Elen Kortaxarena "ESKERRIK ASKO! Orain esan dezaket"

2018-07-01

 

 

 
 

3 urterekin hasi nintzen eskolan. Nahiz eta ez dudan gogoratzen nire lehen eskola eguna nolakoa izan zen, baditut gorputzean garai hartako sentsazio eta oroitzapenak. Nire ama dut gogoan, berak eraman eta jasotzen ninduela. Ze poza eta babesa, eskola ordua amaituta, amarekin berriz elkartzen nitzen momentukoa! Eta eskola orduetako oroitzapenak, berriz, 3-6 urte bitartean, apenas berreskura ditzaket modu kontzientean. Beste haurrekin nituen harremanen inguruko sentsazioak dira nire barruan argitzen diren sekuentzia, momentu edo egoera bakarrak.  

Oso gogoan dut 6 urterekin mailaz igo ginen eguna. Parbulitos garaia pasa eta handien solairuan hasten ginenekoa. Pozik sentitzen zen nire gorputzaren zatia berreskura dezaket eta baita urduri eta sabel aldeko tximeletak sentitzen zituena ere. Handien eremura harrotasunez sartzen zen zatia, bestalde. Eta hurrengo urteetan, 14 urteak bete arte, OHO garaia bizi ahal izan nuen gorputzean eta hainbeste dira esperientziak, bizipenak, sentsazioak, ikasketak, gogoetak… urteak pasata eta heldu aroan, oraindik ere zuku ederra atera diezaiekedala garai hartan barneratutako, gorpuztutako, bizipenei. 

Irakasleek eskaini zizkidaten bizipen eder eta zoragarriei eskerrak emateko gogoa sentitzen dut baina, batez ere, nire gorputzean hain goxo sentitu ez nituen bizipenek, gerora, garapen pertsonalean hazten jarraitzeko eskaini didaten aukeragatik da gaurko idatzi honen esker ona!

Egia osoa konpartitzen jarraituta, ezin izan dut urte luze batzuetan “esker on” hau sentitu eta adierazi. Buruak esan izan dit eskola hartan zeuden irakasle eta pertsonak beraien onena ematen saiatu zirela momentu oro, beraien modura. Baina gai honetan nire burua eta gorputzaren artean disoziazio galanta eman izan da. Buruak halako mezuak esaten zizkidan bitartean, nire gorputzak amorrua, inpotentzia eta mendeku gogoak izan baititu urteetan. Eta hemen aurkitu dut nire hazkunde pertsonalerako altxor preziatuenetariko bat. 

Beraz, zein izan da egin ahal izan dudan bidea nire gorputzean hain preziatua den bakea berreskuratzeko? Eskola garaiari dagokionean, behintzat? 

Alde batetik, irakasle haiek eta testuinguru hura ahalik eta modu objektiboenean ikusi ahal izatea. Irakasleen beraien egoera eta ibilbide pertsonalaz jabetzea, ahal zen neurrian. Zer-nolako irakasleak izango zituzten aldi berean, niri irakatsi zidaten pertsonek? Eta zer-nolako familia testuinguruak? Zer-nolako egoera pertsonalak? Ezintasunak, beldurrak, minak, zurruntasunak… eta baita beraien alderik samurrena eta ederrena erakustera eramaten zituzten testuinguruak ere. 

Modu horretara eta urte askotako lanari esker etsaia-ren arketipotik atera ahal izan ditut eta dagokien tokian jarri, beraien historia propioarekin. Gauza ez da beraiek egin zutena edo egiteari utzi ziotena baizik eta nigan guzti horrek, heldu garaian utzi duen arrastoa. Eta orain bai, gai naiz (umetan ez bezala), nire tokia eta ardurak hartzeko eta garbiketa emozionala martxan jartzeko. Besteak beste, “nire helduak” “nire haurraren” minak, haserreak, tristurak, urduritasunak, pozak, kezkak, eta beste hainbat emozio onarpenez eta maitasunez jasoz. Nire haurra ikusiz eta bere garaian jasoak izan ez ziren bere beharrak atendituz. 

Ederra litzateke egungo irakasleen egitekoa, besteak beste, honetan ere oinarrituko balitz!