Zer baliabide ditugu haurrak era parekidean hezteko? ILAZKI GAINZA

2018-07-01

 

 

 
 

Gaur egun, oraindik, generoak estereotipatutako uste, funtzio, rol eta jokabideak errepikatzen jarraitzen dute haurrek. Izan ere, familian, eskolan, kalean eta komunikabideetan gizon eta emakumeen ikusmolde estereotipatuak jaso eta barneratzen dituzte. Hori aldatu ezean, arriskua dago haur horiek helduaroan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik eza, diskriminazioa, bortizkeria matxista eta antzekoak ontzat emateko edota horiek eragiteko. 

Zorionez, bada arrisku hori saihesteko tresna egoki bat: hezkidetza. Esku-hartze prozesu hezitzailea da hezkidetza, eta honako helburu hau du: generoen arteko desberdintasunak desagerrarazi, eta gizonek eta emakumeek eskubide, aukera, tratu, betebehar, itxaropen, baliabide, kargu, espazio, denbora eta eskaera-aukera berak izan ditzaten lortzea, besteak beste. 

Azken urteetan ontzat eman den “berdintasunean bizi gara gaur egun” baieztapena, zoritxarrez, ez da errealitatearen isla, hori sinestarazi diguten arren. Gaur egun, emakumeak lan egiten duenez, ikas dezakeenez, bidaiatu dezakeenez, berdintasunean bizi garela esan digute, baina, ondo dakigun moduan, berdintasun hori ez da erreala. Aurrerapenak egin direla onartu beharra dago, baina oraindik asko dago egiteko, berdintasun errealera iristeko: gaur egungo gazteek dituzten mendekotasunezko bikote-harremanak aztertzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. 

Azken urteetan, eskoletan landu izan da batez ere hezkidetza. Eta eskoletako lanketa beharrezkoa iruditzen zaidan arren, hezkidetza ezin da eskola-eremura mugatu. Izan ere, generoaren ikusmolde estereotipatua eta sexista nagusiki sozializazio-eragileen bitartez barneratzen da, eta jai dugu eskolan hezkidetza sustatu arren familian, komunikabideetan eta, oro har, jendartean, jarrera edo balio sexistak transmititzen jarraitzen bada. Hala, uste dut hezkidetzak politika integrala behar duela, hau da, eskolan, familian, komunikabideetan, lan-eremuan, lagunartean eta bestelakoetan gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna sustatuko duten legedia, praktika sozialak, usteak, ohiturak, arauak eta antzekoak bultzatu behar dituela politika horrek.

Hezkidetza eremu horietan guztietan lantzetik urrun gauden arren, hainbat irizpide kontuan izaten baditugu, guk uste duguna baino gehiago aldatzen ariko gara.

 

Nola hitz egiten diegu seme-alabei, haur eta gazteei? 

Hizkuntzak ez dira sexistak, hiztunok ematen diegun erabilera baizik. Hori dela eta, ezinbestekoa da hizkuntza era inklusiboan erabiltzea —hizkuntza ez-sexista erabiltzeko hainbat modu azaltzen dituzten gida ugari argitaratu dira azken urteetan—, hizkuntzak pentsamoldea eraikitzen duelako. Hizkuntzaren erabilera kultura-indarkeriaren elementutzat har daiteke. Izan ere, mintzairaren bitartez errealitateak bere horretan —besteak beste, emakumeak zapalduta— jarraitzea lortzen da. Baina mintzairaren erabilera aldatuz gero, errealitatea aldatzea lor daiteke. Horretaz jabetzeko, hizkuntzaren erabilera inklusiboa sustatzeko pare bat baliabide azalduko dizkizuet jarraian:

  • Alderantzikatze-araua 

Alderantzikatzearen araua aplikatzea oso erabilgarria da sexismoa atzemateko. Mintzairari dagokionez, —iruditegiarekin ere erabil daiteken baliabidea da—, hona hemen adibide bat: “Lehenengo aukeratua Miren Azpitarte izan zen, 39 urteko emakume ederra”. Alderantzikatzearen legea aplikatuko diogu, eta pentsatuko dugu aukeratua, Miren izan beharrean, Aitor dela. Horrela geldituko litzateke titularra: “Lehenengo aukeratua Aitor Azpitarte izan zen, 39 urteko gizon ederra”. Zer iruditzen zaizu? Ez al zaizu “arraro” egiten? Emakumeez jarduten garenean “normaltzat” ulertzen ditugunak gizonengan arraroak iruditzen baldin bazaizkigu, hizkuntzaren erabilera sexista egiten ari gara. 

