Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroa. Txotxongiloen artea ezagutu eta sortu

2019-02-01

Txotxongiloen mundura bidaia egitea proposatzen du Tolosako Topic zentroak, eta antzerkiaren barneko diziplina hau barnetik ezagutzea. Urteak daramatzate haurrei zuzendutako emanaldiak eta tailerrak antolatzen, eta museora bisita ere egin daiteke. Mundu osoko 2.100 panpinek osatutako bilduma ikusteko aukera eskaintzen du Nazioarteko Txotxongilo Zentroak.

 
 

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da Topic. 2009an ateak zabaldu zituenetik, txotxongiloen artean murgildu eta irudimena, berrikuntza eta originaltasuna landu dituzte hamaika proiektu ezberdinen bidez. Unima, Txotxongiloaren Nazioarteko Elkarteko kidea da Topic, eta Europa osoan txotxongiloen artea ezagutzeko zentro integral bakarra da. 

Haurrak dira Topic zentroko hartzaile nagusiak. Zentroak haurrak antzerkiarekin duen lotura orotan sakontzea du helburu, eta txikienak modu natural baina gidatu batean antzerki mota honetara hurbiltzea lortu nahi dute. 

Helburu horiek lantzeko, zentroak honako guneak ditu bere barnean: museo iraunkor bat eta aldi baterako erakusketak; digitalizatutako dokumentazio, artxibo eta mediateka bat; 250 ikuslerentzako edukiera duen espazio eszenikoa; ekintza eszenikoetarako espazio bateragarriak; tailer eta ikastaroentzako gelak; eta artista edota ikerlarientzako egoitza txiki bat. 

Horrez gain, zentroak bere barnean badu mundu magiko honetan barneratzeko altxor preziatu bat ere: txotxongiloen bilduma. Mundu osoko herrialdeetatik etorritako eta manipulazio teknika desberdinez osatutako txotxongilo bilduma oparoa bisitatu daiteke Topic-en. Bertako arduradunek aipatzen dutenez, Asiako herrialdeetako erakusketa da zabalena, baina Ameriketako, Afrikako eta Europako txotxongiloak ere ikusgai daude. Guztira, 2.100 panpin inguruk osatzen dute bilduma.

 

Eskola Kanpaina, bederatzigarrenez

Haurrei zuzendutako emanaldi eta tailer ugari antolatzen dute Topic-en, eta ikastetxeekin ere elkarlanean aritzen dira. Izan ere, zentroan urteak daramatzate ikasturterako Eskola Kanpainak garatzen. Aurtengoa bederitzagarren kanpaina izango da eta ekaina bitartean bederatzi konpainiarekin egingo dute lan. 4 urtetik gorako ikasleei eta bereziki Lehen Hezkun-tzan dabiltzanei zuzendutako programa izan ohi da eta hainbat jarduera egiten dituzte ikasleekin: besteak beste, txotxongilo ikuskizun bat ikusi, txotxongiloak egiteko tailer batean parte hartu, eta zentroko museoa bisitatu. Topic-eko pedagogia saileko arduradun Karmele Cruzek kontatzen duenez, “bisitaren aurretik eta ondoren, lan dibertigarri bat burutuko dute ikasgelan, eta egun zoragarria igaroko dute gurekin, txotxongiloen munduaz gozatu eta pixka bat gehiago ikasiz”.

Tailerretan txotxongilo bat egiten ikasten dute, baina ez edonola. “Ez dugu itsatsi eta ebaki moduko ariketarik egiten, guretzat garrantzi handikoa da haur bakoitzak bere panpina egitea. Sorkuntzarekin lan egiten dugu, eta hori garatzeko aukera ematen diegu. Denei erakusten dizkiegu oinarrizko teknikak, baina bakoitzak bere txotxongiloa egitea nahi dugu. Ez daitezela denak txotxongilo berarekin irten”. 

Aurtengo ikasturteko Eskola Kanpainan parte hartzen ari diren konpainiak honakoak dira: Engruna Teatro (Katalunia), Hop Signor (Grezia), Trukitrek (Katalunia), Merlin Puppet Theater (Grezia-Alemania), La canica (Madril, Espainia), La Negra (Valentzia, Espainia), Anita Maravillas (Euskal Herria), Titiriguiri (Madril, Espainia) eta Tanxarina (Galizia). Joan den urtean, 2.500 haurrek eta 40 ikastetxek parte hartu zuten programan eta aurten iazko datuak gainditzea espero dute zentroko arduradunek.