232. editoriala: Ariketa bat proposatzen digu Euskaraldiak: praktikoa, egitekoa.

2018-11-01

HAMAIKA IKUSTEKO JAIOAK OMEN GARA. BADA, ORAINGOAN IKUSTEKO EZ, EGITEKO ESKATZEN ZAIGU: GEURE 

HIZKUNTZA OHITURAK ALDATZEKO. MODU KOLEKTIBOAN, ELKARREKIN.

 
 

Euskaraldiak aitzakia eman digu, beste behin ere, euskara eta haren erabilera ahotan hartzeko. Makina bat aldiz hitz egin dugu euskal herritarren euskara gaitasunaz, euskara mailaz (B1, B2...), EGAz, irakaskuntzako hizkuntza ereduen sistemaz, ikastetxeetako normalkuntza planez, euskararen ofialtasunaz eta ofizialtasun ezaz, euskal hiztunen eskubideez eta haien bermeez, erabilera datuez eta horrek sortzen duen kezkaz, euskarazko kultur produktuen kontsumoaz, euskarazko komunikabideen errealitateaz... Umeez, gazteez eta helduez, euskaldun zaharrez eta berriez, bertakoez eta etorkinez... Elebitasunaz eta eleaniztasunaz... Denetaz hitz egin da, eta asko. Hizkuntza gutxitua izatearen ajeak eta erronkak beti soinean.

Makina bat ekitaldi, jaialdi, egun-pasa, topaketa eta abar egin dira euskararen harira. Eta, orain, Euskaraldia. Euskal Herriko 400 herritik gora izango dira Euskaraldian parte hartuko dutenak. Ahobiziak eta Belarriprestak ditugu ahotan, azaroaren 23tik abenduaren 3ra hizkuntza ohiturak aldatzen saiatuko diren herritarrak.

Herritarroi proposatzen zaigun ariketa bat izango da. Ez da teoria berri bat, ez da metodologia berri bat. Ariketa sozial bat da. Helduentzako eta hizkuntza ohituren aldaketan oinarritua. Osagai berriak ditu, beraz. Eta arretaz begiratu eta ondo ulertu beharreko osagaiak, baldin eta ariketa ondo aterako bada. Helduentzat izateak badu bere garrantzia eta berezitasuna. Nolabait esatearren, oraingoan ez da ikastetxeen gain jarri lanik mardulena. Askotan egokitu zaio irakaskuntza arloari gai honen jorraketa, beharrezkoa zelako eta tresna baliagarritzat hartzen zelako. Baina Euskaraldiak kalera begira jarri gaitu eta hor denak daude: eskolak, lantegiak, dendak, parkeak, aisialdi eremuak eta abar luze bat. Ikasleak, umeak eta gazteak bakean utzi, eta helduoi dagokigu zezenari adarretatik heltzea. Haurraren garapenean imitazioa baldin bada tresnarik erabiliena, egin dezagun, eta imitatuko gaituzte gero. 

Hizkuntza ohiturak aldatu, hori da Euskaraldiak jarri digun eginkizuna. Ez du gaitasunean jartzen arreta, erabileran baizik. Euskaraz hitz egiteko ohituran eragitea du xede. Horrek norberaren portaeran edo jokaeran aldaketak egitea esan nahi du. Eta taldean, modu kolektiboan, babesean egiteko aukera ematen du. Ahobiziek Belarriprestak izango dituzte gonbidapena eginez; Belarriprestak Ahobiziak bidelagun. Denak maila berean eta elkarren babesean. Enpresa munduan landu eta praktikan jarri dute aurretik. Han ondo atera bada, kalean zergatik ez? 

Ariketa den heinean, praktika eskatzen du, ez begira egotea. Hamaika ikusteko jaioak omen gara. Bada, oraingoan ikusteko ez, egiteko eskatzen zaigu. Ikusi, gero ikusiko dugu zer gertatzen den eta zer ematen duen. Baina aurrena, egin egin behar dugu.