  • Asmakizunak 

Mintzairaren erabilera sexista atzemateko erabiltzen dira asmakizunak: hain zuzen ere, maskulinoa gizon-emakumeak izendatzearen ondorioz pentsaerak maskulinora jotzeko joera ote duen aztertzeko. Hona hemen adibide bat: “Aita bat bere semearekin motorrean doa. Istripua izan dute, eta aita bertan hil da. Semea larri zaurituta geratu da. Anbulantzia batek ospitale hurbilenera eramaten du, eta han denak kirurgialaria bilatzen hasten dira. Hark oihu egiten du gaztea ikustean: “Ezin diot ebakuntzarik egin, nire semea da!”. Kirurgialaria haurraren ama da. Erantzuna asmatu al duzu? Hori otu al zaizu? Barneratuta ditugun iruditegiek ere hizkuntzaren erabilera sexista bultzatzen dute; kirurgialaria gizonekin lotzen da askotan, erizaina emakumeekin lotzen den bezala. Hori ez al da sexista? Argi ikus dezakegun moduan, hizkuntza era ez-sexistan erabili arren, barneratuta ditugun estereotipo eta rol sexistek, ortografia eta deklinabideak gailendu, eta gure pentsaeran eragiten dute, hizkuntzaren erabilera ez-sexista dirudiena sexista bilakatuz.

 

Jostailu, ipuin eta bestelakoak 

Hizkuntzaren erabileran erreparatzeaz gain, haur eta gazteek eskolan edota aisialdian ikusi eta irakurtzen dutenari arreta jarri behar diogu. Telebistan ikusten dituzten saioak, antzerkiak, filmak, jokoak, irakurtzen dituzten ipuin eta liburuak. Zer balio helarazten dira horietan guztietan? Zoritxarrez, oraindik badaude balio sexistak helarazten dituztenak, baina baita parekideak ere. Horiek topatzen saiatuko gara, eta, horretarako, ipuin eta jostailuen gida ez-sexistak eskura izatea lagungarri izango zaigu. Gida horietan, jostailu egokien zerrendak topatu ahal izango ditugu, adinaren arabera banatuta, besteak beste. Ipuin ez-sexisten gidetan, bestalde, ipuinen izenburuaren, argitaletxearen, idazlearen eta ilustratzailearen berri izango dugu, eta horrek pistak emango dizkigu: zein dira ipuin parekideei lekua eskaintzen dieten argitaletxeak? Nork ipuin parekideak idatzi edo ilustratzen dituzten pertsonak? Liburu bat erosi, oparitu edo berrerabiltzeko orduan baliagarriak izango zaizkigu gida edota zerrenda horiek.

Ipuinei garrantzia kendu izan zaie, ziur asko haurtzaroak helduon garapenean duen garrantziaz ahaztuta. Edozerk harritzen gaituen aroa da haurtzaroa, dena berria den garaia. Ipuin bateko neska informatikari batetik hasita, bere helburu eta irrikak alde batera utzi eta soilik familia eta etxea zaintzeaz (jendarteak hori diolako) arduratzen den emakumera egon daitezkeen aukera guztiek harritzen gaituzte une horietan. Beraz, zer bultzatu nahi dugun, hori islatu behar dugu ipuinetan. Zer jendarte nahi dugu etorkizunean? Neskak ere informatikariak izan daitezkeela —hau da, mutilek soilik egin dezaketen lana ez dela— bultzatu nahi dugu, edo etxean egon behar dutela familia zaintzen eta etxea garbitzen, beren helburuak alde batera utziz? (Argi utzi nahi dut lana utzi eta familia zaintzea erabakitzen duen emakumeak eskubide osoa duela hori egiteko, baldin eta bere nahia hori bada. Kasu honetan zalantzan jartzen dudana da hori inposatua ote den –bai familiak hala bultzatuta, bikotekideak edota estereotipoek–, norberaren hautua ote den, alegia). Edota beren bizitza “konponduko” dien printzearen bila joan behar dutela? Helduok egiten eta esaten diegunaren arabera egituratzen dute haurrek euren izaera eta izana. Heldu garenok zenbatetan errepikatu izan ditugu txikitan amak edo aitak esaten zizkigun esamoldeak? Kontatzen dizkiegun istorioetan neska ausart eta indartsuak mutil sentibera eta arduratsuekin batera agertzen badira (beste hainbat adjektibo eta ezaugarri ere badituzten neska eta mutilekin batera, noski), emakume enpresariak eta gizonezko zaintzaileen inguruko istorioak kontatzen badizkiegu, errealitatetzat ulertuko dituzte, eta halako jendartea egituratuko dute.

Argi dago, hala ere, asko dugula oraindik egiteko, egunerokoan bizitzen dugun errealitatean ez dugula halako aniztasuna ikusten norbera bizi den herri edo hiriaren arabera ere egoera aldatu egiten delako. Baina beharrezkoa da ipuin parekideen bidez askotariko errealitateak eta egoerak ikusaraztea haurrei, haien irudimena lantzea eta bizi dituzten eta bizi ez dituzten egoeren inguruan eurekin jardutea. Aniztasuna normalizatzea, alegia.

