Ixabel Agirresarobe "ANAIA NAGUSIA"

2018-03-01

 

 

 
 

Gaur egun hiru haurren ama naiz. Tira, haurrak ez, gazte eta nerabeen ama.

Urteak pasa dira eta ez dut ahaztu lehenengo semearen egokitzapen garaia. Bigarren eta hirugarrenarena gutxiago, bikiak baitira, eta egokitzapena egiterakoan ea gela bakarrean edo bereizita jarri behar ote ziren galdetu zidatenean, egokitzapena nolakoa izango zen galdetu nien. “Amak edo aitak haurrarekin gelan egon beharra dauka” erantzun zidaten. Praktikotasunera jo nuen: biak batera, bestela goiz osoa batekin egon eta bestea amonarekin utzi, gero hura hartu eta beste horrenbeste, eta gero hirugarrena jaso...

Kontu hauekin ari nintzela, orain dela urte asko eta asko, Usurbilen beste neska-mutil mordoxka batekin batera ni jaio nintzela gogoratzen hasi nintzen. Momentuz etxeko txikiena izango nintzena. Hala ere, ez zuen egoera horrek gehiegi iraun, sei urte geroago beste anaia bat izan baikenuen. Eta a ze poza nirea etxeko txikiena ez nintzela izango jakin nuenean. Ez bainituen enkargu txikiak gehiago egingo aitzakia horregatik behintzat.

Tira, jarrai dezadan gaiarekin. Orduko haur-eskolara (guk “parbulitos” deitzen geniona) ni baino zertxobait zaharragoa den anaia hasi zuten, eta ez lehen urtean, baizik eta bigarren edo hirugarrenean. Anaia honek etxea asko maite zuen, segur aski amazulo bat izango zen eta ez zuen ez berehalakoan zapaldu ikastetxea. Eta joaten zen bakoitzean izaten zituen istorio eta misterio ugari etxetik ez ateratzeko.

Egun batzuetan normal joaten zen, baina tarteka-marteka anaiari etxemina edo amamina etortzen zitzaion eta ez zuela ikastolara joan nahi, eta ezetz eta ezetz. Hau komeriak! Gure amak etxean makina bat lan izaten zuen, noski, garaiko sendia baikinen, lau seme-alaba jarraian.

Tira, esaten ari nintzenera etorriz, amak nolabait lortzen zuenean anaia ikastolarako bidean jartzea, bazitekeen negarrez hastea, eta horretarako nengoen ni, bera baino gazteagoa eta txikiagoa, bi urte inguru izango nituen.

Ez dakit metodo hau anaiak edo amak asmatu zuen, baina ni “komodin” ederra izan nintzen krisialdi haietarako. Pentsa ezazue, hura ni baino zaharragoa zen arren, ikastolara joan nahi ez zuenean arreba txikiarekin bidaltzen zuen amak! Eta anaia-arrebak gustura joaten ginen.

Orduko anaiaren andereñoa zenak, zoragarria benetan, garai hartan izan nituen hiru andereñoak bezalakoxea, ez zuen inoiz aurpegi txarrik jarri ni gelan ikustean. Bakar-bakarrik galdera hau egiten zidan:

- Andereñoa: Zergatik etorri zara ba zure anaiaren gelara?
- Ixabel: Berak ez zuelako bakarrik etorri nahi. Nik lagundu egin diot.

Kontu honek ez dakit zenbat denbora iraun zuen, baina nire eskolatzeko garaia iritsi zenean inoiz egin den egokitzapenik naturalena egina nuen. Nire gelakideak negarrez ikusten nituenean, ni ordurako ohitua nengoen nonbait, eta lasai ederrean egoten nintzen haiei begira.