ari garelako hizketan. Eta hori da guk hasieratik salatu izan duguna. Batzuek aukera bikoitza deitu diote horri; beste batzuek, berriz, zigor bikoitz gisa izendatu dute. Eta ni bigarren horietakoa naiz. Ez dut uste zentzurik duenik gaitegi berarekin, espezialitate berberean, azterketa bera bitan eginarazteak, behin akreditatu dezakezunean hizkuntza bi, hiru edo ez dakit zenbat dakizkizula.
Lehenaz gainera, egoera okertu egin da, hortaz?
Guretzat abenduaren 21ean parlamentuan onartu zen legea atzerapauso erraldoia izan da. Horrek ez du aukerarik ematen zerrenda bakarra egiteko. Are gehiago, esaten du zerrenda bi mantendu behar direla: gaztelaniazkoa eta euskarazkoa. Eta oraindik ere gehiago konplikatu du kontua, eta orain arte derrigorrezkoa ez zena –egiten ahal zenuelako azterketa nahi zenuen hizkuntzatan-, derrigorrezko bihurtu du. Alegia, lehen, adibidez, euskarazko proba edo probaren zati bat zuk egin ahal zenuen gaztelaniaz. Izan ere, jende askorentzat zaila da lortzea gaitegiak euskaraz eta baita hizkuntza batean ikasi eta azterketa bestean egitea ere. Baina, ez hori soilik; lege berri honetatik abiatuta, beste konplikazio berri bat sortu eta sartu da gure sisteman: legeak aurreikusten duenaren arabera, zuk derrigorrez eskola zure plaza ateratzeko erabili duzun hizkuntzan daukazu eman beharra. Orain arte ez soilik euskaratik gaztelaniara, baizik eta gaztelaniatik euskarara ere pasatzen zen jendea. Bere garaian plaza gaztelaniaz atera eta gerora euskaraz ikasi duen norbaiten kasua izan liteke, adibidez.
Kontua da okerrera egin dugula. Eta gainera, hori lege bidez jasota geratu dela. Ez dakigu aurrera begira zer gertatuko den. Errealitatea hau da eta egun ez dago gehiengo politikorik horri buelta emateko. Baina horrek ez du esan nahi gure ikuspegia aldatu denik eta justuena zerrenda bakarra dela pentsatzen jarraitzen dugu.
PAI Ingelesa Ikasteko Programarekin ere kritiko azaldu zineten legegintzaldi hasieran. PAIren ebaluazioa egiteko asmoa erakutsi zenuten, bat-batean martxan jarritako egitasmoa zela argudiatuta, inolako euskarririk gabe. Zertan da programa hori?
Guk askotan salatu izan dugu PAIa asmo politiko batek bultzatuta ezarri zela. PAIa geratu ez da geratu. Gobernu berriaren hasierako urte hartan ebaluatu ziren PAItik pasatako ikasle batzuk eta konparatu ziren PAIn ez dabiltzan beste batzuekin. Eta ez zen alde handirik ikusten batzuen eta besteen artean. Akaso, PAIkoek ingelesaren konpetentzian bazuten maila apur bat handixeagoa.
Baina kontua zein da? Ebaluazioa PAI ezarri zen lehen urteetako ikasleekin egin zela, eta hasiera batean modu kontrolatuan ezarri zela programa: zentro gutxi batzuetan, baliabide askorekin eta modu ordenatu batean; kasik, modu pilotuan. 2013az geroztik, ordea, kontrolik gabeko zabalkundea etorri zen: prestakuntzarik gabeko irakasleekin eta nahikoa baliabiderik gabe. Eta hori sekulako nahasmena izan zen. Hortaz, horiek dira oraindik ebaluatu ez direnak, hazkunde desorbitatu horretakoak. Beraz, guk ebaluazio horiek egiten jarraituko dugu eta ikusiko dugu ea urtetik urtera alderik nabaritzen den edo ez era ordenatuan hasi zirenen eta gainerakoen artean.
Edozein kasutan, PAIk martxan jarraitzen al du?
Bai. PAI indarrean dagoen programa bat da. Hor ez da etenik egon. Besteak beste, sozialki oso onarpen handia duelako. Hori ere esan beharra dago: ingelesa aukeran badute, gurasoek hori hautatzen dute. Zeren hemen beti errua elkarri leporatuz gabiltza, baina azkenean familiak dira hautaketa eta apustua egiten dutenak. Askok eta askok hori hautatu dute, baina esan beharra dago beste askok hori hautatzeko modurik ere ez dutela. Eta hori ere ez da bistatik galdu behar. Zeren ez da ereduen kasuan bezala, bataren edo bestearen artean hauta dezakezula. Ez. Zentro batean PAI baldin badago, zuk ezin duzu esan PAIrik ez duzunik nahi. Zentro batean PAI baldin badago, zentro guztiarentzat eta ikasle guztientzat da, programa bat delako eta ez eredu linguistiko bat.