Jendarteak normaltzat ulertzen dituen jarrera eta bizieretatik kanpo geratzen direnek, une horretako jendartean dauden arauak hausten dituztenek —tutuak eta gonak erabiltzea gustuko duten mutilak, taxi-gidariak izan nahi duten neskak, mutil bati ezezkoa ematen dioten neska gazteak, takoirik gabe alfonbra gorritik igarotzea erabakitzen duten aktoreak, zakila duten neskak, alua duten mutilak, etab.— ingurukoen mespretxua jasan behar izaten dute oso gaztetatik: eskolan, unibertsitatean eta lanean hasita ere. Ez duguna ulertzen ez dugu errespetatzen askotan, bizi ez dugulako, segur aski. Beraz, ipuin parekideak beharrezkoak dira gure txikiei errealitate desberdinak azaltzeko.

Pentsa dezagun une batez zer den ipuinekin haurrei helarazi nahi dieguna. Baliagarriak iruditzen al zaizkigu nahi dugunerako? Beraz, edozein ipuin aukeratzea nahikoa al da? Edo, duten garrantzia ikusita, ondo erreparatu behar al diegu lantzen dituzten gaiei eta gai horiek lantzeko duten moduari? 

Hala ere, ziur asko, ipuin ugari dituzu etxean edo eskolan, eta batzuek, beharbada, balio sexistak helarazten dituzte. Ez dituzu bota behar, erabilgarriak dira haurrekin balioak lantzeko. Hau da, ipuina beste era batera irakur daiteke, edota eurekin landu zergatik dauden neskak era batera jantzita eta mutilak bestera, edo zergatik diren printzeak ausartak eta printzesak ahulak eta izaera gutxikoak, etab. Heldu eta haurren artean istorioak alda ditzakegu; era horretan, balioen inguruan hausnartzeaz gain, irudimena lantzeko bide polita eta aberasgarria da honakoa. Ipuin sexistak ere baliagarriak dira hezkidetza lantzeko unean. Beraz, erosi edo oparitu behar ditugunean, egokiena zuzenean ipuin parekide bat hautatzea litzake, baina, ditugun ipuinak erabili nahi baditugu, ipuin sexistak ere baliabide egokiak dira, esan bezala. 

Beraz, mintzairaren erabilera ez-sexista errazteko ikusi ditugun baliabideez gain, ipuin parekideak —eta jostailuak— eta beroriek biltzen dituzten gidak ditugu erreminta moduan haurrekin hezkidetza lantzeko. 

Azkenik, hezkidetzarako baliagarriak diren film, komiki, antzezlan eta bestelakoak era laburrean aztertzeko baliabidea azalduko dut segidan. Filmetan, komikietan, antzezlanetan eta beste kultura-produktuetan genero-desparekotasuna neurtzeko sistema bat da; Alison Bechdelen Dykes to Watch Out For komikiaren bidez hedatu zen. Hau da testa edo legea ebaluatzeko bidea: 

  1. Filmean gutxienez bi pertsonaia emakumezko ateratzen dira.
  2. Pertsonaia horiek, behin bederen, elkarrekin hitz egiten dute.
  3. Elkarrizketa horren gaia gizon bat ez den beste zerbait da (baldintza hau ez dagokio bikote-erlazioari bakarrik: adibidez, aitari buruz diharduten bi ahizpek ere ez dute testa gainditzen). 

Testaren aldaera batek eskatzen du, horiez gain, bi emakumek izena izan behar dutela.

Hiru arau horiek alderantziz jarriz gero, hau da, emakumeen ordez gizonezkoei aplikatuz gero, ia film guztiek betetzen dituzte; aldiz, emakumezkoei aplikatuz gero, harrigarria da zenbat filmek ez duten testa gainditzen.
Bechdel testa era errazean azaltzen duen bideoa ikusgai dago Interneten.

Zure gustuko filmek, liburuek edo antzezlanek gainditzen al dute Bechdel testa? Eta zure inguruko haurrek ikusten eta irakurtzen dituztenek? Hiru arauak sinpleak dira, betetzeko errazak direla dirudi, baina zure film gustukoenetan pixka bat pentsatu baduzu, konturatuko zara askok ez dutela gainditzen. Beste kultura-produktuetan ere, zoritxarrez, gauza bera gertatzen da. 

Hezkuntza-eredu parekidea garatzeko, beraz, ez da nahikoa jostailu bat edo bestea aukeratzea, hizkuntzari, kulturako edo hezkuntzako produktuei eta gure pentsatzeko erei erreparatu behar diegu. Nork bere ikuspegiak aldatzeko prest egon behar du, haurrei balio hezitzaile eta parekideak helarazi ahal izateko. Ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, lan handia da norberak egin beharrekoa, baina merezi du.