230. editoriala: Modu kontzienteagoan bizi

2018-07-01

 

FORMAZIOAK, BIZITZA KONTZIENTEAGO ETA OSOAGO BAT EGITEN LAGUNDUKO BADU, EZIN DU IZAN, BESTERIK GABE, DENBORA PASA EGITEN DEN ZERBAIT. EZ. ZEOZER MUGITU BEHAR DU
HARTZAILEAREN BARRUAN, ERAGIN. 

 

 
 

Denok hilko gara. Hori kontu jakina da. Heriotza afera unibertsala da. Eta unibertsala da heriotzari zaion beldurra ere. Sarri, ordea, heriotzari beldur izatea bizitzari beldur izatearen erakusle izan ohi da. Bizitza eta heriotza txanpon beraren bi aldeak baitira. Baina heriotza bizitzaren esnagailu ere izan daiteke. Heriotza kontuan hartzeak eta norbere bizitzan txertatzeak bizitza kontzienteago bat egiten lagun dezakeelako. Txikitatik gaia haurrekin lantzearen garrantziaz mintzo da Patxi Izagirre psikologo klinikoa aldizkari honetako gai nagusian: “Haurrak, normalki, 7-8 urte ingururekin hasten dira heriotzarekiko kezka edo angustia agertzen. Une aproposa izan daiteke gaiari heltzeko eta zerbait normala balitz bezala hartzeko. Hor dago heziketa, txikitatik, heriotza bizitzaren parte gisa hautematean. Hemen betiko ez gaudela kontziente izateak lagunduko baitigu bizitzaren aurrean aukerak egiten, erabakiak hartzen eta modu osoago batean bizitzen”. 

Zer da, baina, modu osoago batean bizitzea? Izan daiteke profesional ona izatea? Norbere barrura begiratzea? Harreman osasuntsuak eraikitzen jakitea? Besteak aintzakotzat hartzea? Emozioak kudeatzen ikastea? Taldean jardutea? Hobetu nahi izatea?… 

Hain zuzen ere, izan irakasleei zein haien ikasleei, modu osoago batean bizitzen laguntzeko erreminta izan nahi dute, beste urte batez ere, Hik Hasi-k antolatu dituen Udako Topaketek. Horrexegatik daukate tokia ikastaroetan emozioek, mindfulness-ak, antzerkiak, sormenak, arteak, konstruktibismoak, yogak, jolasak, garapen pertsonalak, askatasunak… eta, nola ez, heriotzak. 

Baina, formazioak, bizitza kontzienteago eta osoago bat egiten lagunduko badu, ezin du izan besterik gabe, denbora pasa egiten den zerbait. Ez. Zeozer mugitu behar du hartzailearen barruan, eragin; alegia, izaera transformatzailea eduki behar luke prestakuntza-prozesu horrek. Hala dio Estibaliz Aberasturi-Apraiz EHUko Plastika Adierazmenaren arloko irakasleak aldizkari honetan: “Ikaskuntza-prozesu orok pertsona mugiarazi behar luke, eta hasieran zuen ikuspegitik beste leku batean posizionatzera eraman”. 

Eraldaketaz ari gara, beraz. Inor lehen zegoen horretan utziko ez duen prozesu batez. Ikuspegia zabaltzen eta espazio berrietara jauzi egiten lagunduko duen ibilbide batez. Izan bitez Hik Hasi-ren Udako Topaketak ere eragile, akuilari, eraldatzaile eta transformatzaile bertan parte hartuko duten guztientzat; inor ez dadin etorri bezala joan, eta modu kontzienteagoan eta osoagoan bizitzeko erreminta gisa balio diezaien irakasleei, eta bidez batez, baita haien ikasleei ere.