PAIren kasuan ere, momentuz, gure Departamentuak lehen zegoen hori ordenatu du foru lege batean bidez. Besteak beste, malgutasuna ekarri du horrek eta zentroei autonomia eman die. Lehen denek 12 ordu egiten zituzten ingelesez eta hori ez zegoen mugitzerik. Orain 6 eta 12 ordu artean egin ditzakete astean. Segun eta zentroa nolakoa den, non dagoen kokatua, nolako ikasleak dituen, zein behar dituzten ikasle horiek, zer-nolako irakasleak dituzten... zentroak berak erabakitzen du zein plan nahi duen.
Oro har, zer hautatu dute zentroek?
Bada, beheko kurtsoetan ingeles gutxixeago sartzea eta mailetan aurrera egin ahala pixka bat gehituz joatea. Normala eta naturala den bezala. Horixe esaten daramagu ez dakit zenbat urte: ez zela komeni 3 urtetatik atzerriko hizkuntza bat sartzea horrenbeste orduz.
Bestetik, zentroek, nahi edo ez nahi, proiektu linguistikoa egin beharra daukate. Orain arte proiektu linguistikorik gabe egiten zuten lan. Hemendik ematen zaie laguntza eta formazioa, baina derrigor egin behar dute proiektu linguistiko hori.
Irakasleei dagokienez, berriz, uneotan gehienak ikasten ari dira edo gaitzeko bidean daude. Baina hainbat urtetan irakasleak C1 maila izan gabe ingelesez eskolak ematen aritu dira, eta oraindik ere batzuk ari dira. Gainera, C1 zuten batzuek ez zegokien mailetan ere eskolak ematen zituzten. Hau da, Lehen Hezkuntzako irakasle asko Haur Hezkuntzan aritu dira ingelesezko C1 zutelako. Gainera, aurreko Gobernuak ez zuen aurreikusi ikasle horiek Bigarren Hezkuntzara igarotzean zer gertatuko zen ikasle horiekin eta afera hori ere Gobernu honek ordenatu du.
Aurrerapauso handiak eman ditugu, baina, orain zein da kontua? Hor ditugula ehunka plaza lan eskaintza publikora ezin ditugunak atera, C1 ingelesezko betekizuna izan behar dutelako. Eta hori momentuz ezin dugu egin, ez dagoelako baimendua. Baina eztabaida bestelakoa da: eta, nahi dugu? Hoberena hori ahalbidetzea litzateke, edo ez? Ba ote du zentzurik baldintza gisa jartzeak C1 izatea gurea bezalako komunitate batean? Eztabaida oso zabala da.
Nafarroako eremu ez-euskaldunean D ereduko lerroak irekitzeko apustua egin du zuen Gobernuak hasieratik. Inoiz baino aukera handiagoa dago Nafarroan euskaraz ikasteko, eta hala ere, D ereduan matrikulatu direnen kopuruak behera egin du. Bada kezkatzeko motiborik?
D ereduak ez du behera egin. Mezu hori ari da helarazten, baina inportantea da datuak ongi interpretatzea. Datuen arabera, esan duguna izan da, D eredu hutsa, PAIrik gabekoa, igo egin dela: 0,2 inguru. Oso igoera txikia da, baina hazi egin da. Eta D eredua PAIrekin, jaitsi egin da. Zergatik? Hori Iruñeko Buztintxurin eta Sarrigurenen dagoelako, oso zentro handietan, non asko jaitsi den jaiotza-tasa. Hortaz, ezin ditugu datu absolutuak konparatu. Askoz ere eskaera txikiagoa egon da aurten aurreko urtearekin alderatuta, eta beraz, datuak erlatiboki konparatu behar ditugu.
Egia da, halere, azken 10 urteetako argazkia hartzen badugu, berdintsua dela eta hazi ere ez dela egin D eredua. Baina orain lurralde osoan dute eskubidea euskaraz ikasteko, eskaintza eremu osora zabaldu delako. D eredua abiatu duten 10 ikastetxe daude eremu ez-euskaldunean, eta urrats hori eman izana guretzat oso inportantea da.
Espero zitekeen igoera handiagoa eremu ez-euskalduneko sare publikoan D eredua eskainita?
Ez dakit. Guretzat momentu honetan inportanteena da zonifikazioa gainditzea; ulertaraztea eskubide linguistikoak ezin direla zonifikatu. Eta adieraztea, Nafarroako edozein gunetan bizita ere, pertsona bat hiritar dela berme osoz eta eskubide guztiekin. Ez delako normala leku jakin batean edo bestean bizitzeagatik aukera gutxiago izatea, alegia, eskubide batzuk urraturik edukitzea. Zentzu horretan, lehen urratsa zonifikazioa gainditzea zen eta hori lortu da, hezkuntzaren arloan bederen.
Gainera mezu ikaragarri gogorrak ari dira zabaltzen hainbat sektoretatik euskaldunon kontra eta euskararen beraren kontra. Beldurraren mezua ari dira igortzen eta testuinguru horretan ez da erraza aurrera egitea. Baina, ate hori zabalik dago, eta gutxi batzuk izan arren eremu ez-euskalduneko publikoan D ereduan ari direnak, aurrerapausoa da. Are gehiago, kontuan hartzen badugu oso testuinguru latzetan urratsa egiteko gai izan direla.
Hezkuntza eragileekin zer-nolako harremana duzue? Hainbat eskari egin dituzte sindikatuek, eta kasurik egin ezean grebara joko dutela ere esan dute. Bestetik, akordio programatikoan jasoa duzue 2012ko murrizketa aurreko garaiko baldintzetara itzultzea.
Hori orain pil-pilean dagoen gaia da. Eragile sindikalekin egindako azken hezkuntza hitzarmena 2007-2011koa zen. Eta hura ez zen bete. Bere baitan gauza interesgarri asko jasotzen zituen, baina gehientsuenak bete gabe geratu ziren. Urte txarrak hasi, krisian sartu eta akabo! Horretan geratu zen. Eta 2011z geroztik Nafarroan ez dago hitzarmenik hezkuntza arloan. Gobernu honek negoziazioari berriz heltzeko konpromisoa hartu zuen eta hori egin da urte hauetan.
Egia esan, negoziazioa, bere horretan, oso laburki eman da eta ia ez dela egon esan dezakegu. Indar guztiek ekarri dituzte euren proposamenak, Departamentuak puntuz puntu eztabaidatu ditu, irakurri ditu eta bakoitzak zer eta zergatik proposatzen zuen jakin eta gero, proposamen bat osatu du. Sindikatuei eman die borradore hori, non jasotzen diren hitz egindako zenbait gauza. Guk hasieratik adierazi diegu dena ezin dugula bete nahi duten epean eta nahi duten moduan. Eta, beraz, hainbat puntu negoziatu egin behar zirela kalendarizatze aldera.
Baina negoziazio sakonetan sartu aurretik sindikatuek argi utzi digute lerro gorri bat dagoela: zuzeneko irakaskuntza ordu kopuruarena, hain zuzen. Akordio programatikoaren 10. puntuan esaten da konpromisoa dagoela murrizketak lehengoratzeko. Zehazki hiru adibide jartzen ditu: ikasleen ratioa gelako —eta hori egin da 2016az geroztik—; ordezkapenak lehenengo egunetik edo ahalik eta azkarrenen —eta hori jasoa dago guk prestatu dugun zirriborroan—; eta irakasleen irakaskuntza zuzenerako orduen murrizketa, 25etik 23ra Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 20tik 18ra Bigarren Hezkuntzan.
Denbora luzea daramagu esaten gure kalkuluen arabera 5 milioi euro behar direla ordu horiek murrizteko Lehen Hezkuntzan eta 15 milioi Bigarren Hezkuntzan. Diru hori, alegia, 20 milioi horiek ia 500 irakasle kontratatzeko lirateke. Ez da bestelako gasturik tartean.
Parlamentuan onartu zen aurrekontuak—lau alderdiek onartu zutena— Haur eta Lehen Hezkuntzan bi ordu soilik murrizteko ematen digu (inongo alderdik ez zuelako proposatu 20 milioi inbertitzea horretan). Eta hori egin egingo dugu. Datorren ikasturtean HHko eta LHko zuzeneko irakaskuntza orduak murriztuko ditugu 25etik 23ra. Horrek 130 langile inguru kontratatzea esan nahiko du. Eta 2020-2021 ikasturtean igaroko gara Bigarren Hezkuntzako orduak murriztera.
Epe horietan ez bada, Hezkuntza Departamentua ez da gai eskatzen dutena betetzeko. Eta nik ez dut jendartea engainatu nahi, egiten ahal dudalako sinatu hitzarmen bat gero bete ezin dudana.
Hortaz, negoziazioak etenda daude, baina horrek ez du esan nahi guk murrizketei buelta ematen eta lehengoratzen jarraituko ez dugunik. Akordioarekin edo akordiorik gabe lehengoratzen jarraituko dugu orain arte ere horixe egin dugulako.